Mikel Urdangarin, Ur Jauzia, 2025 [Jakin eta Joxe Azurmendi Katedra]
Mikel Urdangarinek Joxe Azurmendiren pentsamendua hainbat autore feministarekin elkarrizketan jartzen du, hala nola Jule Goikoetxea, Simone de Beauvoir eta Judith Butler bezalako erreferenteekin. Nahiz eta abiapuntu ezberdinak izan, gizakia eta mundua ulertzeko duten ikuspegien arteko hurbiltasuna azaleratzen du liburuak. Azurmendik eta autore feminista desberdinek gako oso interesgarriak eskaintzen dizkigute, bestelako gizaki eredu bat pentsatzeko.
Egileak auzi eta subjektu oro zeharkatzen dituen teoria-multzo kritiko, konplexu, aberats eta plural gisa ikusten du feminismoa, eta Azurmendiren garai bateko izpiritu kritikoa berhausnartzea eta berritzea bilatu du lan honetan; landu dituen autore feministen ideiak, balio sistemak, mundu ikuskerak ez dira "hain ezberdinak", elkar elikatu dezakete eta elkar elikatze horretan gizakia eta mundua ulertzeko eta era bizigarriago batean pentsatzeko gako oso interesgarriak eskaintzen ditu.
Urdangarinek "Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan" bi ataletan banatu du: Lehen atalean, Azurmendiren gizaberetxoaren kontzeptua azaldu du, bere testuinguruan eta obran kokatuta eta bigarrenean, pentsalaria feminismuekin alkar izketan, beste pentsalari batzuekin jarri du elkarrizketan, sei auzi zehatzen bueltan, eta auzi bakoitza bi bloketan egituratu du: batean, antzekotasunak bistaratuz eta bestean, Azurmendi, autore feministen eta idazlearen artean elkarrizketak eztabaida bihurtuz. Gorpuztasuna, naturarekiko eta kulturarekiko harremana, zaurgarritasuna eta interdependentzia, ekodependentzia, hizkuntza, askatasuna, burujabetza, komunitatea eta beste hainbat auzi aztertu ditu horrela.
Pentsamendua antropologizatu egin da eta bataila politiko, sozial, ekonomiko, kultural interesgarria dago gizatasun eredua berdefinitzeko eta Urdangarinek eztabaida kritikorako mami interesgarria eskaintzen digu.