ERREPORTAJEAK

Erria

Euskal Herritik mundu berri bat sortzen

2019-11-18

Abuztua zen, G7ko agintariak gure herrira etorri eta kontra-gailurra antolatu zela. Hilabete gutxi igaro diren arren, abiadura bizian datozen gertakari berrien poderioz, aspaldian izan zelako irudipena izan dezakegu. G7ri emandako erantzuna esperientzia aberasgarria izan zenez, egun beste arreta gune ugari dauden arren, balorazio txiki bat egiteak merezi du.


 

Gobernu eta komunikabideek elikatutako beldur egoera gaindituz, 15.000 lagun bildu ziren abuztuaren 24an Hendaia eta Irun artean egindako manifestazioan, bestelako mundu baten eta Euskal Herriaren alde. / FOKU

 

Bi mundu aurkeztu nahi izan zituen aurrez aurre. Planeta eta gizateria suntsitzen duena eta beste mundu bat eraikitzeko alternatibak dituena.

 

Dena dela, G7ri emandako erantzuna esperientzia aberasgarria izan zenez, egun beste arreta gune ugari dauden arren, balorazio txiki bat egiteak merezi du. Ez ziren gutxi ezkerraren baitan kontra-gailurraren harira sortu ziren eztabaidak eta agertu ziren estrategia eta ikuspegi ezberdinak. Eztabaida desberdinak sortu ziren, aberasgarriak batzuk, antzuak besteak, ziur aski. Baina eraldaketa soziala lehentasun gisa duen edozein mugimendurentzat, gaurkotasuna duen gaia dela kontuan hartu behar da.

Hitzordu hau erronka bat zen ezker soberanistarentzat eta, oro har, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurrean alternatiba aldarrikatzen dugun guztiontzat. Azken batean, planetaren eta gizateriaren suntsipenaren arduradun gorenak gure herrian biltzekoak ziren. Aitortu behar da, hala ere, G7a ez zegoela ezker abertzalearen eta aldaketa sozialaren aldeko mugimenduen agendan. Seguru aski, ikasturte politikoan zehar erronka handiak izan zituelako azken horrek. Hori dela eta, berandu eta egoerak behartuta ekin zitzaion ekimenaren antolaketari.

Testuinguru horretan, nola erantzun? Errazena, ziur aski, halakoetan protesta ekimenak antolatzea da, mobilizazio deialdi eta kanpaina klasikoak, herritarren haserreari espresio bide mobilizatzaile bat eskaintzea, alegia. Ikuspegi hori zeukaten deialdi eta mezuak agertu ziren sare sozialetan (G7 blokatu, Welcome to paradise, Miarritzera sartzeko deialdiak...), gerora erronkaren tamaina eta berau burura eramateko zuten/zegoen indarraren artean desoreka itzela zegoela agerian gelditu den arren. Beste kontu bat da apustu hori eraginkorra ote zen eta, garrantzitsuagoa dena, uneko gertakariaz harago, etorkizunerako ekarpen handirik egiten ote zuen.

Aurrez aurreko protesta hutsean gelditu beharrean, jendartean eragiteko planteamendua egin zen. Neurri batean, G7ren bilkurak sortzen duen arreta baliatu eta gureganatzeko apustua egin zela esan daiteke, eraldaketa sozialaren eremua indartu eta artikulatzeko.

 

 

Zergatik halako planteamendu politikoa eta kontragailurra?


Ficoban antolatutako Kontragailurrak xede bat izan zuen: borrokatzen dugun mundu berria eraikitzeko alternatibak partekatzea. 2000 lagun inguruk parte hartu zuten egunero. / FOKU

 

 

G7koak etorri bezala joan ziren, baina Euskal Herriko aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko borrokak aurrera jarraitzen du.

 

Lehenik eta behin, G7rekiko konfrontazioa eremu politiko eta ideologikora eraman nahia egon da, G7ak ordezkatzen duen sistema neoliberalaren zilegitasun eta sinesgarritasun krisian sakontzeko. Agintariek, euren aldetik, segurtasunean eta ordena publikoan jarri nahi zuten arreta, maila horretako konfrontazioa politikoki eta operatiboki neutralizatzeko prestatuak zeudelako.

Bigarrenik, herria jarri zuen erdigunean, austeritate politikek eta neoliberalismoak herritarren gehiengoa kaltetzen duelako. Horregatik, diskurtsoa zein antolatutako ekimenak gehiengo horri zuzenduta egon ziren, ahalik eta jendarte sektore zabalenak aktibatu eta mobilizazio espazio bat eskaintzeko. Irizpide horren arabera ezaugarritu ziren ekimen nagusiak eta agintariek hedatu zuten beldurraren kanpainari aurre egiteko neurri zehatzak hartu ziren (ekintza-batasunerako akordioaren zabalpena, besteak beste). Horrela, agintariek G7rekiko kontrakotasuna gutxi batzuen kontua zela islatu nahi bazuten ere, egiazko talka gutxiengo baten interesak defendatzen dituen elite politiko eta ekonomiko baten eta herritarren gehiengoaren artekoa dela erakutsi nahi zen.

Hirugarrenik, neoliberalismoak eragiten dituen maila ezberdinetako injustiziei aurre egiteko antolatzen diren borroka zehatz ezberdinei tokia emateko ahalegina egin zen. Feminismoak, ekologismoak, errefuxiatuei harrera ematen dieten elkarteek, sindikatuek eta beste hamaika mugimenduk parte hartu zuten.

Azkenik eta funtsean, bi mundu aurkeztu nahi izan zituen aurrez aurre. Planeta eta gizateria suntsitzen duena eta beste mundu bat eraikitzeko alternatibak dituena. Miarritzen politikoki eta militarki blindatua egongo zena eta Hendaia-Irungo kontra-gailurrean herritarrei irekia izango zena.

Indar desoreka izugarria kontuan hartuta, bilkura baldintzatzeko aukerak urriak ziren oso eta hori behar bezala neurtuta doitu zen planteamendua. Baldintzatu eta aldatu nahi zena G7k ordezkatzen duen mundua da. Jakinda, betiere, prozesu luzea izango dela eta, horretarako, neoliberalismoaren ondorioak (larrialdi klimatikoak, sozialak, demokratikoak eta humanitarioak) ikusgarri egin eta salatzea, eguneroko eremu anitzeko borrokak dimentsionatzea, alternatiba sinesgarri eta erakargarriak aurkeztea, gehiengo sozialak artikulatzea eta askotariko indar eraldatzaileen arteko aliantza eta elkarlan aukerak sortzea, funtsezko osagaiak izango direla.

Datu objektiboei begiratu ezkero, parte hartzea ez da nolanahikoa izan. Egunero, 2000 pertsona inguruk partu hartu zuen Ficobako hitzaldietan, askotan aretoak txiki gelditu zirelarik. Hendaiako eskolan eta zineman programatutako ekimenetan, egunero 600 pertsona inguruk partu hartu zuen. Gazte guneak bere programazio propioa egin zuen eta oso balorazio positiboa egin dute. Beste horren beste gertatzen da Kaneta gunean kokatu zen polo antikapitalista autonomoarekin. Manifestazio nagusian 15000 lagun bildu ziren. Kanpalekuan, bataz beste, egunero 2500 lagun aterpetu ziren. Gainera, plataformaren programatik kanpo, ekimen desobediente ezberdinak burutu ziren Monsanton, Hendaiako McDonals-en eta Baionan (“potreten martxa”). Aurreikusi bezala, okupazio militarra oso handia izan da eta horrek Baiona inguruan mobilizatzea argiki oztopatu du. Bestaldetik, kontra-gailurrerako mundu osoko 350 kazetari akreditatu ziren eta ugariak izan dira Hendaia eta Irunetik eginiko elkarrizketak eta zuzeneko emisioak.

Norbaitek esan dezake, G7k ordezkatzen duen txikizioaren aurrean, erantzuna ez dela aski sendoa izan. Bada, esaterako, Hendaiako manifestazioa Euskal Herrian burutu diren beste mobilizazio jendetsuekin (Altsasuko gazteak eta euskal preso politikoen aldekoak, feminismotik egindakoak...) alderatu duenik. Hala ere, ez litzateke perspektiba galdu behar. Izan ere, 15000 lagun mobilizatu dira uda betean, Lapurdin egin den manifestaziorik jendetsuenetako batean, gobernuek eta hedabide nagusiek asteetan zabaldu duten beldurraren kanpainari aurre eginez. Dagokion neurria emanda, balio handiko ekimena izan da beraz.

 

 

Lorpenak


BIZI! Mugimenduak abuztuaren 25ean Baionako karriketan buruz behera atera zituen hilabeteetan zehar instituzioetatik ebatsitako Macronen argazkiak. / Bizi!

 

 

Altermundialismoaren esparruari ekarpena egin zaio Euskal Herritik, aldaketa sozialaren aldeko estrategian burujabetza kokatuz eta duen balioa azpimarratuz.

 

Egiazki, zaila da kontra-gailurrak utzi dituen ondorio zehatzak aletu eta bere arrakasta neurtzea. Dena dela, horretarako, G7ri baino gure herriari begiratu beharko genioke. G7koak etorri bezala joan zirelako, baina Euskal Herriko aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko borrokak aurrera jarraitzen du, Euskal Herritik beste mundu bat sortzeko.

Kontra-gailurrak aipatu dugun prozesu luze horren baitan bere alea jarri du. Ildo horretan, lorpen batzuk azpimarratu daitezke. Oro har, diskurtsoan, estiloan eta eskaintzan, herritarren gehiengoarekin konektatu zuen. Hortaz, neoliberalismoaren krisian sakontzeko eta alternatibak daudela erakusteko baliagarria izan da.

Bestetik, G7ren aurrean nolabaiteko kontra-legitimitate bat eraiki da, herriaren ahalduntzearen ideiari indarra emanez. Gailurra eta kontra-gailurra bi eredu ezberdinen ispilu izan dira edonoren begietara, maila guztietan. G7ren gailurraren antolakuntzak herritarrei arazo ugari sortu dizkie eta porrot politiko bat izan zen. Kontra-gailurrak, ordea, sektore zabalen sinpatia irabazi zuen. Iritzi publikoaren bataila irabazi zuela esan daiteke.

Ipar Euskal Herritik begiratuta, kontraste hori nabaria izan da. Herritarren artean G7ri erantzun arduratsu eta kalitatezkoa eman zaiolako iritzia nagusitu da. Erantzun politiko txukuna, Frantziako Estatuaren posizioa ahuldu eta kontra-gailurraren antolaketan jardun duten eragileena indartu egiten duena. Gainera, altermundialismoaren esparruari ekarpena egin zaio Euskal Herritik, aldaketa sozialaren aldeko estrategian burujabetza kokatuz eta duen balioa azpimarratuz.

Azkenik, nazioarteari begira, Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen erreferentzia indarturik atera da eta Euskal Herriak ikuspegi propioa duela ikusi da. Zentzu horretan, beste eragile batzuen aurrean ezkerreko independentismoak irabazi duen zilegitasuna nabarmendu behar da.

Lorpen hauek guztiak, baina, dimentsioa hartuko dute aldaketa politiko eta sozialaren bideari jarraipena eman eta herri alternatiba batean gorpuzteko urratsak emango ditugun heinean. Egindakoa kapitalizatu behar da, jarrera ezkorrak gaindituz, gure buruari begiratuz baino jendarteari begiratzen jarriz. Aurrera egingo badugu, aipatu diren irizpideak jarraituz eta gure tradizio politikoan iraultzailetasunak duen prozesu politiko eta sozialarekiko konpromiso eta arduraren esanahitik egingo da.