Halere, oinarrizko faktore gisa aipa daitezke besteak beste erosmen ahalaren jaistea eta zerga sistemak eragiten duen bidegabekeria. Erregai zergak piztu zuen afera lehenik, baina gero pixkanaka hedatzen joan da mugimendua, sektore sozial anitzengana hurbilduz. Bestalde, aipatu beharra da Jaka Horien perfil ezagunen artean daudela haurrak bakarrik hezten dituzten emakumeak. Hots, desoreka sozio-ekonomikoak handitzeaz gain, genero bazterketa ere agerian uzten du mugimenduak.
Zerbitzu publikoen atzerakada ere aipa daiteke bestalde. Krisia sakontzen ari den bitartean hainbat atzerapauso ematen ari dira aspaldidanik lortuak ziren eskubide sozialetan. Hezkuntza lege berriak “erakasle merkeak” sortzen ditu1. Langabezia eskubideak zorrozki kontrolatzera doaz. Postetxeak ixten dituzte edo murrizketak egiten, Aldudeko ibarran berrikitan gertatu den bezala2. Garraio publikoaren eskaintza murriztu dute eta hortaz, langile asko egunero autoa hartzera behartuak dira. Hots, atzera goaz hainbat aurrerapen sozialetan.
Ekologismoa, feminismoa, euskara, trantsizio ekologikoa, errefuxiatuak… Borrokak ez ditugu falta. Baina funtsean, esan daiteke familia politiko neo-liberal batek ere aldarrikapen ber-berak izan ditzakeela. Giza eskubideen diskurtsoak erraz zabaltzen dira baina aldi berean, ez dago eskubideen piramida edo hierarkiarik3; eskubideak dira mila eta ez da haien artean lehentasunik finkatzen. Dena “funtsezko eskubide denean”, egiazki ezer ez da funtsezko eskubide. Horrela, langileen eskubide sozialak hurtuak dira beste eskubide guztien artean.
Alta, langile klaseak ditu pairatzen bidegabekeria latzenak aberastasuna lanetik ez datorren garai honetan. Langileak du merezimendu handiena eta alta hura da erabakietatik gehien baztertua den kategoria soziala. Izan ere, desberdintasun sozialen areagotzeak printzipio demokratikoa bera zalantzan jartzea eragiten du, boterearen zilegitasuna kolokan jartzen du.
Gaur egun, eliteen esku diren hedabide nagusiek dituzte borroken joko arauak finkatzen, beraiek dute erabakitzen zer defendatu behar den eta zer ez. Orain badirudi garrantzia gehiago eman nahi diotela klima aldaketaren aurkako mundu mailako Ostiraleko Grebari.
Mesfidantza hori nabaritzen da hedabideengan, baita alderdi eta sindikatu guztiengan ere. Herritar asko ez dira gehiago bitartekariengan fidatzen, eta ez dute gehiago ezker-eskuin dikotomia horretan sinisten. Teorikoki ezkerraren ezkerrean kokatzen diren alderdiak ere eliteen esku dira –Mélenchon kasu-, eta horrez gain, luzaz nuklearraren alde izan dira, hizkuntza gutxituen kontra eta trans-humanismoaren alde oraingoan. Hau da Estatu Frantsesean ezkerraren ezkerrean proposatzen duten «alternatiba». Horrenbestez, Estatu Frantseseko ezker erradikalaren bukaera dela diote ahots batzuk.
Azken finean, Jaka Horiek agerian uzten dute herritarren eta boterearen arteko hitzarmenaren haustura, deskonfiantza. Beste gisan esanez, Estatua herritarrekin lotzen zuen kontratu soziala apurtu dela esan daiteke eta kontratua berritzeko garai aproposa izan daiteke4.
Jaka Horien mugimenduak esperantza sortzen du aldi berean, ikusgai uzten baitu badela aukera herritarrentzat eta langile klasearentzat antolatzeko eta batzeko, herritar asko prest daudela beren bizitzaz berejabetzeko.
1 https://www.liberation.fr/debats/2018/11/29/loi-pour-une-ecole-de-la-confiance-l-education-sous-controle_1694968
2 https://www.francebleu.fr/infos/economie-social/pays-basque-fermeture-annoncee-de-l-unique-bureau-de-poste-de-la-vallee-des-aldudes-1548720459
3 https://www.erudit.org/fr/revues/rgd/2011-v41-n1-rgd01545/1026944ar.pdf
4 https://www.lemonde.fr/blog-mediateur/article/2018/12/18/le-monde-des-lecteurs-politique-pour-un-nouveau-contrat-social_5399169_5334984.html