ERREPORTAJEAK

Mirelle Fanon Mendes

Jurista Demokraten Nazioarteko Elkarteko kidea

Kanaky boterearen kolonialitatearen aurrean

2020-12-21
FR

Ikuspegi deskolonial batetik, beren kolonizazio historiak partekatzen dituzten herriak, kondenatuak/arrazializatuak ezin dira bakarrik ibili; deskolonizazioaren bihurguneak hurbilketa kolektibo bat eskatzen du, nagusiaren aintzatespena eta haren eredua errepikatzea bilatuko ez duen hurbilketa bat.


Foto. Wikipedia Commons / Las dos banderas oficiales en Nouméa

 

Deskolonizaziorako Batzorde Bereziaren 2020ko[1] bilkura aldiari, zeinak kolonialismoa desagerrarazteko hirugarren nazioarteko hamarkadaren azken urtea ere markatzen baitu, hasiera ematean Nazio Batuetako idazkari nagusiak azpimarratu zuen oraindik 17 lurralde zeudela Batzordearen zerrendan[2], eta oraindik "autonomia promesa betetzeko zain zeudela Gutunaren XI. kapituluan, herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko 1960ko Adierazpenean eta dagozkion Nazio Batuen ebazpenetan ezarritakoari jarraikiz”.

Independentzia eta subiranotasuna bilatzen duten 17 lurraldeen artean Kanaky dago, eta Frantziarekiko normalizazio kolonialaren aurka dagoen bertako FNLKS koalizioak (Nazio Askapenerako Fronte Sozialista Kanaka) gaia Nazio Batuen Deskolonizazio Batzorde Berezira bidaltzea erabaki zuen Matignongo eta Numeako akordioen ondoren eta Sinatzaileen Batzordea[3] ezarri ostean, hala deskolonizazioaren jarraipen eta ebaluazio prozesu bat egongo zela bermatzeko. Protagonista guztiek onartu zuten printzipioa 2017ko azaroan.

 

«Independentzia eta subiranotasuna bilatzen duten 17 lurraldeen artean Kanaky dago»

 

Survie[4] erakundeak gertutik jarraitu du Frantziak egin beharko zukeen eskaera horren bilakaera, eta adierazi du Estatuak boikota egin ziola Josiane Ambiehli[5] –Deskolonizazio Batzordeari "babes funtzionala" emateaz arduratzen den Nazio Batuetako Politika Gaietarako Saileko unitateko burua– galdetu zionean ea bere ustez Nazio Batuek ikuskapen lan hori egiteko eskubidea zuten. Hark ezezkoa erantzun zuen, eskaera Nazio Batuen eskumenekoa ez zelako aitzakiarekin.

Ezezko erantzun horrek aukera ematen du galdetzeko zer nolako hitzartzea dagoen Nazio Batuetako idazkari nagusiaren eta Frantziako Gobernuaren artean Kanak herriari ikuskaritza eskaera hori ukatzeko, aukera hori, hain zuzen ere, Deskolonizazio Batzordearen eskumena denean. Nola hitz egin dezake idazkari nagusi horrek beren autonomiaren promesa gauzatzea espero duten herriez, horietako bati bere independentziaren egituraketan aurrera egiteko baliabideak ukatzen dizkionean? 

Ikus dezakegu deskolonizazio prozesuak tentsio eremu izaten jarraitzen duela, zeinetan politikak eta legeak normalean talka egin beharko luketen, baina egiaz talka egiten jarraitzen duten bakarrak finantza alderdietan eta alderdi militarretan oinarritutako botere harremanak soilik diren, herriak aintzat hartu gabe.

 

«Ikus dezakegu deskolonizazio prozesuak tentsio eremu izaten jarraitzen duela»

 

Ezezko hori beste froga bat da, oraindik ere halakorik behar bazen, erakusten duena Frantziak boterearen kolonialitatea baliatzen duela bere nazioarteko harremanen esparruan, esaterako nikel meategien ustiapena babesteko, baina baita hegoaldeko Ozeano Bareko uretan frantsesen presentzia ziurtatzeko ere; are gehiago, Frantziak Kanak herria bigarren mailako herritzat jotzen duela, zehazkiago, deskolonizazio terminoak erabiliz, zuzenbidezko estatua Estatuaren interesen nahierara balia daitekeen eremu batean bizi diren Ez-Izakien herri bat. Testuinguru horretan, jada ez gara kanak herriaren oinarrizko eskubideez eta erabaki askerako eskubideaz ari.

Frantziako Estatuak, akordio batetik bestera, dela Numeakoa edo Matignongoa, etengabe egin die iseka Kanak herriaren oinarrizko eskubideei, eta zerbaitegatik eskatu zuen FNLKSk kanakoak Deskolonizazio Batzorde Berezia aztertzen ari zen zerrendan sartzea.

Lehen erreferendumean, 2018ko azaroaren 4an, Kanaky Frantzian mantentzearen aldekoek irabazi zuten, botoen % 56,7 eskuratuta. Erreferendum horren aurretik, Nazio Batuek behatzaileak bidali zituzten, eta haien esanetan ez zegoen inolako baliabide eraginkorrik pertsona jakin batzuk hautesle erroldan behar ez bezala izen ematea saihesteko, akordioek herrialdean botoa eman ahal izateko batez ere antzinatasun baldintzak jasotzen baitzituzten[6]. Independentziari ezetz esatearen aldekoek gogor egin dute borroka Kanakyko biztanle guztiak hauteskunde errolda berezian sartzeko, izan ere, kanakoak, ohiturazko zuzenbideari jarraikiz, automatikoki sartzen dira bertan, baina zuzenbide komunari jarraitzen dioten bertako biztanleek borrokatu egin behar dute zerrenda horretan egoteko, eta gutxi gorabehera 40.000 erbesteratuk ere izena eman nahiko lukete beren interesak defendatu ahal izateko.

 

«Frantziak boterearen kolonialitatea baliatzen duela bere nazioarteko harremanen esparruan, esaterako nikel meategien ustiapena babesteko»

 

2020ko urriaren 4an, ezezko botoak % 53,26ko babesa lortu zuen, eta, emaitza horiek ikusita, hirugarren erreferendum bat egingo dute 2022rako[7]. Boto emaileen zerrendaren kudeaketa gai garrantzitsua izango da hirugarren erreferendum horretan. Kudeaketak planteaturiko auziak 1854tik aurrera nagusitu ziren praktika kolonial napoleonikoei egiten die erreferentzia, frantziarrak Numean ezarri zirenean eta kanakoen gaineko botereari eutsi ziotenean operazio militarrak antolatuz kanakoek euren aberastasunak arpilatu eta euren lurrak lapurtzen zituen presentzia kolonial horri aurre egiten zioten bakoitzean. 

1863tik aurrera, Frantziako gobernuak bere agintea bermatu zuen lurralde horretan, kanakarrei lapurtutako lurretan espetxea ezarrita. Horrela, bada, ezarpen kolonia bat sortu zuten bertan, hein batean espetxeko biztanleek osatua, eta, denborarekin, 1879an espetxea itxi ondoren, haiei europarrak batuta. Horren ondorioz, mestizajea sortu zen kanak gizartean. Gobernuak mestizaje horrekin jokatzen du –modu zitalean, Numea eta Matignongo akordioak sinatu baititu–, baina Kaldotxeek eta atzerriratuek beren esku dagoen guztia egingo dute Kanaky frantziarren kolonizaziopean gera dadin. Hala, hauteskunde zerrendak kudeatzeko borroka erabakigarria izango da 3. erreferendumerako. 

 

«1863tik aurrera, Frantziako gobernuak bere agintea bermatu zuen lurralde horretan, kanakarrei lapurtutako lurretan espetxea ezarrita»

 

Askoz hobeto uler dezakegu zergatik zuzendu zitzaion Frantzia Nazio Batuetako Politika Gaietarako Saileko taldeko buruari FNLKSk eskatutako ikuskaritzaren harira, eta Nazio Batuetako idazkariak, kargurako hautatu zuten garaian Frantziak babestu zuena, zergatik itzuli zien nolabait mesedea bere lagun frantziarrei, FLNKSri eskaera ukatuta. Menderakuntzaren paradigmak mendeetan zehar ezarrita egon den –eta 1945eko Nazio Batuen Gutunak berretsi zuen– lekuan jarraitu behar du. Aipatzekoa da, halaber, antzekotasunak daudela Frantziak kolonizatutako lurralde guztien artean; egoera koloniala lurrarekin, kulturarekin, hezkuntzarekin, ekonomiarekin, ingurumenarekin eta arrazializatutako herriei ihes egiten dieten eskubide zibil eta politikoekin loturiko inbarianteetan oinarritzen da. 

Horixe bera ikus daiteke ezarpen kolonien kudeaketan, Kanakyn noski, baina baita Guadalupen, Martinikan, Reunionen eta Guyanan ere. Horren ondorio izan da 1970eko hamarkadatik aurrera, kolonizatutako lurralde horietan beren biztanleen emigrazio mugimendu bat ezarri izana, zeina lurralde horietako demografia garrantzitsuaren konponbide gisa aurkeztu izan den, kolonia horiek garatzeko aurretiazko baldintza gisa, baina, batez ere, metropoli kolonialaren eskulan eskasia konpontzeko bitarteko gisa. Ez da soilik lurraldeak krimenaren eta lapurretaren bidez eskuratu zirela, baizik eta, gainera, haien populazioak mugikorrak eta potentzia kolonialaren beharren arabera erabilgarriak direla, hark hartu baitu emigrazio prozesuaren kontrola bere gain.

Milioika afrikar euren kontinentetik deserrotu ondoren, frantziar potentzia kolonialak esklabo bihurturikoen seme-alabak eta ondorengoak metropolira irteteko prozesua antolatu du, eta ez lurralde horietako enplegu faltaren auzia konpontzeko irtenbide gisa bakarrik, baizik eta metropoliko eskulan faltaren auzia konpontzeko ere. Baina horrek immigrazio zuriari, metropolitarreri, aukera ematen die lurralde kolonizatuetan kokatzeko; Aimé Césairek "ordezkapenezko genozidio"[8] izena jarri zion fenomeno horri.

 

«Milioika afrikar euren kontinentetik deserrotu ondoren, frantziar potentzia kolonialak esklabo bihurturikoen seme-alabak eta ondorengoak metropolira irteteko prozesua antolatu du»

 

Kanakia Australiako ekialdean kokatzen den artxipielago bat da. Argazkia / Wikipedia Commons

 

Horrela, kolonizatuen aldeko botere oreka existitzen ez denean edo nahikoa ez denean, subiranotasuna eta autodeterminazioa lortu nahi duten herriek, 1945 baino askoz lehenagotik kolonizatuak izan badira ere, ezin dute beren subiranotasuna eskuratu interes finantzario edo geoestrategikoak direla eta. 

Beraz, nola atera daitezke herri horiek kolonialismotik eta nola hauts ditzakete liberalismoaren logika patogenoak? Nola urratu Mendebaldeak herri horiek eta Hegoaldeko herrialdeak menpekotasun logikan –gizarte horien aurkako logika hilkor bihurtzen dena– mantentzeko masiboki erabiltzen dituen menderatze tresnak? Nola erreforma daiteke NBE bere oinarri eta printzipioetara itzuli ahal izan dadin, berriro ere indarkeriari eusteko eta legez arautzeko elementu bihur dadin eta mundua konkistatzeko gurutzadan parte hartzeari utz diezaion?

 

«Deskolonizazioaren bihurguneak hurbilketa kolektibo bat eskatzen du, nagusiaren aintzatespena eta haren eredua errepikatzea bilatuko ez duen hurbilketa bat»

 

Mundu kolonialaren testuinguruan, non gerra iraunkorra erabiltzen baita bai beren autonomia eskubidearen alde borrokatzen diren herrien aurka, bai beren eskubide zibil eta politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoen higaduraren aurka borrokatzen diren herrien aurka, kolonizatu arrazializatuak ezin du espero kolonialismoaren eragileek babesa ematea; eta kontuz ibili behar du tarteka kolonialitate beraren eragile ez bihurtzeko.

Ikuspegi deskolonial batetik, beren kolonizazio historiak partekatzen dituzten herriak –haiekin loturiko hilketa izugarriekin, lurren lapurretarekin eta XV. mendetik XIX. mendera bitarteko baliabide naturalen arpilatzearekin–, kondenatuak/arrazializatuak ezin dira bakarrik ibili; deskolonizazioaren bihurguneak hurbilketa kolektibo bat eskatzen du, nagusiaren aintzatespena eta haren eredua errepikatzea bilatuko ez duen hurbilketa bat. Borroka hori ezin da gainditu boterearen eta jakintzaren kolonialitatea zalantzan jarri gabe eta nazioarteko elkartasun deskolonial bat eraiki gabe. Prezio horretan lortuko dute kanak herriak eta beste guztiek emantzipazioa.

 


[1] 2020ko otsailak 21. 

[2]L’Épique Réinscription de la Polynésie Fran­çaise sur la liste des pays à décoloniser", Pierre Car­pentier, 2017/10/22 Mediapart blogean.

[3] 6.5. artikulua; Kaledonia Berriari buruzko akordioa, Numean sinatua, 1998ko maiatzaren 5ean; 1998ko maiatzaren 27ko 121. zenbakidun JORF. 

[4] https://survie.org/pays/kanaky-nouvelle-caledonie/

[5] Zeinaren presentzia Frantziak eskatu eta lortu zuen. 

[6] https://blogs.mediapart.fr/aisdpk-kanaky/blog/281216/le-referendum-sur-l-avenir-du-pays-en-2018-qui-peut-voter

[7] 5. artikulua; Kaledonia Berriari buruzko Akordioa, 1998ko maiatzaren 5ean sinatua, Numean; 1998ko maiatzaren 27ko 121. zenbakidun JORF; "Hautesleek proposamen horiei emandako erantzuna ezezkoa bada, Kongresuko kideen herenak beste kontsulta bat egiteko eskatu ahal izango du lehen kontsultaren hurrengo bigarren urtean. Erantzuna berriz ezezkoa bada, beste kontsulta bat antola daiteke prozedura beraren arabera eta epe berdinetan. Erantzuna berriz ere ezezkoa bada, bazkide politikoak bildu egingo dira horrela sortutako egoera aztertzeko”. 

[8] “Antillak-Guyanaren alderdirik ezagunena, zalantzarik gabe, emigrazio lurralde izatearena da, baina... aldi berean eta paraleloan, immigrazio lurralde bihurtu dira. Etorri berriak ez dira laguntza behar duten lau Hmong tamalgarri, baizik eta beste pertsona alogeno edo atzerritar batzuk, beste modu batera antolatuak, bestela hornituak, beste modu batera menderatzaileak, eta beren buruaz seguru direnak, laster ezarriko dietenak gure herriei kolonoaren lege gogorra. Birkolonizazio maltzurraren eta genozidio zitalaren beldur naiz” ; Batzar Nazionala, itsasoz haraindiko departamentu frantsesen aurrekontuari buruzko eztabaida, 1977ko azaroaren 13ko 192. zenbakidun ICAR.