Txillardegi, Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala, Susa 2022
Jose Luis Alvarez Txillardegi-k prentsan [Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, Argia eta Zeruko Argia] 1968 eta 1986 artean argitaratutako kronikak biltzen ditu liburu honek. Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak atondu dituzte testuak, eta elkarrekin idatzi dute 'Turismoa Txillardegi turistarekin' hitzaurrea. Liburuari Zabalak 2006an Berria egunkarian argitaratutako 'Txillardegi Leturiaren sorlekuan' erreportajea erantsi diote.
Txillardegiren kroniken helburua irakurle kritiko eta aktibo bat sortzea da, oroz gain. Horrela, bere garaiko memoria politiko-kulturala osatzen du, bizi izan zuen munduaren biografia. Lehen pertsonan emana izanik, idazlearen ikuspuntua erakusten du kronikak maiz eta ikuspuntu partikularra ez ezik, bere garaikideen ikuspuntua ere azaltzen digu.
Belgika, Norvegia, Estatu Batuak, Gales, Galizia eta Andorratik bezala, Barkoxe, Altzürükü edo Berrizaundik idatziz bere kezka nagusien berri ematen du idazlan hauetan Txillardegik, jakin-min zabalez, begirada zorrotzez eta irakurleari berarekin batera bertan dagoela sentiaraziz. Ez dira turista arrunt baten kontakizunak, hitzaurrean Izagirrek eta Zabalak diotenez: “Gizakia ulertu beharra, gizartea esplikatu nahia: Txillardegi ibiltariak jakin-minez hartzen ditu lekuak eta gizarteak, herriak eta herritarrek eraikitakoak. Kosmopolitismoaz harago, etenik gabeko ikasketa horrek badu loturarik bere jatorriarekin. Edonon dela, barruan darama Txillardegik euskal herria, batetik bestera dabilen exiliatua da, ikusten dituen moldeak eta politikak euskaldun multzoaren onerako izan ote litezkeen hausnartzen”.
Izagirrek eta Zabalak hitzaurrean dioten moduan, Txillardegik lortzen du irakurlea turista bilakatzea.