Argazkia. Nicolas Moray. Lucky Strike tabako konpainiaren publizitatea, 1936an.
Historia ezaguna da. XX. mende aurretik emakumeek erretzea ekintza inmoraltzat zuten, ez zen duina. 1908an New Yorken ordenantza bat jarri zuten emakumeek publikoki erretzea galarazteko. Lehen Mundu Gerraren ondoren, ordea, emakumeek gizonek utzitako lantokiak hartzean, erretzen ere hasi ziren, oraindik tabua kontsideratzen zen arren. 20ko hamarkadan American Tobacco Companyren burua zen George Washington Hillek emakumeek erretzeak ekarriko zuen merkatu potentzialaz jabetuta, Edward Bernays kontratatu zuen, propagandaren eta erlazio publikoen sortzaileetako bat. Helburua zen merkatuaren erdia osatzen zuen eremu potentzial hori eskuratzea.
1929an emakume batzuk kontratatu eta New Yorken Pazko Igandean “askatasunaren lastargiak” erretzen jarri zituen; ordura arte beren etxeetan erretzera ohituak zeuden. Prentsak halaxe deitu zion ekintza horri, “hau askatasunaren lastargia da”. Horrela, zigarroa boterearekin lotu zen, sinbolo nazionala zen Askatasunaren Estatuaren lastargiari erreferentzia eginda. Zigarretak emantzipazio eta berdintasun sinbolo bilakatu ziren.
Bernaysen garaipena izan zen kontsumismoa emakume langileen artean sartzea. Horretarako, erretze beharrari baino, desirari begiratu zion; erretzea desiragarri bilakatu zuen, sinbolo nazionala eta askatasunaren balioa batuz, emakumeen askapena zigarroa erretzearekin lotuz. Istorio sinplea, balioen (askatasuna) eta metafora nazional indartsuaren (Askatasunaren Estatuaren lastargia) arteko storytelling efektiboa.
«Erretzea desiragarri bilakatu zuen, sinbolo nazionala eta askatasunaren balioa batuz, emakumeen askapena zigarroa erretzearekin lotuz»
Argazkia. Bill Clinton, AEBko presidentea. Argazkia: CC BY 2.0
AEBtako gizon presidenteak: heroi salbatzailearen istorioa
Ez da kasualitatea storytelling politikoaren jatorria AEBetako politikagintza izatea. Eta ez da kasualitatea komunikatzaile horiek guztiak gizonezkoak izatea. Komunikatzaile handiaren fama zeukan Ronald Reagan izan da, ziur aski, storytelling modernoa politikan efikaziaz txertatu duen lehen politikari handia. Oso ezagunak izan ziren bere kanpaina spotak, It’s morning again in America, batez ere. Bertan, galdutako balioak berreskuratzeko deia egiten zuen Reaganek, eta noski, berak pertsonifikatzen zituen balio horiek.
Bill Clinton da storytelling modernoaren adibide garbia, The man from Hope bideo famatuan, adibidez. Bere burua bere jatorriari oso lotua irudikatzen du, eta nazioaren etorkizunari ekarriko diona argi adierazten. Nabarmentzekoak dira bertan erabili zuen hizkuntza zinematografikoa eta bideoaren tratamendu teknikoak, baita erabilitako hitzak, keinuak, eta bideoak zeukan aura mistikoa ere.
Ildo beretik aurkez dezakegu 2004ko hauteskundeetan George Bushek aurkeztutako The Ashley’s Story bideoa. Bertan, George Bush hurbila, humanoa, aurkezten da, 2001ko Dorre Bikien kontrako atentatuen ondoren terrorismoaren mehatxuari bukaera eman diezaiokeen gizona balitz bezala. “Nire emaztea, Wendy, 2001an erail zuten terroristek…”. Horrela hasten zen. Off ahotsarekin, narratzaileak, Wendy Ashley eta George Bush lotzen ditu: “gure presidenteak Ashley inguratu, besoekin besarkatu eta bihotzaren kontra estutu zuen, bere begiak malkotan urtu zirelarik”. Ashleyren ondorengo esaldia hau zen: “munduko gizonik boteretsuena izan arren ondo nagoela bermatu nahi izan du”. Kanpainako azken hiru asteetan telebistan izugarrizko difusioa izan zuen spotak: 2 miloi orri banatu ziren, web orri bat sortu zen, eta miloika telefono dei automatiko egin ziren. Kanpainak 6.5 miloi dolar kostatu zituen. Kontakizun horrek, funtsean, Bush erakusten zuen pertsonak laguntzen zituen izaki dibinoa balitz bezala. Kontakizun handia zen, sentimenduak erdigunean jartzen zituen, historia pertsonala zen, gai garrantzitsu bat erakusten zuen eta jendeak uler zezakeen testuinguru batean kokatzen zuen. Storytellingaren adar guztiak menderatzen zituen, hortaz.
Azken adibidea: Barack Obamaren A More Perfect Union diskurtsoa, 2008an egina. Wright erreberendo beltzaren diskurtsoak sortutako krisiari erantzunez (Wrightek irailaren 11ko atentatuen eta HIESaren jatorriaren erantzule egiten zuen AEBetako gobernua), Obamak nazioaren ezaugarri potentzialak aldarrikatu zituen, irudi gertuko, alaitsu eta energiko bat erakutsiz. Marka pertsonal horrekin jarraitu zuen, bere bizitzako detaile pertsonalak eta humore puntuek oso gertuko sentiarazten zuten.
Argazkia. Terrorismoaren biktimen memoriala, Gasteizen
Barbaroak eta zibilizatuak, sinpletasunaren eta fikzioaren garrantzia
Gaizto bat, oso gaiztoa, barbaroa, gaizkilea; eta zibilizatua, barbaroa deuseztatu behar duena, zibilizazio eder eta goren bat ezarri ahal izateko. Ipuin zaharra da, agian zaharrena, baina oraindik ere politikagintzan erabiliena ere bada. Hori izan da Mendebaldeko indar hegemonikoek (AEB buru) erabili duten istorioa munduko lehengaiak eskuratzeko eta gerra modernoak justifikatzeko: barbaroen existentzia Mendebaldeko zibilizazioarentzako arrisku bat da. Israelgo estatuak gidatzen duen sionismoaren ipuina horixe da gaur egun: palestinar eta arabiar “barbaroak” arrisku bat dira Ekialde Hurbilean Mendebaldeko zibilizazioa ordezkatzen duen Israelgo estatuarentzako. Genozidioaren, garbiketa etnikoen, gerren sarraskiak justifikatzeko, barbaroaren eraikuntza. Burua moztutako umeen fake newsak istorio hori indartzeari erantzuten zion, hain zuzen. Izan ere, zer da, ba, umeak hiltzea baino okerragoa, ez bada burua moztea? Hori barbaro bihozgabeek baino ezin dute egin…
Barbaroak eta zibilizatuak, beraz, sarraskiak eta zapalkuntzak justifikatzeko istorio handienetako bat izan da historian zehar. Espainiar estatuak Euskal Herrian mendeetan egindakoak justifikatzeko storytellinga horixe izan da, funtsean. ZEN plana izan zen storytelling hori sozializatzeko azken mekanismo modernoa. Azken finean, “terrorismoaren” kontrako borroka eta euskal tradizioen defentsa bateraezinak zirela erakustea zen asmoa. Horretarako, testuak behin eta berriz azpimarratzen du Euskal Herriaren idiosinkrasia “berezia”, kultura eta tradizioak, ez direla bateragarriak “terrorista gaiztoarekin”. Euskaldun ona eta errebelde independentista kontrajartzen ditu, euskalduna Espainiarekin kontraesanik gabe bizi den on puska (bonachón, sic) eta langilea dela azpimarratuz.
«Barbaroak eta zibilizatuak, beraz, sarraskiak eta zapalkuntzak justifikatzeko istorio handienetako bat izan da historian zehar»
Garaituak eta garaileak, barbaroak eta zibilizatuak, gaiztoak eta onak dituen umeentzako ipuin klasikoa baino ez da. Iraganaren storytelling edo errelatoaren bataila horretan, Patriaren fenomenoak jarri du azken harria; ETAri buruzko lehen fikzio mainstreama izan da. Txarrak oso txarrak dira, ez dago testuinguru politikorik, baina euskaldun subalternoaren inguruko topiko guztiak oso ondo adierazten dira: ETAkide astakilo eta burukirtena, maketo espainolista, etxeko ama indartsuak (euskal matriarkatu mitikoa…), euskal terrorismoaren erruz elkar gorrotatzera iritsiak. Dena den, nobela manikeo horren arrakastaren gakoa istorio formatuan kontatzean datza, fikzio baten forman: istorio pertsonalak, naturaltasunez hitz egiten duen jendea, heroiak eta gaiztoak, istorio oso sinplea… Lotsatzerainoko manikeismoa izan arren, ulertzeko erraza den istorioa sortu du Fernando Aramburu idazleak; nazionalismo espainolak ondo baino hobeto baliatu du bere kontakizuna indartzeko.
Argazkia. Unsplash / Barbie panpina. Argazkia: Sandra Gabriel.
Barbieren rebrandinga, patriarkatuaren produktu kulturaletik berdintasunaren ikurrera
Uda honetan zinemetan ikusi dugu Greta Gerwigen Barbie pelikula, eta hautsak harrotu ditu leku guztietan. Ikusle batzuentzat iraultzailea izan da, batzuentzat hutsala, eta beste batzuentzat erradikalegia, propaganda hutsa. Ikusi ditugu, filmaren harira, “Zergatik da Barbie behar genuen film feminista?” eta antzeko titularrak, baina baita “Barbie filmak huts egin du LGTB+ inklusibitatea bermatzerako orduan” bezalakoak ere. Ikusle batzuek negar egin dute, ia guztiek egin dute barre. Zinemaren mundua astindu du, baina, batez ere, ikusleak astindu ditu.
2023ko filmak orain arteko produktu denek baino sinesgarritasun handiagoa izan du. Greta Gerwig entzutetsua izan da zuzendaria, zinemagintza independentean aritua, ezaguna bere emakumezko pertsonaien errebeldiagatik, gordintasunagatik eta sentsibilitateagatik. Dena den, patriarkatuaren eraiste erabat kontrolatua aurkezten du pelikulak, mezu nahikoa naifa bidaliz: emakumeek, funtsean, bi arazo dituzte, ez dira denen gustukoak eta haien bizitzak ez dira perfektuak. Adriana Torresek esaten duen bezala (Desprogramar a Barbie para domesticar el feminismo, ctxt), hauxe da istorioaren ikasbidea: emakumeek zelulitisa eta zimurrak izan ditzakete, eta horretaz barre egin gizonekin. Kito, horra arte.
Film berri honek gauza batean lagundu dio Mattel jostailu enpresari: Barbieren izena garbitzea lortu dute. Panpinaren iruditeria sinboliko historikoaren rebranding osoa egitea lortu dute. Historikoki, Barbie emakumea gaztea, estilizatua eta erakargarria izan da, bere itxurari eta janzkerari garrantzia ia erabatekoa eman izan dio. Feminismoaren azken olatuak eta AEBetan #MeTooren erreboltak ekarritako haize berriak direla medio, Mattel aspalditik ibili da rebrandinga buruan, eta filma izan da puzzleko azken pieza. Panpinarengandik urrunen sentitzen ziren gizarteko taldeak berriz ere maitemindu dira Barbierekin. Enpatizatu egin dute berarekin, errukia sentitu dute. Barbiek onartzen dituztela sentitu dute, aspaldiko partez, pelikulan inklusibitateari tarte askorik egiten ez zaion arren.
«Filmak patriarkatua dominazio sistema gisa aurkezteko izan duen gaitasuna izan du. Bi ordu baino gutxiagoan, Barbieren istorioak patriarkatuaren markoan kokatu ditu miloika herritar»
Emakume izateko modu berri batzuetara irekiz, Hollywoodeko istorio batek XX. mendeko patriarkatuaren produktu kultural ezagunetako bat XXI. mendeko feminismoaren ikur izatea ez, baina haren korrontepean jartzea lortu du, beraz. Pentsaera mainstreamean eztabaidagai izan liteke Barbie feminismoaren ikur bilakatu den ala ez. Ukaezina da, ordea; filmak patriarkatua dominazio sistema gisa aurkezteko izan duen gaitasuna izan du. Bi ordu baino gutxiagoan, Barbieren istorioak patriarkatuaren markoan kokatu ditu miloika herritar. Barbie ikusi ostean honakoa da ondorioa: “Bai, bada dominazio sistema bat gizonezkoak (gizonezko izate hutsagatik, ez besterik) emakumeen gainetik jartzen dituena. Nik ere bizi dut.” Sarritan, ezkerreko diskurtsoetan lurreratzeko hain zailak egiten diren kontzeptuak erabiliz, herritarrak urruntzen ditugu bistarazi nahi dugun horretatik. Film honen bitartez, urteetan borroka feministak izan dituen zenbait aldarri eta interpelazio modu ulerterrazean agertzen dira: gizonen arrakasta vs emakumezkoena, lan munduan egoten diren desorekak, emakumeen gorputzaren sexualizazioa, politikan emakumezkoek duten presentzia... Patriarkatuaren hamaika aurpegietako batzuk modu oso argian irensten ditu ikusleak.
Sarritan helarazi nahi dugun hori begiz ikusi behar dugu, azalean sentitu, gerora hitz potoloz arrazoitzeko
Argazkia. Javier Milei, Argentinako presidentea. Argazkia: CC BY 3.0
Donald Trump eta Javier Milei, antiheroi histrionikoaren mitoa
2015ean Bosgarren Etorbideko bere dorretik Donald Trumpek AEBetako presidentetzarako kandidatura aurkeztu zuen. Lehen interbentzio horretan argi utzi zituen bere kritikaren jomugak: lehen pertsonan, dekadentzia ekonomikoan murgildua zen herri baten aurrean enpresari lider gizon gisa aurkeztu zen. Ronald Reaganen lehen slogana baliatuz (Let’s make America Great Again), hildako amets amerikarra berreskuratzera dei egin zuen, kolpatutako klase ertain aspirazional txuri eta oso amerikarrari dei eginez. Komunikabideak eta demokratak barrez lehertu ziren.
Hillary Clintonek demokratek egindakoak balioan jartzen zituen, ongizate estatuan eta berdintasunean emandako pausuak, hain zuzen. Trumpen storylinea argia zen: egin dezagun AEB handia berriro. Bernie Sandersen kontakizunak oinarri bera zeukan; kandidatu demokratak kontratu sozial berria proposatzen zuen, elkartasun sozialean eta gutxiengoen integrazio nazionalean oinarrituta. Trumpek, ordea, erruaren eta gorrotoaren balioekin ordezten zituen.
Zein zen istorioaren oinarria? Herri ahaztu bat (the forgotten), zapaldua, immigrazioak eta gutxiengoen politikek zapaldua, stablishment politikoak eta ezkerreko lobbyek lagunduta. Trumpek ordena zaharra berrezarri nahi zuen, galdutako handitasuna, segurtasunez bizi zen gizarte batera itzuli nahi zuen, ordena zegoen gizarte batera. Ahaztuen kontzeptuak, kasu honetan, adierazle huts bat da, husten den partikularra da, hori eginez unibertsalizatzen dena, guztion partikular bilakatuz. Horrela, klase sozial desberdinak zeharkatzen ditu, eskuin-ezker: sindikalistak eta langileak, bai eta katolikoak eta American Dreamaren nostalgikoak ere. Identifikazioa da, hortaz, Trumpek bilatzen duena: herriko gizon bat da bera, bere gaitasun pertsonalengatik aberats izatera iritsi dena. Amerikar ametsaren errealizazioa, finean. Lider mesianiko bat, garaile bat, eszentrikoa, antiheroia izan daitekeena, baina garailea. Garaileen garaira itzuli nahi duena.
«Javier Mileik kanpainan maisuki egin duena: tempoa, sareak, istorio bat eta framinga maisuki konbinatu (...) Pobrezia eta segurtasun faltaren aurrean, sumina eta haserrea kanalizatu zituen, zerbait desberdina proposatu zuen, askatasunaren izenean.»
Nola enmarkatu halako pertsonaia eta narratiba bat, testuinguru nazional eta internazional berezi batean? 2016ko migrazio krisiak, terrorismo yihadistak eta eskuin muturraren igoerak Trumpen pertsonaia eta istorioa bera goratzen lagundu baino ez zuten egin, Trumpek ikasi baitzuen hori modu burutsuan erabiltzen. Ezin ahaztu, horrez gain, sare sozialak erabiltzeko modua eta haren jarraitzaileek egindako hedapena. Trumpek Twitter mezuen produkziorako kanal gisa erabili zuen, naturaltasunez, umorea, histrionismoa eta emozioak etengabe erabiliz. Polemika bilatuz, kalitatea baino aniztasuna bilatzen zuen, eta erritmoa markatzen asmatzen zuen behin eta berriz. Izan ere, Hillary Clintonen mezu gehienak Trumpen mezuei erantzunak izaten ziren. Storytellingaren tempoa markatzeko gaitasuna erakutsi zuen magnate estatubatuarrak.
Azken hori izan da, hain zuzen ere, Javier Mileik kanpainan maisuki egin duena: tempoa, sareak, istorio bat eta framinga maisuki konbinatu. Sare sozialetan histrionismoa eta naturaltasuna mezuaren zuzentasunaren gainetik jarriz, aurkari politikoak berari buruz etengabe hizketan jarriz lortu du. Politika tradizionalari eta kasta politikoari kritika egin zion (kirschnerismoari zuzendua), emozio primitibo baten bidez: sumina, lehoiaren figuran enkarnatua. Pobrezia eta segurtasun faltaren aurrean, sumina eta haserrea kanalizatu zituen, zerbait desberdina proposatu zuen, askatasunaren izenean.