ERREPORTAJEAK

Maialen Zuazo eta Maier Ugartemendia

UEMAko euskara teknikariak

Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan. Lizartzako esperientzia

2024-06-07

Euskaraz bizitzen jarraitzeko apustua egiten dugu egitasmo honetan, eta, era berean, herritar guztien komunikazio beharrak bermatzeko saiakera ere egiten da. Zubiak eraiki eta kulturarteko harremanak sustatu nahi dira, eskoletan eta herri mailan denen parte hartzea bultzatuz.

Argazkia. FOKU.

 

Udalerri euskaldunetarako diseinatutako egitasmoa da hau. UEMAko hainbat herritan martxan dagoen lanketa hau hobeto ulertzeko ezinbestekoa da mankomunitatearen izaera ulertzea, baita  udalerri euskaldunetan ematen ari den bilakaera ezagutzea ere.

UEMA Hego Euskal Herriko mankomunitate bat da, 111 herrik osatzen dutena gaur egun. Euskararen normalizazioan eragitea da gure helburua, baina berezitasun batekin: udalerri euskaldunen begiradarekin aritzen gara. Izan ere, udalerri euskaldunetan birsortzen, garatzen eta transmititzen da hizkuntza, modu naturalean, eta horregatik uste dugu hizkuntzarentzat beharrezkoa dela udalerri euskaldunak eta arnasguneak babestea, indartzea eta zabaltzea.

Hizkuntza ez da aldagai aske bat, herriarekin batera moldatzen eta egokitzen da, eta horregatik gure udalerrietan eman diren aldaketak ulertzeko gako batzuk aipatuko ditugu.

Biztanleriaren igoera nabarmena izan dute udalerri euskaldunek azken mendean: ia bikoiztu egin da udalerri horietako herritarren kopurua. Eta azken urteetan asko hazi da estatu kanpotik etorritako familia eta herritarren kopurua.

"Udalerri euskaldunetako irakurketa demografikoa egiten dugunean, kontuan izan behar dugun beste faktore bat jaiotza tasarena da: Azken hamarkadan, Hego Euskal Herrian 2,4 puntukoa da jaitsiera; eta udalerri euskaldunetan 3 puntukoa"

Aldagai hau aztertzerakoan gurasoen jatorria ere azter daiteke, udalerri euskaldunetan jaiotako umeen artean lehen baino gehiagok guraso bat edo biak atzerrian jaiotakoak dituela erakusten dute datuek.

Interesgarria iruditzen zaigu aldagai guzti hauek hiztunen profilean duten eragina aztertzea. Gure herrietan belaunaldiz belaunaldi euskara jaso duten herritarrak ez ezik, eskolan eta kalean hizkuntza jaso duten asko baititugu, gero eta gehiago.

Aldaketa bat dakar horrek hiztunen profilean: gero eta hiztun gehiagok euskara ez dute ama hizkuntza; eta, beraz, errazago moldatzen dira beste hizkuntza batzuetan.

"Hego Euskal Herrian, %7,4 dira euskaraz gaztelaniaz baino erosoago aritzen diren herritarrak;  Euskararen erabileran eragin nahi badugu hor dugu erronka, euskal elebidun gehiago sortzea, euskaraz erosoago moldatzen diren herritarrak erabiliko baitute euskara batez ere"

Gizarteratzearen erronka mahai gainean jarri dute aldaketa hauek. Herriko eremu guztiei eragiten die, baina bereziki eskoletan ari dira aldaketa sumatzen: nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza komunitateetan, betiere euskaraz ez dakiten familiekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz.

Erronka horri Zaldibiako hezkuntza komunitateak heldu zion 2021-22 ikasturtean. Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntza Zentroaren aholkularitzapean eta UEMArekin elkarlanean lanketa mardula egin zuten. Zaldibia arnasgunea da, euskara da hizkuntza nagusia, baina erabileran nabari da jaitsiera. Testuinguru honetan, nola bermatu euskara ez dakiten gurasoekiko komunikazioa eta hartu-emana euskararekiko atzerapausorik eman gabe?

"Hizkuntzaren kudeaketarekin lotutako kezka eta zalantzak sortu ziren eskolan: bilerak nola egin, oharrak nola zabaldu, guraso elkartearen jarduna nola garatu, gurasoen whatsapp taldeak…"

Ezinegon horiei soluzio praktikoak ematen saiatu gara egitasmo honekin, baina horretarako ezinbestekoa izan da aurretik egindako lana eta elkar ulertzea. Konpartitzea zergatik den garrantzitsua arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzea. Eta ulertzea aldi berean, jatorri atzerritarra duten gurasoek euren seme-alaben eskolako informazio jasotzeko eta ulertzeko beharra dutela, gure herrietako hizkuntza aniztasunari erreparatu eta balioa eman behar zaiola…

HUHEZIko kideek proposamen metodologikoa eraiki zuten: lehendabizi, identifikatu zuten ikastetxe bateko bizitzan zein momentutan hartzen duten parte familiek; bigarrenik, proposatu zuten momentu horietan zein kudeaketa linguistiko egin ahal zen bi helburuak uztartzeko: euskararen erabilerari eustea eta euskara ez dakitenen komunikazioa eta parte-hartzea erraztea. Komunikazio egoera bakoitzarentzat proposamen bat egin zuten eta proposamen zehatz bakoitzari “formatu” izena eman zioten. Herri edo eskola bakoitzeko talde eragilea arduratzen da proposamen horiek egokitzeaz eta inplementazioa kudeatzeaz.

"Zaldibiako testuingurua eta beharrak beste herri batzuetan ere ematen zirela ikusi genuen, eta egitasmoa estrapolagarria zela ikusita beste hezkuntza komunitate eta udalerri batzuetara hedatzen hasi ginen"

2022-2023 ikasturtean Aizarnazabalen, Ondarroan, Leitzan, Ibarran eta Zestoan jarri ziren lanketak martxan.

Ordura arteko esperientzia eta balorazietatik ikasita hurrengo ikasturtean (2022-2023) beste 14 herritan jarri da martxan egitasmoa: Arbizuko herri eskola, Berako Rikardo Baroja, Lizartzako eskola txikia, Alegiako eskola, Areatzako eskola, Asteasuko eskola, Oñatiko Elkar Hezi, Mutrikuko Samiela, Legorretako eskola, Ereñozuko eskola,  Itsasondoko eskola, Orioko eskola eta ikastola, eta baita proiektu pilotu berri bat ere herri mailako lanketa eta estrategiak garatuko dituena (Markina Xemeinen eta Azpeitian).

Eta datorren ikasturteari begira (2024-2025) dagoneko 17 zentro berritan ari gara lanketa martxan jartzeko lehenengo pausuak ematen.

 

LIZARTZA

Lizartza, Tolosaldean (Gipuzkoan) kokatuta dagoen herri txiki bat da: 637. Txikia izanagatik ere azken urteetan bertako biztanleriaren bilakaera handia izan da. Aurretik aipatutako aldaketa guztiek horiek eragin nabarmena izan dute Lizartzan ere. Azken 20 urteetan Lizartzan jaiotako haurren %19ak guraso bat edo biak Hego Euskal Herritik kanpo jaiotakoak ditu.

Arnasgune bete-betea da Lizartza, 2021ean egindako kale neurketaren arabera kalean izandako elkarrizketen %83 euskaraz dira. Baina, egun biztanleen mugimendu handia du eta horrek hizkuntzaren ezagutzan zein erabileran zuen egoerak kezka sortzen zuen bai udalean eta baita eskola komunitatean ere.

Hori dela eta proiektuak bertan zentzua izan zezakeela ikusita egin zen Lizartzan proiektua martxan jartzeko proposamena eta esku zabalik jaso zuten hasieratik. Ikasturte osoan zehar martxan izan den talde eragilean parte hartu dute eskolako zuzendaritzako bi kidek, udaleko zinegotziak, guraso elkarteko ordezkari batek, jatorri atzerritarreko bi gurasok eta UEMAko teknikariak. 

Proiektuan proposatutako formatu guztiak jarri dira martxan ikasturte osoan, eta batez ere aurrera begirako hausnarketarako bide berriak zabaldu dira taldean. Eskolan egindako lanketari, guraso elkarteak emandako pausoak gehitu zaizkio. Baina, horrez gain hasieratik egin da saiakera hezkuntza komunitatetik haratago herrira zabaltzen proiektuak oinarri duen hausnarketa.

Oraindik bide luzea dago egiteko, baina komunitatean erantzun nahi zaio egoera berri honi, eta hori bada aurrerapauso bat.

"UEMArentzat estrategikoa da lanketa hau. Azken urteetako joerak eta aldaketak erreparatuta kontziente gara udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan ez dagoela bermatua euskararen etorkizuna, horretarako beharrezko neurriak hartzen ez baditugu"

Egitasmoa oso balorazio positiboak ematen ari da herri eta eskola ezberdinetan. Lorpenak asko dira; batez ere oinarri bat finkatzea lortu dugulako orain arte urrun zegoen jendearen artean, eta horri esker ari gara korapilo batzuk askatzen.

Bide horretan komunitate ezberdinen artean zubiak eraikitzen ari dira, harreman eta konplizitate berriak sortzen ari dira, eta, ondorioz herriko zein eskolako bizimoduan parte hartzea ere hazten ari da.

Era berean ezin da ukatu lanketa honek erronka berriak ere jarri dizkigula mahai gainean. Aipatu ditugun harreman berri horiek egoera ez formaletan ematen direnean (eskolako patioan elkartzen garenean adibidez), elkarrizketa horietan gaztelania gailentzen ari da. Horri heldu behar diogula uste dugu.

Oinarri bat jarri da, urrun zeuden asko euskarara hurbildu direla esan dezakegu, euskararekiko jarrera abegikorra adierazten dutela prozesu hauetan parte hartu duten herritar gehien gehienek; baina ez da nahiko, eta guraso horiek euskara ikasteko pausua emateko ahalegina egin behar dugu. Gutxieneko ulermen maila bat bermatzeko behintzat, udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan euskaraz bizitzen jarraitzeko ezinbestekoa izango baita. Badakigu ez dela apustu erreza, baina baliabideak egon badaude, metodologi berritzaileak eta inbertsioak egiteko aukerak ere bai.

Ez da erreza izango baina funtsezkoa dela iritzita hurrengo pausuak norabide horretan eman behar ditugula uste dugu.