Jule Goikoetxea, Lore Lujanbio, Zuriñe Rodriguez eta Estitxu Garai. Eztabaida. Elkar, 2020 Saiakera.
Lan honekin eman nahi dizueguna (...) patriarkatu neoliberala ulertzeko sistema kontzeptual bat da argi azaltzen dute hasieratik bertatik egileek. Euskal demokraziaren azterketa mardula topatuko du irakurleak. Ez edonolako azterketa, gure errealitatearen sakoneko ulerkera ahalbidetzeko marko bat proposatzen dute.
Ezagutzen dugun demokrazia eredu hau patriarkatuarekin eta erregimen liberalarekin jartzen dute elkarrizketan, inguratzen gaituen errealitatearen ikuspegi kritikoa elikatuz. Euskal demokraziak izaera liberal eta patriarkala zertan duen sakontzeko saiakera da. Patriarkatua egiturazkoa da Euskal Herrian ere bai.
Zer eta nola neurtu patriarkatu eta ongizate erregimen liberalen arteko harremana?
Nolakoa da Euskal Herriko1 demokraziaren kalitatea? Zertan da gure herria patriarkala? Eta zertan liberala? (des)merkantilizazio eta (des)familiarizazio joerak izango dira erakusle garrantzitsuak horretarako. Lehenaren bitartez, merkatuarekiko dugun dependentzia maila aztertu dute.
Egungo sistema kapitalistetan enpleguaren beharra dugu bizi ahal izateko baina, dependentzia hori ezberdina dela ikusiko dugu herrialde bakoitzaren sistema politiko-publikoaren norabidea eta erakunde publiko horien gaitasunen arabera.
Hots, merkantilizazio maila eta erakunde pu-blikoek ongizatean duten eragina (edo ez eragina) dute aztergai. Halako zerbait gertatzen da familiarizazio mailarekin ere. Kasu ho-netan, (des)familiarizazio tendentzien bitartez, emakumeek gizonen baliabideekiko (haien soldatekiko, eskubideekiko eta kapitalekiko) duten dependentzia aztertu dute.
Eta hein berean, ongizate estatuek modu eta intentsitate maila ezberdinetan bada ere emakumeek musutruk egiten duten lanetan nola eraikiak diren bistaratu. Bi tendentzia hauek elkarlotuz gure demokraziaren kalitatea aztertzen dute liburuan zehar.Hein berean, sistema patriarkal eta liberal horren birsortzea nola eta nondik ematen den aztertzen dute egileek.
Horretarako lau dimentsio eta mekanismo ezberdinetan sakontzen dira. Dimentsioak liburua beraren kapitulazio ere badira: lan ordaindua, lan ez ordaindua, estatua (baino gure kasuan ongizate erregimena) eta eremu sozio-politikoa dituzte aztergai. Biolentzia zuzen, sinboliko eta materialaren mekanismoak ere ikertzen dituzte.
Zer gertatzen da horietako bakoitzean? Nola ematen dira harreman patriarkalak eremu bakoitzean? Eta nola elkar elikatzen dira? Eta noski, autore hauek hasieratik ere argi uzten duten bezala gure gaurko mundua hobeto ulertzeko, xeheki aztertzeko eta eraginkorki iraultzeko asmoa badu liburuak. Erakunde, espazio eta baliabide publikoen zabaltzearen aldeko agertuko dira (hauekiko kritiko izanik ere).
Hala nola, gizarte babesera begirako politika publiko sendoen beharraz (etxebizitza, osasun sistema, zahartzaroa, egitura federalak, hezkuntza, lanen banaketa,...) eta hauekin batera, kalitate demokratiko nahiz ongi izateaz eta proposamenez arituko dira azken partean.
Liburu honetan, datu kuantitatibo andana eta elkarrizketa kualitatiboetatik ateratako azterketa aurkitu ahal izango duzue. Hipotesi batetik abiatua: gure ongi izate erregimena familiarizazio eta merkantilizazio maila handikoa da, hots, demokrazia kalitate baxukoa, egia ote?
1 Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Euskal Hirigune Elkargoko datuak osatu dituzte liburuan Gaindegiarekin batera, nahiz eta, azterketarako oraindik datu askoren beharra eta, lortzeko zailtasunak, azpimarratzen dituzten.
2 Amaia Perez Orozco soldataren esklabutzari buruzko logika perbertsoaz arituko zaigu ere zentzu berean.