SINADURAK

Urko Aiartza eta Rufi Etxeberria

Gatazkaren Ondorioen Konponbiderako batzordearen kideak

Aiete, hamar urte ondoren

2021-08-26
ENG   

Aurtengo urrian Aieteko konferentziaren hamargarren urteurrena beteko da, eta euskal historia garaikidean mugarri gisa gelditu den gertaera honetara nola heldu zen aztertzeak garrantzia izaten jarraitzen du.


Argazkia. FOKU / Rufi Etxeberria eta Koffi Annan.

 

Aieteko konferentzia, 2011ko udan ETA eta Espainiar Gobernuaren artean HDC Zentroaren “shuttle diplomacy” edo bitarteko diplomazia bidez adostutako bide orri baten ekimen publiko eta esanguratsuena izan zen. Bide orri horrek borroka armatuaren ondorioen inguruko negoziaketa baterako agertokia irekitzen zuen, eta presoen auzia, armagabetzea eta iraganaren inguruko aferak landuko ziren.

Jakina denez, halere, bide orri horrek ez zuen zer ikusirik aurretik erabilitako negoziaketa prozesu kondizional klasikoekin. Beste logika batean kokatzen zen eta logika hori ulertzeko 2006/07 urteetako Genevako negoziaketek utzitako errealitatea aztertu beharra dago.

 

«Aski ezaguna da jada 2006/07ko negoziaketen hausturak ezker abertzalea krisi sakonean utzi zuela.»

 

Bere historian hirugarren aldiz negoziaketa saio batzuen ingurugiroan, ezker abertzalea elkarrizketa hauetan sartzean baino ahulago ateratzen zen eta, ondorioz, ahuldadea handitzen zihoan.

2006/07ko negoziaketa prozesuan espainiar Estatuak bere BATNA (negoziatutako akordio bat lortzea baino alternatiba hobe gisara definitzen duen agertokia) indartu zuen bitartean, ezker abertzaleak ez zuen hau landu eta prozesuaren apurtzeak ahuldu eta krisi sakonean sartu arazi zuen.

Jendarteak maila handi batean ezker abertzalea egin zuen prozesuaren hausturaren errudun, nazioarteko komunitateak ez zuen ulertu prozesua maila hartaraino heldu zenean apurtu izana, eta militantzia eta egitura desberdinak noraezean gelditu ziren.

Espainiar Estatuak negoziaketa prozesua, beti bezala, ETAren aurkako borrokarako bere inteligentzia hobetu eta sakontzeko erabili zuen baina baita ere ezker abertzalearen baztertze eta ordezkatze politikorako estrategia integral bat garatzeko.

Espainiar Estatuak horretarako estrategia oso bat zuen garatua (politikoa/poliziala/judiziala/ nazioartekoa), eta helburua ezker abertzalearen suntsiketa zen. Espainiar inteligentzia zerbitzuetan jada garaipen militar eta politikoan amesten zen.

Garaiko politikari batek horrela artikulatu zuen publikoki: “han podido acabar como el IRA pero acabarán como el GRAPO”.

Argipen estrategiko baten beharra zegoen. Aurreko negoziaketa ereduek ez zuten gehiagotan errepikatzeko balio. Indar militarraren garapenak ireki zezakeen balizko aldebiko negoziaketa berri baten perspektiba oso urruna zen, eta bien bitartean ezker abertzalea urteetan zehar lortutako metaketa politiko historikoa xahutzen ari zen, politikoki ezerezean gelditzeko arriskuarekin.

 

«Hori horrela, irakurketa politiko horren baitan, zer zentzu zuen laugarrenez berriro berdinean saiatzeak?»

 

Argazkia. FOKU / Nazioarteko ordezkariak Aieteko Konferentzia amaitzeko, bost puntuko agiria irakurtzen. Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioak eta muina konpontzeko bideorria proposatu zuten.

 

Agortze nabaria zen nagusi. Amildegitik irten beharra zegoen. Estatuak bere alde zuen abantaila operazional eta estrategikoa, eta horren aurrean guda zelaitik atera beharra zuen ezker abertzaleak, beretzat egokiagoa eta irismen handiagokoa zen borroka eremu berria bilatuz, indarrak metatuz eta Estatuarekiko konfrontazioa baldintza hobeagoetan eginez.

Eta eskema horretan borroka armatuak eraginkor izateari utzi zion; aldiz, borroka armatuaren desaktibazio programatuak bai joka zezakeela aktibo gisa, sortu beharreko indar metaketa berriei begira.

Gogoeta hau agian beranduegi barneratu zen, hau egiteko une egokiena 2006/07 izan baitzen, edo lehenago batzuen aburuz, baina orduan oraindik ere negoziazioa fronte bat gehiago gisa ikusten zuen ezker abertzaleak, horrela irudikatuz, fase berri bat bezala hartu ordez.

Fronte kontzepzioak, berau beste ekinbideekin elkar elikatuta piztu eta itxi zitekeenaren zentzua hartzen zuen; negoziazioa fase berri gisa definitzeak, aldiz, logika berri eta oso baten barneratzea suposatzen zuen, non ez zegoen atzera bueltarik; negoziaketa fasea askapen prozesuaren fase berri bat zen bere arau propioekin.

Estatu espainiarrak, noski, ez zuen estrategia aldaketa hori egiten lagunduko, Estatuaren helburua ezker abertzalearen suntsitze politikoa baitzen. Bidelagun berriak topatu behar zituen ezker abertzaleak, baldintza berriak sortuz eta ondorioz bidaide gehiago lortzea ahalbideratuz. Eta argi zegoen Estatua hau neutralizatzen saiatuko zela.

Horrela soilik uler daiteke geroago “Bateragune” gisa ezagutuko zen operazioa. Estatuaren helburua zen prozesu horretan zehar ezker abertzalea ahalik eta ahulen uztea, zatiketak eta kontraesanak sustatuz.

Ezker abertzalearen estrategia, ezaguna denez, bi norabide nagusitan oinarritzen zen: batetik nazioarteari begirakoa, Euskal Herrian irekitako prozesuaren alde kanpoko zenbait eragileren konplizitatea lortzeko eta, bestetik, askapen prozesu ez armatu baten alde egon zitezkeen euskal sektoreei begirakoa.

 

«Estrategia berriak indar metaketa berriak eskatzen zituen eta horrek ezinbestean ezker abertzalea estrategia ez armatu baterako bidean jarri behar zuen.»

 

Horrek guztiak era berean prozesuarekiko dimentsio berriak eraikitzea eskatzen zuen. Ezker abertzalearen historian eta DNAn borroka armatuaren desaktibazioa aldebiko logikan zegoen errotua, borroka armatuaren gelditzea estatuarekin garatutako eta adostutako edukietan kokatzen zen.

Logika berrian borroka armatuaren gelditze eta amaitzea erabaki burujabe eta propio gisa kokatzen zen, horrek ekar zitzakeen aukera berriak izanik asmo nagusitzat.

Aldebakartasun gisa definitu zen horrek (aldebikotasunaren aurrean) finean iniziatiba politikoa hartu eta aukera berriak, “momentum” berriak, sortze bidean borroka armatua alde bakarrez gelditzeak sortzen zituen aukerak baliatzea esan nahi zuen. Askotan modu hertsian ulertu da kontzeptu hau.

 

«Aldebakartasunak ez zuen esan nahi ezker abertzaleak dena berak bakarrik egin zezakeela uste zuenik.»

 

Aldiz, billarrean jokatzean bezala, bola bat jotzean bolak berriro kokatzea bilatzen da, horrek agertoki eta aukera berriak emanez. Egoera aldaketak beste eragileak urrats berriak egitera bultza zitzakeen.

Aiete aurretik estrategia honek hainbat lorpen izan zituen. Batetik, Bruselako Adierazpenarekin, Nazioarteko Harremanetarako Taldearekin eta Nazioarteko Egiaztapen Batzordearekin nazioarteko sustengua aktibatu zen. Bestetik, Gernikako Akordioarekin euskal bake prozesurako oinarriak jarri ziren.

Azkenik, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak beren arteko adostasunekin eta Bilduren legeztatzearen ondorioz, ilegalizazio garaia gainditzea eta 2011ko Udal hauteskundeetan aurkeztea ekarri zuen eta estrategia politiko berriaren potentzialitatea agerian gelditu zen.

Esan bezala, ekimen hauek guztiek suposatu zuten Estatu espainiarra eta ETAren arteko zeharkako harremanen berrartzea. Harreman kanalak mantentzea izan zen, 2006/07 prozesua amaitu ondoren, ezker abertzalearen erronketako bat, ordura arte elkarrizketa bidezko konponbidearen alde lortutako nazioarteko inplikazioa eta babesa mantentzeari begira.

Ordurako espainiar Gobernuak ezker abertzalearen zatiketaren aukera baztertua zuen eta, aldiz, ETAren jarduera armatuaren amaiera aukera bezala ikusten zuen.

Garai hartan Gobernu espainiarreko presidentea zen Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskundeak baino lehenago kapitalizatu zezakeen amaiera. Eskema horretan bide orri adostuaren aukera sortu zen.

Zoritxarrez, Eissenhowerrek zioen bezala “a plan is nothing but planning is everything”; hau da, plan bat ezerezean gelditu ohi da errealitatearekin talka egitean.

 

«Baina ordura arte egindako planifikazioak eta estrategiak berebiziko balioa du. Zergatik diogu hori?»

 

Argazkia. FOKU / 2011ko maiatzaren 5ean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bilduri hauteskundeetan parte hartzen utziko ote zion jakiteko zain, jendetza bildu zen Bilboko Areatzan.

 

2011ko udan, ukatzen saiatu zen krisi ekonomikoaren kolpearen eraginez, PSOEko gobernuaren buru zen Zapatero hauteskundeak aurreratu beharrean aurkitu zen eta hori egin zuen. Argi zuen ziurrenik hauteskundeak galduko zituela eta horregatik albo batera egin eta Alfredo Perez Rubalcaba izendatu zuten hautagai, bozen odolustea gelditu eta Barne Ministro gisa izan zuen jardunarengatik saritua izan zitekeenaren itxaropenean.

Ezker abertzaleak bi aukera zituen ataka berri horretan:

 

  •  Bata, gobernu berria eratu arte itxaron eta gobernu berriarekin adostu bide orria. Finean hauteskundeetatik eratorritako gobernu berriak izan beharko baitzuen bide orria inplementatuko zuena; are gehiago, hauteskundeen aurreratzeak zaildu zuenean aurreikusten zen eskemaren garapena, hau da, PSOEren gobernuak hainbat neurri hartzeko aukera izango zuela eta gutxienik elkarrizketak abiatuko zituela.
  •  Beste aukera, arrisku guztiekin ere, aurrera jotzea zen. Logika honen baitan hobe zen prozesua abiatuta uztea gobernu berriak egingo zukeenaren zain geratu gabe eta, bestetik, hurrengo gobernu horri zailago egiteko abian jarritakoa suntsitzea. Bigarren aukera lehenetsi zen, eta orain hamar urteko udan  nazioarteko bitartekariek “hoja de ruta resultante” delakoa diseinatzeari ekin zioten.

 

Bide orri horretan mugarri nagusiak ziren Aieteko Konferentzia egitea eta ETAren ordezkaritza Oslon kokatzea. Ingelesek dioten “facts on the ground” gogoan, eta emandako hitza ez betetzeko espainiar sozialisten ohituraren jakitun, etorkizuneko elkarrizketak bideratu ahal izateko oinarriak jartzeari begiratu behar zitzaion.

Esan bezala, adostutako bide orria aurretik diseinatutako negoziaketa eskematik aldendu egiten zen. Ezker abertzaleak erabaki estrategiko batzuk hartuak zituen jada, bereziki borroka armatuaren amaierari zegozkionak.

Beraz, bide orria ez zen aldebiko akordio bat, zeinean, borroka armatuaren auziak baldintzatzen zuen eta, jakina, agerikoa zen behin borroka armatuaren zikloari itxiera eman ondoren ez zuela eragiteko ahalmenik izango.

Bestetik, abantaila bezala kontsideratzen zen prozesu adosturik ezean Estatuak ez zuela aurreko prozesuetan bezala konpromisoak ez betetzearekin ezker abertzalearen erabakian eragingo. Logika beste bat zen, gertaera bakoitzarekin indar harreman berriak sortzea eta urrats berrietarako baldintzak hobetzea.

 

«Aieteko Konferentziak agertoki berri bat sortuko zuen aukera eta mehatxu berriekin.»

 

Mehatxuen artean Mariano Rajoyren gobernuak har zezakeen jarrera zegoen. Rajoyk eszenatoki berrian ezer ez egitea erabakiko zuen, prozesua usteltzen uztea hain zuzen.

Hauteskundeen ondoren eratu zen PPren gobernuaren aurrean ezker abertzaleak hiru aukera aurreikusi zituen: bete-betean prozesua suntsitzera jotzea, errepresioaren bidea beste intentsitate batekin mantenduz prozesua usteltzen uztea, eta prozesuari ekitea. Jazarpena eta usteltzen uztea uztartuz saiatu zen prozesua amildegira eramaten.

Egia da behin borroka armatuaren amaiera adierazi ondoren inork ez zuela aurreikusi (ez Euskal Herrian baina ezta ere nazioartean) espainiar gobernuak armagabetze prozesuari muzin egingo zionik eta gainera oztopatzeko estrategia aktibatuko zuenik.

Rajoyren gobernuan eta PPren estrategian indar handia hartu zuten bataila militarra irabazi bai baina bataila politikoa ezker abertzalearen aurka galtzen ari zirela adierazten zuten ahotsek (“la derrota del vencedor” gisara definitzen zuten). Honek Aieteren ostean, urte gutxiren buruan, ezker abertzalea estrategia doitzera bultzatu zuen. Gorago esan bezala, “a plan is nothing, planing is everything”.

 

Argazkia. 2009ko irailean LABen egoitzan atxilotu zuen Espainiako Poliziak Arkaitz Rodriguez beste hainbat kiderekin batera, ezker abertzalearen estrategia aldaketa oztopatzeko helburuarekin. ‘Bateragune’ auzi gisa ezagutzen denaren hasiera izan zen.

 

Bestetik, Aieteko Konferentziaren eta ETAk 2011ko urriaren 20an egindako Adierazpenaren testuinguruan, Amaiur eta EH Bilduren hautes emaitza indartsuek eraikitako mapa elektorala ere eman zen, eta horren ondorioz indar harreman berri baten marrazketa.

Egoera berriak, besteak beste, Aieten ireki zen prozesuarekiko ikuspegi murritz eta alderdikoia hartzera eraman zuen EAJ eta bereziki Urkulluren Gobernua. Horrek asko zaildu zuen ondorengo urteetan prozesuak aurrera egitea, jokabide alderdikoi arduragabeak lekua hartu zuelako gatazkaren konponbidean.

Hori bai, azpimarratzekoa da Ipar Euskal Herriko eragile gehienek Aiete ondoren hartutako norabidearen eta elkarlanaren eskutik ireki den agertokia, bai instituzionalki Herri Elkargoarekin eta bai gatazkaren ondorioen konponbidean, bereziki armagabetze prozesuarekin.

Ipar Euskal Herriko ibilbideak berebiziko garrantzia izan du Aiete ostean prozesuak bere osotasunean hartu duen bilakaeran.

Finean, 2006/07 ondoren ezker abertzaleak diseinatu zuen estrategia berriaren mugarri nabaria suposatu zuen Aieteko Konferentziak, logika berriaren adierazle nagusi gisara eta ondorengo urteetan, gaur arte, eman denaren oinarriak ezarriz.

Hori bai, orain artean bezala, aurrerantzean ere ezer ez da lineala izango eta ezker abertzaleak bere estrategiaren garapenean doiketak egiten segitu beharko du sortuko diren agertoki berrien eraginez.