eRRe ikuskizuna. Lanku, 2022
Bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren, narrazioaren eta poesiaren arteko ikuskizuna da 'eRRe'. Aner Peritz, Oihana Arana, Haizea Arana eta Leire Vargas taldekideak ari dira oholtza gainean, Edurne Azkaratek zuzendutako eta Lankuk ekoitzitako obran. Otsailaren 5ean estreinatu zuten Durangon, sarrera guztiak agortuta; plazaz plaza dabiltza ordutik.
Elkarrekin lotura duten eta osotasun bat eraikitzen duten hamar eszena edo pieza laburrez osatuta dago. Askotariko dualismoak lantzen dira pieza horietan: identitatea, sexu-generoa, klase soziala, adina... Bi mutur badaude, tartean zerbait egon behar dela aldarrikatzen dute modu batera edo bestera: alegia, zuria eta beltza badaude, grisa ere egongo dela.
Dualismo horiek, eraikiak izateaz gain, zapaltzaile eta zapalduen rolak sortzen dituzte, eta horiek irudikatzen dituzte oholtza gainean, hainbat modutara. Hain zuzen ere, obraren izenak dioen moduan, kategoria horiek erretzearen aldarria ere bada eRRe.
Bertsoaren bueltan elkartu ziren lau gazteak; eurek dioten bezala, lagun talde batek sortutako ordubete inguruko ikuskizuna da. Baina, bertsoa ez ezik, gaztetasuna eta marika eta bollera izatea ere badira obraren ardatz nagusiak. Begirada horretatik, ikusleari galderak eragin, barruak erre eta gorputza mugitzen dio eRRek, bitasunari su emateak deserosoa izan behar baitu ezinbestean.
Lotura moduan jartzeko, Naiz-ek argitaratutako erreportajea: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220129/erre-kategoriak-ezabatzeraino-lausotzeko-gonbit-diziplinartekoa