SINADURAK

Pello Zabarte

Ernaiko kidea

Bizitzaren aldeko barrikada

2023-05-04

Bizitzaren aldeko barrikada aldarrikatu du Ernaik aurtengo Maiatzaren Lehenean, Elorrioko Gazte Topagunean zapalkuntzarik gabeko bizitzeko modua mahaigaineratu ostean. 10 urte bete berritan Gazte Antolakundearen egungo proposamenak zein ibilbide horretan egindakoak aztertzeko une egokian gaude.


Argazkia. Pxhere / CC0 1.0 Universal (CC0 1.0). Public Domain Dedication

 

Euskal Herrian ziklo politikoaren aldaketak eta 2008az geroztik mundua astindu duten krisiek zeharkatu dute Ernairen ibilbidea. Feminismoak, dekolonialitateak, transmaribibollo borrokak edota ekologismoak; independentzia eta sozialismoaren sintesi historikoa problematizatu eta, era berean, aberastu duten hamarkada izan da.

Ernairen jarduna aipatutako borroketan murgildu eta lehenagotik martxan zeuden horiek berritzean oinarritu da. Zalantzarik gabe, eremu soziekonomikoa Ernairen jardunaren erdigunean egon da. Hamaika izan dira egitasmoak, baina hiru ataletan garrantzitsuenak azpimarratuko ditugu:

 

«Feminismoak, dekolonialitateak, transmaribibollo borrokak edota ekologismoak; independentzia eta sozialismoaren sintesi historikoa problematizatu eta, era berean, aberastu duten hamarkada izan da»

 

Bata, gazteriaren, lan merkatuaren eta etxebizitzaren inguruko irakurketa eta proposamen politiko kualitatiboak egitea: LABekin batera gazteontzako lan eskubideen gida sortu eta birritan berrituta, “Gazteok non?” etxebizitza dossierra eta “Oraina borrokatzeko koordenadak” liburuxka. Euskal Herrian Bizi dinamikari bidea ireki zion azken horrek.

Bigarrena, mobilizazioa eta aktibazioa zentroan dituzten dinamikak martxan jartzea: prekarietatearen erantzuleen kontrako dinamikak, tokian tokiko borrokak eta gazteriari mobilizatzeko eskaintzak, besteak beste. Pandemia aurreko agertokian prekarietatearen aurkako borrokak Ernairen jardunaren erdigunea hartu zuen Euskal Herrian Bizi dinamikarekin. Behin pandemia igarota ere, azken bi udaberrietan gazteon larrialdi egoera salatuta eta gazte borrokaren aldeko deia zabalduta izan dira mobilizazioak.

Hirugarrena, gazte mugimenduetan lan eremuari eta etxebizitzari lotutako hamaika lanketa sustatzea: bizi baldintza duinak aldarrikatzeko borroka eta proiektuak eraikita herriz herri. Azpimarratzekoa da talde prekarioek egin zuten lana gazte langileen artean klase kontzientzia piztu, mobilizatzea sustatu eta sindikatuak heltzen ez ziren lantokietan lan eskubideak defendatuta.

 

«Azken bi udaberrietan gazteon larrialdi egoera salatuta eta gazte borrokaren aldeko deia zabalduta izan dira mobilizazioak»

 

10 urte bete berritan eta iaz kongresua eginda, borroka estrategia eta planteamenduak berritu eta ahalik eta gazte gehien bizi baldintza duinen eta bizi eredu askatzaileen alde antolatzeko erronka du Ernaik.

Kapitalismo zisheteropatriarkalak eta horren hazkunderako nahiak bizitzaren eremu guztien aurka egiten du, lantokian zein hortik kanpo pasatzen ditugun orduetan. Askotariko borrokak garatu eta horien arteko zubiak eraikitzeko apustua da Ernairena, barrikada harri ezberdinez eraikitzeko hautua, inor kanpoan utzi gabe.

Eremu soziekonomikoa eta lantokiak Ernairen borroka eremuen zentroan egon beharko dute aurrerantzean ere. 2008az geroztik lan merkatu ziurgabea eta prekarioa dute egungo gazteek. Langabezia tasa altuaz gain, kontraturik gabe edo nagusiak are esplotazio handiagoa eskuratzeko diseinatutako zabor kontratuekin jositako lan merkatua.

 

«Askotariko borrokak garatu eta horien arteko zubiak eraikitzeko apustua da Ernairena»

 

Bizitzaren aldeko barrikada eraiki behar du Ernaik, eremu ezberdinetako harriak erabilita. Azken asteetan lan eskubideen gida berritu eta horren zabalpena egitea harri sendoa jartzeko pausoa da. Eskubideen ezagutza horien defentsarako lehen pausoa baita. Azken urteetako irakaspenekin, eskaintza mobilizatzailea eta gazte mugimenduetako borroka berriak ere plazaratzeko erronka du Ernaik, harri eta tresna gehiago egongo baitira bertan barrikadarako.