Santi Brouard pediatra, politikari eta euskaltzalearen bizitza eta heriotza fikzioaren bidez eraiki dute Harkaitz Canok, hitzez, eta Adur Larreak, irudiz. Dokumental bat, hamaika artikulu eta urteroko omenaldien ondotik, zuri-beltzean kontatuko zaizkigu bai Santiren konpromisoa, bai gerra zikinaren kasu entzutetsuenetako bat, garaiaren erradiografia bat egiteaz batera.
SINOPSIA
1984ko azaroaren 20an, Santi Brouard tiroz hil zuten bere pediatria kontsultan. Julian Sancristobal Espainiako estatuko Segurtasun idazkariak agindua eta dirua eman zion Rafael Masa poliziari, eta horrek Luis Morcillori eta Rafael Sanchez Ocañari ordaindu zien hilketagatik. Brouarden heriotzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian. HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra… Bere karisma eta konpromisoagatik, Euskal Herriko hainbat familia politikotan itzal handia izan zuen Brouardek. Horiekin batera, politikari lekeitiarraren beste ezaugarri ezezagunago batzuk ere jaso ditu komiki honek, adiskide eta mediku hurbila, txantxazalea, irakurle amorratua eta euskaltzale petoa ere izan baitzen.
Horrela, Adur Larreak eta Harkaitz Canok fikzioaren bidez lortu dute Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak biltzea, ekinbide publikoa eta bizitza pribatua jostea, iragana eta oraina lotzea, garai baten kontaketa bizia marrazteko.
BIO-BIBLIO
Adur Larrea Eguren (Bilbo, 1982). Arte Ederretan lizentziatua da, marrazketa eta ikus-entzunezkoen espezialitateetan. Geroztik, animazioa eta ilustrazioa izan dira bere jardueraren ardatz nagusiak. Ikus-entzunezkoen alorrean, zenbait ekoiztetxerekin lan egin du, baita telebistan eta publizitatean ere. Argitaletxe, aldizkari eta egunkarietan kolaborazioak egin ditu (Berria, Ortzadar, Xabiroi, Bertsolari, Argia, Jakin…), eta, liburu formatuan, Okatxu eta Arditutakoak albumetan parte hartu du beste ilustratzaile batzuekin batera; horietaz gainera, bereziki ezaguna da Gabriel Aresti BioGrafikoa (Erroa, 2015) komikia, poeta bilbotarraren bizian eta obran oinarritua.
Harkaitz Cano Jauregi (Donostia, 1975). Diziplina artekotasuna du ezaugarri nagusi, eta hainbat antzezle, dantzari eta artistarekin jardun izan da. Eleberrigile eta ipuin idazle ezaguna da (Fakirraren ahotsa, Twist, Beti oporretan, Neguko zirkua, Belarraren ahoa...), eta poesia eta gidoigintza ere lantzen ditu. Komikiari dagokionez, hiru album eman ditu argitara Iñaki G. Holgadorekin batera (Piztia otzanak, Zebra efektua eta Museo bilduma) eta laugarren bat osatzen ari da atalik atal Xabiroi aldizkarian (Amets alokatuak). Txalaparta etxearen eskutik Paul Austerren Kristalezko Hiria eleberri grafikoa euskaratu zuen, eta Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena komikiari hitzaurrea idatzi zion.