Argazkia. FOKU. Argazkian, Oihan Errekondo Altuna eta Ainhoa Bueno Munarriz.
“Etorkizuna” hitza sareko bilatzailean jarri, eta 65 milisegundotan aurkitu ditu erantzunak. Azkar. Azkarregi, akaso, orainean dauden zantzuei erreparatuz gero. Baina, zer da etorkizuna? “Etortzeko den denbora, mintzatzen den unetik aurreragoko denborahedadura, gertatzeko dagoena” dio hiztegiak, argi. Belaunaldi batzuek ordea, Googlek ez bezala, ez dute etorkizunaren inguruko erantzunik izan orainean. Geroaz mintzatzea arrotza, nekeza eta pentsaezina zaie. No Future-Etorkizun ezaren belaunaldi bezala izendatu dituzte azken bi urteetan egungo gazteak; beraien gurasoak baino okerrago biziko den lehenengo belaunaldia, alegia. Paradoxikoa da, baina ez dagoen zerbaitek ematen die abizena gaurko gazteei.
«Etorkizuna hortik dagoen garai anbiguo gisa pertzibitzen dut, noizbait helduko dena eta ez dakidana oso ongi irudikatzen», aitortu du Ainhoa Bueno Munarriz gazteak. 20 urte ditu, eta Abaurregainakoa da, Nafar Pirineoetakoa. Orain Historiako gradua ikasten ari da Gasteizen, eta bertan bizi da, lagun batzuekin batera konpartitzen du pisua. Errealitate horretatik geroaren zerumuga «ezabatuta» dagoela ikusten du: «Ez dugu etorkizuna irudikatzeko tresnarik. Agian lehengo gazteek norabide edo ipar jakin batean eraikitzen zuten haien biziproiektua, arrakasta lortzera bidean urratsak zehaztuago egonik. Guk ez, guk ezin dugu; ipar hori ezabatu digute». Ipar orratzak ez die etorkizunerako norabiderik markatzen, baina hori ezin da modu hutsalean ulertu: «Gure bizitza baldintza materialetan eraikitzerako orduan krisi garaiak bakarrik ezagutu dituen gazte subjektuak gara, 2008tik hasita gaur arte. Gure belaunaldiak baldintza emozional zein materialak krisi horien erreferentziapean garatu ditu», dio Oihan Errekondo Altuna gazte usurbildarrak.
AINHOA BUENO «Ez dugu etorkizuna irudikatzeko tresnarik. Agian lehengo gazteek norabide edo ipar jakin batean eraikitzen zuten haien biziproiektua, arrakasta lortzera bidean urratsak zehaztuago egonik. Guk ez, guk ezin dugu»
Beste paradoxa bat mahaigaineratu du Errekondok: «Inoizko belaunaldirik prestatuena gara, bizi proiektua eraikitzeko txikitatik besteak baino gehiago izatea exijitu zaiona, bizi baldintza duinik izan gabe. Konpetentzia horretan hezi gaituzte umetatik. Baina, aldi berean, etorkizunean pentsatzeko baldintzarik ez duen belaunaldia gara, espektatibarik egin ezin ditzakeena». Bueno bat dator Errekondorekin; begirada geroan jarriz gero, lausotuta ageri zaio dena. «Zaila egiten zait bizi-proiektu bat irudikatzea hainbeste ziurgabetasunekin, jakin gabe etxebizitza bat izanen dudan, hori ordaintzeko lan duin bat izanen dudan…
Eta baldintza materialetatik haratago, etorkizun hori jasoko dugun gazteok nola biziko garen, zer bizi-eredu garatuko dugun». «Oso zaila egiten zaigu, ez daukagulako exijitu diguten espektatiba hori betetzeko bermerik; ez bizitza pertsonalean, ez belaunaldi bezala, ez dakigu etorkizuna nola kaskartuko zaigun. Saldu diguten etorkizuna irudikatzetik materializatzera arrakala izugarria nabaritzen da», gehitu du Errekondok.
Argazkia. FOKU.
EGUNEROKOAN, MILAKA ADIBIDE
Teoria eta hitz potoloen atzean eguneroko adibide garbiak ikusten dituzte. Emantzipatzeko adina, esaterako. 30 urtetan dago Hego Euskal Herriko bataz bestekoa. Larria deritzo Errenkondori: «Emantzipazioa salto kualitatibo oso garrantzitsua da bizi proiektua garatzera bidean. Bataz bestekoa adin buelta horretan egotea basakeria bat da. No future belaunaldiaren islada garbia da». Nafar Pirineotako ikuspegitik ere afera berdina bizi du Buenok. Etxebizitza eskubidearen urraketak beste hainbat arazo katebegi bailiran lotzen ditu: «Bizitzen ari garena ez da kasualitatezkoa edo naturala, urteetan atzera harturiko erabaki politiko ezberdinen ondorio kausal hutsa baizik, eta erantzule zuzenak ditu beraz, herriei entzungor egin dietenak. Honen ondorio praktikorik nagusiena despoblazioa da, herrialde hirizentrista bat sustatzearen eskutik. Gure herriak husten ari dira, ez dagoelako ez etxebizitzarik, ez lanposturik». Gazte exodoa bailitzan, bizilekuetatik alde egitera kondenatzen dituztela dio.
Kate berdineko beste katebegi bat da ikasteko aukera eza. Nerabezarotik hiriguneetara joatera bultzatzen ditu horrek, Pirinioetako herriak asteburuetako eta turismorako toki soil bezala bideratuz. «Agortzen ari dira eskualdean bizi-proiektuak garatzeko aukerak, eta asteburutarako aisialdira zein turismora kondenatu nahi dute Pirinioa. Ikasketak hemen egiteko aukera ezak mesederik ez eta kalte handia egiten dio egoerari, 16 urterekin gazteok hirira joan behar izaten baitugu, gure herriekiko deserrotze handia sortzen duena». Deserrotze horrek, behintzat, lanpostu duinagoak izatea ekarriko balu, bestelakoa litzake egoera.
OIHAN ERREKONDO «Gure bizitza balditza materialetan eraikitzerako orduan krisi garaiak bakarrik ezagutu dituen gazte subjektuak gara.»
Baina, Buenoren ustez, unibertsitate tituluak ez ditu etorkizunerako berme gehiago eskaintzen: «Unibertsitateko hezkuntza eredua agortuta dago. Formakuntza teoriko-praktiko, kolektibo eta pedagogikoa izatetik urrun, kalitate negargarriko ikaskuntza-prozesu indibidual eta memoristiko hutsa jartzen du erdigunean, gure garapena bermatzen ez duena. Uste dut, gainera, lanpostu bat bermatzearen eta duintasuna eskaintzearen baieztapenak aspaldian galdu zuela zilegitasuna. Uste dut erdigunean jartzeko eztabaida dela etorkizunera begirako bermeena. Unibertsitate titulu batek non eskaintzen dizu biziproiektu bat garatzeko aukera?», galdetu du, erantzuna jakin badakien arren.
Nafar Pirinio inguruko azken urteetako bilakaerari erreparatuz, etorkizunaren gainbehera sumatzen du begiekin. Bere bizilekuan bultzatu nahi duten herri eta hiri eredua eredu kapitalista dela uste du: «Lanpostu faltari lehen sektorearen larritasuna gehitu beharko genioke. Landa-eremuaren ezaugarri historiko izan diren nekazaritza eta abeltzaintza egoera itogarrian daude; produktuei ateratzen zaien etekina oso txikia (lotsagarria) da, eta diru-laguntzei esker bizirautera mugatuta ikusten du bere burua sektoreak. Duen azpiegitura garestiarekin eta eskaintzen duen etekin gutxiarekin, geroz eta gazte gutxiagok egiten dute nekazari edo abeltzain autonomo izateko hautua, sektorearen belaunaldierreleboa zailduz. Zerbitzuetara eta turismora kondenatu nahi dute gure eskualdea».
Adibide garbi batzuk zerrendatu ditu: «Kanterak, haize-errotak, zabortegiak, Itoizeko urtegia, urpean geratutako etxeak, etxegabetutako familiak...». Gertuko adibideak zerrendatuta galdera bat datorkio: «Hornigaiak ustiatu bai, baina norentzat?». Erantzuna badaki Buenok, baina hitzez ez ematea erabaki du, seguru dago irakurri gabe ere irakurleak erantzuna badakiela.
Argazkia. FOKU.
PREKARIETATEA, BIZITZAREN ERDIGUNE
Prekarietatea. Belaunaldi horrek sarritan entzun eta irakurri duen beste hitz potolo bat, katebegi guztiek amankomunean duten elementua, elkarlotzen eta elikatzen dituena. Errekondoren ustez, ordea, momentu puntualetako baldintza edo egoera gisa saldu diete prekarietatea, baina haren ustez, belaunaldian errotuta dagoen funtsezko elementu estrukturala da: «Prekarietatea gure bizitzaren erdigunean dago, gure bizi eredua bera prekarioa da. Ez dago soilean sektore prekariezaturik, bizi eredu prekarioa erdigunean jarrita hezi garen belaunaldia gara». Kontratu gabeko lanak, sobre batean jasotako soldatak, kontraturik izatekotan, ebentualak, praktiketakoak, zaintza lanak...zerrenda luzea da. Datuek ere Errekondoren esanak baieztatzen dituzte.
2021ean %37 igo da gazte langabezia Hego Euskal Herrian, eta 15-29 urte bitartean bigarren heriotza kausa ez naturala da suizidioa. Adituen arabera, astean lau pertsona suizidatzen dira. Probabilitate hori handiagoa da adin tarte horretan. Osasun mentalaren auzia garrantzizko arazoen periferian kokatu da beti. Datu gordinek, ordea, erdigunerago kokatu dute azken hilabeteetan. Buenok dio datuen arteko ekuazioa ez dela kasualitatea, ez da kasualitatea etorkizunik ez duen belaunaldiak bere buruaz beste inoiz baino gehiago egitea: «Etorkizun ezari aurre egiteko elementu gutxiegi du egungo gazteriak, bai objektiboki, bai subjektiboki.
OIHAN ERREKONDO «Inoizko belaunaldirik prestatuena gara, bizi proiektua eraikitzeko txikitatik besteak baino gehiago izatea exijitu zaiona, bizi baldintza duinik izan gabe»
Testuinguru honetan gaixotasun mentalen diagnostikoak gora egiten jarraitzen duen bitartean, tabu gaiak izaten jarraitzeaz gain, gazteok hauek kudeatzeko erreminta objektiborik gabe jarraitzen dugu». Arazoa konpontzeko giltzak esku pribatuen esku geratzen direla dio. «Pribatu gutxi batzuen esku egoten jarraitzen du; gure osasun mentalarekin negozioa egin nahi dute instituzioek. Horren bitartean, kontsumismo logikatik at kokatzen diren aisialdi eredu alternatiboak ukatzen zaizkigu, gazteok harremantzeko espazio segururik gabe utziz, oraindik larriago, harremanak likidotzen ari diren testuinguru batean».
Datuen aurrean larritasunez mintzo da Errekondo, baina, aldi berean, tamalez, ez da harritzen. «Termometro batekin neurtuko bagenu, gure belaunaldiaren egoera emozionalaren eboluzioa erakusten dituen datuak dira». Zenbakien analisi sinplista egin izan dela dio, testuinguruari, faktoreei erreparatu gabe, kasu isolatu gisa aztertu direla. «Depresioak eta suizidioak ezin dira aztertu arazo pertsonal edo indibidual moduan, arazo kolektiboak dira, gizarte arazoak dira. Lotura zuzena dute gure bizi eta lan baldintzekin». Interes horrek logika «kapitalista patriarkalari» erantzuten diola adierazi du: «Eredu neoliberala ezartzen dute gure bizi proiektuen baitan, konpetentzia dago bizitzen erdigunean pertsonak egon beharrean, eta horrek produktu bilakatzen gaitu. Lan mundura sartzean exijitzen zaigun guztia ditugun baldintza urriekin...oso konplexua da dena, baina lotuta dago».
AINHOA BUENO «Klandestinitate ariketa izan dira maitasuna eta harremanak»
Errekondo Buruntzaldeako Irauli talde prekarioko kide da, eta perspektiba horren betaurrekoetatik ere eskaini du ikuspuntua: «Pobrezia eta prekariezazioarekin bukatzea ezinbestekoa da. Konponbideak erraza ematen du, baina berez sistema osoaren errotiko aldaketa bat exijitzen du. Sistema eraginkorra da lan baldintza prekarioak daudelako, eskulan produktiboa dagoelako. Horretatik elikatzen da». Baina argi du prekariezatutako belaunaldi oso batez mintzo den arren, bazterrerago dauden sektoreak ere badaudela: «Sektore zaurgarrienekin egon behar gara, gu belaunaldi oso bat gara, baina ez gara gu bakarrik. Pertsonak erdigunean jarriko dituen bizitza bat behar dugu, hain sinple, eta hain konplikatua aldi berean».
Egoerari aurre egiteko arnasguneak ere identifikatu zituzten. Harremanak izan dira gazteon helduleku nagusi, eta helduleku horiek oratzearren kriminalizatu dituzte hain zuzen. Baina, ba al dago harremanik gabeko elkar zaintzarik? «Klandestinitate ariketa izan dira maitasuna eta harremanak». Horrela bizi izan du Buenok. Arnasgune zitzaizkion heldulekuak kontrabandoz sostengatzen ibili da, beste milaka gazte bezala. «Azken hilabeteetako debekuak harremanen esparruan fokalizatu dira, gazteok harremantzeko espaziorik gabe utziz.
AINHOA BUENO «Gazteoi memoria idatzi eta konponbiderako lehen lerroan egotea dagokigu. Eta mezu zuzen bat daukagu; gureak presoak ezagutuko dituen azken belaunaldia izan nahi du.»
Argazkia. FOKU.
Baina argi dago gure identitateak kolektiboan eraikitzeko beharra, baita gure arteko zaintza praktikatzekoa», ondorioztatu du. Harremanen kriminalizazio eta klandestinitateak arrastoak utzi dituela uste du, oraindik zama hori nabaritzen du. «Harremanen kalitateak behera egin duela uste dut, eta hemen paper garrantzitsua jokatzen du neoliberalismoak, gure herrian hain esanguratsua den sen eta sare komunitarioa higatu eta bakartuz. Hala, norberaren zoriontasunaren eta askatasun faltsuen izenean, arazo kolektibo eta erantzukizun indibidualen arteko lehia areagotu da».
Estrategia horren aurrean, harremanei gaitasun politiko aitortu behar zaiola azaldu du. «Behar afektibo eta sozialak asetuko dituzten sareak eraiki behar ditugu, harreman osasuntsuak sustatuz eta modu kolektiboan egoerari aurre eginez. Eta zentzu horretan, militantzia, borroka eta bestelako espazio kolektiboak sozializatu behar ditugu helduleku gisa».
Etorkizun ezaren belaunaldia ez eze, erruaren aurpegi berria ere izan dira gazteak. «Arazoaren oinarrira jo aurretik fokua gazteongan jarri nahi izan da, presio sozial hori beste behin gure gain jartzeko: politikariek, komunikabideek estrategia izugarria izan dute erroko arazoez hitz egin ez, eta agenda osoa gutaz hizketan pasatzeko», azaldu du Errekondok.
OIHAN ERREKONDO «Gazteok izan gara arazoaren erdigune, baina ez da ezer berria, etorkizuneko interesak lortzeko ondo lotutako estrategia oso bat da. Beti kriminalizatu izan gaituzte geroko adoktrinamendu sozial bat lortzeko»
Kriminalizazio hori, ordea, betiko kontua dela dio: «Gazteok izan gara arazoaren erdigune, baina ez da ezer berria, etorkizuneko interesak lortzeko ondo lotutako estrategia oso bat da. Beti kriminalizatu izan gaituzte geroko adoktrinamendu sozial bat lortzeko». Bueno guztiz bat dator kidearekin. Interes argi bat ikusten du atzean: «Helburu oso konkretu bat izan du estrategiak; gure bizi-baldintza prekarioen erantzule gure buruak markatzea, gu geu gure bizitzen eta buruen jabe garela sinistaraztea. Eta gu garela zoriontasuna, arrakasta eta duintasuna lortzearen erantzule bakarrak». Itxurakerien aurrean argi dute ez direla geldirik geratuko: «Pandemia garaian argi geratu da lehen lerroan izan garela egoera salatzeko, garbi ikusi da benetan gaitasunak ditugula alternatibak eraikitzeko».
Etorkizunaz mintzo direla, ezin aipatu gabe utzi belaunaldi berriak irudikatzen duen ametsetako Euskal Herria. Lurraldeko egoera guztiz aldatu da hamar-hamabost urtetan: globalizazio basatiaren eragina, estrategia aldaketa, gatazka ondorioen konponbideen logika... Horrek belaunaldi arrakala areagotu du euskal jendartean. «Elementu identitarioak apalduz agertzen zaizkigu guri, euskal kulturaren transmisioari zailtasunak jartzen dizkiote eta gutxinaka herri nortasunaren izaera itzaltzeko saiakera egiten dute.
AINHOA BUENO «Galtzeko ezer eta dena irabazteko duen belaunaldia gara. Nekez egin dezakeelako okerrera lokatzetan dagoen gazte belaunaldi oso baten egoerak.»
Honen guztiaren aurrean, erranen nuke gure gurasoen belaunaldiarekin alderaturik oso bestelakoa dela eszenatokia. Errepresio formak aldatu dira; ez da modu hain azalekoan ematen, eta erreminta ezberdinen bitartez zapaltzen gaituzte», zehaztu du Buenok. Euskararen auzia jarri du adibidetzat: «Eztabaida arazo estrukturala izatetik hautu eta erabaki pertsonalera bideratu nahi dela. Baina sozializatu eta borrokatu behar dugu euskararen ezagutza hutsak ez duela ez hizkuntzaren biziraupena bermatuko ez gure herria euskaldunduko. Arazo indibidualetik erantzukizun kolektibora egin behar dugu salto». Euskal Presoen auziarekin ere egoera guztiz bestelakoa dela iruditzen zaio. «Gure belaunaldiak ez ditu kide horiek kalean ezagutu, eta etxean edo herrian izan dugu haien berri, tabernetan eta ekimenetan haien argazkiak ikusiz.
Hala ere, urruntasuna ez da soilik objektiboa, eta Estatuak lan handia egiten du konponbidearekiko urruntasunean sakontzeko. Herri-memoria ezabatu eta errelato faltsu bat inposatu nahi digu, ekimenak debekatuz edota historia desitxuratuz». Frantziar eta espainiar estatuen errepresioa eta estrategia bestelakoa bada ere, belaunaldi berrien erantzukizuna berdintsua da: «Gazteoi memoria idatzi eta konponbiderako lehen lerroan egotea dagokigu. Eta mezu zuzen bat daukagu; gureak presoak ezagutuko dituen azken belaunaldia izan nahi du».
Beraien belaunaldiari jarri dizkioten abizenetan pentsatzen jarri dira: erruaren belaunaldia, etorkizun ezaren belaunaldia, sare sozialen belaunaldia, itxurarena... Beste izen batzuk okurritzen zaizkie: «Espektatiba faltsuen belaunaldia», esan du Errekondok. Buenok argi ilunak jostea du nahiago: «Galtzeko ezer eta dena irabazteko duen belaunaldia. Nekez egin dezakeelako okerrera lokatzetan dagoen gazte belaunaldi oso baten egoerak» “Etorkizuna” hitza haien bilatzaileetan jarriz gero, seguru asko, ez lituzkete erantzunak Googlek bezain azkar bilatuko, ez dute erantzunak esku artean izateko baldintzarik. Bidea egiteko, ordea, beti ez dira erantzunak behar, sarritan galdera ikurrak toki egokian jartzearekin eta anbizioa izatearekin nahiko da.