ERREPORTAJEAK

Idurre Alonso Amezua eta Eneko Bidegain Aire

Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak

Euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzarako gako batzuk

2023-06-29

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskaldunen kopurua 2011tik 2021era bitartean % 4,2 hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan; horren ifrentzuan, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenek % 1,9 baino ez dute egin gora hamarkada horretan. Euskal Herriko datuei dagokienez, Soziolinguistika klusterrak argitaratutako erabilera neurketen arabera, Euskal Herrian 1989an % 10,8k egiten zuen euskaraz, eta 2021ean, berriz, % 12,6k.


Argazkiak. FOKU

 

Datuei erreparatuta, esan daiteke une honetan erabileraren kurban geldialdia dugula; D eredua gero eta zabalduago dago, baina euskararen hiztun komunitateak geldialdi urteak bizi ditu. Horrenbestez, D eredua birpentsatzeko unea iritsi dela esan daiteke, eta, birpentsatze horretan, funtsezkoa da aztertzea euskaldun eleaniztunak sortzen ari ote garen, ala erdaretako eleaniztunak (Odriozola, 2017). Eta ea ekoizten ditugun hizkuntza plan, proiektu eta politikak bideratuta dauden euskaldun eleaniztunak, konpetenteak eta koherenteak sortzera.

Sarasuak (2023) aipatzen duen gisara, “etengabe plan estrategikoak egiten dihardugun garaiotan, norabideak ekoizteko defizit handia dugu”. Hezkuntzaren kasuan, gainera, ikastetxe sareen arteko eztabaida interesatuak erditik kendu ditu estrategia eragileak eta herrigileak. Ildo horretatik, hezkuntzari buruzko eztabaida beste parametro batzuetan kokatzeko beharra dago.

Aitor Etxartek (in Sagarzazu, 2019) zioen moduan, “Hezkuntza da, dudarik gabe, merkatu global honetan dagoen merkantzia handienetarikoa. Merkatuan posizionatzeko geroz eta gehiago behar dira berrikuntzak. Baina ez berrikuntza aztertuak, adostuak, bestelako mundu justuago, askeago eta Gutxiagotutako hizkuntzen kasuan, gainera, ariketa demokratikoa da kultur esperientziak eta bizipenak eskaintzea ikasleari, askok eskolatik kanpo ez baitute esperientzia hori biziko. Kultura ez da jakintza transmisio bat soilik, hori baino askoz gehiago da demokratikoago bat bilatzen dutenak. Nahi dena da berrikuntza besterik gabe ikastetxe bat erakargarriago egiteko. Auskalo prozesu hau noraino hel daitekeen, baina izugarri arriskutsua da. Hezkuntza eragile asko bat egiten ari dira dinamika horrekin, konturatu gabe berrikuntzak ezinbestekoak direla, baina lehenik eta behin helburuak eta norabidea markatu behar direla”.

 

«Euskal kulturaren transmisioa krisian dagoela esan daiteke. Hezkuntza politikek bestelako lehentasunak ezarri dituzte lanean diharduten irakasleen prestakuntzan (prestakuntza digitala, kasu), baina entzungor egiten diete kultur eragileek adierazitako kezkari»

 

Ildo horretan, hezkuntzaren eragiletza sozialean sinisten badugu eta, era berean, euskaran ardaztutako hezkuntza nahi badugu, pentsatu beharko dugu nola eragingo dugun hezkuntza sistema euskaldunago eta askeago bat. Horretarako, ikaslearen irteera profilak motibazio sistema osatua eta gaitasun sistema osatua daukan hiztuna behar du; arrazoibidezko baliabideak dituena, adierazkortasunezko baliabideak dituena eta kulturgintzan txertatzeko baliabideak dituena (Sarasua, 2023).

Irteera profil hori erdiesteko, hizkuntzaren erabilera eta irakaskuntza instrumentala gainditu beharko genuke. Hizkuntzak, pentsamendua eraikitzeko funtsezko baliabidea dugun heinean (Vigotsky, 1977), zeharkako ikaslerroa izan behar luke. Era berean, euskaldun osoaren profila lantzeko, aisialdiko hizkerari ere arreta jartzea komeni da. Ez soilik eskolaz kanpo; eskola eremuan ere eragin behar genuke aisialdian. Bestela, gaztelaniara edo frantsesera jotzen dute haurrek zein gazteek lagunartean dabiltzanean. Ildo horretatik, Arikala ikerketak (Bereziartua, Guirado eta Alonso, 2023) eman dituen hasierako datuen arabera, ikastoletako aisialdi esparruetan Lehen Hezkuntzako laugarren mailako umeen erdiak baino gehiagok euskaraz egiten badu ere, adierazkortasuna behar dutenean, erdarazko esapideetara jotzen dute sarritan. Horrek iradokitzen du adierazkortasun baliabideen falta.

 

«Ezinbestekoa da kulturak eta soziolinguistikak egun daukatena baino presentzia handiagoa edukitzea. Ikasleak euskarara hurbilarazteko hizkuntza ondo irakastea baino zerbait gehiago behar da. Atxikimendua ahalbidetuko duten estrategiak behar dira»

 

Bestalde, hizkuntzak jakintza arlo gisa ere eratu behar ditu bere edukiak eta konpetentziak, eta hor ezinbestekoa da kulturak eta soziolinguistikak baino presentzia handiagoa edukitzea. Ikasleak euskarara hurbilarazteko, hizkuntza ondo irakastea baino zerbait gehiago behar da. Atxikimendua ahalbidetuko duten estrategiak behar dira. Sarasuak (2013) dioen gisan, hizkuntzarekiko atxikimendu modalitatea aldatzen ari baita; batetik, “gizarte-moldeak berak bestelako joera nagusiarazten du”, eta bestetik, “ez dugu asmatzen atxikimendu eta motibazioaren erreprodukzioa nola eratu”. Euskaldun koherente eta konpetenteak behar ditugu, euskaraz hitz egiteko arrazoibideak garatzeko gai izango direnak, hizkuntzen biziraupenerako gakoak ezagutuko dituztenak, eta euskarazko kultur esperientziak bizi, ulertu eta ekoitziko dituztenak. Azken horri lotuta, hizkuntzaren dimentsio espresiboa eta estetikoa eskainiko dio kulturak hiztunari, eta motibazio elementu garrantzitsua izan daiteke euskaraz aritzeko (Sarasua, 2013).

Gainera, Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragileak (2023) jasotzen duen moduan, kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa diziplina eta jardun eraginkorrenetarikoak dira pentsamendu sortzailea elikatzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapenean laguntzeko, gizarte-kohesioan urratsak egiteko, kulturartekotasuna lantzeko, komunitatea(k) eraikitzeko, eta abar. Horri lotuta, “euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe” eta “euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsu bizi dadin ezinbestekoa da euskararen normalizazioa”.

 

Argazkia. Unsplash / Elliot Reyna

 

Une honetan, euskal kulturaren transmisioa krisian dagoela esan daiteke. Hezkuntza politikek bestelako lehentasunak ezarri dituzte lanean diharduten irakasleen prestakuntzan (prestakuntza digitala, kasu), baina entzungor egiten diote kultur eragileek adierazitako kezkari. Izan ere, kultur eragileek salatu dute berriki argitaratutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroan ez dela bermatzen euskal kultura zeharlerro izatea, ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza eremu batzuetan ere. Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragileak (2023) argi hitz egiten du horri buruz: “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea” eta “Euskarazko kulturgintzaren transmisioa euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina irakastearekin batera, kultur adierazpide ugariren praktikan trebatzea da, eta euskaraz sortzeko grina transmititzea”. Horrekin lotuta, komeni da aipatzea euskal kulturgintzaren formazioa oso ahula dela irakaskuntzan arituko diren profesionalen formakuntzan ere, eta hori ere euskal kultur sistema indartzeko oztopo da.

Zenbait herrialdetan Kulturaren Oinarrizko Saskia deritzona daukate (Paya, 2019), eta kuantitatiboki zehazten dute adin bakoitzean kontsumitu behar diren gutxieneko produktu kulturalak: liburuak, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, eta abar. Euskal Hezkuntzan egiteko daukagu Kulturaren Oinarrizko Saski hori, eta hala kuantitatiboa nola kualitatiboa egin beharko litzateke. Gutxiagotutako hizkuntzen kasuan, gainera, ariketa demokratikoa da kultur esperientziak eta bizipenak eskaintzea ikasleari, askok eskolatik kanpo ez baitute esperientzia hori biziko. Kultura ez da jakintzaren transmisioa soilik, hori baino askoz gehiago da: norbanakoa eta kolektiboa elikatzen ditu kulturak. Sarasuak dioen moduan, gasolina sinboliko moduko bat da.

Hezkuntza euskararen eta euskal kulturaren biziberritzean eragile izango bada, hizkuntza eta kultura planak behar ditu. Bide horretan, ikastetxeetan Hizkuntza Proiektuak egitea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da euskaldun eleaniztunak, konpetenteak eta koherenteak sortzeko bideak marraztea, komunitate estrategiak birpentsatuz.

 

Bibliografia

  • Bereziartua, Aritz, Guirado, Odei eta Alonso, Idurre (2023). Lehen Hezkuntzako haurren lagunarteko hizkera: noiz eta zertarako jotzen dute erdaretara? (argitaratu gabe)
  • Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragilea (2023). “Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroaz:Euskal Kultur Transmisioaren begiradatik irakurketa kritikoa”www.kulturgintzan.eus/irakurketa_kritikoa2.pdf
  • Eusko Jaurlaritza (2023). Euskal Autonomia Erkidegoko VII.Inkesta Soziolinguistikoa. www.argia.eus/fitxategiak/ckfinder/files/VII_INKESTA_SOZIOLINGUISTIKOA_laburpena.pdf
  • Odriozola, J. M. (2017). Nora goaz euskalduntasun honekin? Elkar.
  • Paya, Xabier (2019). Kulturaren oinarrizko saskia.www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2019-03-12/kulturaren-oinarrizko-saskia.htm
  • Sarasua, Jon (2013). Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak. Pamiela.
  • Sarasua, Jon (2023). Euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun-ikuspegia. www.youtube.com/watch?v=PrBnj0ShxTQ&list=PLShXIrPR19Gx20r2QGEjqmBSEWtnWxE6p&index=10
  • Sagarzazu, Jokin (2019). Norabide bakarreko kalean www.berria.eus/ahomentan2019/08/25/norabide-bakarreko-kalean.html
  • Soziolinguistika klusterra (2021). Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Euskal Herria, 2021 www.soziolinguistika.eus/eu/proiektua/hizkuntzen-erabileraren-kale-neurketa-euskal-herria-2021-2/
  • Vygotsky, Lev (1977). Pensamiento y lenguaje. Buenos Aires, Editorial la Pleyade.