Zuzendaria: Antoine Chevrollier
Malik Oussekinerena. 1986ko abenduaren 5etik 6rako gauean, Parisen, ikasleen protesta-mugimendu baten erdian, 22 urteko Malik Oussekine, poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zen. Honakoa, bere familiaren borrokari buruzko lau ataleko miniserie da.
Malik Oussekineren izena gizarte frantsesean oraindik ezaguna da, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zelako. Historian zehar hainbeste biktima utzi dituen polizia basakeriaren eta xenofobiaren arteko harreman lazgarri eta, zoritxarrez, hedatua erakusten duen telesaila da. Bereziki Oussekine familian zentratzen bada ere, serieak politikaren eta poliziaren ikuspegitik ere erakusten du kasua, eta bereziki azpimarratzen du erantzukizunak saihesteko eta hilketa justifikatzeko edozein aitzakia bilatzeko egin zituzten ahalegin gutxiesgarriak.
Psikopata hotz eta kalkulatzaileak bailiran, froga zein ñabardura bakoitza aldez aurretik moldatu edo ezabatu baitzuten.
Frantziako Estatuaren trikimailu nazkagarriak egia ezkutatzeko agerian geratzen dira. Istorio hunkigarri eta gogorra da honakoa, baina klixe eta diskurtso moralizatzaileetatik aldentzen dena, isiltasunei pisu handia emanez. Estetika zainduari esker, garaiko esentzia eta urte horietako ustelkeria-giroa ezin hobeto iristen da pantailaren bitartez.
Baina deigarria da estetika hori serieak helarazi nahi digun mezuaren mende dagoela uneoro eta hori ariketa miresgarria iruditu zait. 1986ko abenduaren 6ean, Malik ez zen hil, hil egin zuten.