Garai guztietako eleberri grafikorik onenaren bertsio definitiboa kaleratu da mundu zabalean, eta aukera hau baliatu da Irene Arraratsek egindako itzulpen bikainaz gozatzeko. Persepolisek Irango iraultza islamiarra kontatzen digu, neskato baten begietatik ikusita: hamar urteko Marjane Satrapi bat, bere herrialdeak bizi duen aldaketa sakonari harritua, beloa eramaten eta boterera berrikuntza eta demokrazia promesekin iritsi zen erregimenaren arau zorrotzak betetzen ikasi behar duen bitartean.
Persepolis eleberri grafikoaren mugarri bat da, ironia mingotsez eta umore handiz betetako erretratu samin eta ausarta, nazio baten historiari buruzkoa, baina baita injustizia, intolerantzia eta zer musika entzun behar duen esaten ez dion eta onartzen ez duen neskato baten heldutasun-prozesuari buruzkoa ere.
Lan autobiografikoa da, estreinakoz 2000. eta 2003. urteetan argitaratua, frantsesez, lau liburukitan. Marijane Satrapi zinemagile, margolari, komikigile eta orobat artistaren beraren (Raxt, Iran, 1969) bizipenetan dago oinarrituta, baina, Irene Arraratsek dioen moduan, «kontakizun historiko eta politikoa ere bada, aldi berean».
Ekialde Hurbilaren nahas-mahasa etengabe ateratzen da komikian, besteak beste, Mendebaldeko potentzien interbentzionismoa, petrolioaren negozioa eta hango herrien bizi nahi eta ezina. Haurraren eta nerabearen begiradaz, tonu umoretsuan, kontatuta eta gertaera pertsonalen bidez egituratuta dago narrazioa.