Argazkia. Unsplash / Alexandra lazarescu
Ahots ezberdinak entzun izan ditugu: esparru batzuetatik feminismo zuria interpelatzen da, minetik eta haserretik, eremu mistoak edo aliantzetarako bideak baztertuta; beste esparru batzuetan feminismo autokritiko antiarrazista sortzeko eskaera dago, subjektu arrazializatuen mintzakidetza handiagoa eta botere harremanen lanketa eskatuz, emakume euskaldun zuriekiko aliantzak alde batera utzi gabe.
“Emakume migratu eta arrazializatu asko dira Euskal Herriko Mugimendu Feministaren sareen parte”
Oro har, emakume euskaldun eta zuri moduan interpelazio horien aurrean kokatzeko hainbat zailtasun izan ditugu. Batzuetan, gai guztiak (migrazioak, arraza, nazio gatazka, euskara, eurozentrismoa…) dekolonialitatearen marko berean sartzeko joera egon da. Zalantzarik gabe, menderakuntza horien arteko loturak existitzen dira, baina baloratu egin behar dugu zein den borroken arteko lotura eta zein diren horietara heltzeko erabiliko ditugun terminologia eta jarrera. Errealitatea eraldatzeko eta komunitate feminista harilkatzeko orduan, ezinbestean, askotariko zapalkuntzen arteko elkarreragina oinarri izan behar dugu.
Emakume migratu eta arrazializatu asko dira Euskal Herriko Mugimendu Feministaren sareen parte. Horri esker, elkarlanean sortuko ditugu elkar ezagutzeko eta elkar aitortzeko topalekuak, elkarrengandik ikasteko prozesuak, gure arteko bereizkeriak eta aniztasuna kontzienteki lantzeko metodologiak.
Baina elkarren artean nahasten jarraitu behar dugu: burbuila zurietatik atera; elkar ezagutu, aitortu eta baloratu. Feminismoa edo praktika dekolonialak ez ditugu mahai-inguru baten bueltan gauzatuko. Gertuko harremanak, herri mailan abiatutako antolakuntza eta elkarbizitza esperientzia mamitsuak behar ditu.
“Euskal Herriaren burujabetzarantz norabidetzen ari garen trantsizio feministan, antiarrazismoaren bidetik agenda partekatuak sortzen ari gara”
Horrela, teoria eta praktika lotuz, eguneroko bizimoduan ditugun zapalkuntza egoerak eta horiei aurre egiteko estrategiak josteko bideari ekin diogu. Une honetan, behar-beharrezkoa zaigu mugimendu antiarrazistara, migranteen elkarteetara eta dekolonitatea lantzen ari diren kolektiboetara gerturatzea eta haiekiko aliantza estutzea, euskaraz eta Euskal Herriko egoeraz aritzeko, baina baita beste gai askoz mintzatzeko ere. Aldi berean, pribilegio eta eskubideen lanketa zorroztea dagokigu, eta, horrekin batera, boterearen berrikuspen kritikoa egin beharko dugu etengabe.
Euskal Herriaren burujabetzarantz norabidetzen ari garen trantsizio feministan, antiarrazismoaren bidetik agenda partekatuak sortzen ari gara: bizi baldintzen aldeko borrokan, zaintza eskubide kolektiboaren alde estrategia komunak adostuz, euskara erdigunera ekartzeko lanean, migrazio politikak eta mugak salatuz, justizia sistema eta espetxe politikak zalantzan jarriz eta lurraren eta lurraldearen defentsa aldarrikatuz.
Asko dugu egiteko, baina bagabiltza. Praktika utopikoak marraztuz eta eraikiz, eremu guztietan jardungo dugu aliantza estrategikoak, intzidentziak eta zubiak egikaritzeko. Sistema kapitalista heteropatriarkal kolonialistatik haragoko Euskal Herri bat imajinatzeko misio liluragarrian gabiltza.