Nancy Fraser Lisipe 10, Susa 2021 Saiakera.
Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken hausnarketak argitaratu du Susak LISIPE bildumaren hamargarren ale honetan. Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales eta Mirentxu Larrañaga Sueskun izan dira itzultzaileak.
Zerk ezberdintzen ditu soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Hori da eskuartean duzuen artikulu bildumak lantzen duen beste gaietako bat, zeinak lotura zuzena duen arrazializatutako gorputzen desjabetzearekin, hori baita, autorearen iritziz, gorputz zurien eta, zehazki, gizon zuri proletarioen esplotazioaren ezinbesteko baldintza.
Are gehiago, soldataren bidez bizi diren gorputz esplotatuak ordaindu gabeko zaintzaren bidez sortzen dira, Fraserren aburuz. Eta bi ardatzoi beste hirugarren bat gehitu behar zaio: kapitalismo patriarkal eta kolonialak Estatuarekin duen erlazioa.
Ez al du kapitalismo mota honek Estatuaren bidez desjabetzen eta esplotatzen? Baiezkoa da autorearen erantzuna, baina tentuz hausnartu behar da Estatuak kapitalismo globalean duen papera. Kapitalismo globalarekin finantzializatutako egungo zerbitzuzko kapitalismo digitalaz ari da.
Zerk desberdintzen du estatu-kapitalismo industrialean egituratuko esplotazioa kapitalismo finantzializatuak behar duen desjabetze masibotik? Polanyiren mugimendu bikoitzetik Fraserren mugimendu hirukoitzera pasatu gara. Hots, merkantilizazioa mugarik gabe hedatzearen aldeko indarrek eta gizartea babestearen aldeko indarrek “erregulazioaren” aldeko “adostasun” gutxienekoa lortu zuten hogeigarren mendean.
“Adostasun” hori desagertu da hogeita batgarren mendean eta mugimendu hirukoitz bat dugu, non aurreko bi indar horiez gain, emantzipazioaren aldeko mugimendua ere badugun. Noiz, nola eta zergatik gertatu da eraldaketa hori? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin?
Galdera horien inguruko gogoeta bat da eskuartean duzuena. Gogoeta horiek, aldiz, praktika eta antolaketa berrien gauzatzea dute xede.
Fraserrek, finean, bi erronka jartzen ditu mahaiaren gainean: Nola osatu bloke bat kapitalismoaren kontra gauden guztion artean, eta nola imajinatu beste mundu bat, beste harreman eta lan banaketa batekin.