SINADURAK

Maialen Arteaga

Ernaiko kidea

Aurrea hartu, aurrera egiteko

2022-04-27

Zerbaiti aurrez aurre begiratzea asmoak adierazteko modu argia da. Zerbaiti, norbaiti, aurrez aurre begiratzea, parekoaren existentzia aitortu, kontzientzia hartu eta erantzutea da; eta hala egin dugu gazte euskaltzaleok.


Argazkia. Wikipedia Commons. Korrika 11 lekukoa. 2017

 

Badira pare bat urte euskararekiko genituen kezkei begietara begiratu eta arduratik antolatzen hasi ginela. Arduratik, erantzukizunetik, belaunaldi perspektibatik, eta ilusiotik ere bai.

Kezkatuta gaude. Kezkatuta euskararen jakintza maila igo den arren, oraindik ere euskaraz bizitzeko baldintzarik ez dugulako. Kezkatuta adinak gora egin ahala, erabilerak behera egiten duelako. Arduratuta, espaziorik euskaldunenetan ere (gazte mugimenduetan kasu), izaten ari den bilakaeragatik eta hartzen ari garen bizio kutsagarriengatik.

 

«Panorama aldatu ezean, euskararen bizitzaz mintzo beharrean, biziraupenaz mintzatzen jarraituko dugu»

 

Larrituta, kezkak antolatzen ibili garen bitarte guzti horretan euskarak (eta beraz, euskaldunok) jaso ditugun eraso guztiengatik, eta horren aurrean kaleak bete ez ditugula ikusita. Kezkatuta belaunaldi gisa, euskaraz ez hitz egitearen etiketa eta hizkuntzarekiko arduragabe zama gainetik kendu ezin dugulako. Gutxik erreparatzen diote, ordea, gure belaunaldiak bizi duen globalizazio eta homogeneizazio prozesu basatiari; sare sozialek, pantailek, kultur erreferenteek eta hezkuntza ereduak gure hizkuntza ohituretan duen eraginari, eta digitalizazioaren lehia basati eta gordin horretan euskarak duen presentzia urriari.

Baina, bada garaia euskararen etorkizunaren ardura norberaren bizkarrean jartzeaz gain baldintza materialez laguntzeko; baldintza horiek gabe eta haizearen kontra euskararen alde urratsak eman dituzten guztiei urratsaren garrantzia aitortzeko; egunero euskaraz bizitzeko hautu politikoa egin duten guztiei euskararen militante izaera aitortzeko.

 

«Egoerari aurrez aurre begiratzetik, aurrea hartu, eta aurrera egiteko garaia da.»

 

Egoerari aurrez aurre begiratu behar diogu denok. Ez da samurra. Parean dugun panorama aldatu ezean, euskararen bizitzaz mintzo beharrean, biziraupenaz mintzatzen jarraituko dugu, eta argi daukat, batzuek etengabeko biziraupen terminoetan nahiago gaituzte. Arnasa hartu behar dugu, orain. Nahi dugulako eta eskubidea dugulako.

Egoerari aurrez aurre begiratzetik, aurrea hartu, eta aurrera egiteko garaia da. Korrikak eman digun bultzada jaso, ilusioak pilatu eta maiatzaren 21ean Donostiako kaleak bete behar ditugu euskararen alde gauden denok; euskaraz, gazteleraz zein frantsesez mintzo,  Euskal Herriko etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun denok. Euskara aurrera!