ERREPORTAJEAK

Erria

Konfinamendua kaiola barruan

2020-07-27

Inork gutxik espero genuen gaixotasun batek mundua gera zezakeenik, baita espetxeen mundua ere. Etxeetan gotortzea egokitu zaigunean, barroteen barruan diren pertsonak konfinamenduaren jarraipena bizi behar izan dute. Espetxean izatea konfinamendu gogor baten isla izan daiteke eta.


 

Kepa Petralanda eta Naike Diez. Etxerat elkarteko kideak

 

Alarma egoera ezarri zen unetik, bisitak eta, noski, lekualdaketak bertan behera geratu ziren espetxe administrazioaren aginduz. Bakartuak eta urrunduak diren senide presoak are bakartuago sentitzera behartu zituen neurri honek. Senitartekoek ezin bisitarik egin, ezin bidaiarik egin eta harremanetarako tresnak berdinak izaten jarraitzen zuten.

Andaluziako autobusa eta Mirentxineko elkartasun gidarien taldeak garaje barruan utzi behar izan zituzten beraien ibilgailuak. Azken bisita presentzialen data: martxoaren 14a.

Espetxe Zaintzak eta Barne Ministerioak hartutako lehen erabakia espetxeak isolatzea izan zen. Bisitak bertan behera geratuz, kanpotik zetorren gauza oro ere blokeatu zituzten hasiera batean: posta, egunkariak...kanpo lotura ia erabat etenda izan dute presoek denbora tarte handi batean. Horren sendagaia telefono deien kopurua ‘igotzea’ izan zen; 8tik 12 deitara, batzuk 15era ere, baina horrek ez du isolamenduaren gaitza erabat sendatzen. Egun batean bi dei egiteko aukera izan dute presoek, goiz eta arratsalde, baina kabledun salatari bati itsatsia egotea ez da egoera samurra.

Alabaina, barruko bizimoduak ez du aldaketa askorik pairatu alarma egoera ezarri denetik. Egia da hainbat espetxetan patio orduak murriztu edota tailerrak itxita dituztela, baina ñabardura txiki horiek kenduta presoaren egunerokotasunean ez da apenas aldaketarik izan. Ohiko ordutegiak, betiko moduluan eta betiko trataera desegokia.

Babes-neurri aldetik, espetxe administrazioak eu-ren buruei begira bakarrik ibili dira. Gure bizitzetan agertu eta geratu diren maskara eta eskularruak bertako langileen eskura daude bakarrik. Denda edo etxe guztietan dugun gel hidroalkoholikoa ‘pribilegio’ izendatu daiteke espetxean, presoek toki gutxitan dute eskuragai eta notizia izan daiteke askorentzat.

Ehunka presok erabiltzen duten telefonoa desinfektatzeko izan dezakete gel apur bat, agian, edo trapu zikinen bat jarriko diete aldamenean.

 

"Ez dago presoei begirako babes-neurririk kezkatuagoak dira funtzionarioek kanpotik ekar dezaketenaz eta horren prebentzioaz."

 

Bada Espetxe Zaintzak hartutako erabaki bat aipatzeko eta azpimarratzeko beharra: bideo-deien baimentzea. Konfinamendu eta aislatze egoeran jendearen aurpegia ikusteko aukera bilakatu den bideo-deia barrote barrura ere iritsi da, eta espero dugu bertan geratzeko neurria izatea. Hasiera batean 200 mugikor inguruko banaketa egin zuten espainiar estatuko espetxeen artean eta horren erabilera mugatua izatea erabaki zuten; soilik dirurik ez duten presoek edota egoera berezi batean dagoenei zuzendua izandako aukera izatea.

Tantaka-tantaka, eta tramitazioetan izerdi askotxo botata, ia espetxe guztietan ahalbideratu da bideo-deiak egiteko aukera. Bisitak ez izatearen alternatiba gisa hartutako neurriak arnas pixkat hartzeko aukera eman die bai presoei zein beraien senitartekoei. Beraien aurpegiak berriro ikusteko aukera izan dute eta aurrerago berrartuko diren bisiten analgesiko txikiak bilakatzen ari dira.

 

"Alarma egoeraren ostean ahalbideratu duten komunikazio bide hau [bideo-deiak] mantentzea onura handikoa litzake urrunduak eta isolatuak dauden presoekiko harremana indartzeko."

 

Begiak Frantziar Estatura jarriz gero, apenas dugu albiste edo berritasunik aipatzeko. Bertan bai ez dela ezertxo ere aldatu barruko espetxe bizimoduan zein kanpo harremanak aztertuz gero. Babes-neurri batzuk hartu badituzte ere, funtzionarioen osasunari begirakoak izan dira batik bat. Gimnasio edo toki komun batzuen itxiera kenduta, bertako presoek ez dute egoera berezirik bizi izan kanpo harremanak bertan behera geratu izanaz aparte.

Martxoaren 14tik hona abiatutako konfinamendu eta bakartze egoerak, presoen are bakartze eta isolatzea ekarri du. Etxetik ehunka kilometrotara ditugun senide presoak aspaldian bizi izan dute konfinamendu perpetuo eta krudel bat. Alarma egoerak zama gehiago erantsi die zartatuak dituz-ten bizkar gainera, eta espetxe administrazioek hartutako neurriak (edo, hobeki esana, hartu ez dituzten neurriak), sufrimendu gehigarria izan da gure inguruarentzat.

 

Ezohiko elkarguneak ezohiko egoeran

Murruetatik kanpo, espetxe administrazio eta Gobernuaren geldotasun eta apatia ikusirik, eragile eta gizartearen babespean osa zitezkeen adierazpen eta adostasunak sustatzen ibili gara, beharrezko bultzada eta presioa eragin asmoz. Kontzientziazio soziala piztu eta lantzea ardatz nagusi ikusi dugu itxialdi egoera honetan eta, elkarlana landuz, inoiz ireki gabeko ate batzuen sarraiak zabaltzea lortu dugu.

Nabarmentzekoa da #SOSPresoakCovid19 izenburupean Nafarroan sustatutako dinamika. Bertan SARE Herritarrak, Salhaketak, Altsasuko Gurasoak eta Etxerat elkarteak Nafarroako koadro politiko, sindikal eta soziala aldarri batzuenpean batzea lortu du. 65 urtetik gorakoen zein larri eri diren presoak, haurdun diren emakumeak zein espetxean dauden seme-alabak eta irteera-data hurbil duten edota 3. graduan diren presoen berehalako askatzea izenpetu dute.

Estatu mailan, ‘historikotzat’ jo daitekeen adierazpena izenpetu zuten maiatza hasieran 9 alderdi politikok. Kataluniako, Galizako eta Euskal Herriko alderdi abertzale eta ezkertiarrekin batera, Podemos eta Más País alderdi espainiarrak batu ziren espetxeen aferako berehalako neurri batzuen eskaripean.

Nazioartetik ere iritsi dira izen handiko pertsonalitate ezberdinen aldarri eta idatziak. Andy Carl, Brian Currin, Veronique Dudouet, Adolfo Perez Esquivel edota Manuel Zelayaren neurriko pertsonek Frantzia eta Espainiako gobernuak interpelatu izana haintzat hartzeko mugarri ere har daiteke. Euskal preso zaurgarrienen berehalako askatasuna eta askatasun alternatibak sustatzeko deia luzatu zuten.

 

“Estatu mailan, ‘historikotzat’ jo daitekeen adierazpena izenpetu zuten maiatza hasieran 9 alderdi politikok.”

 

Hilabete hauetan plazaratutako hamaika adierazpen, interpelazio eta eskari ez dira ezohiko egoera batean errentagarritasuna ateratzeko ekimenak izan. Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Osasun Mundu Erakundeak (OME) eta Europako Kontseiluak epidemiaren hastapenetik espetxeetako kudeaketarako hainbat irizpideen baitako irakurketak izan dira.

Zoritxarrez, Estatu Espainiarrak zein Frantziarrak euskal preso politikoengan ezarria duen salbuespen legedi eta politika ageriko geratu da osasun krisi honen barruan. Esate baterako, Frantziar Estatuak askatu dituen 12 mila presoen artean ez da EPPKko kiderik izan. Askatasuna eskuratzeko baldintzak (gaixo larriak, adinduak, prebentiboak eta irteera-data hurbil izatea) betetzen zituzten 6 euskal herritar ditugu gure artean eta, beste behin ere, ankerkeri politika deitu daitekeen salbuespen politika ezarri zaie.

Iberiar penintsulara itzuliz, presoen eskubideak bermatuko dituen deseskalada prozesu bat adostu eta plazaratu genuen estatuko hainbat eragilek. Espetxe Zaintzari eta bere enparauei hartu beharreko neurriak zehaztu genituen eta, bide batez, urrunketa politikaren berehalako indargabetzea exijitu genuen. Andaluziako, Murtziako, Madrileko eta beste hainbat herrialdeetako eragile sozial urrunketa politikaren aurka posizionatzea eragin du Koronabirusaren zurrunbilo honek.

Deseskalada prozesua aurrera eramaten ari den honetan, urrunketa politikak atzetik duen mendeku oinarriak begi bistan geratu dira eta, enegarren aldiz, salbuespena aplikatzen zaigu EPPKko kidegoaren senide eta adiskideoi. Bisiten berrabiara tzean, adibidez, gure senide presoa urrundutako herrialdean egonik, bisita eta familia eskubidea erauzten digute errotik.

Euri asko egin du martxoaren 14tik hona. Orduz geroztik, ez bisitarik, ez besarkada eta muxurik. ‘Normaltasun berria’ izendatu duten normalitate mugatua espetxetara iristeko bide luze eta astuna espero dugu. Azken kezka baita gobernu eta botere instituzioentzako preso diren pertsonen eskubideak errespetatu eta bermatzea.

Hala ere, ez dugu bidezidorrik nahi gure senide presoak Andaluziako edo La Santéko espetxean ikusi ahal izateko. Guk konponbidea nahi dugu. Integrala, zabala eta berehalakoa. Egunak igarotzen doaz, ahitutako gure gorputzetan tentsio eta kilometroak gehituz doaz, eta hemen ez dugu hurbileko helmugarik irudikatzen.

Euskal Herriko gizartearengan dugu konfiantza. Kaleak gure aldarriz betetzen amaitu dugu maiatzaren azken astea eta, orain, gizartea berraktibatu eta lanean jartzeko unea iritsi da. Presa dugu, bada garaia azken ostiraletan aireratzen ditugun aldarriak errealitate bilakatzeko. Ez dugu bizitza gehiagorik bidean edo zelda barruan utzi nahi.

Iraganean deklinatzeko gogoa eta unea dugu.

Senideak elkartea zena eta egun Etxerat elkartea duguna iraungitze-data batekin jaio ziren. Beraien ibilbidea amaitutzat ematea albiste pozgarri izango da, iristen denean. Euskal preso eta iheslari politikorik gabeko agertoki berri batean egongo garelako eta sufritzeari utzi diogulako. Bada, goazen hori lortzera.