Argazkia. Unsplash / Black Lives Matter London Protest, 6th June 2020.
Bestela esanda: balio edo jokaera sozial bat ingurune kultural dominante batean normalizatzen denean, ikusezina bilakatzen da, zentzu komun orokorra bilakatuz, banalizatuz. Betaurreko horiekin sailkatzen dugu jendartea eta interpretatzen ditugu gertaera sozialak. Horrela, ideologia dominantea ideologia kontsideratzen ez den zentzu komun bilakatzen da.
Arrazakeria halakoa da, garaiko zentzu komuna. Gaur egun, arrazan oinarritutako ideologia bat baino gehiago da. Izan ere, arrazakeria oso plastikoa da, eta lekuan-lekuan forma desberdinak hartzen ditu, kultura, lekune geografikoa (ipar edo hego), erlijioa («katolizismoa» ala «besteak»), hizkuntza, baita azal kolorea ere, modu eta gradu ezberdinetan nahastuz. Hori horrela, arrazakeriak klasea (baxua), («gurea» ez den) kultura eta «arraza» (ez-zuria) nahasten dituen gutasunaren eta bestetasunaren ideologia bat artikulatzen du. Aurreko horrek jendartearen zati bat unibertsaltasunean eta normaltasunean kokatzen du, eta beste zati bat, bestetasunean.
Alegia, Stuart Hall-ek azpimarratu bezala, arrazakeriaren (eta zapalkuntza kultural eta linguistikoen) oinarrian diferentziaren ideologia bat dago. Gayatri Spivak-ek subalternoek hitz egin zezaketen galdetzen zuen bitartean, Paul B. Preciadok gogorarazi berri digu identitate batez markatua egoteak norbere posizio propioa unibertsaltzat ezin izendatzea dakarrela.
«Arrazakeriak klasea (baxua), («gurea» ez den) kultura eta «arraza» (ez-zuria) nahasten dituen gutasunaren eta bestetasunaren ideologia bat artikulatzen du»
Hori dela eta, ez datuek, ez argudiategi «anti-biologizistek» («ez da giza arrazarik existitzen») ere, ez dute arrazagatiko zapalkuntzaren logika ukitu ere egiten. Arrazakeria ez da borrokatzen arrazak oinarri zientifikoak ez dituela esanez; are gutxiago, datuen araberako esplikazioak emanez. Izan ere, ideologia dominante guztietan bezalaxe, datuak ez du errelatoa «akabatzen»; alderantziz, kontakizunak akabatzen du datua.
Adibide batekin ilustratzeko: “El Correo”-k eraso matxistak edo segurtasun falta (delinkuentzia eta lapurretak) gizartearen gabezia estrukturalekin (matxismoarekin eta pobreziarekin eta bizitza duin bat izateko bitarteko faltarekin, hurrenez hurren) lotu beharrean, migrazioarekin lotzen ditu behin eta berriz. Zergatik lotu, ordea, eraso matxistak migrazioarekin, eta ez gizonekin? Datuek ez al diote, ehuneko jakin bat migratzaileek eraginak diren bezala, ehuneko ehuna gizonek burutuak direla? Eta, beraz, errealitate horren kausa matxismoa dela eta ez migrazioa?
Arrazakeria bezalako ideologia dominanteek bi ezaugarri dituzte. Batetik, asoziazio selektiboak egiten dituzte, talde sozial zaurgarri edo zapaldu bat (migratzaileak, euskaldunak...) subjektu gisa hartu eta arazo estruktural baten erantzuletzat jotzen ditu: migratzailea berdin segurtasun eza, euskalduna berdin inposaketa... Bestetik, aurrekoa legitimatzeko talde sozial erabat heterogeneoak direnak homogeneo gisa marraztu behar ditu, ezaugarri esentzialak esleituz: migratzaileek kultura arrotza dute, balio atzerakoiak...
«Ideologia dominante guztietan bezalaxe, datuak ez du errelatoa «akabatzen»; alderantziz, kontakizunak akabatzen du datua»
Orientalismoa da, esaterako, gaur egungo arrazakeria konkretu hegemonikoetako bat. Edward Said palestinarrak Mendebaldeak kultura asiarrak deskribatu eta menperatzeko sailkapen sistema arrazial menperatzaile gisa izendatu zuen hori. Orientalismoak «arabiartasunaren» irudi mistiko eta esentziala sortzen du, kultura monolitiko eta barbaro (ez zibilizatu) bat irudikatuz. Horretarako, musulmanak (edo moroak, gure inguru hurbilean) Mendebalde «laikoaren» eta zibilizazioaren aurreko «beste» handi bat bezala errepresentatzen dira, aurrerapenaren kontrako barbaro bezala. Esaterako, Palestinako ume dekapitatuen albiste faltsuak narratiba hori indartzea bilatzen zuen, biolentzia zibilizatua (Israelena) eta biolentzia barbaroaren arteko bereizketa eginez.
Izan ere, bestea akabatzeak (genozidioak) dakarren jauzi morala eramangarriago egiteko, ezinbestekoa da lehenengo bestea animalia bilakatzea. Orientalismoak Israelgo Estatua Mendebaldearekin lotu eta palestinarrak barbaro gisa irudikatzen ditu; horrela, genozidio bat legitimatzeko humus ideologiko gisa funtzionatzen du. Antisemitismoak (XX. mendeko arrazakeria nagusietako bat izan denak), gaur eta hemen, koartada gisa funtzionatzen du, arrazakeria dominantea (orientalismoa) ezkutatu eta herri semita bat (palestinarra) akabatzeko koartada gisa.
Bukatzeko, arrazakeriak sektore herritar «zuriak» migratzaile edota arrazializatuen kontra jartzen ditu, behekoa behekoaren kontra, zapaldua zapalduaren kontra, zapalduen arteko artikulazio emantzipatzaileei bideak moztuz eta benetako zapaltzailea zurituz, zapalduen arteko gerrara bultzatuz. Horren aurrean zer egin? Politika emantzipatzaileen beharra nabarmena da, aberastasunaren banaketa justuan oinarrituta egongo dena. «Eskubide guztiak herritar guztientzat» printzipioa izan behar da iparrorratza.
Eta, horrez gain, gure herriaren burujabetza beharra ere nabarmena dela ukaezina da. Baina guzti hori kamuts geratuko da, gainean daramagun arrazakeria (eta matxismoa, klasismoa...) onartu eta birplanteatzen hasten ez bagara, bai norbanako bezala bai kolektiboki.