ERREPORTAJEAK

Elena Beloki Resa

Iratzar Fundazioko kidea

Ipar Irlandako polizia erreforma: kontrol demokratikoa eta komunitatea ardatz

2021-07-06

Ipar Irlandako biztanleriaren %71k sostengu zabala eman zion Ostiral Santuko Akordioari. Errepublikarrak eta unionistak elkarrekin bizi izateko abiapuntu berria jartzearekin batera, demokrazian oinarrituriko marko juridikoa ahalbideratu gura zuen. Zeregin horretan, 1998an Belfasten sinaturiko akordioak bi instituzioren erreformaren beharra azpimarratzen zuen: polizia eta justizia. Chris Patten politikari kontserbadore britaniarra, poliziaren erreforma bideratzeko Nazioarteko Batzorde Independentearen buru izan zen eta 1999ko irailean Patten izenaz1 ezagutzen den txostena aurkeztu zuen.


Argazkia: Alan in Belfast, CC BY-NC-ND 2.0

 

Gatazkak gainditzeko adosten diren erresoluzio politikoaren ondorengo denboraldian, oso inportantea izan ohi da ibilbide berria definituko duten instituzioekiko populazioaren konfiantza lortzea. Instituzio horietariko bat polizia da eta harekiko legitimitatea erdiesteko prozesua luzea eta nekeza izaten da. Ipar Irlandak ere bide hori ezagutu du. Aitzitik, Ostiral Santuko Akordioak bideratu zuen poliziaren erreformaren esperientziak arreta deitzen du, erreforma beraren garapenean komunitatearen parte hartzeak zein polizia egituren gainbegiratze zibilak funtsezko garrantzia izan dutelako. Izan ere, gatazkaren ondorengo denboraldian mesfidantzaren zirkuloa gainditzeko nahitaezko gakoak dira.

Graham Ellison eta Conor O’Reilly akademikoen iritziz, Ipar Irlandako poliziaren eredua, bere indargune eta ahulguneekin, mundu mailan aitortutako erreferentzia da.

 

«RUCen Special Branch talde beldurgarriak, kontraisurgentzian aritua, komunitate errepublikarraren kontrako inpunitate osoz jokatu zuen.»

 

1921eko Irlandako partizioaren ondoren, RIC, Irlandar Errege Polizia desagertu eta bi polizia sortu ziren: Irlandako Errepublikan Garda Síochana eta Sei konderrietan RUC, Ulstergo Errege Polizia izenaz ezaguturikoa. RUC, Britaniar burujabetza eta boterearen adierazle iraunkorra izan zen, britaniarrentzako funtsezko estatu agentzia. 1969tik 1998ra bitartean bereziki militarizaturiko polizia horren kidegoaren %92 komunitate unionistetakoa zen. Instituzio horren jarduera, populazio errepublikarraren jarraipena, kontrola eta zigortzea izan zen. Gainera gatazka politiko militarraren gogortze garaian, RUCen Special Branch talde beldurgarriak, kontraisurgentzian aritua, komunitate errepublikarraren kontrako inpunitate1 osoz jokatu zuen. RUCek “botere drakoniarrak” izan zituen eta bere portaerak, gizarte irlandarrak bizi zuen gatazka areagotu zuen. Gatazka egoera hau aintzat emanez, Ostiral Santuko Akordioak polizia erreformari ekin baino, erreformaren beharra azpimarratu zuen eta Batzorde independente bat osatzeko aukera zabaldu zuen, poliziaren erreformari heltzea bake prozesuaren urrats garrantzitsua izan zelarik.

Erreformarako Batzorde Independenteak polizia desmilitarizatzea eta gorputz hau komunitatearen zerbitzura izatea gomendatzen zuen. Are gehiago, Pattenen taldeak Ostiral Santuko Akordioaren filosofia txertatu zuen poliziaren erreformarako txostenean. Euren iritziz, bi komunitateetako kideek osatu behar zuten polizia, erreklutamentuak, hamar urtez 50/50 irizpideari segitu behar ziolarik. Gainera, polizia inpartziala eta gorputz deszentralizatua zein desmilitarizatua izatearekin batera, zerbitzu gardena eta instituzio publikoen aurrean arduren erantzule izan behar zuen. Batzordearen lanak 175 gomendio bildu zituen. Txostenak polizia auzia gai liskartsua zela aitortzen zuen eta ondorioz, aldaketa sakonak proposatzen zituen nahiz eta RUC desegitea baino, erreformatzearen bideari ekin zion.

 

«Ipar Irlandako Polizia Batzordea hamar politikarik eta bederatzi independentek osatzen dute eta bere funtzio nagusiena PSNIk 1998ko giza eskubideen legearekin bat egiten duela kontrolatzea da.»

 

2000. urtean, batzordearen gomendioak inplementatzeko eta kontrolerako Pattenek aholkaturiko bulegoa sortu zen. 2007an desegin zen gomendioen %82 bete zirelakoan.

 

Argazkia: Geoffrey Moffett, Unsplash

 

Poliziaren erreformaren ibilbidea

Ipar Irlandako poliziaren erreformaren logika eraldatzaileak poliziaren legitimitatea lortzea izan du iparrorratz eta horretarako, komunitateen arteko kontsentsua gakoa izan da. Ildo horri jarraiki esan genezake erreforma prozesua hiru arlo nagusiren inguruan artikulatzen zela; Poliziaren gaineko kontrol demokratikoa, Polizia zerbitzuaren profesionaltasuna eta komunitatean oinarritua izatea.

Esan dugun bezala, Poliziaren izena aldatu zen eta berrituriko RUC, Ipar Irlandako polizi zerbitzua, PSNI deitzera pasatu zen. RUCen uniformeak, insigniak eta ekipamenduak ere baztertu ziren eta 2000ko Polizia Legeak kontrol mekanismoak bideratu zituen, hala nola, Policing Board2 edo Ipar Irlandako Polizia Batzordea. Batzorde hau hamar politikarik eta bederatzi independentek osatzen dute eta bere funtzio nagusiena PSNIk 1998ko giza eskubideen legearekin bat egiten duela kontrolatzea da. Kontrol demokratikoaren beste mekanismo nagusia poliziaren Arartekoa izan da, Ipar Irlandako Legebiltzarraren ardurapean dago eta Poliziaren kontrako salaketez arduratzen da.

 

«Pattenen taldeak proposaturiko gomendio oro ez ziren inplementatu eta poliziak nahi baino botere gehiago bildu du. Profesionaltasuna gaindimentsionatu zen.»

 

Aldaketa hauek, poliziaren egituraren eta zerbitzuaren berrantolaketaren prozesuaren eskutik eman ziren. PSNIk segurtasunarekin loturiko botere inportanteak zituen, baina poliziaren gaineko eskuhartze politikoaren arriskua gutxitu zen. Pattenen txostenak adibidez, poliziaren independentzian baino, independentzia operazionalean jartzen zuen indarra, Estatu Idazkaritza operazio polizialaren gidaritzatik at uztea gomendatzen zuelarik. Gomendioen artean ondoko hauek ere azpimargarriak dira: operatiboen erantzulea zein arduren erantzulea polizi burua izatea; polizi burua karrerako polizia izatea eta Ikerketarako informazioa edo operatiboen ezagutza bere ardurapean egotea. Arestian aipatu dugun Polizia Batzordeak operazio zehatzen informazioa jaso dezake.

Polizia profesionalizatzen joan da. Toki eta auzo mailan komunitatearen eta poliziaren arteko elkarrizketa areagotu da, poliziarekin harremana egiten duten batzordeak sortuz.

 

«Errepublikarren komunitaren kontrako gerla zikinaren eta estatu mailako kolisioak eragindako hildakoen hainbat dosier itxita edo ikertzeke mantentzeak ez du konfiantzarik sortzen lagundu.»

 

Pattenen txostenak, poliziaren erreforma ez ezik, Ipar Irlandako segurtasunaren kudeaketaren eraldaketa zabalagoa aurreikusten zuen. Haren gogoeta kontrol-mekanismoak zabaltzea eta komunitatea horietan inplikatzea izan da, delinkuentzia eta disidentziaren aurkako borrokarako ikusmolde tradizionala saihetsi daitekeelakoan.

Txostenak Ipar Irlandako gizarte zibil eta boluntarioen sektorearen papera aitortu zuen. Gizarte zibila eta bolondresen papera Segurtasun-sare berriaren funtsezko gako gisa ikusten zuelako. Horren karira, Jonny Byrnek eta John Topping akademikoen iritziz, Patten Txostenaren ikuspegia berritzailea izan da. Izan ere, "polizia-jardunaren ikuspegi holistikoa" defendatzen zuen. Zoritxarrez baina, Pattenen taldeak proposaturiko gomendio oro ez ziren inplementatu eta poliziak nahi baino botere gehiago bildu du gehiegizko profesionaltasunak komunitatearen inplikazioa ekidin duelako.

 

 

Ondorio gisa

Poliziaren Erreformak legitimitate profesional eta demokratikoaren bidean urrats inportanteak eman ditu. Oztopoak ere ezagutu ditu ordea. Pattenen Txostena 1999an aurkeztu bazen ere, 2001ean informea gaurkotu behar izan zen, gomendioak espero zen ildoan inplementatu ez zirelako. Orduko agintarien aldetik, hainbat erabaki politiko gibelatu zituztelako eta ausardia falta nabarmena zelako. Begi bistakoak ziren, era berean, RUCeko polizia kargu batzuk baztertzeko agerturiko erresistentziak, polizia zerbitzuaren barruko koordinazio eza eta plangintzaren inkoherentziak, zein antolakuntza aldatzeko adore falta. Bestela, arestian esan dugun bezala, profesionaltasuna gaindimentsionatu zen. Hala, luzaz, poliziarentzako destinaturiko presupuestoak esanguratsuegiak izan ziren. Eta elementu guzti horiek ez zuten laguntzen komunitatearen inplikazioa areagotzen.

Bestalde, iraganak oraindik pisatzen du eta errepublikarren komunitaren kontrako gerla zikinaren eta estatu mailako kolisioak eragindako hildakoen hainbat dosier itxita edo ikertzeke mantentzeak ez du konfiantzarik sortzen lagundu.

Sistema judizialaren berrikuspen zabala eta erradikala beharko da. Eta horrek komunitateari begirako polizia zerbitzua sortzearekin zerikusia du. Bestela, polizia-zerbitzu berria huts egindako iragan baten ondarearen preso izan liteke.

 

«2001ean %8 errepublikarra zen eta 2011ean %30. Gaur egun, ordea, bestetaldeen inklusibitatea ere eskatzen du errepublikar komunitateak.»

 

Komunitateen ildoari jarraiki, poliziaren kidegoaren inklusibitatearen irizpideak eztabaidagarriak dira. Pattenen txostenak inklusibitatea eta komunitateen arteko parekidetasuna azpimarratzen zuen eta eskatzen zuen irizpide hau hamar urtez aplikatzea. Irizpidea ez bada lortu ere, aldaketa eman da. 2001ean %8 errepublikarra zelako eta 2011ean %30. Gaur egun baina, beste taldeen inklusibitatea ere eskatzen du errepublikar komunitateak; gutxiengoak eta emakumeak. Kuoten kriterioek ez dute polizia berez inklusiboagoa egingo baina lagungarria izan daiteke.

Hasieran esan bezala, Pattenen txostenaren inplementazioak polizia erreformarako ildo bat zehaztu du. Poliziaren izaera militarrari3 utzi eta komunitatearen zerbitzura izango den polizia definitu zuen. Irlandako polizia eredua ez da txostenaren islada zuzena izan, baina gorputz horren gaineko kontrol demokratikoa, gorputz polizialaren zerbitzuaren karakterizazioa eta komunitatearen inplikazio beharrak polizia eta segurtasuna pentsatzeko bide ezberdinak erakutsi ditu, eta prozesu horretan denbora faktore determinantea da.

 


1Ikus Pat Finucane Zentroaren lanak: www.patfinucanecentre.org

2Sinn Feinek ez zuen batzordean 2007 arte parte hartu, Patten txostenaren gomendioak betetzen ez zirelako

3Ipar Irlandan RUCek 13.500 polizia izan zituen bitartean, PSNIk 7500 polizi ditu.