GOMENDIOAK

Xabier Landabidea Urresti

Deustuko unibertsitateko irakaslea

Die Neue Zeit: Bauhaus eta aro berria Kunst

2021-09-07

Atalez atal, Gropiusen kontakizuna ezagutuko dugu, inoiz oso ondo jakin gabe bere memoriak zenbat duen objektibotasunetik eta zenbat subjektibotasunetik Lehen urteen leherketa estetiko, sozial eta ideologikoaren zorabioa, potentzialtasuna eta talkak erritmo eta eraginkortasun biziz kontatzen ditu telesailak bere sei ataletan. Narrazioaren oinarrian, bi pertsonaia: adindutako Gropius bera, eta lehen belaunaldiko Bauhaus eskolako ikasle eta kolektiboko kide Dörte Helm (Anna Maria Mühe).

Zuzendaria eta ikaslea, gizona eta emakumea, fundatzailea eta hasi-berriaren arteko tentsio dialektiko eta pertsonalean ardazten da kontakizun osoa, lehen ataletik amaiera irauten duen joan-etorri sakonki problematikoan. Telesailaren pisua Dörtek darama. Bera da telesailaren zutabe zentrala. Berak haragitzen du eskolaren potentziala, eskolaren garapena, eta finean eskolaren ezintasuna.

Gropius narratzailea izan daiteke, baina finean ez da Helmen ispilua baino. Atal guztiak maila berean ez dauden arren (eta ez dute zertan egon, Bauhausen historia edo Alemaniarena ez da istorio homogeneo bat azken finean) osotasun eder bat eskaintzen duelako, eta lekukotza historikoaz haratago gure gizarteen izaeraz, arteaz eta hezkuntzaz pentsatu eta ekiteko helduleku inportanteak eskaintzen dituen telesaila delako. Bizitza bezain gozoa eta garratza izaten dakien sei ataleko proposamen eder bat, ikus-entzulea gehiago jakiteko gogoz uzten duena.