Bi egile interesgarri hauen arteko elkarrizketa luzea da liburuaren formula arrakastatsua. Izan ere, estilo akademikoaren mugak gaindituz, gogoeta sendo eta sakonak proposatzen dizkigute, besteak beste, ezkerraren erronka estrategikoen inguruan: nola kokatu gaur egun erreforma-iraultza eztabaida?, nola eraiki ikuspegi post-kapitalista?, nola ikasi Hegalde Orokorraeko borroka esperientzietatik Iparraren harrokeria alde batera utzirik?… Demokrazia birpentsatu eta forma berrien arabera gauzatu, hauxe dugu proposamenetako bat, demoaniztasunaren kontzeptuaren bidez.
Liburuaren egileak pentsalari emankorrak dira teoriatik haratago joateko gai direlako, herri mugimenduen jarduerak gertutik ezagutzen dituzten heinean, eraldaketarako pistak ematea zein garrantzizkoa den ederki dakitelako. Dekolonitateak hartzen du protagonismo berezia elkarrizketan, Europako estaturik gabeko nazioen auzira ere hedatzen dutelako ikuspegi dekoloniala.
Ez da irakurketa bizkorrerako testua, egia esan, baina agian honetan dago bere indar handiena: pentsarazten du, eta horretarako denbora eman behar da! Matxino prestatuak trebatzeko beharra aipatzen du Sousak eta liburu honek hori egiten laguntzen duelakoan nago. Ez da ekarpen makala, ezta?