GOMENDIOAK

Erria

MiƱan [antzezlana]

2024-10-30

Artedrama, 2024

 

Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek idatzitako lana Ibrahimaren beraren bizitzaren kronika da. Paperaren bitartez lehenengo, eta oholtza gainetik orain, mundura zabaldu nahi dute migratzaileen dramaren inguruko kontzientzia.

Ander Lipusen zuzendaritzapean beste zuzendari bi izan dira, Philippe Ducou, zuzendari laguntzailea eta koregorafia eta Manex Fuchs taula zuzendaria; basamortua bezalako eremu idorra atondu dute antzezkizunerako. Hainbat formatako zur biluzizko kaxoiak, sei bat zaku zuri eta zortzi pneumatiko izan dira elementu eszeniko bakarrak, eta haiekin jokatuz irudikatu dira liburuan aipatutako lekuak, eszenen artean musika pasarte laburrak tartekatuz.

Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte:anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu;pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du.

Goraipatzekoa da Sambou Diaby aktore zumaiarraren interpretazio lana, bera da 'Miñan' antzezlanaren protagonista, Ibrahima Balde gorpuzten duena, antzezlan hunkigarri eta gordin honetan. Mikel Kayek eta Eihara Irazustak pertsonaia bat baino gehiago jokatzen dituzte, Ander Lipusekin batera.

Kayeren hitzetan, «migranteen inguruan hamaika gezur eta deshumanizazio heltzen zaizkigun honetan», on egiten du «egia eta gizatasun pixka bat gorpuztea oholtzaren gainean».