Errelatoa, orainaldiak elikatzen duen informazioaz osatzen den/dugun aukera edo begirada baten emaitza da. Izan ere, emakumeok historiaren gertakarien egileak izanik ere, ez dugu gehienetan errelatoan tokirik izan. Historiografia feministak, maila honetan, ohiko historian isildurik eta ezkutaturik dagoen emakumeen agentzia berreskuratzen duten marko metodologiko berriak ahalbideratu ditu.
«Zer gara errelato kolektiborik gabe? Zer da isildua, ahaztua izan den existentzia bat?»
Ondorengo lerroetan, Michelle Perrotek aipatzen zuen historiaren bigarren esanahiari jarraiki, Parisko Komunan emakumeek izan zuten tokiari eta agentziari begiratuko diegu, euren antolakuntza ausarta eta aldarrikapenak feminismoaren legatua direlakoan. XIX. mendeko bigarren partean, Parisen bizi zen eraldaketa giroa 1871ko Komunaren aurrekari izan zen.
Erakusketa unibertsalak, II. Inperioaren gainbeherak, askatasunen irekierak eta ondorengo errepresio zabalak, Industrializazioaren indarrak eta ekoizpen metodoen aldaketek Paris eraldatu zuten. Merkatu, ekonomia eta arte gune nagusi bilakatu zen hiriak populazioaren mugimenduak erakartzen zituen eta 1851tik aurrera landa eremutik desplazatzen ziren emakumeak.
«Horietariko askorentzat “Argien Hiria” askapen espazioa izan zen, baina era berean ezberdintasunen espazioa ere.»
Paris, klase ahalmentsuentzat pentsatua eta diseinatua zegoen, eta ondorioz segregazio soziala nabarmena zen. Langileen lana eta bizi baldintzak miserableak ziren eta hauentzako patua hiritik at zeunden auzoak. Montmartre, Belleville, La Villete... Auzo horietan aurreko iraultzek utzitako ametsek, langileen bilerek, Pariseko Iparraldeko klub politikoek eta Lehen Internazionalaren presentziak giza komuna sortzeko gogoa eta eraldaketaren ideia bideratu zituzten.
Hala, 1871ko martxoaren 18a batbateko matxinada baten hasiera isolatua baino, zizelkatzen ari zen errepublika sozialaren hasiera izan zen. Kristin Rossek diosku estatuaren denboralitatea eten egin zela eta tokian tokiko dimentsioa nagusitu zela. Esperientzia iraultzaile honek oinarri demokratikoa, laikoa eta soziala ezarri zituen eta langile-klasea estatuaren forma burokratikoak ez ziren forma askatzaileak bilatzera bultzatu zuen. Forma askatzaile horietan emakumeen egiletza eta ausardia nabarmena izan zen.
«Lanaren antolakuntza emantzipaziorako bidea»
Barrikadetan, ospitaletan, kooperatibetan, bilera publikoetan, anbulantzietan zein eskoletan Parisko komunan emakumeen konpromiso eta parte hartzea askotarikoa izan zen. Askotarikoa izan zen bezala euren jatorri soziala (langileak, idazleak, irakasleak) nahiz politikoa (anarkistak, sozialistak, internazionalistak).
Baina diferentzia horietaz gain, emakume hauen arteko lankidetzak orduko gizartea definitzen zuten segregazioa eraisteko lagungarria izatearekin batera, lan antolakuntza emanzipatzaileari bidea zabadu zion.
Emakumeen bi erakundek paper garrantzitsu bat jokatu zuten Komuna garaian: Louise Michel maisu anarkista buru zuen Montmartreko Zaintza Batzordeak, Pariseko defentsan eta emakumeen formakuntza politikoan zentraturik.
«Emakumeen erakunde honen programa iraultzailea izan zen: Kapitala eta zapalkuntza forma guztiak indargabetzean helburu jarri zuen.»
Eta apirilaren 11an, Lehen Internazionaleko partaidea zen Elisabeth Dmitriefek eta Nathalie LeMele sindikalistak Parisko defentsarako eta zaurituen zaintzarako emakumeen Batasuna sortu zuten.
Batasuna Komunako erakundeen artean handiena eta eraginkorrena izan zen. 300 emakumek osatzen zuten eta Parisko barruti guztietan zituen batzordeak. Bere zeregin nagusiak atelier kooperatiboak birrantolatzea, bitartekorik gabeko lana kudeatzea eta emakumeen lana antolatzearekin batera, borrokaegoerei erantzutea eta bertan parte hartzea izan zen.
Horrela zioen bere testuetan: “lana nahi dugu lanaren produktua gu geuk kudeatzeko. Ez dugu zapaltzailerik nahi ezta jaberik ere!!” edo “sexuen arteko ezberdintasun eta antagonismo oro agintarien klaseen botere oinarri dira” (1871ko apirilaren 11ko Aldizkari Ofizialean).
Lanaren kudeaketa eta antolakuntzaren ondorioz, emakume langile askok autonomia materiala lortu zuten eta euren bizitza aurrera eraman ahal izan zuten. Izan ere, autonomia materiala, emakumeek bozka eskubiderik eta hiritartasun estatusaren aitortzarik ez zuten garaian, hiritartasun alternatibo bat definitzeko zutoina izan zen.
1963an, Edith Thomas kazetariaren “Les petroleuses “ lanak argi erakutsi zuen Parisko Komunan lanaren eskubideak emakumeentzako izan zuen garrantzia eta era berean, gaiak, Lehen Internazionalaren barruan, Parisen bereziki sortu zuen haustura lerroa. Izan ere, Proudhoniar korrenteak oso jarrera sexistak mantentzen zituen eta emakumeen lanaren kontra fermuki agertzen zen.
«Emakumeen Batasunak soldata-berdintasuna eskatu zuen bai eta autogestionatutako lantegiak antolatzea, helduentzako gaueko klaseak bideratzea, haurtzaindegiak, prostituzioa indargabetzea edota ugalketa bitartekoak.»
Aldarrikapen hauek Parisko Komunak gauzaturiko lorpen ideologiko eta zibikoetan nolabaiteko isla izan zuten: familia tradizionalaren egituran aldaketak suposatu zituen. Adibidez konkubinatua onartu zen eta hildako guardia nazionalen bikoteei (ezkondua edo ez) pentsioa onartu zitzaien.
Irakasleen arteko soldata berdintasuna gauzatu zen, neskatoen eskoletako irakaskuntza antolatu eta zaintzeko urratsak eman ziren. Prostituzioa abolitu zen.
Kristin Rossek eta Carolyn J. Eichnerrek azaltzen duten bezala, Parisko Komunako emakumeek estatu modernoaren marko politikotik harago joateko praktika politikoa erakutsi zuten.
Louise Michel, Paul Minck, Elisabeth Dmitrieff, André Leo, Maria Deraismes, Nathalie Lémel eta beste asko ez ziren estatuaren onarpena edota babesa bilatzen ari; bozka ez zen bere lehentasuna izan, bai ordea ezkontza instituzioan, lan eskubideetan, neskentzako hezkuntzan eta antiklerikalismoan urratsak ematea.
Esperientzia iraultzaile honen denbora mugatuak, alta, aldarrikapen batzuetara hurbiltzeko aukera soilik eman zuen eta beste batzuen egingarritasunaz hipotesiak eta zalantzak zabalik geratu ziren.
«Parisko Komuna 1871ko maiatzaren 28an bukatu zen aste odoltsuaren ostean. 20.000 exekuzio, 40.000 preso.»
Emakumeak errepresioaren jomuga izan ziren, fusilatuak, Suitzara exiliatuak, espetxeratuak edota Louise Michel eta Nathalie Lemelen kasuan bezala, deportatuak. Historia ofizialak emakumeen egiletza, agentzia ixiltasunera kondenatu zuen.
Louise Michelen kasuan, Kanakyra deportaturik, herri horren askapen borroka defendatu zuen, beraien alde egin eta bere borrokarekin segitu zuen. Bere idazki eta testuen bidez Komuna garaian egindako lana hedatu eta aldarrikatu zuen.
Bukatzeko, esan dezakegu Parisko Komunako emakumeen praktikak kontutan hartzeko legatu bat utzi zigula. Hain zuen ere, emakumeen eskubideen aldeko borroka ezin da Kapitalaren aurkako borrokatik baztertu (eta alderantziz).
Parisko komuna, beraz, langile borrokak borroka feministekin uztartzearen aukerak eta zailtasunak erakutsi dizkigu. Emakume hauek gure orainaren izanaren zatiak dira. Nolatan ixilaraziko ditugu?