GOMENDIOAK

Erria

Kontrako eztarritik

2020-01-14

Uxue Alberdi, Susa, Lisipe bilduma, 2019

 

Emakume bertsolarien bizipenak jaso ditu Alberdik Kontrako eztarritik (Lisipe-Susa) liburuan. Hamabost bertsolarirekin mintzatu da, tartean Amaia Agirre Arrastoa, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Maialen Akizu Bidegain, Miren Amuriza Plaza, Maider Arregi Markuleta, Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antiarekin. Haien testigantzetan oinarrituta, emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten hainbat mekanismo zerrendatuz: akatsa barneratzea; gizonen "kidetzat", ez-emakumetzat hartuak izatea; itxuragatik epaituak izatea; infantilizazioa, aitakeria eta aitapontekotza; bazterkeria, ikusezintasuna eta gizonen arteko aliantzak; gutxiespena; desautorizazioa...

“Liburu hau bertsolaritzari buruzko liburu bat litzateke —eta ez emakumeak eta bertsolaritzari buruzkoa—, emakumeak izaki unibertsalak bagina”, dio Uxue Alberdik.

Helburua, aldiz, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo.

Emakume mordoak omen dihardu bertsolaritzan. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Guk badakigu emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak.