Argazkia: Unsplash, Slejven Djurakovic
Makinekin eta hizkuntzarekin berarekin dugun harremana eraldatzeko gai diren arkitekturak garatu dira, eta hizkuntzaren ulermena eta sorkuntza gure adimenaren muineko gaitasunak izanik, makinek honelako gaitasun ikaragarriak izatea giza-kondizioaren eta -adimenaren beraren funts filososofikoak ere ukitu ditu. Halabeharrez, gainean dugun aldaketa teknosoziala ulertzen saiatu, teknologia hauen ahalmen xeheak sakon ezagutu eta adimen artifizialaren olatu berriarari norabidetze berri baten bueltan ere garatu beharko dugu gure gaur egungo jardun politikoa.
Adimen artifiziala sortzailearen erabilera eta inpaktu okerren multzoa ez da txikia ordea: herritarrok sortuko dugu jakintza eta informazioaren estrakzio erraldoia; hizkuntzaren sorkuntza eta beraz pentsamendua estandarizatzeko arriskua; hizkuntzen arteko arrakala digitala areagotzea; gastu energetiko erraldoia; edo eta sistemak berrelikatzeko lan-esku merkearen erabilera, besteak beste.
Desberdintasun sozialak eta indarrean dauden botere-harremanak areagotzeko makina sofistikatuen aurrean gaude, gizarte-arrakala askotarikoak handitu eta nagusi diren merkatu-logiken azeleragailu ahaltsuak ditugu parez pare. Bistan da, arrazionalitate neoliberak eta kapitalismo azeleratuak irabaziak metatzea eta gehiengoen desjabetzea bilatzen duen adimen artifiziala sortzen duela, teknologiaren bidez gara ditzakegun desirak plataforma teknologiko eta plutokrazia digital handien esku utziz.
«Subiranotasun teknologikoan eta beste adimen artifizial baten potentzialitate eradaltzaileen agenda teknopolitikoa jarri behar genuke martxan»
Dudarik gabe lehen lana bada adimen artifizialaren ahalmen suntsitzaileari mugak jartzea eta eskubide digitalen defentsa sutsua egitea; baina adimen artifizialaren norabidea berrikusi eta algoritmoen alborapenen etikoan azpimarra jartzeaz gaindi subiranotasun teknologikoan eta beste adimen artifizial baten potentzialitzate eradaltzaileen agenda teknopolitikoa jarri behar genuke martxan.
Beste adimen artifizial bat eraikitzea posible dela praxian erakutsi eta gizarte- eraldaketaren zerbitzuan jarri. Tekno-soluzionismo magikotik eta izu moralistatik ihesi, teknologia komunitate eta herri gisa ditugun ahalmenak handitu eta areagotuko dituen potentzialitate eraldatzaile bezala baliatzeko.
Ongizate-estatuaren oinarrietan osasun eta hezkuntzari begirako azpiegitura publikoak sortu ziren bezala; eta orain zaintza- eta etxebizitza-azpiegitura publikoak eratzea agendan jartzen ari garen bezala, mende berri honen herribideak diren azpiegitura eta zerbitzu teknologiko subiranoen agenda eraikiz alegia.
«Eraldaketa sozialaren zerbitzuan jarriko den euskal eskalako azpiegitura digital eta teknologiko aurreratua eraikiz»
Adibide batzuk jartzearren...
Eskualdeka datu-zentru publiko-komunitario efizienteak eta jasangarriagoak eraiki ditzakegu herritarrei Interneterako sarbide unibertsala bermatu eta administrazioa eta enpresei oinarrizko zerbitzu teknologikoak eta adimen artifizialeko aplikazio zehatzak eskainiz.
Industria-enpresen hornikuntza-kateak birtokiratzen laguntzeko sistema adimentsuak gara ditzakegu, langileen autonomia eta sormena areagotu eta ataza aspergarriak kenduko dituzten teknologiak, produktuen erabilera luzatuko duten tresnak, gutxiago kontsumitzen lagunduko diguten gailuak, ekonomiaren birkokatzean lagunduko duen moneta digitala, ordainketa-sistema digital publikoa, euskal identitate digital subiranoa, berdintasun-politikak hobetzeko monitorizazio-tresnak, euskal sortzaileek gidatutako hizketa-teknologiak, parte-hartzerako azpiegitura teknopolitikoak, gizarte-fenomenoak hobe ulertzen laguntzeko testuen meatzaritza…
«Datu-zentru publiko-komunitario efizienteak eta jasangarriagoak eraikiz, berdintasun-politikak hobetzeko monitorizazio-tresnak garatuz, euskal sortzaileek gidatutako hizketa-teknologiak diseinatuz»
Euskararen biziberritzean indartze-aro berri bat irekitzeari begira euskararen ulermena unibertsalizatzen eta erabilera lehenetsiko dute itzulpen automatikoa eta hizketa-teknologiak hibridatuz protesi teknolinguistiko komunitarioak ere gara ditzakegu.
Euskara estandarraren sorrerak euskararen goraldi garaikidearen oinarriak ezarri zituen bezala, oraingo gizarte hiper-teknologizatu honen baitan belaunaldi berriei Eduardo Apodakak aipatu izan duen Arantzazu tekno-lingusitiko berri bat uztea dagokigu, euskararen azpiegitura teknologiko sendo bat komunitarioki pentsatua, hiztun-komunitatearen biziberritzea ipar duena, estatu-egitura digitala duena.
«Utopia askatzaileen zerbitzura egongo den beste adimen artifizial bat euskal eskalan»
Subiranotasunean eta gizarte-eraldaketan aurrera egiten lagunduko gaituen azpiegitura teknopolitikoa; Xabier Arregik dion bezala adimen artifizialaren potentzialitate berriak gure arimen komunitario onerarekin uztartuz. Oso bizkor datorren mundu hibrido berri honetan digitalizazio- eta teknologizazio-eredu subiranoa garatu beharra dugu funtsen; euskal estatu-egitura digitalak alegia.
Izan ere, prozesu teknologiko hauen baitan ere eraikiko da euskal subjektu politikoa berria eta hartutako norabidearen baitan izango gara teknologien menpeko kontsumitzaile huts edo euskal herritar tekno-komunitarioak.