SINADURAK

Izar Hernando

Ernaiko kidea

Covid-19ak sortu duen egoeraren aurrean

2020-04-17

Covid19ak sortu duen egoera berri eta ezegonkor honetan, askotarikoak dira sortzen diren galdera eta korapiloak, eta zaila oso horiek askatu eta erantzutea. Baina badira zenbait baieztapen ukaezinak direnak, ez hainbeste etorkizunari begirakoak, baina bai egungo egoera aztertzeko gakoak ateratzeko. Eta zalantzarik gabe, egoeraren azterketa zorrotza egitea ezinbesteko urratsa izango da etorkizuneko aurreikuspen zuzenak egin eta bideorri egokiena marrazteko. 


 

Lehen baieztapena da osasun krisi honek denok ezustean harrapatu gaituela, aurreikusi gabeko fenomenoa izan den heinean. Baina ez soilik ezustean, esku hutsik ere harrapatu gaitu, aurre egiteko tresnarik gabe: izan ere, sektore publikoan murrizketak etengabeak izan dira azken urteotan, 2008ko krisi finantzierotik aurrera bereziki, eta hori guztia ez da alferrik izan. Orain, osasungintza indartsu baten behar urgentea dagoenean, inoiz baino ageriago gelditu da osasun publikoan egindako  inbertsio falta, eta horrek izan  dituen eragin nabariak: osasun-etxeetako bitarteko falta eta langileen baldintza eskasak, hain zuzen ere, inbertsio falta horiexen ondorio zuzena baitira. Batek daki sektore publikoan murriztu izan ez balitz, zein egoeratan egingo geniokeen aurre birus honi!  Salaketa honek erantzule zuzenak ditu: austeritateko politika neoliberalak urtez urte bultzatu  dituzten botere faktiko eta politikoak, horiek dira kaos eta gainditze egoera honen arduradun. Sistemak goia jo du, kolapsatu egin da. Eta hori horrela izanda, inoiz baino errazagoa da eredu ekonomikoa eta berau sustengatzen duen sistema osoa zalantzan jartzea. Izan ere, osasun krisi honek sistema kapitalista heteropatriarkalak arrastaka zekartzan zenbait krisi global eta estruktural agerian utzi ditu, zaintza krisia, krisi soziala, krisi ekologikoa, eta abar. Argi diogu beraz, orain begi-bistan ditugun krisiak ez direla ausazkoak, baina egoera honek azaleratu eta azeleratu egin ditu. Hori esanda, aurrera begira egin daitekeen baieztapen bakarra zera da: ezer ez da berdina izango, orain arteko normalitatea jada ez da “hain normala” izango. Eta arrakala handi hau baliatu beharra daukagu bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua mahaigaineratzeko.

Krisiaren gestioaren inguruan ere badago zer esana. Izan ere, momentuko erantzun eta erabakien atzean bada interes ekonomiko eta balio sistema osoa ezkutaturik. Gestio honek ausarta eta berehalakoa izan behar zuen, eta alderantziz gertatu da, hain zuzen ere erabakiak hartzerakoan interes eta lehentasunen arteko gatazkak izan baitira. Erdigunean pertsonak eta bizitzak jarri beharrean, irabazi ekonomikoetan kalte txikienak izateko mila maniobra egin dituzte agintariek. Eta hori elite ekonomikoen presio etengabeari esker gertatu da, elite ekonomikoek daukaten posizio pribilegiatuari esker. Hau esaten dugunean ez dugu osasuna versus ekonomia dikotomia planteatu nahi, hainbatetan eskuinak ezkerraren ahotan jarri nahi izan duena; kontrara, zein ekonomiaren mesedetan egiten den erreparatu behar genuke. Ez da kasualitatea patronalek indar izugarria egin izana enpresa handiak itxi ez zitezen (beste hitzetan esanda, enpresari handiek galerarik izan ez zezaten), baina inor ez da gogoratu dendari, tabernari, baserritar, eta abarrez, gure herrietako kaleak eta bizitzak betetzen dituzten beste hainbat eta hainbat lanpostuz. Hori ez omen da ekonomia, elite ekonomikoei irabazirik suposatzen ez dien bitartean.

Gestioarekin jarraituz beste ohar bat: lehenago esan bezala, hartzen den neurri bakoitzak eredu bat edo beste du atzean, eta beraz, egiten den  gestioa ez da neutrala. Aitzitik, behin eta berriz errepikatzen da Covid19aren “izaera demokratikoa”, “coronavirusak ez baitauka mugarik”, “munduko biztanle oro berdin-berdin harrapa baikaitzake”. Ez dugu ukatuko hori, baina ez da egia birus honek denoi berdin eragingo digunik, eta are gutxiago birusari aurre egiteko hartzen diren neurriek denoi berdin eragingo digutenik. Klase sozial guztiek ez dituzte tresna berak krisialdi honi aurre egiteko, etorriko diren ondorioek ez gaituzte denok berdin kolpatuko. Hartzen den neurri bakoitza klase, genero, arraza… eta beste hainbat ardatzek gurutzatuta dago, eta neurri bakoitza zapalkuntza horiek betikotzeko urrats bat gehiago izan daiteke.

Aipatzen ari  garen sistemaren aurpegia izan da PNV guzti honetan. Beste behin ere, kapitalaren morroi, patronalaren bozgorailu, interes klientelarren menpe. PNVk inoiz ez du autonomia krisialdi honetan bezainbeste aldarrikatu, inoiz ez du Espainiar Gobernu zentraleko erabakirik hain zalantzan jarri. Noiz, eta uste zuenean horixe zela modu bakarra interes ekonomikoak defendatzeko. PNVk aste gutxi batzuk besterik ez ditu behar izan hainbeste espainiar sortzeko, egindako erakustaldi negargarriari esker! Egoera honetan, PNVren sakoneko proiektua den autonomismoa inongo heldulekurik gabe gelditu da, lotsagarri agerian geldituz autonomismoa gezur hutsa dela. Espainiar Gobernuak alarma estatua deklaratzeko Errege Dekretua publikatze soilarekin 155 estalia aplikatu digu: Erkidegoen autonomia bertan behera utzi, eta estrategikoak diren gaien inguruko erabakimena guztiz zentralizatu, politika autoritarioak garatuz. Momentu historiko ezegonkor eta aldakor honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da burujabetzaren aldarria. Euskal herritarrok gure herria zein den eta nolakoa den erabaki behar dugu, denon bizitzak erdigunean jarri eta denontzat bizigarria izango den herria marrazteko, zerbitzu publiko indartsuak babestuko dituzten instituzioak eraikitzeko, komunitatean oinarrituko diren Estatu egiturak sortzeko, burujabeak izan eta burujabetza partekatzeko.

PNVren sakoneko proiektua den autonomismoa inongo heldulekurik gabe gelditu da

Espainiar Gobernuak, besteak beste, kale-segurtasunaren esparruan erabakimen osoa du momentu honetan, eta ondorioz, presentzia polizial eta militarra izugarri handitu da Hego Euskal Herrian. Ez da lehen aldia salbuespen egoera bat indar polizialen aurpegi garbiketa eta botere erakustaldi lotsagarria egiteko baliatu izana; eta ez da kasualitatea hori Euskal Herrian egin izana. Beste behin ere oroitarazi nahi digute jarraitzen dugula haien mugen barnean bizitzen. Baina hemen ez ditugu hautatu, ez ditugu behar eta ez ditugu nahi. Aurpegi garbiketa horri erantzuteko soilik uler daiteke behin eta berriz erabiltzen den gerra hizkera, birusa metrailetaz garaituko bagenu bezala. Baina argi diogu hau ez dela gerra bat; pandemia honi osasunaz egingo diogu aurre, eta beraz, inbertsioak osasugintzan egin behar dira, ez indar armatuetan.

Amaitzeko, positiboan egin daitezkeen zenbait aipamen. Izan ere, egoera honetan bada gako positiborik, indartuta ateratzen den esperientziarik: batetik, EH Bildu eta ezker independentismoaren erreferentzia alternatiba politiko gisa, neurri zehatzak eta elkarlana lehenengo momentutik planteatu dituen bakarra izan baita, erabakiak hemen eta orain hartzea aldarrikatzearekin batera; bestetik, Karta Soziala eta MFren zaintza mahai teknikoa, alternatibak mahaigaineratzeko gaitasuna duten indar antolatu eta herritar gisa; azkenik, eta ildo beretik, herrietako zaintza sareak, antolakuntzaz eta elkartasunez lanean aritu direnak, eraldaketa senean oinarrituta. Argi daukagu biharko Euskal Herria ehun komunitario horren gainean eraikiko dela.

 

 


BideEHbat Ernai gazte antolakundearen ekimenaren baitan emandako hitzaldia.