ERREPORTAJEAK

Erria

Zaintzaren dimentsioa

2022-02-21

Zaintza lanek Euskal Herrian duten pisu ekonomikoa irudikatzea ez da batere erraza, eremu administratibo ezberdinetako datu homogeneo eta bateraturik ez baitago, eta Ipar Euskal Herriko datuak jasotzea ia ezinezko baita. Horrekin batera, egiturazko beste zailtasun bat ere bada, bizitza sustengatzen duten jarduerek eta eremu pribatuan egiten den zaintzak ez baitute islarik Barne Produktu Gordinean.


Argazkia. Unsplash / Stefano Pollio

 

Jakin badakigu lan-erreptoduktiboek eta zaintzak gizarteak aitortzen diena baino askoz ere pisu handiagoa dutela. Eustat Estatitika Institutuak eginiko estimazioaren arabera, 2018an egin ziren lan erreproduktiboek %27,7ko balioa izan zuten EAEn, hau da, industriak (%21,94) baino gehiago.


ARRAKALA

Bizitzari eusteko ordaindu eta aitortu gabeko lan horiek sexuaren arabera aztertuz gero, nagusiki emakumeek betetzen dituzte. EAEn eremu pribatuan egiten diren etxeko eta zaintza lanen %67,2 emakumeek bete zituzten 2018an (2013an, berriz, %66,7). Beraz, sexuaren araberako lan-banaketaren joerak, baina, ez du berdintzera egin azken urteotan.

Zerbait egitekotan arrakala apur bat gehiago hazi da. Laura Martinez Jimenezek eginiko eta Nafarroako Berdintasun Institutuak finantzatutako “Radiografía de los cuidados en Navarra” ikerketan (2020), datuek argi erakusten dute gizonezkoen inplikazio txikia zaintza lanetan. Zaintza lanak beti egiten dituzten gizon-emakumeen arteko proportzioa aztertu du, ehunekotan.

Mahaia jasotzea eta etxetik kanpo mendekoak zaintzea izango lirateke gizonen zaintza-ardurarik agerikoenak, baina beti ere emakumeen oso azpitik. Emakumeek eta gizonen arteko zereginen arrakala askoz handiagoa da jarduera hauetan eta hurrenkera honetan: arropak, etxeko garbiketak, erosketak, sukalde-lanak eta etxeko mendekoak. Oro har, esan daiteke gizonezkoak iristen ez diren eremuetara iristen direla emakumezkoak.

 

ZAINTZAREN MERKANTILIZAZIOA

Zaintza lanetan orain dela 25 urte baino denbora gehiago ematen dugu. Bai haurrak zainduz, eta baita helduak zainduz. Proportzionalki helduen zaintzak igoerarik nabarmena izan du. Jendartearen zahartzeak zaintza-beharrak areagotu ditu. Horrek zaintza-lanen merkantilizazioa ekarri du. Hau da, kapitalismoak balioa ezarri dio zaintzaileen lanari eta zaindutako pertsonei prezio bat.
 

ETXEKO LANGILEAK EGOERA PREKARIOAN

Eta zaintza-lan horiek emakumeen bizkar egiten dira, nagusiki. Ipar Hegoa fundazioak agerian utzi du zaintza-lanetan ari diren emakumeen egoera prekarioa, “Etxeko langileen errealitatea Euskal Herrian” txostenean (2020ko maiatza). Datu zehatzik ez badago ere, Hego Euskal Herrian 46.300 etxeko langile daudela kalkulatzen du. Gizarte Segurantzan 28.500 daude izena emanda EAEn etabeste 7.100 Nafarroan. Beste %30 inguru ezkutuko ekonomian dihardutela uste da.

Izan ere, Nazioarteko Laneko Erakundearen estimazioen arabera, fantziar eta espainiar estatuetan ezkutuko ekonomian ari dira etxeko hamar langiletatik hiru.

Ezin dugu jakin zehazki zein den etxeko langileen egoera, erabat irregularra baita. Etxeko langileak, gainera, bigarren mailako langiletzat hartu ohi dira lan baldintzei dagokienean, eta hainbat eskubide ukatzen zaizkie, modu estrukturalean. Etxeko langileak emakumezkoak dira eta migratzaileak gehiengo handi batean. Bizi duten babesgabetasun egoeraz baliatuta, maiz oso lan baldintza kaskarrak ezartzen zaizkie.