Polizia Nazionalak Rosa Jimeno ilegalki atxilotu eta torturatu ostean, iparraldeko Komando Autonomo Antikapitalistetako kideekin zita bat jartzera behartu du. Pasaiako badiako harkaitzetan hanketatik soka batekin lotuta dute Jimeno 1984ko martxoaren 22ko gauean. Seinalea egitean iparraldetik datorren zodiaka gerturatu da. Sekulako tiro zaparrada hasi da.
Joseba Merinok azalduko duenez, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura lehen tirokaldian hilko dira. Bera, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru atxilotu ditu ondoren poliziak. Delas eta Aizpuru harkaitzetan bertan fusilatu dituzte. Gorpuei 113 bala zulo zenbatu dizkie Pako Etxeberria forenseak. Bertsio ofizialak enfrentamendu bat egon dela dio.
Istorio gordin eta tristeez beteta dago Euskal Herriaren istoria hurbila. Fikziozko thiller ilunenen istorioak gainditu dituzte askotan hemen jazotako gertaerek, eta horietako bat da Pasaiko badian jazotakoa.
Hildakoen senideek, abokatuek, Rosa Jimeno eta Joseba Merino gertaeren testigu zuzenek, Pasai Donibaneko herritarrek, Paco Etxeberria mediku forentseak, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak, Fernando Orgambides “El País”eko kazetari ohiak eta Enrique Villareal “El Drogas” musikariak parte hartu dute, besteak beste, dokumental koral honetan. Pasaiako gertaerak gai zentral gisa hartuta, dokumentazio ugari, gertaeren eguneko artxibo irudiak, testigantza gogorrak eta elkarrizketa hunkigarriak biltzen ditu dokumentalak.
Elkarrizketatuek abaniko ideologiko zabala osatzen badute ere, guztiak argi mintzo dira gertaeren inguruan: Pasaiako gertaerak aurrez prestatutako hilketak izan ziren. Pako Etxeberriak inoiz gorpu batzuetan ez duela “hainbeste bala-zulo” ikusi adierazten du; “zuten munizio guztia gastatu arte tiro egin” zutela poliziek eta “polizi operazioaren helburua zodiakean zioazenak hiltzea” zela ia dudarik gabe, dio mediku forentseak. Hilketak jazo zirenean lehendakaria zen Carlos Garaikoetxa ere ildo beretik mintzo da. “garai hartako gertararik gogorrenetako bat” izan zirela gaineratzen du. 80ko hamarkadaz mintzo da. Fernando Orgambides, “El Pais”eko kazetari ohiak, berriz, basurde edo orkatzen ehizaldi batekin parekatzen ditu Pasaiako segada eta fusilamentuak.
Epaitegiek, defentsak eskatu arren, ez dute autopsia berririk egin, ez eta balistika frogarik ere. Dokumentalaren egileek beraiek egin behar izan dute balistika frogaren hurbilpen bat. Ondorioak garbiak dira: bertsio ofizialean gezurra esan zuen poliziak, posta muniziodun eskopetarekin egindako tiroak 5 metro baino gertuagotik eginak izan baitziren.
Dena den, gertaera gertutik bizi izan zituztenek kontakizunak dira elkarrizketarik hunkigarrienak, senideenak eta Rosa Jimenorenak, besteak beste. Mota guztietako torturak jasan ondoren, amu gisa erabili zuten poliziek Jimeno. Tortura testigantza gogorren pasartean edota orduz geroztik gainean daraman erru sentimenduaren zama adieraztean, bihotza uzkurtzeraino hunkitzen du ikuslea.
GALen atentatuak, polizien sadismoa anaia galdu berri duten senideei aurpegira barre egitean, torturak, inpunitate poliziala edota senideei justizia ezak sortutako inpotentzia... Itxi gabeko orbainez betetako istorioa da “Pasaiako Badia”. Familiek justizia eske jarraitzen dute, 34 urte geroago. 2016ko ekainean kasua behin betiko artxibatu zen, konstituzionalak babes helegitea atzera bota berri du, eta Estrasburgoko bidea jorratzen hasi da orain defentsa. Historiaren orrialdeak pasa egin behar dira, baina irakurri ondoren. Guztion ardura da gure historiaren orrialde hau irakurri eta zabaltzea.