ERREPORTAJEAK

Erria

Transgresioa, identitatea eta askatasun neoliberala

2024-05-22

Zertan da desberdina gaurko eskuin muturra faxismo klasikotik? Zein dira eskuin muturraren goraldia ulertzeko gako historiko, politiko eta sozial inportanteenak? Non daude haren arrakastaren gakoak? Galdera horietatik tiraka, are galdera sakonagoen beharra daukagu. Lehenik ondo ulertu behar da egungo fenomeno autoritarioen konplexutasuna, haiei aurre egiteko. Fenomeno sozial sakonek badituzte faktore historikoak, psikosozialak, antropologikoak eta politikoak. Hori da abiapuntua. Aurrekoa gogoratu behar da, eskuin muturraren igoeraren aurrean, gutxitan galdegiten delako haren jatorriaz eta ertzez. Ezinbestekoa da alerta piztea, arriskuaz ohartzea. Baina are garrantzitsuagoa da dimentsio historikoak, sozialak eta politikoak ondo ulertzea.


Argazkia. Unsplash / Akhere Unuabona

 

Zerk sortzen du gaurko eskuineko erreakzioaren dimentsio antipolitiko, libertario eta autoritarioa? Askatasunaren zer ulerkera berri sortu dira arrazoi neoliberalaren testuinguruan? Nola bilakatu da “askatasuna” autoritarismo ez emantzipatzaile baten karikatura, eta demokrazia liberal hustu baten sinonimo? Nola lortu du eskuin muturrak askatasuna autoritarismoarekin, esklusio sozialarekin, xenofobiarekin, eta finean, biolentzia sozialarekin lotzea? Nola lortu du diskurtso eta praktika oso bat jendartearentzat erakargarri eta transgresore bilakatzea?

Mundu mailan bizitzen ari garen olatu autoritario “berri-zahar” hau, eskuin mutur edo faxismo berria, politikoki aztertu eta tratatu behar da, trantsizioan dagoen mugimendu berri bat delako. Heterogeneoa da, ez da XX. mendeko faxismoaren berdina, antzekotasunak gordetzen baditu ere. Hau ulertzea ezinbestekoa da estrategiak diseinatzeko. Ekin diezaiogun, bada.

 

Bi hitz XX. mendeko faxismoaz

Askotan, albo batera uzten da faxismo zaharraren aztarna eskuin mutur berriaren analisietan. Baina XX. mendeko faxismo historikoari begiratzeak pista batzuk ematen dizkigu gaurko fenomeno sozial erreakzionarioa ulertzeko. Faxismo historikoa Lehen Mundu Gerratik Bigarren Mundu Gerrara bitartean sortu eta garatu zen. Fenomeno Europarra da, batez ere, eta Benito Mussoliniren agintaritzapeko Italia eta hirugarren Reicheko Adolf Hitlerren Alemania izan ziren bi adierazle nagusiak.

XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako egoera politiko eta ekonomikoak (Alemaniak Lehen Mundu Gerra galdu zuen, eta zigor ekonomiko larriak jaso zituen. Ondorioz, 1923an krisi gogorra izan zuen, eta 1929ko AEBtako krak-ak ere eragin zion) klase ertainen desesperazioa areagotu zuen, eta mugimendu autoritarioak sortzeko baldintzak sortu zituen. Erich Frommek, Askatasunetik iheska (1941) liburuan, faxismoaren analisi psikosozial eta historiko interesgarria egin zuen. Gaurko fenomenoak ulertzeko ere baliagarria da, tamalez. Haren esanetan, kapitalismoaren krisi ziklikoek sektore zaurgarrienetan jotzen dute gogorren, eta azken horietan beldurra areagotzen da, ziurtasun eza.

Faktore horiekin, nazismoa bi modutara esplikatu zuen Frommek: arrazoi ekonomikoekin, eta baldintza politiko eta psikologikoekin. Beste autore batzuek faxismoaren igoera bi ideiarekin azaltzen dute; lehenengoaren arabera, gutxiengo batek gehiengoa engainatzen du, alienatzen du; bigarrenaren arabera, giza izaera maltzurra nagusitzen da. Frommen analisietan ez da zuzena ez bata ez bestea: faxismoak erro psikologikoa, politikoa eta ekonomikoa dauka. Autoritarismoa da Alemaniako nazismoan mekanismo psikologiko nagusia; eta aldiz, gizarte moderno edo “demokratikoen” oinarrian onespen automatikoa dago; horregatik esan ohi da neoliberalismoa gehiago oinarritzen dela morrontza boluntarioan, errepresioan baino. Gaur esan dezakegu onespen horretan ere joera autoritariorako erroak aurki daitezkeela.

 

Neoliberalismoaren etorrera

Mundu mailan aldaketa sakonak gertatu dira azken hamarkadetan, eta horiek laguntzen digute eskuin muturraren azken olatuaren zergatiak ulertzen. Batetik, 1989an Berlingo Harresia erortzea abiapuntu, shock doktrinaren loratzea gertatzen da, batik bat, Europako ekialdean, eta, horrekin batera, fordismoaren bukaera 90eko hamarkadan. Mundu multipolarra (SESB eta AEB) bukatu eta ezkerreko mundu mailako erreferentzia historikoa hondoratu egin zen.

Hurrengo hamarkadek ekonomiaren finantzarizazioa eta demokraziaren pribatizazioa ekarriko zuten. Klase ertaina jomugan, beldurra areagotu egin zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hedatua zegoen pobreak eta aberatsak eskailera mekaniko sozial berean zeuden pertzepzio soziala, eta XXI. mendean sartzeaz bat, batez ere 2008ko krisi finantzarioaren ondoren, hori eten egin zen. Periferietara joatera behartu zituzten langileak, beraz, alokairu askoz garestiagoak eta lanera sarbide zailagoa izango zuten. Klaseak goitik sortzen hasi ziren, prozesua atzekoz aurrera jarri zuten.

 

«Mundu mailan aldaketa sakonak gertatu dira azken hamarkadetan, eta horiek laguntzen digute eskuin muturraren azken olatuaren zergatiak ulertzen»

 

Horrez gain, kapital transnazionala asko hedatu zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta politika neoliberalak eta pribatizazioak bultzatu zituen horrek. 80ko hamarkada bukaeran, krisi gogor batean murgildurik, polarizazio soziala areagotu egin zen, mundu mailako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan zegoelarik. Horrek mundu mailan desegonkortasun handia ekarri zuen. Ordea, gehiengo sozialen pobretzea eta desberdintasun globalak ekartzen zituenez, kapital transnazionalak irteera produktiborik (soberakinak kokatzeko) gabe uzten zituen. Akumulazio eta kontzentrazio globalarekin jarraitzeko, hainbat neurri hartu ziren: akumulazio eta kontzentrazio militarizatua (gerra eta interbentzioen bitartez irabazi handiak produzitzen dituzten konplexu militar, kartzelario eta sekurokrataren espantsioa, Irak, Afganistan, baina baita migratzaileen kontrakoa (kartzelak), Ukrainako azken gerra, Palestinako genozidioa… Bigarren neurria, publikoaren eta demokraziaren pribatizazioa. Kapital transnazionalak estatu finantzen kontrola hartu zuen, eta austeritatea biztanleria orokorrean ezarri; horrela desberdintasun sozialak areagotu ziren. Hirugarren elementua mundu mailako espekulazioa da, ekonomia kasino handi bat bilakatuz. 2008ko krisia ere horren ondorioa da.

Funtsean, demokraziaren pribatizazioa izan da azken urteetako joera. Kapitalismoaren fase honetan, hortaz, eskuinak interes horiek mantentzeko agenda jarri du mahai gainean, eta eskuin muturrak interes horren defentsa sutsua egin du, demokraziaren arauak zalantzan jarri ditu.

 

Arrazoi neoliberalaren efektuak

Arrazoi neoliberala faxismo europarraren itzalpean jaio zen. Sistema neoliberalaren oinarrian gizartearen eta eremu sozialen kritika eta erasoa zegoen. Friedrich Hayek ekonomialari neoliberalari jarraituz: “gizartea arriskutsua da, eta beraz, justiziak arrisku horren tamainako erantzuna eman behar du”. Margaret Thatcherrek ere hala esan zuen, “gizartea ez da existitzen”. Noski, gizarteak, komunitatearen araberako antolakuntzak, merkatuaren eta moralaren erlazio espontaneoa puskatzen du, eta hor dago ordena neoliberalak onartzen ez duena. Pentsalari eta politikari neoliberalen iritziz, hortaz, gizartearen antolakuntzaren oinarrian dagoen justizia sozialak askatasuna (liberala) erasotzen du. Beraz, gizartea, eskala gisa, ez da komeni. Baina esparru politikoa ere ez da libratzen. Pentsalari neoliberalak politikoaren esparruari oposatzen dira, adibidez, estatuaren eskuhartzeari: edozein ekintza politikok, arauk edo legek askatasun indibiduala kamusten dute. Merkatuak, aldiz, ahalbidetzen du lehentasun indibidualak hobestea. Javier Mileiren azken garaipena ikuspegi horren muturreko ahotsen garaipena da, tamalez.

Neoliberalismoa ez da sistema ekonomiko bat soilik; subjektuak, bizitzeko moduak eta balio soziala sortzeko arrazionalitate bat da. Ideologia zenaren ordez (errealitatearen alienazioa edo faltsukeria), arrazionalitate neoliberalak errealitatea ikusteko eta baliozkotzeko betaurrekoak produzitzen ditu: giza erlazioak eta esparruak ekonomizatzen ditu, eta justizian eta berdintasunean oinarritutako kontratu soziala desegiten du. Horren ordez, merkatuen bitartekaritzadun gizartea sorten du. Arrazionaltasun neoliberala leku guztietan dago: lantokietan, eskoletan, ospitaleetan, gimnasioetan, bidaietan, segurtasunean… eta giza erabakiak eta desirak zipriztintzen ditu.

 

«Neoliberalismoa ez da sistema ekonomiko bat soilik; subjektuak, bizitzeko moduak eta balio soziala sortzeko arrazionalitate bat da. Ideologia zenaren ordez (errealitatearen alienazioa edo faltsukeria), arrazionalitate neoliberalak errealitatea ikusteko eta baliozkotzeko betaurrekoak produzitzen ditu»

 

AEBetan, arrazionaltasun neoliberala zabaldu eta hedatu den heinean, bizitza politikoaren ustezko eskuhartzearen aurrean, askatasun liberala babesteko aldarria hedatu da azken urteetan; baita legedian eta diskurtso popularrean ere. Berdintasunaren, tolerantziaren eta inklusioaren kontrako ekintzak eta jarrerak oso zabalduak daude, eta askatasunaren izenean egiten dira.

 

Eskuin mutur berria, "transgresore" eta "errebelde"

Mugimendu emantzipatzaile askok 60ko eta 80ko hamarkadetan irabazitako eskubide materialek eta zentzu komunek eskuin muturraren erreakzioa ekarri zuten. Orduan hasi zen ereiten gaurko Le Pen, Orban, Trump, Meloni, Milei eta enparauen burutazio teoriko eta politikoak direnen humusa, ideia bat oinarrian: ezkerrak politikoki zuzenaren diktadura ezarri du, askatasuna bahitua dago eta mendebaldeko balioak (familia, «bizitza» eta nazio «etnikoak») galtzen ari dira.

Eskuin mutur berria ez da lehengo gorbatadun gizon triste hura. Transgresore eta errebelde maskararekin mozorrotzen da, eta espontaneoki matxista, supremazista kultural eta arrazista agertzen. Helburua? Emantzipazio berrien kontra erreakzionatzea, eskubideetan atzera egitea eta proiektu kontserbadorea sustatzea, elite ekonomiko eta politikoen mesedetan. Nola? Jendartearen begirada gora (eliteei begira) jarri beharrean, behera bideratzen du, azken aurrekoa azkenaren aurka jartzeko; ideia bat naturalizatu asmoz: herritarren arazoak ez dira sistema ekonomiko eta politiko baten –eta hori sostengatzen dutenen– ondorio, zure azpian dagoenaren errua baizik: zure miseriaren erruduna etorkina da (lana kentzen dizuna), queer mugimendua da (zure identitate sexuala ezabatzen dizuna), euskaldun nazionalista da (espainola izanda natural eta lasai aritzeko eskubidea urratzen dizuna), aberastasunaren banaketa justua proposatzen duen komunista da (nahi beste aberasteko eskubidea deuseztatzen dizuna).

Hori da eskuin muturraren garaipenaren gakoetako bat: narratiba. Ezkerraren diagnostikoa atzekoz aurrera jartzen du; zapalkuntza kulturalak pribilegiodun sistemak dira, eta globalizazio neoliberalak finantzatuta hegemonikoak bilakatu dira. Horren aurrean, eskuin erreakzionarioak hiltzen ari zaion mundua defendatzen du: nazioen «subiranotasuna» (migrazioak eta multikulturalismoak, ordezkapen handiaren estrategiarekin, birrindutako nazio ultraxenofobo etnikoa), familia «naturala» eta identitate sexuala (feminismoak eta LGTBI+ lobbyak erasotua), balio tradizionalak eta «bizitzaren kultura» (ezker «postmodernoak» birrindua), «askatasuna» (komunismoak hertsatua)… Finean, hiltzen ari zaion mundu zaharra, eraikitzen ari den mundu berriaren aurka.

Argazkia. Washington DCko Kapitolioan Trumpek sustatutako eskuin muturraren asaltoa. Tyler Merbler, CC BY 2.0

 

Eskuin muturraren muina "identitarioa" da

Enzo Traversok post-faxismo hitza proposatzen du, trantsizioan dagoen gaur egungo ultraeskuinaren fenomenoa izendatzeko. Faxismoa akotatua da historikoki, gerra garaiko Alemaniako, Italiako eta Espainiar Estatuko ereduak ditugu, nahiko antzekoak. Aldiz, post-faxismoa, edo bilakaeran dagoen faxismo edo eskuin mutur autoritario berria, oso heterogeneoa da. Beraz, bereizketa bat egin behar dugu: ez da berdina neofaxismoa, alegia, faxismo zaharraren gotorleku diren horiek, edo fenomeno berri hauek, postfaxismo direlakoak.

Mugimendu horien lehen helburua eskuin klasikoa irenstea da, eta arrakastarik ezean, haren agenda eskuin klasikoak hartzea. Lehenik, haren kontraesanak bultzatzea (PP derechita cobarde da), zatitzea, eta bere parteak hegemonizatzea. Horrela, neoliberalismo kosmopolitaren (Justin Trudeau, Hillary Clinton…) aurrean polo dominante bilakatzen dira. Mugimendu horien garaipena, hortaz, gizarte haserretu batekin konektatzean datza, lider outsiderrak, autentikoak, bultzatuz: Trump da horren lehenengo esponentea, Milei argentinarra azkena. Bigarrenik, ordena inpugnatzeko diskurtsoaren bidez egiten du, klase politikoaren kontrako diskurtsoa haizatuz. Hirugarrenik, segurtasun, identitate eta kohesio sozialaren desirei forma politikoa ematen die, behekoak behekoagoen kontra jarriz. Behekoak elitea balira bezala irudikatzen ditu: ordena ezkerreko lobbyak dira, LGTBIQ+ mugimendua, antiarrazismoa, independentismoa feminismoa, aldaketa klimatikoen mugimendua… Guzti horiek dira elite berriak, diruz hornituak, beren agenda soziala eta kulturala ezarri eta mendebaldeko kultura suntsitu asmoz.

Baina, hain zuzen, eskuin berri honen garaipena ez datza bakarrik izaera benetako eta inkonformistan. Alderantziz: azken urteetan gizartearen zentzu komunaren bila egon dira (lehen hori ukatzen zuten). 2008ko krisi ekonomikoak, dorre bikien erorketak eta errefuxiatuen krisi globalak hauspotu dute norabide aldaketa hori. Izan ere, aurreko gertakariek “bestearekiko” deskonfiantza eta segurtasun ekonomiko, identitario eta politiko eza areagotu dute. Eta horretarako, zentzu komun hori borrokatzeko, eskuin mutur honek ez du zalantza egin: ezkerraren errebindikazio, hiztegi, mito ala erreferentzia historikoak aldarrikatu ditu. Hori da, adibidez, Italiako Giorgia Meloniren eta Frantziako Marine Le Penen mugimenduen kasua.

 

«Eskuin mutur berria ez da lehengo gorbatadun gizon triste hura. Transgresore eta errebelde maskararekin mozorrotzen da, eta espontaneoki matxista, supremazista kultural eta arrazista agertzen»

 

Askotan esaten da eta, ezkerrak galtzen duela jendartearen behar materialak asetzen ez dituelako. Irakurketa kamutsa da. Izan ere, eskuin muturra heterogeneoa bada ere, oinarrian hainbat gauzetan bat egiten dute: immigrazioaren kontrako agenda, feminismoaren eta LGTBIQ+ mugimenduaren kontrakoa, krisi klimatikoaren kontrakoa, nazionalismo eta identitarismo baztertzailea, askatasuna ultraliberalaren defentsa eta estatuaren eskuhartzerik eza… Alegia, funtsean, gizakiari munduan egoteko betaurreko batzuk ematen dizkio, ez agenda sozial eta ekonomiko bat. Beraz, eskuin muturraren estrategia diskurtsiboa da min materialei erantzun identitarioak ematea.

Estrategia diskurtsibo horretan, eskuin muturrak sare sozialen erabilpen kalkulatua egiten du. Nayib Bukele El Salvadoreko presidenteak 5.7 miloi jarraitzaile ditu X (Twitter ohia) sare sozialean eta Javier Mileik izugarrizko arrakasta izan du hauteskunde aurreko kanpainan, mezu fribolo, hutsal eta probokatzaileak jaurtiz etengabe (diktadurako 30.000 desagertuak daudenik ukatuz, esaterako). Ez da erokeria, estrategia komunikatiboa baizik.

Estrategia diskurtsibo horren muinean, beraz, identitate galera bati erantzuten dion mundu ikuskera oso bat proposatzen du eskuin berriak. Zentzu horretan, Donald Trump kontakizunaren maisua izan da. Funtsean, Trumpek ez zuen soilik klase erresumina mobilizatu, baita gizon zurien herra ere (soziala, ekonomikoa, kulturala eta politikoa), neoliberalismo eta globalizazio hamarkaden testuinguruan ohorezko lekua galtzeagatik.

 

Askatasun autoritarioaren defentsa

Kontakizun horretan askatasunaren kontzeptua da giltzarria, eta haren adiera polisemikoa aztertu behar da, hor daudelako gako nagusiak. Zein da arrazoi neoliberalaren askatasunaren formulazio espezifikoa?

 

  • • Askatasunaren lehen adiera: norberarekin berradiskidetzea, konplexuak kentzea: feminismoaren aurrean, erruak eta konplexuak astindu, esan eta izan nahi duzuna.
  •  
  • • Askatasuna subiranotasuna da, berdintasunaren kontrakoa. “Askatasunaren gainetik berdintasuna lehenesten duen gizarteak, ez ditu ez bata ez bestea lortuko”, Milton Friedmanen esaldia da. Askatasuna, beraz, indartsuenaren eta indibiduoaren askatasuna da, gizarteari eta berdintasunari kontrajarria.
  •  
  • • Askatasuna konplexutasunaren kontrakoa da; bizitza sinplea, gertukoa. Pandemia baten erdian zerbeza bat plaza batean hartzea: bizitza sinplea.
  •  
  • • Askatasuna segurtasuna da. Frantziar Estatuan Marine Le Penek emakumeen askatasuna aldarrikatu du, batez ere, komunitarismo musulmanaren aurrean. Askatasunaren ikuspegi sekuritarioa, hortaz, nazioaren ikuspegi pribatu bati lotua.
  •  
  • • Askatasuna independentzia nazionala da: Brexit kanpaina, Make America Great Again trumpista.

 

Azken horretan askatasuna ultranazionalismo chauvinista baten aldarri bilakatzen da. Espainiar estatuaren kasuan, askatasunaren adiera nazio ikuspegi pribatuari eta segurtasunari lotua dago. Segurtasuna etxe okupatzaileak gure etxeetan sartu ez daitezen da, jabetza pribatuaren sakratutasuna da. Desokupa mugimendua, esaterako, askatasunaren espazio intimo horren defentsa da, etxea nazioaren sinonimo bilakatuta. Etxearen defentsa jabetza pribatuaren eta Espainiar nazioaren defentsa da. Beraz, Espainiar nazioa pribatua da, eta mugimendu horien funtsa da nazio horren pribatutasunaren defentsa. Azpimarragarria da azken urteetan Desokupak bezalako mugimenduek erabiltzen dutela Mussolinik boterera heldu aurretik erabili zuen taktika berbera: eskuadrak kalera atera, ezkerreko sektoreen kontra egiteko (sindikalisten eta sozialisten kontra altxatu ziren Mussoliniren eskuadrak, Giacomo Matteoti hil zuten, eta beste berrehun hildako inguru eragin zituzten).

Askatasunaren adiera horren bermetzat mugimendua bera aurkezten da, interes indibidualen gainetik, egoismoaren gainetik, interes orokorraren berme bakar. Zein da askatasunaren defentsaren gakoa? Askatasunaren diskurtsoak zera iradokitzen du: gizakia kontrolatua dago, ez da askea, kanpo aginteetatik liberatu behar da. Nork azpiratzen du? Globalismoak, libertinajeak eta lizunkeriak (LGTBIQ+ eta mugimendu feministak), elite zientifikoak… Kontrolatzen ez dugun mundu baten esklabu bilakatu gara; eta bestetik, mundu totalitario batean bizi gara; zer esan, nola jantzi, nola pentsatu eta sentitu, maitatu… esaten digute. Hori dena, politikoki zuzenaren diktadura da, eta horri aurrean, askatasuna aldarrikatzen dute mugimendu erreakzionarioek.

 

Argazkia. Javier Milei Argentinako presidentea. President.am Creative Commons Attribution-Share Alike 3.0 Unported

 

Eskuin muturraren hedapena

Eskuin muturreko taldeen garapen azkarra oso nabarmena izaten ari da: Europako eskuin mutur berriak, arrakastatsuak, neofaxismotik urrunduz (formetan, bederen), muturreko zentroa bereganatu nahi du.

Zer da eta zer funtzio dauka muturreko zentroak? Lehenik eta behin, demokraziaren kontzeptua hustu egiten du alternatiba errealez. Bigarrenik, jendartearen zentzu komunean iltzatuta dauden eta joera autoritariokoak diren hainbat pultsio despolitizatzen eta naturalizatzen ditu. Influencer erreakzionario askoren iritzia aurreko balioetan ardazten da: ez dira inorekin identifikatzen (alderdi klasikoez nazkatuta daude), baina ados daude batzuen programa sozialeko puntu batzuekin, besteen migrazioaren trataerarekin, eta abar. Muturreko zentroaren eskurapen gakoa da, eta izugarrizko humus sozial eta kultural indartsua dauka eskuin muturrak agenda erreakzionarioa artikulatzeko.

Azken urteetan Suedian, Hungarian, Italian, Frantzian eta abarretan egindako hauteskundeek agerian utzi dute indar politiko horien gorakada erroturiko fenomenoa dela, zerbait puntuala baino. Emaitza garrantzitsuak lortu badituzte ere, (% 18tik % 45era bitarteko portzentajeak Frantses Estatuan, Ingalaterran, Suedian…) zenbaki hutsetatik harago doan fenomenoa dela baiezta daiteke. Batetik, gizarteko sektore estrategikoetan botere posizioak lortu dituztelako. Bestetik, beren tesiek berezko hautesle taldea gainditu dutelako eta eskuin klasikoaren eta ezker liberalaren mezuetan eragina izan dutelako. Azkenik, eskuin muturraren espazio politikoa kontinente osoan hedatu delako gaur egun.

 

«Akatsa da pentsatzea eskuin berri hau iraganeko gertaeren aztarna nostalgikoa dela. Boterea eskuratzeko asmoz, eta funtsean, estatu autoritarioa eta ez-demokratikoa ezarri ahal izateko, demokrazia parlamentarioa onartzen duen (ez beti) ultra eskuin heterogeneo berri baten aurrean gaude»

 

Europako eskuin muturraren berrantolaketa baten aurrean gaude, zalantzarik gabe. Eskuin muturraren indarren aniztasuna nabaria da: Polonia eta Hungariako erregimenak, RN Frantzian eta Giorgia Meloni Italian, Vox Espainiar estatuan, Geert Wilders (PVV) Holandan, AfD Alemanian, Austriako FPO Europan.

Eta mundu mailan, Jair Bolsonaroren zikloa Brasilen, Recep Tayiip Erdogan Turkian, Netanyahuren gobernua Israelen… Badago, horrez gain, ordea, eskuin erradikal bat, praktika ekonomiko eta politiko oso antzekoa dutena, esponente nagusiak Emmanuel Macron Frantziar estatuan eta Rishi Sunak Britania Handian direlarik. Halaxe zioen 2022an The Telegraphen argitaratutako I will be the heir to Margaret Tatcher (Margaret Tatcherren oinordekoa izango naiz) artikuluan: “Nire balioak Tatcheriarrak dira. Lan gogorrean, familian eta integraltasunean sinesten dut. Tatcheriarra izanda gobernatuko dut”.

 

Aurrera begirako korapiloak

Eskuin muturraren fenomenoa oso anitza eta oso dinamikoa da, beraz. Fenomeno aldakor hau krisi testuinguru nabarmenean garatu da, eta ekoizpenaren eta bizitzaren erreprodukzio moduen eraldaketaren testuinguruan gertatzen ari da. Egia da eskuin muturreko indarrek krisia baliatzen jakin izan dutela, baina krisiak ez ditu fenomeno honen erpin guztiak azaltzen. Izan ere, hainbat herrialdetan (Suitzan, Austrian, herrialde nordikoetan…) krisiak ez du hainbeste kolpatu eta eskuin muturraren presentzia % 20tik gorakoa da hala eta guztiz ere.

Akatsa da pentsatzea eskuin berri hau iraganeko gertaeren aztarna nostalgikoa dela. Boterea eskuratzeko asmoz, eta funtsean, estatu autoritarioa eta ez-demokratikoa ezarri ahal izateko, demokrazia parlamentarioa onartzen duen (ez beti) ultra eskuin heterogeneo berri baten aurrean gaude. Aliantzak egiteko gai dira, gobernu koalizioak osatuz eta sostengu puntualak eskainiz, batez ere praktika sekuritarioak eta pribatizatzaileak bermatzeko laguntzak emanez. Kapital transnazionalaren eta botere politiko erreakzionarioaren arteko fusioa gertatzen ari da. Demokraziaren eta elkartasunaren kontrako jarrerak nagusitzen ari dira: faxismoa ez, baina bai kultura autoritarioa. Horrez gain, ordenarako dei autoritarioak areagotzen ari dira.

 

«Eskuin muturraren estrategia diskurtsiboa da min materialei erantzun identitarioak ematea»

 

Azken urteetan neoliberalismoaren aurpegi muturrekoaren eta protofaxismoaren edo autoritarismoaren eta tradizionalismoaren arteko nahasketa bat gertatzen ari da. Eta horrekin, ezkerraren eta eskuinaren arteko polarizazioa handitzen ari da. Polarizazio horren aurrean badirudi hiru irteera nagusi konfiguratzen ari direla: erreformismo globala (eliteen “sozialdemokrazia”), ezkerreko alternatiba (sozialista, independentista, subiranista, feminista, ekologista…) eta XXI. mendeko ultra eskuina. Norantz goaz? Nola egin aurre halako egoera bati?

Oraingoz, ikusten dugu prozesu emantzipatzaileak (mugimendu feminista indartsuak, prozesu subiranistak, sindikatuen mobilizazioak, ehundura sozial aktiboa…) dauden lekuetan eskuinak zailagoa duela indartzea. Baina horrek ezin gaitu eraman inongo irakurketa triunfalistarik egitera. Horren aurrean, batetik, emantzipazio borroka desberdinak artikulatzeko eta espazio guztietan boterea lehiatzeko aurrerapausoa eman behar da, dinamika des-demokratizatzaileei dinamika herritar eta demokratikoak kontrajarri behar zaizkie. Bigarrenik, epe luzeko zentzu komunak lehiatu behar ditugu, arerioa ondo identifikatu behar da; eztabaida txikietan katramilatu gabe, gaur bertan hasita.