GOMENDIOAK

Erria

Bigarren sexua

2020-04-12

Simone de Beauvoir, It.Irene Arrarats Lizeaga, Eskafandra 2019

Simone de Beauvoir idazle eta filosofo frantsesak sortu zuen esaldi ospetsua, 1949 urtean Bigarren sexua saiakera idatzi zuenean. Hirurogeita hamar urte geroago, feminismoaren ikurretako bat den liburua euskaraz irakur daiteke, Irene Arraratsek itzulia, Elkar argitaletxearen eta Jakinen eskutik.

“Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da. Ezein destino biologikok, psikikok, ekonomikok ez du definitzen gizaki emeak gizartean duen irudia; zibilizazio osoak sortzen du gizonaren eta zikiratuaren tarteko emaitza hori, femeninotzat jotzen den hori.
[…] Interpretazio-sistema oker horren oinarria zera da, ontzat jotzea naturala dela gizaki emearentzat emakume femenino bihurtzea: ideal hori mamitzeko, ez da nahikoa heterosexuala izatea, ezta ama izatea bera ere; "egiazko emakumea" produktu artifizial bat da, zibilizazioak ekoitzia, garai batean castratoak ekoizten zituen bezalaxe; ustez pinpirinkeriarako, otzantasunerako duen "sena" ikasarazi egiten zaio, gizonari harrotasun falikoa bezalaxe; gizonak ez du beti onartzen bere gizon-bokazioa; emakumeak arrazoi sendoak ditu are otzantasun gutxiagoz onartzeko esleitu zaion bokazioa”.

Irene Arraratsen iritziz "Simone ez zen feminista. Lehorte garaia zen. Sufragismoaren mugimendu historikoa bukatua zen ordurako, eta 70eko hamarkadako olatu feminista iritsi gabea”. Gainera, “garai hartan berak ez zuen inolako kontzientzia feministarik. Filosofoa eta existentzialista zelako heldu zion gaiari”. Abiapuntu horri jarraituz, beraz, jabetu zen emakumearen zapalketaz. “Existentzialista zenez, esentziarik ez zegoela pentsatzen zuen, eta gako hori emakumeari, ordura arte inork egin ez zuena egiten hasi zen: kulturaren mekanismo zapaltzaile batzuk deskubritzen”. Alegia, emakume izatea ez dela izaera bat ondorioztatu zuen Simone de Beauvoirrek, egoera bat baizik. “Gizaki emeei izanarazten zaien hori delako emakume izatea”. Eta hori hala izateko sistema oso bat zegoela azaleratu zuen. “Patriarkatuaren tripetan sartu zen nahi gabe”.

Modu oso metodiko eta analitikoan lan egin zuen pentsalariak. “Hori izan zen berrikuntza. Analisi hotz hori egin izana, zirujau baten bisturia atera eta zorrotz eta hotz aritu baitzen analisian”. Bere jakintza zabalari esker lortu zuen hori. “Existentzialismoa, antropologia, Hegelen ideiak… horiek guztiak gurutzatu zituen emakumearen egoerarekin”.  

Bestalde, argitalpenaren osagarri, baina bere horretan autonomo, Bigarren sexua(z). Collage izeneko film laburra ere osatu dute Nora Alberdik eta Iratxe Fresnedak. De Beauvoirren bederatzi "lezio" hartu dituzte, eta gaur egungo irudiekin eta emakume euskaldunen testigantzekin gurutzatu, tartean dira Maite Segurola eta Miren Odriozola feminista azpeitiarrak, Jule Goikoetxea eta Irene Arrarats.