GOMENDIOAK

Erria

NOMADLAND

2021-07-06

Nomadland, denbora luzez burutik kentzea lortzen ez duzun bizitza errealean oinarritutako film horietako bat dela esan daiteke. Erabat hunkigarria eta kolpe emozionalez beteriko esperientzia zinematografikoa. Frances McDormandek antzezten du pertsonaia nagusiaren papera, Fern deituriko emakumea, hirurogeita hamar urteko alarguna, XXI. Mendeko lehen hamarkadan hasitako Ipar Amerikako ekonomiaren gainbeheran kokaturiko filmean. 2012an, egoera ez da aldatu. Krisiak jarraitzen du. Bere senarra hil eta bertako industria bakarra desagertu eta gero Nevadako estatuan bizi den herritik zein bere etxetik alde egitera behartua dagoen emakumea.

Hortzemuga berri baten, etxebizitza xume bezala funtzionatzeko egokitua izan den bere furgonetarekin batera. Furgonetara sartu bezain pronto, bizimodu txirotu eta nomada batera behartutako milaka amerikar zaharkituetako bat izango dela konturatzen da. Linda Maerekin(Charlene Swankie eta Bob Wells beren burua antzezten duten “nomada” errealekin) batera hasiera ematen dio bere bidaiari. Bestalde, ibilgailuetan bizi diren sasoiko aldi baterako lanetan diharduten adineko pertsona desjabetuen bizitzei buruzko pelikula dela ere esan genezake . 2017eko Nomadland: Surviving America in the Twenty-First Century edo “Un país nomada” espainolez orain dela urtebete argitaratutako liburuan oinarritzen da. Atzeraldi ekonomiko handiak, adineko pertsonak beren etxe eta komunitateetaik alde egitera nola behartu zituen erakusten duen ikerketa basatia. Lan bila eta doako aparkaleku bila Estatu batuetako errepideetan barna dabiltzan adineko bizitzen errelato ikaragarria.

Pelikulak eztabaida ezberdinak piztu ditu, horien artean, hain zuzen ere filmean zelan isladatzen den Amazon bezalako erraldoi batek bere langileei ematen dien tratuaren inguruan. Amazoneko biltegiak ezagunak dira langileei bainugeletara joateko etenaldiak ukatzeagatik eta laneko estres errepikakorrak eragindako lesio ugariengatik.

Batzuen ustez guzti hori liburuan ez bezala, pelikulan ez dago isladatuta eta Bezossen erraldoia onik ateratzen da kritikarako aukera paregabea galduz, goian aipatutako adineko pertsonen existentzia latza erromantizatuz. Beste batzuen ustez, ez dira horrelako egoerak isladatzen dituzten filme guztietan ohituak gauden kritika soziala edota langile estatubatuarren aldarriak zertan plasmatu behar; egoera horretan biziztzera behartuta dagoen pertsona baten bizitza tamalgarria kontatzen digu, badakiela hori dela bere irtenbide bakarra eta sufrimendu horren pean edonork egingo lukeen bezala eusten diola. Horixe bera filme osoan zehar marrazten den terrorea.

Eztabaidak-eztabaida, Zhao zuzendariaren talentuak eta filmaren indarrak ukaezinak dira. Nomadlandek gure beldur sakonei eta gure bizmodu alternatibo baten irrika hunkigarriari heltzen die, gure munduak pairatzen duen hondamendiaren baitan; milioika lagun nonbaiten, ia duten guztia galtzeko ataka estuan.

Gutako horiek ere, gaur egun osasun eta segurtasun ekonomikoan laguntza-puntu sendoago bat izateko bezain zorionekoak garenok, dena prekarioa dela aitortzen dugu. Baldintzak egonkortuko diren itxaropenak eta okerrena saihestu dezaketen konponbide politikoak lortzeko aukerak ezin dute geldiarazi goizaldeko 03:00etako izua, ezagutzen dugun bizitzatik etengabe aldenduko gaituen hondamendi baten amaieratik. Azkenengo hamarkadan distopiak nagusitu dira gure pantailetan.

Oso film utopiko gutxi ditugu dagoeneko. Aldiz, hauxe porrot egiten ari den nazio baten esparru distopikotik sortzen den pelikula utopikoa dela esan genezake. Horixe da horrenbesteko indar emozionala ematen dion elementua.