Aski al dira ideiak mundua eraldatzeko? Aurreko ideiari jarraituz, erantzuna, noski, ezezkoa izan ohi da: ideiak, errealitatetik separatzen ditugunez gero, ideiak ez dira aski, pentsatzen dugu, errealitatea da aldatu behar dena. Baina zer dira ideiak zehazki
Neoliberalismoaren domeinu ideologikoa nabaria da, baina zeri zor dio domeinu hori? Transformazio sozial eta ekonomikoen ondorio da ala ideia batzuen ondorio? Zer zen lehenengo, arrautza ala oiloa? Erantzun daiteke, egia, talde sozialen interesen aurretik dagoela, ez dela borrokan dagoen zerbait, emantzat baizik, eta errealitate materialaren ondorio dela. Zein da hemendik eratortzen den ondorioa? Politikaren egitea ez dela bandoak sortzea, borondateak eta afektuak artikulatzea: aldiz, politikaren egitekoa egia ezkutatzen duten beloak apurtzea da, jendartean kontzientzia faltsua sortzen duten eta masak engainatzen dituzten gezurrak aireztatzea. Noski, politika emanda dagoen egien terrenotzat joz gero, hori proklamatzea dagokio egia atzeman duen listoari, eta egia hori desbelatu beharra aldarrikatuko du, egia horren bilaketan tematuz. Egia daukanak, ideia hori gizartearen gehiengoak bat egiten ez duen arren, eta borroka bakar bat ere irabazi ez duen arren, egiaren jabe da, aski zaio.
Aldiz, politika zentzu komunen eta egien eraikuntza gisa ulertzen duenari, borroka kultural, politiko eta intelektualean engaiatzea besterik ez zaio geratzen, aldaketa politikorik egin nahi badu; jakinda, borroka hori egunerokoa dela, ez dela agortzen, aldakorra dela, kontzeptuak disputan daudela, eta kontzeptuek determinatzen dutela guda zelaia.
Aski al dira ideiak mundua aldatzeko? Eskuinak aski ongi ikasia du, zeinen eraginkorra den ideia bat askotan errepikatzea, politika programazio neurolinguistiko gisa ulertzen duelako. Ezkerrean aldiz, badira ideien guda gutxiesten dutenak, zera diote: ezker akademizista postmodernoak, hegemonia zaleak, pentsatzen dute ideia bat aldatuz produkzio harremanak aldatuko dituztela, a ze artaburuak. Erretorika hutsa, Laclau, Mouffe eta enaparauena; benetako boterea, ez dago hor. Marko mentalak? Ekonomia da, artoberoa.
Artoberoa, ordea, ideien eta errealitatearen artean bereizketa egiten duena da, idealismo edo materialismo inozoena defendatuz. Are gehiago, ideiak, beste gabe, aratz, jendearen burmuinetara bidaiatzen dutela pentsatzea, inongo aurretiazko filtro gabe, gizakiaren antropologia inozo batean oinarritua dago: gizakia ente razionala litzateke, eta errealitatea, garbia, atzemangarria. Hortik, nire egiak ulertzen ez dituenak, alienazio batean bizi dela pentsatzea: nire egitekoa, bere engainutik ateratzea litzateke.
Baina zer dira, orduan, ideiak, eta zergatik ezin dira errealitatetik bereizi? Ideiak, noski, boterearen dispositibo eraginkorrak dira botere testuingurutan, beren kabuz mundua errepresentatzeko apustuak baino ez dira eta. Haien boterea, alegia, hitza errealitate sozialean bihurtzeko, materia horren beharra dauka, indarraren beharra dauka. Hitzek, hortaz, diskurtso politikoek, boterea dute aldez aurretik horiek gauzatzeko, edo horien gauzapena irekitzeko, indar soziala atzean badute. Ezin dira bereizi, hortaz. Ez dago, batetik, ideien borroka, eta bestetik, borroka materiala; batera doazen eta ezin bereizi daitezkeen bi prozesu dira.
Errealitate soziala aldatzeko, kultura berri bat sortzeko, ezinbestekoa da kritikoki zentzu komun berriak sozializatzea, aldatu nahi direnak kontingentetzat joz, eta zentzu komunezko bilakatu nahi diren horiek, jendarteak mundua interpretatzeko izango dituen betaurreko berri bezala ulertuz. Horretarako, bataila ideologikoa da mundu berri bat eraikitzeko ezinbesteko guda.