GOMENDIOAK

Erria

Lokatza podcasta

2021-07-06

Egungo mundua feminismoaren begiradatik: pentsamendu feminista narrastuz; berau aztertu eta ulertzeko saiakera da Lokatza podcasta. Eta hori da hain zuzen, Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek sortu eta gidatutako podcast horiek entzunez sentiarazitakoa; Maite Arroitajauregi Mursego-ren sintonia, Lourdes Iriondoren Hala ere kantutik abiatuta eta Leire eta Maider trikitilarien berariazko musika aukeraketarekin akonpasatuak.

Sortzaileek zortzi atal ekarri dituzte lokatzetara: ahotsa, desioa, etxea, gatazka, epika, bidaia, sormena eta boterea; bakoitzean, hainbat auzi, pentsamendu feministaren argitan aztertzeko saiakera sakon, iradokitzaile eta sendo mihiztaketatzen dituzte, euskalki, tonu, adin edota jatorri ezberdinetako kolaboratzaile eta elkarrizketatu miresgarriekin, polifonia izugarria lortuz.

 

 

"Ahotsa" eta zer da ahotsa? norena da? nolakoa behar du izan entzuna izateko? reberberaziotako mezu ekualizatuak ahotsari buruz entzun ditzakegu lehenengo podcastean. "Epika" du bigarrenak mintzagai, baina zer da epika? non ikusten dugu epika? nork erabakitzen du ze gertakari den epikagarri? nola eta nondik eraiki ditzakegu bestelako epikak? non dago gure memoria? Lotzakan entzun dezakegu epikaren errepikaren epika! "Etxea", aterpea, bizitokia, infernua; etxean, erlojua denboraz desjabetuz, etxeko lanak, etxeko zaintzak, etxeko gaitzak. Zer gertatzen da etxe barruetan? Etxean goxo, etxean otso. Etxeko suak eta itoginak etxeko lokatzez bistaratu. Denbora, enplegua, zaintza, datuak, sistema, birprodukzioa, familia, kotizazio eza, maitasun erromantikoa, etxekoandrea, militantzia… hainbat? dira hirugarren grabazioko gaiak.

"Desioa".Desiragarria da laugarren saioa, eta, desioak... pentsamendu feministan narrasean.  Desioa lokatzetan. Zeri esaten diogu desio? Zer gertatzen da bortxaketa desioz mozorrotzen denean? Eta kontsumismoz janzten? Zerk sortzen digu desioa? Eta desioak zer sortzen digu? Desio ez-kapitalistarik posible ote da? Nekez irudi daiteke desioa baino auzi politikoagorik.

Eta "Bidaia" da, bosgarrena,  bidaiak eta bidaiak daude, turistenak eta migrantenak, eki eta hegoaldekoak; kolonizatzailenak eta zapalduenak; eta bideak, errepideak eta itsasoak; eta garraioak, abioiak, trenak, kamioi kamarak eta paterak; eta bidaideak, bidelagunak, lagunak, babesle eta bioladoreak;  mugak eta kontrolak; eta pasaporteak, baimenak, ordainketak, gorputz ordainketak eta bortxaketak; eta polizoiak eta poliziak! Ahizpen ahotsak gordinak badira, askoz ere lazgarriagoak dira haien bizipenak.

Ai eta sinatzaile eta gure juanetedunen artean, ez dago ahots distortsionaturik..., hauek ere, mimoz afinatu dute beraien ekarpena.

Hartara, orain arte iritsi zaizkigun grabazio guztiak soinu aberatsez konposaturik daude. Anitzak Lokatzan entzun ahal diren gaur egungo bizimoduaren eta sistemaren kontrako kexa, adierazpen ezberdin, portaera sozial orokorraren inguruko atsekabea, barren-barrenetik, jatorri, erritmo eta hamarkada ezberdinetako abestiak; eta anitzak ere Mursegok, pedal loop station, txiflo, platertxo txinatarrak, enbolo-txirula, eta ahotsa erabiliz, sortzen dituen onomatopeiak eta audio efektu onirikoak.

Edukiak atenporalak direnez, BIS bat merezi dute eta oraindik asko dugunez entzuteko, "beste bat" eskatzeko aukera aprobetxatuko dugu.

Jakinek talde lanean ekoitzitako Lokatza podcasta, EiTB podkast atarian eta Spotify entzungai dago.