SINADURAK

Amagoia Susperregi Bergara

Nafarroa Berriz Altxako kidea

Amaiuraldia: iraganetik etorkizunera

2022-06-27

500 urte pasa dira Nafarroaren independentzia berreskuratzeko azkeneko saiakera hartatik. Geroztik, Espainiako Erreinura kateatuta gaude. Bortz mende pasa ondoren, katea ez da hautsi, eta Amaiurko zelaietan gure askatasunaren alde borrokatu zutenen seme-alabak gara Amaiuraldira joan garenak.


Argazkiak. FOKU

 

Baina ez gara gure historia gogoratzera mugatuko, etorkizuneko historia idatzi nahi dugu. Horretarako jaio zen Nafarroa Berriz Altxa, Nafarroan indar harremanak aldatuz burujabetza prozesu baten alde gehiengo bat lortzeko xedez. Badakigu ez dela erronka erraza, baina dauden aukerak baliatu eta baldintza berriak sortu behar ditugu. Aurrekoak Nafarroan burujabetzaren aldeko agenda propio bat garatzea eskatzen du, agenda nazionala ahantzi gabe, baina dinamika propioei indarra emanez.

Hainbat arrazoi daude egungo testuinguruan aldaketarako aukerak daudela erratera eramaten gaituztenak. Lehenengoa: “Navarrismo” bezala ezagutzen dugun fenomeno fatxa, atzerakoi eta antieuskaldun horretatik haratago edo horren aintzinean, Nafarra izateko eta sentitzeko bertze modu bat indartzen ari da: euskalduna, feminista, ekologista, memoria historikoa duena, eta orohar, aurrerakoia eta ezkertiarra dena. Bigarrena: Nafartasun mota horrek ahaldundu, indartu eta “Navarrismoa”rekin lehian sartzea lortu du.

Aurreko lehia horrek nafar identitatearen inguruko kontakizuna aldatu eta mamua urduri jarri du, hain zuzen, urteetan hegemonikoa izan den errelato eta argudioak eztabaidan eta zalantzan jarri dituelako. Hori da, hain zuzen, bilatzen duguna: “Navarrismoa” ahuldu gure proiektu politikoa indartzeko.

 

«Nafarroan burujabetzaren aldeko agenda propio bat garatzea eskatzen du, agenda nazionala ahantzi gabe.»

 

Memoria historikoak garrantzia duen gure Nafarroa honetan, testuinguru berezi batean jaio zen Nafarroa Berriz Altxa. Duela 500 urte Nafarroan zehar Gaztelaren kontra izan ziren herri altxamendu eta ondotik Noaingo eta Amaiurko batailen 500. urteurrenarekin Nafarroan ematen ari den ziklo historikoa baliatu, eta hari hori hartuta, duela 500 urte galdutako burujabetza berreskuratu behar dugula aldarrikatzeko atera ginen kalera.

Nafarroa Berriz Altxa – Soberanía es libertad izena jarri genion herri mugimendu berri honi, eta Nafarren izaera errebeldea balorean jarriz, 1512. urtean konkistatu gintuzten arren, ez gaituztela menperatu erran genuen. Horregatik 500 urte hauetan Nafarroan gure eskubideen alde eta jasandako eraso eta injustizien kontra hainbat alditan altxatu garela adierazi genuen, horretarako hainbat adibide jarriz: Karlistadak, Gamazada, trantsizio garaiko langileen borrokak, abortuaren aldeko mugimendua, NATOren kontrakoa, intsumisioaren aldekoa, euskararen aldeko mugimendua, Itoitzen aldekoa, Sanferminetako bortxaketaren kontrako erantzuna, Altsasuko gazteen aldeko mugimendua… eta abar luze bat.

Hari historiko hortatik tiraka, gaur burujabetza aldarrikatzen dugu. Zertarako? Gure egunerokotasunean eragiten digun horren inguruan libreki erabaki ahal izateko, inongo eskuhartzerik gabe: hezkuntza, osasuna, lan-harremanak, euskara, pentsioak, fiskalitatea, etxebizitza, berdintasuna, gure estatus juridikoa eta baita gainontzeko euskal lurraldeekin mantendu nahi ditugun harremanen inguruan ere. Burujabetza behar dugu herri bezala XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. Burujabetza gure bizi baldintzak hobetzeko ezinbertzeko tresna izateaz gain, euskal errepublika bat eraikitzeko bide bakarra delako.

 

«“Navarrismo” bezala ezagutzen dugun fenomeno fatxa, atzerakoi eta antieuskaldun horretatik haratago edo horren aintzinean, Nafarra izateko eta sentitzeko bertze modu bat indartzen ari da.»

 

Nafarroan Elizak pribilegio ugari izan ditu, erregimenari estuki lotuta egon baita beti: OPUSen eragina politikan zein esparru sozialean, herriaren ondasunen inamtrikulazioen eskandalua, eta abar. Argazkia. FOKU

 

Ez gaitezen engainatu, Espainiako estatuarekin dugun harremana ez da amodiozko historia bat, batzuek saldu nahi diguten eran, 1512. urtetik datorren inposizio eta menpekotasun harreman bat baizik. Eta Espainiako gobernuak gure Parlamentuak onartutako hainbat legeren kontra behin eta berriz jarritako helegiteak adibide bat bertzerik ez dira. Lege horiek gure bizi baldintzak hobetzeko hainbat neurri arautzen zituzten: etxegabetzeak sahiesteko neurriak, osasun asistentzia unibertsalizatzeko neurriak, Eliza katolikoak zergak ordaintzeko neurriak, eta beste hainbat neurri. Gure aldarrikapena, hortaz, gaurkotasun haundia izateaz gain, jendearen eguneroko auziei erantzuteko aldarrikapen zuzena dela uste dugu.

Madril, Paris eta Bruselan gure ordez hartzen dituzten erabakiek garbi erakusten dute ez dutela krisi ezberdinei aurre egiteko balio, ez behintzat herritar gehiengoaren interesak eta beharrak asetzeko. Hori ikusi eta sufritu dugu hartu dituzten hainbat neurriekin: lanerreformarekin, murrizketekin, aurrekontuen gastu sabaiarekin, zorraren kudeaketarekin, krisi energetikoa eta aldaketa klimatikoari erantzuteko neurriekin etab. Zaintza sistema eta gure bizi baldintzak erdigunean jartzearen alde bagaude, burujabetzaren aldeko aldarria gizarte zibilak eta eragile sozial eta politikoak berea egitea beharrezkoa da gure ustez. Alegia, hemen gauzak bertze modu batera egiteko aukerak daude, baina horretarako gure erabaki propioak hartu ahal izateko tresnak behar ditugu.

 

«Hitz gutxitan: gure burua gobernatzea ezinbertzekoa da. Eta hori da bilatzen duguna gure ekimenekin, gizartea burujabetzaren alde aktibatu eta mobilizatzea. Beraz, ez da nortasun kontu bat bakarrik, behar bat da.»

 

Subiranistak gara, eta Espainiako Estatuak Euskal Herria, Katalunia eta Galiziarekin duen gatazka politikoa modu demokratikoan konpondu behar duela uste dugu. Herriari hitza eman eta bere borondatea errespetatzea, burujabetza izanik arazoaren konponbidea. Baina ez da euskaldunen kontua bakarrik. Otzana den eta huts egin digun Europa honetan, gero eta gehiago gara gure burua gobernatu nahi dugun herriak: Euskal Herria, Irlanda, Gales, Korsika, Katalunia, eta estaturik gabeko gainontzeko herriek, gure nahiak lotu eta gure herrien biziraupena bermatu eta mundu mailako erronkei aurre egiten utziko digun olatu subiranista bat altxatu behar dugu.

 

«Hari historiko hortatik tiraka, gaur burujabetza aldarrikatzen dugu. Zertarako? Gure egunerokotasunean eragiten digun horren inguruan libreki erabaki ahal izateko.»

 

Iragana, zer garen eta nondik gatozen ulertzeko, eta gaurko burujabetza, gure herriaren etorkizuna eraikitzeko tresna dela aldarrikatzeko. Eta hemendik aintzinera zer?  Nafarroan burujabetzaren aldeko aldarria indartzen joateko hasitako bidearekin jarraitu behar da, orain arte egindakoa balioan jarriz, zertan asmatu eta zertan hanka sartu dugun aztertuz, eta datozen hilabete eta urteetarako bide orri bat marraztuz.

Azken finean, Nafarroa Berriz Altxa tresna bat da, eta helburua lortzeko tresna gisa egokitzen, moldatzen eta hobetzen joan beharko du. Ezin bukatu Amaiuraldiaren antolaketak suposatu duen esperientzia aipatu gabe. Baztango eta bereziki Amaiurko herritarrekin auzolanean aritzea hagitz aberasgarria izan da. Sentitu, elkartu, antolatu, pentsatu eta egin, hori da egin duguna, euskaldunentzat inongo sekretua ez dena errezeta herrikoia. Jarraitu dezagun ba gure nortasuna kaleratzen, indartzen eta Nafarroan burujabetza prozesu baten aldeko baldintzak eta aukera berriak sortzen.

Eta hasitako ideiarekin bukatuz: gure arbasoei egin diezaiekegun omenaldirik onena da altxatu, eta errepublika aske eta burujabe batera eramanen gaituen burujabetza prozesu propio eta herritar bat eraikitzea, non dena erabaki ahal izanen dugun.