ERREPORTAJEAK

Eneko Compains Silva

Konstituzio Zuzenbidean Doktorea eta Sorturen Kontseilu Nazionaleko kidea

Txileko prozesu konstituziogilea, Pinochetismoaren herentziarekin amaitzeko aukera historikoa

2021-07-14

Iragan maiatzaren 15ean eta 16an hauteskunde konstituziogileak ospatu ziren Txilen. Zehazkiago, Konstituzio berri bat hutsetik idazteko 155 ordezkari hautatu zituzten herritarrek, horietatik 17 bereziki erreserbatuak herrialde andetar honetan bizi diren jatorrizko herrientzat (Maputxeak, Quechuak edota Aimarak, besteak beste). Nondik dator, baina, Konstituzio berri baten beharra? Zerk eraman ditu egungo momentu konstituziogilera?


Protesten zergatiak azaltzen dituen kartela 2019ko protesta batean, Santiagon. Argazkia: Carlos Figueroa / CC BY-SA 4.0

 

«Konstituzioak ez dira legelarien jakintza teorikoetatik jaiotzen, krisietatik eta borroka sozialetatik baizik» 

J.A. Viera-Gallo

 

2019ko urriko eztanda soziala

Hasiera data bat proposatu beharko bagenu, egokia litzateke 2019ko urriaren 6a. Egun hartan, Gobernuak, Santiago hiriburuko metro-txarteleko prezioaren igoera dekretatu zuen, klase herritarren haserrea piztuz. Erantzuten lehenak bigarren hezkuntzako ikasleak izan ziren, neskak bereziki, desobedientziarako dei eginez, metroko pasarelak saltatuz eta ordaindu gabe pasatuz. Baina hasiera batean protesta partikular eta lokala zena altxamendu orokor bilakatu zen segituan, egun gutxiren buruan herrialde osora zabalduz. Elur bola efektua. Metro geltokiak kiskalita, trenbide eta autobideak moztuak, herri batzar jendetsuak, masa mobilizazio erraldoiak, greba orokorrak, poliziarekin enfrentamendu bortitzak… sekulako herri erantzuna. 

Aise ondorioztatu daitekeenez, arazoa ez zen (soilik) metro-txartelaren prezioa. “Ez dira 30 peso, 30 urte dira!” zioen protesten leloetariko batek, zuzen zuzenean apuntatuz diktaduratik demokraziarako trantsizioari eta Pinocheten herentzia politikoari. Gauzak horrela, sektore sozial ezberdinen aldarrikapenak bata bestearen atzetik metatuz joan ziren mugimendu bateratuaren barruan: soldata minimoaren igoera, pentsio duinak, osasun sistemaren berrantolaketa, genero bereizkeriaren amaiera... eta hori guztiori “lege goren” bilakatu ahal izateko biltzar konstituziogile baten hautaketa. 

 

«Ez dira 30 peso, 30 urte dira!” zioen protesten leloetariko batek, zuzen zuzenean apuntatuz diktaduratik demokraziarako trantsizioari eta Pinocheten herentzia politikoari.»

 

Zergatik Konstituzio berri bat?

Francok Espainiar Estatuan egin bezala, Pinochetek ere dena “lotua eta ondo lotua” utzi zuen trantsizioan. Horretarako, 1980. urtean Konstituzio bat ezartzea agindu zuen, gaurdaino, moldaketak izan baditu ere, indarrean mantendu dena. Bere idazle nagusi izandako Jaime Guzmanek argiki esan zuen: “Konstituzioak bermatu behar digu ezartzen dituen aukeren markoa horren estua izatea, gure aurkariek agintea eskuratuta ere, gauzak errotik aldatzea ezinezko izatea. Aurrerantzean, nork aginduko duenaren garrantzia ez da guztiz desagertzen, baina asko murrizten da, soilik aldaketa moderatuak eta antzeko tendentziak dituztenak izango baitira posible”. Bada, esan eta egin. 

Horregatik, 1988ko Pinocheten jarraipenerako erreferenduma galdu bazuten ere, bere herentzia politikoa bizi-bizi mantendu da hamarkadetan zehar. 

 

«Txilen eskubide sozialik ez dago; dena da negozio: osasuna, hezkuntza, pentsioak, natur baliabideak…»

 

Eta zein da herentzia hori? Hasteko, herrialde kapitalista guztiz neoliberal bat, mundu mailako ezberdintasun sozialik handienetarikoak dituena. Txilen eskubide sozialik ez dago; dena da negozio: osasuna, hezkuntza, pentsioak, natur baliabideak… Konstituzioaren aginduz, Estatuak soilik merkatuaren “osagarri” moduan jokatzen du, paper zinez eskasa betez. Horrekin batera aipa litezke ere indar militarren eta segurtasun indarren demokratizazio eza, jatorrizko herrien aitortza eza edota patriarkatuaren instituzionalizazioa. 

 

Argazkia: Carlos Figueroa / CC BY-SA 4.0

 

Elite zaharren erantzuna

Urriko altxamendua ikusita, Estatu aparatuen erantzuna zinez bortitza izan zen. Salbuespen egoeraren aldarrikapena, indar armatuen presentzia itogarria eta errepresio basatia, 17.000 atxilotu, ehundaka zauritu eta hamarnaka hildako utziz hilabete bakar batean. “Guda betean gaude etsai arriskutsu baten aurka”, esana zuen Piñera Presidente eskuindarrak, sekulako polemika piztuz.

Egoeraren larritasuna ikusita, ordura arte jokoz kanpo zeuden alderdi nagusiak biltzen hasi ziren, egoerari aterabide demokratikoago bat bilatu asmoz; egun gutxitan, akordio politikoa erdietsi zuten: “Bake sozialaren eta Konstituzio berriaren aldeko akordioa”.  Bertan, ordena publikoa berrezartzeko deia egiteaz batera, prozesu konstituziogilearen oinarriak finkatzen ziren.

 

«Txileko mugimendu feministak gogotik egin du borroka urteetan zehar eta, azkenean, aldaketa legalak behartu ditu.»

 

Puntu polemikoena, Alderdi Komunista akordiotik kanpo geratzera eraman zuena, eskuinak behartu zuen. Horren arabera, Konstituzio berriaren edozein artikulu adosteko 2/3eko quorum-a beharko zen biltzar konstituziogilean. Alegia; 155 ordezkarietatik gutxienez 104k babestu beharko zuten aldaketarik txikiena ere. Modu horretan, pinochetismoak (eta eskuinak oro har), biltzarrean planteatutako edozein aldaketa garrantzitsu geldiarazteko gaitasuna izango zuela pentsatzen zuen. Berriz ere dena “lotua eta ondo lotua”. Bai? Ba ez! Zorionez esan dezakegu haien kalkulu politikoa pikutara joan berri dela. 

 

Hauteskunde konstituziogileen emaitzak

Hauteskunde asteburua baino bi egun lehenago Victor Tricot irakasle txiletarrak azaltzen zigun bezala, emaitza aurreikusi ezina zen, klase politikoaren sinesgarritasun galerak, Piñera presidentearen onarpen-maila negargarriek edota hautagaitza independenteen biderkatzeak ezinezko egiten zutelako garaile nor izango zen aurreikustea. Eskuinak beto eskubidea bermatuko zion ordezkaritzaren herena lortuko zuen baieztatzea ere ezinezkoa zeritzon.

Bada, bere baieztapenak zentzuzkoak zirela erakutsi dute hauteskunde emaitzek, inkesta guztiek aurreikusitakoak hankaz gora jarri baitituzte. 

Horrela, jatorrizko herrien 17 ordezkariak albo utzita, hautagaitza independenteak izan dira bozkatuenak, 48 ordezkarirekin; horietatik 24 “Lista del Pueblo” zerrendakoak (ezkerra), beste 11 “Nueva Constitución” zerrendakoak (zentro eta zentro-eskuina) eta azken 13ak zerrendetatik kanpo aurkeztuak. Horrekin batera, nabarmentzekoa da ere Alderdi Komunistak eta Frente Ampliok sustatutako “Apruebo dignidad” zerrendaren emaitza, 28 ordezkarirekin. 

 

«“Guda betean gaude etsai arriskutsu baten aurka”, esana zuen Piñera Presidente eskuindarrak, sekulako polemika piztuz.»

 

Galtzaile nagusiak bipartidismoaren alderdi tradizionalak izan dira. Zentro-ezkerreko alderdien “Lista del Apruebo” delakoak 25 ordezkari besterik ez ditu lortu, eta Txileko hiru eskuinen (liberal, kontserbakor eta faxista) zerrenda bateratuak 37 ordezkari lortu baditu ere, oso urrun geratu da beto eskubidea bermatuko lioketen 52 ordezkarietatik. 

Aurreko datuarekin batera, nabarmentzeko datua da emakumeen presentzia nabarmena (osotara 83). Txileko mugimendu feministak gogotik egin du borroka urteetan zehar eta, azkenean, aldaketa legalak behartu ditu. Horrela, lehen aldiz historian, hauteskunde parekideak ospatu dira. 

Bukatzeko, ikuspuntu antikapitalista batetik, itxaropenerako bi datu: hautatu berri diren 155 ordezkarietatik gutxienez 77 argiki anti-neoliberalak dira eta kanpainan finantziazio gehien lortu zuten hautagaietatik soilik 9k lortu dute ordezkaritza. Bada marka!

 

Txileko Presidente Sebastian piñera 2019ko azaroaren 12an, justiziaren, bakearen eta konstituzio berriaren alde akordio politikoa aldarrikatuz. Argazkia: Gobierno de Chile / CC BY 3.0 cl

 

Aukerak eta mehatxuak

Edozein lehia politiko irabazteko indar korrelazioa bezain garrantzitsua da joko-arauak finkatzeko gaitasuna izatea. Txilen, orain arte, pinochetismoak finkatzen zituen joko arauak, eta, gaur gaurkoz indarrean badiraute ere, herriak horiek guztiz txikitzeko  aukera parez pare ireki du. Egia da Allendek iragarritako “zumardien zabaltzetik” ez dela oraindik herri askea pasa, baina partida badago, eta ez da gutxi, ze eskuinak hasi aurretik amaituta nahi baitzuen, bere giltzarrapo antidemokratikoak baliatuz.

Alta, ezin triunfalismoan erori. Txile da seguruenik (Kolonbiarekin batera) AEBk Latinoamerikan duten lagunik kuttunena. Horregatik,  aurreikustekoa da Inperioak bere hariak mugitzeko ahalegina egingo duela, toki batetik edo bestetik, aldaketarako aukera zapuzteko.

 

«Partida badago, eta ez da gutxi, ze eskuinak hasi aurretik amaituta nahi baitzuen, bere giltzarrapo antidemokratikoak baliatuz.»

 

Euskal Herrirako lezioak

Inguruabar geopolitikoak eta bakoitzaren errealitatea ezberdinak badira ere, badago Txileko prozesuaz zer ikasi. Aukera historiko hau zabaldu badute, terreno sozialean (bereziki) mantendutako batasun anitzagatik eta borrokarako erakutsi duten gaitasunagatik izan da. 

Batetik, sektarismoa alboratuz, gai izan dira borroka lokal eta partikular batetatik olatu erraldoi bat altxatzeko, klase-artekoa, gehiengo herritarren eta sektore zapaldu ezberdinen interesak ordezkatuko zituena: ikasleak, langileak, pentsiodunak, jatorrizko herriak, emakumeak… Gehiengo horiek artikulatu gabe, argi esan dezagun, ezinezkoa zatekeen egungo agertokia. 

 

«Sektarismoa alboratuz, gai izan dira borroka lokal eta partikular batetatik olatu erraldoi bat altxatzeko, klase-artekoa, gehiengo herritarren eta sektore zapaldu ezberdinen interesak ordezkatuko zituena.»

 

Baina bestetik, borroka molde ezberdinak uztartzen jakin zuten ere, baketsuak batzuk, bortitzagoak besteak, herritarrak denak, eta guztiak beraien baldintza politiko eta sozial zehatzei lotuak. Izan ere, gehiengoak osatzea funtsezko da, baina aski al da? Batzuetan egoera leherrarazi behar da, “aski da!” esan. Txileko herri xeheak ongi irakurri zuen bere momentua zela eta halaxe agertu da. Bejondeiola!