ERREPORTAJEAK

Pernando Barrena

EH Bildu (Orain Errepublikak)-eko Eurodiputatua (GUE-NGL)

Migrazio eta Asilo Itun berria: lokatz etiko europarra

2021-01-21

Europako Parlamentuko Ezkerreko Taldearen (GUE-NGL) diputatu talde bat iraileko hirugarren astean Lesvoserantz abiatu ginenean, bagenekien Europako Batzordeak iragarritako Migrazio eta Asilo Itun berria egun gutxiren bueltan emango zela argitara, baina ez genekien zein punturaino izango zen praktikoa bidaia hori, ondoren etorriko ziren errezetak beren neurrian epaitzerakoan.


Moria kanpamentua. Argazkiak / Wikipedia Commons

 

Izan ere, Moriako errefuxiatu kanpaleku erre berriaren hondarrak bisitatzeko aukera izan genuen; eta baita Kara Tepe kanpaleku zaharra ere. Greziako gobernuak Morian zeuden errefuxiatuak kanpaleku berri batera eraman nahi ditu orain: Kara Tepe berrira. Bertakoek, ordea, zaharra hobea dela diote.

Segituan konturatu ginen momentu hartan oraindik ere argitara eman gabe zegoen Migrazio Itun berriak ez zuela nobedade on handirik ekarriko Moriakoa bezalako kanpalekuen etorkizunari begira, bertan eraikitzen ari ziren Moria errearen ordezko hark ez zuelako inongo behin-behinekotasun itxurarik ematen; makineria astuna erabiltzen ari zen lur mugimendu handiak egiten, eta langile eta bitarteko eskerga inbertitzen ari zen, teorian “hilabete bakar batzuk” iraungo zuen azpiegitura izateko, kanpalekuko bertako arduradunak esan zigun bezala.

 

«Eraikitzen ari ziren Moria errearen ordezko hark ez zuen inongo behin-behinekotasun itxurarik ematen; makineria astuna erabiltzen ari zen lur mugimendu handiak egiten, eta langile eta bitarteko eskerga inbertitzen ari zen.»

 

Moria eta Kara Tepe berria bezalako hot spot-ak ugariak dira Europako Batasunaren kanpo mugetan, batez ere Italian (5) eta Grezian (5). 1990ko Dublingo Hitzarmenaren eta ondoren aldaketak ekarri zizkion 2003ko 343/2003 araudiaren emaitza dira. Europako Kontseiluak onartutako bi neurri-sorta horiek Dublingo Sistema izenez ezagutzen ditugu egun. 2003ko neurriek arautzen dute zein estatu arduratzen den asilo eskaera baten aurrean prozedura aztertzeaz. Araututakoaren arabera, asiloa eskatzen duen pertsonaren egoera ebazteko ardura dagokio Europako Batasunera sartu deneko estatuari. Esate baterako, errefuxiatuak Greziako Egeoko irletara iristen badira, Grezia da asilo eskaera tramitatu behar duen estatua, Greziatik sartu baita eskatzailea Europako Batasunean, eta kanpalekuak, teorian, eskaera horiei irtenbidea eman bitarteko behin-behineko azpiegitura gisa pentsatuta daude. Horri gehitzen badiogu errefuxiatuak hartzeko estatu kideek daukaten borondate eskasa, bertan hilabete luze –eta batzuetan urteak– daramatzaten asilo eskatzailez gainezkatutako kanpalekuak dauzkagu.

Errealitate hori biribiltzeko, gogoan izan behar dira beste zeinbait kontu. Europako Batasunak Turkiarekin akordio lotsagarri bat sinatu zuen errefuxiatuak Turkian bertan hartzeko eta Europako Batasunean sartzen ez uzteko milioikada baten truke –Turkiak modu aldebakarrean bertan behera utzi zuena 2018an. Horrez gain, Europar Kontseiluak 2015ean martxan jarri zuen mekanismo bat Batasunera iritsitako 160.000 errefuxiatu kuoten bidez estatu kideen artean partekatzeko. Aipatu mekanismoa porrot hutsa izan zen estatuen jarrera ez solidarioagatik. Estatu batzuek ez zuten errefuxiatu bat bera ere hartu (Visegradokoek –Txekiar Errepublika, Hungaria, Eslovakia, Polonia–); europar bataz bestekoa, ezarritako kuoten %35 izan zen, eta Estatu espainolaren kasuan, ez zen %16ra iritsi.

 

«Errefuxiatuak hartzeko estatu kideek daukaten borondate eskasarekin, bertan hilabete luze –eta batzuetan urteak– daramatzaten asilo eskatzailez gainezkatutako kanpalekuak dauzkagu.»

 

Balantze pobre honi gehitu behar zaizkio Europako Batasunera iristeko saiakera betean Mediterreaneoan bizitza galdu duten migratzaileen kopurua. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, 2.299 migratzailek galdu zuten bizitza Mediterraneo itsasoan 2018an Europako kostaldera iristen saiatzen ari zirenean, eta 1.283k, 2019an; desagertutakoak beste 500 gehiago izan daitezkeela ere diote. Hori guztia gertatu den bitartean, Europako Batasunak itsas-salbamendu zerbitzu propiorik gabe jarraitzen du, horrelako zereginak estatuen esku eta Gobernuz Kanpoko SAR –Search and Rescue– erakundeei utzita. Azken horiek egindako lan miresgarria goraipatu beharra dago (Aita Mari, Open Arms, Sea Watch, Alan Kurdi, Ocean Viking), Europaren utzikeriari, kriminalizazio saiakerari, eta hainbat estaturen basakeriari aurre egin dietelako, eta milaka migratzaile erreskatatu dituztelako itsasoan, noraezean, beraien interbentziorik ezean segurua zen heriotzetik.

 

Argazkiak / Wikipedia Commons

 

Europak ez du ezer ikasi

Gauzak horrela, Migrazio eta Asilo Itun Berria aurkeztu du Europako Batzordeak irailaren 23an, eta lehenengo irakurketatik zera ondorioztatzen da: ez dugu ezer ikasi. Itun Berriak ez die heldu nahi izan Batasunaren migrazio eta asilo politiken gabeziei eta arazo iturri nagusiei. Eta ez die heldu koldarkeriagatik, Batzordean badakitelako migratzeko eskubidean oinarritutako politika berri batek eztanda politikoa ekar dezakeela hainbat estatu kidek duten jarrera atzerakoiagatik. Baina goazen puntuz puntu.

Itun berriak ez du Dublingo Sistema ukitu. Horrek esan nahi du errefuxiatuek asilo eskaerak tramitatu beharko dituztela EBra iritsi diren estatuan bertan, eta bitartean handik ezin izango direnez mugitu, Europako Batasunaren kanpo-mugetan kokatuta dauden Lampedusa, Moria eta Kara Tepe bezalako zulo beltzek existitzen jarraituko dute. Inork pentsa lezake horrelako kanpamenduak onargarriak liratekeela baldin eta asilo eskaera azkar tramitatu eta migratzaileak aukeratutako estatura bidalia den bitartean egoteko leku bat beharko balitz. Baina hori ere ez da kasua, Itun Berriak ez dituelako derrigorrezko kuotak ezarri estatu-kideen artean errefuxiatuak hartzeko, eta berez, gerta liteke asilo eskaera azkar tramitatua izatea, onartua izatea, eta gero errefuxiatuak nora joaterik ez edukitzea, inongo estatu-kidek ez duelako hartu nahi. Itun berriaren arabera, azpimarra ez da egiten estatuek errefuxiatuak har ditzaten, baizik eta asilo-eskaera errefusatuta ikusten duten horien errepatriazioaren kostuak ordaindu ditzaten. Argi dago: estatuek aukeran badute errefuxiatuak hartu ala beraien kanporatzearen gastuak ordaindu, bigarrena aukeratuko dute, “arazoa” behin betirako galduko dutelako bistatik. Baldintza horietan, oso konpromiso etiko sendoa behar da errefuxiatuak hartu eta horrek dakarren integrazio sozial eta ekonomikoaren aldeko esfortzua egiteko, eta hori, zoritxarrez, ez da oso ugaria Europako Batasuneko estatu-kideen artean; eta bestela, erreparatu 2015eko esperientziari.

 

«Gobernuz Kanpoko SAR erakundeen lan miresgarria goraipatu beharra dago, Europaren utzikeriari, kriminalizazio saiakerari, eta hainbat estaturen basakeriari aurre egin dietelako, eta milaka migratzaile erreskatatu dituztelako itsasoan.»

 

Esan bezala, errefuxiatuen itzuleran azpimarra egitea ez dator bat Europar Batasunaren giza eskubideen babeserako posizioarekin. Ezin dugu ahaztu Batasunera iristen diren errefuxiatu gehien-gehienak gosete, gerra eta miseriatik ihes datozela; Afganistandik, Siriatik, eta asko eta asko Saharaz hegoaldeko herrietatik. Present izan behar dugu, ihesi datozen errealitate horietara bidaliz gero nora itzularazten ditugun: gerretara, miseriara eta goseteetara. Ez du ematen horrek bat egiten duenik giza-eskubideen zutoin europarraren babesarekin.

Itun Berria Frontex muga eta kostaldeen zaintzarako agentzia europarraren funtzioa indartzera dator, giza baliabide gehiago eta inbertsio ekonomiko handiagoa bideratuta. Esperientziak esaten digu kritiko izan behar dugula agentzia horren lanarekin. Izan ere, pertsona migratzaileen giza eskubideen babesa lehentasuna izan beharko lukeen Frontex-ek ez du horrelako aurkezpen-txartelik erakusterik. Orain artean behintzat, eta adibidez, Egeoari dagokionean, Frontex bertako urak patruilatzen aritu da, eta ez du parte hartu han gauzatu diren giza-eskubideen urraketak ebitatzen edota salatzen. Izan ere, ezaguna da Turkiako Armadaren itsasontziak errefuxiatuak Greziarantz bultzatzen aritu dela, Greziakoak eusten eta kontinenterantz bultzatzen (push backs) saiatu diren bitartean. Tankera horretako hamar mila kasu baino gehiago zenbatu dituzte bertan lanean diren GKE-ek, eta Frontex ez da horrelako kasu bakar baten beraren lekuko ere izan. Bestetik, gogoratu behar da, efektibo eta bitartekoen jabe bada ere, Frontex-ek ez duela SAR operaziorik egin Mediterraneo osoan.

 

«Europar Kontseiluak 2015ean martxan jarri zuen mekanismo bat Batasunera iritsitako 160.000 errefuxiatu kuoten bidez estatu kideen artean partekatzeko. Aipatu mekanismoa porrot hutsa izan zen.»

 

Esan bezala, Migrazio eta Asilo Itun Berriak ez du bukatuko hot spot tankerako kanpamenduekin. Europako Batzordeko presidentea den Ursula Von Der Leyen-ek Moria erre berritan esan zuen “Europak ez du Moria berririk onartuko”, baina errealitatea da Moria berria dagoeneko eraiki dutela, Kara Tepe, aurrekoa baino bost aldiz handiagoa.

Han egon ginenean –irailean– udararen azken tenperatura goxoak ziren, baina ordurako bertakoek esan ziguten kanpaleku berria oso leku txarrean ari zirela eraikitzen, itsas-ertzean bertan, horrek dakarren hezetasun, haize-bolada eta zipriztinekin; eta gainera lurrak buztinezkoak zirela, neguak lokatz heze eta gorrotagarri bihurtuko zuela kanpalekua… eta horrela izan da. Ezagunak dira urriaren erdialdeko irudiak non Moria berria lokatz bihurtu den, eta oraindik ere mantentzen diren gabezia ikaragarriak: milaka errefuxiatu kanpadendetan, ur  eta argindar eskasia, migratzaileak itsasoan bainatu beharrean, arreta mediku eskasa eta kanpalekuaren izaera itxia. Azken finean, aire irekian kokatutako espetxe bat, non migratzaileen giza-eskubideak eta Europaren duintasuna lokatzetan lurperatuta geratzen diren.

 

Argazkia / Fotomovimiento. 2018. CC BY-NC-ND 2.0 Flickr

 

Korridore seguruak bermatzeko beharra

Migrazio eta asilo politika berriak elkartasunean, migratzeko eskubidean, eta giza eskubideen errespetuan oinarrituta egon behar duela jarraituko du defendatzen EH Bilduren delegazioa kide den Europako Parlamentuko Ezkerraren taldeak (GUE-NGL). Praktikan, Itun Berria akats asko errepikatzera dator esan bezala, baina larriena datza Dublingo Sistema bertan behera utzi ez eta errefuxiatuak hartzeko estatuei bete-beharreko kuotarik ez ezartzean. Hori da arazo osoaren iturburua, errotik moztu ez dena hainbat estaturen presioagatik. Arazoa noizbait konponbidean jarri nahi izatekotan, derrigorrezkoa da migratzaileak joan nahi duen estatu-kideraino iritsiko den korridore segurua bermatzea eta bertan burutzea asilo prozedura guztiak. Horretarako, estatuek EB osoko elkartasun sistema baten parte izan beharko lukete, derrigorrezkoa eta bete-beharrekoa, giza eskubideak ez direlako aukera bat baizik eta bermatu beharrekoak.

Euskal ikuspegitik, berriro ere present izan behar dugu estatalitate ezak nola mugatzen gaituen gai honetan ere. Migrazio politikak estatuek egiten dituzte eta horiek dituzte helburu Europako Batzordearen politikek. Next Generation Europe funtsen kasuan bezala, estatu azpiko errealitate instituzionalak paper subsidiarioa jokatzera behartuta gaude egungo agertokian. Eta praktikan, Euskal Herriko hainbat instituziok errefuxiatuak hartzeko duten prestutasuna erakutsi badute ere, Europako Batzordeak ez du kontuan hartu, nahi hori Madrildik iritsi beharko zaiolako kontuan hartuko bada; baina Madrildik ez da oraingoz iritsi eta ez du ematen hori gertatuko denik.

 

«Estatuek aukeran badute errefuxiatuak hartu ala beraien kanporatzearen gastuak ordaindu, bigarrena aukeratuko dute.»

 

Behin berriro ere estatu propioa lortzearen beharra agerikoa da politika aurrerakoiak eta proaktiboak egiteari begira; bitartean, estatu espainolak eta frantsesak agindutakora mugatzera kondenatuta gaude. Euskal interesak defendatuko dituen markoaren beharra berriro ere agerian, eta migrazio politika berria defendatzeko orduan, esan genezake, euskal estatua aukera bakarra dugula migratzaileen eskubideak lokatz europarretik ateratzeko, euskal herritarroi dagokigun partean behintzat.