ERREPORTAJEAK

Erria

Burujabetza feministatik, herria

2022-06-15

Jakin badakigu hau ibilbide baten jarraipena dela, praktika feministatik sortu den ibilbidea, komunitate politikoak harilkatu asmoz, gure jarduna egokitu eta elkarrekin boteretzearen bitartez eraiki duguna. Ibilian ikasi dugu gure errealitatea hainbat zapalkuntzen elkargunetik irakurtzen; ulertu dugu euskaldunak, langileak, bollerak, transak, migratuak, gazteak, adindunak garela herri txiki honetako emakumeak; anitzak, bere osotasunean.


Argazkiak: FOKU

 

Elkargunean boteretu gara herri honetako emakume* feministak. Euskal Feminismoan aspaldi konturatu ginen elkargune horiek ez zirela helburu bat, hau da, aniztasuna abiapuntua baino ez dela. Identitatea elkarekintzan eraikitzen den prozesu konplexua, historikoa eta multidimentsionala dela ulertzen dugu. Gure sorreratik klasea, genero eta nazio zapalkuntzak elkarlotzen dituen bizipenak mahaigaineratu eta zapalkuntza egoera hauek borrokatu ditugu. Hasieratik ondotxo genekien generoak ez zituela gure menderakuntzaren ertz guztiak barnebiltzen: horretxegatik, zapalkuntza hirukoitza izan dugu oinarri.

Nazioak eta jatorriak nortasun politikoa eraikitzen dute eta kultur identitateak hartzen duen dimentsio politikoa nabarmentzen dute. Identitate horiek dimentsio materiala dute, gure errealitatea aldatzen dute, moldatzen, baldintzatzen dituzte era dialektiko batean. Euskal Herriko emakume langileak ere bagara, eta gure errealitateak kapitalaren oinarri sexuatua eta generoaren dimentsio sozioekonomikoa bistaratu dizkigu, emakume eta gizonen arteko bereizkeria kapitala hedatzen jarraitzeko estrategia politiko-ekonomiko baten baitan kokatuz.

Aldi berean, Kapitalismoa izendatzen dugunean, dominazio sistema patriarkalarekin eta kolonialistarekin duen artikulazioan ulertzen dugu. Jakinik, patriarkatua zisheteronormatibitatearen birprodukzioan oinarritzen dela ere. Paradigma hori oinarri, continuum bat izan da Bilgune Feministako kideontzat gure errealitatea ulertzeko kontzeptuen erabilera. Horrela izendatu gabe, planteamendu intersekzional bat egiten ari ginen aspaldi.

 

Guretzat interzekzionalitatez hitz egitea, elkargurutzeaz hitz egitea da. Feminismo ezberdinetatik edan eta ikasi dugu norberaren kokapenaren garrantzia, izan ere, kokatzea funtsezkoa da posizio hegemonikoetatik askatzeko.

 

Intersekzionalitateak erakusten digu pertsonok kokaleku bat dugula eta kokaleku horrek gure bizitzako aukerak eta gaitasunak baldintzatzen ditu.Azken batean, zapalduak eta zapaltzaile izan gaitezkeela onartzeak marko zurrun eta dikotomikoak pitzatzera garamatza. Baina askotan identitateen borroka batera eraman izan gaitu, zapalkuntzen mailakatze batera eta horrek intersekzionalitatea modu oker batean ulertzera. Bilgunetik argi dugu: bakoitzak bere esperientziatik hitz egin eta borrokatu behar du, gero guzti hori elkartu eta borroka komunak eraikitzeko.

 

 

Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko jarraitu behar dugu borrokan. Elkargurutze horietan sortuko bait dugu herri honen eraldaketarako izango den palanka. Mugiemendu Feminsitaren ikaspenetatik eta borroketatik lortu dezakegu burujabetza feministaren palanka. Finean, jendartea eraldatzeko behar horrek burujabetzaren beharra dakar. Guk argi daukagu burujabetza ez dela bulegoetan adosten, estatuetatik baino eguneroko bizitza arruntetik abiatzen dela. Egunez egun bizitzak erdigunean jarri behar ditugu, bai gure gorputzen gaineko erabakietan, bai denbora eta lanen banaketan, bai aniztasunaren aitortzan edota komunaren defentsan. Bestalde, lurraldean ere sustraitzen da burujabetzaren beharra. Premiazkoa da gure lurraldean erabakitzeko ahalmena berreskuratzea botere korporatiboen zerbitzura dauden bi estatuen aurrean.

 

Bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko jarraitu behar dugu borrokan.

 

Beraz, burujabetza feministak lotura zuzena du Euskal Herriaren autodeterminazio eta aldaketa prozesuekin. Horrek herritartasun eredu berriak irekitzeko aukera dakar eta elkarren artean harremanak dituzten pertsonak bihurtzea eskubideen subjektu, eskubideak enpleguari, ezkontzari edo jatorriari lotu ordez. Eragileok baditugu desafio ez gutxi: eskuinaren gorakadak markatutako testuingurua, estatuetako lurraldetasun krisi eta inboluzio sozialaren aurrean burujabetzan sakonduko duen alternatiba eraikitzea, kolapso egoerara doan zibilizazioari trantsizio bat eskaintzea.

Horietan guztietan, ezinbestekoak dira emakumeon* parte-hartze politikoa, oinarri feminista duen herri proiektua definitzea eta mugimendu feministaren mintzakidetza. Izan ere, errealitatea gordina da: Feminismoetatik aspaldi diagnostikatu genuen kapitalismo patriarkalaren birfundatze zikloa, eredu hau sostengaitza zela ohartarazita.

 

Guk zaintzaren potenitzialidade politikoa erdigunean jarri nahi dugu. Elkarzaintza eta zaintzarako eskubidea helburu direlako, bizitza komuna guztion artean sostengatzeko ezinbestekoa.

 

Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidearen alde. Eskubide hori modu kolektiboan ulertzen dugu, eta ez modu indibidualizatuan. Kokatuak dira eta egun EHan ezin dugu zaintzaz hitz egin mundu mailako kate globalaz hitz egin gabe.

Izan ere, zaintza erregimena patriarkala da, baina koloniala ere bai. Interpelatu gaituzte, behin eta berriz. Kide feminista migratu eta arrazializatuek ispilu aurrean jarri digute askotan erreparatu ez duguna. Ikuspegi dekolonialak, galdera eta erronka berriak planteatzen dizkigu. Bai, EHko mugimendu antiarrazista eta euskaldun bat artikulatzea dagokigu eta horretarako etxerako lanak egin behar ditugu; pribilegioez hitz egin bai, baina eskubideez ere, boterearen inguruko hausnarketak sustatzea eta nola ez konfiantza, enpatia eta elkarrizketarako bideak topatzea.

 

Interpelatu gaituzte, behin eta berriz. Kide feminista migratu eta arrazializatuek ispilu aurrean jarri digute askotan erreparatu ez duguna. Ikuspegi dekolonialak, galdera eta erronka berriak planteatzen dizkigu.

 

Militante feminista askorentzat Mugimendu Feminista da euren euskalduntze eta euskalzaletze eremu nagusi eta bakarra, horregatik, euskalduntzea ezin dugu mugatu hizkuntzaren kudeaketara, euskara lotu behar dugu borrokarekin, eraldaketarekin, justiziarekin, sormenezko kulturarekin eta azken batean, imaginario eta utopia berriak amestearekin. Ezinbestekoa dela Euskal Herrian dauden beste hizkuntza eta kulturekiko begirunea izatea, -horietako batzuk, gainera, hizkuntza ez hegemonikoak dituzte-, aberastasun gisa ulertzea eta etsaitzat ez jotzea.

Horregatik, euskara balioetsi, irakatsi eta zabaltzearekin batera, bestea” beste sentitu ordez, parte sentiarazteko, gure jarrera arrazistak, klasistak eta aurreiritziak errefusatzeko apustu kolektibo bat egin behar dugu. Eta bai, euskarara iritsi ez den kideak ulertu behar du, eta gu bidelagun izan gaitezke prozesu horietan, euskara auzi politikoa dela eta mendeetako zapalkuntza jaso duen hizkuntza gutxitu eta zapaldua dela. Horregatik, elkarrekiko begirunea eta enpatia ezinbestekoa izango da elkarbizitza sortzeko ariketa honetan. Euskal Herri euskaldun bat izatea euskaltzale guztiona da, eta bereziki, erakunde publikoek bermatu beharko lukete hori.

Beraz, bai udalgintzan, bai autonomia erkidegoetan exijitzen diegu euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak garatu ditzatela, euskalduntzea ez baita soilik ideologikoa, klase kontua ere bada. Euskaraz aritzea gaur gaurkoz ez da pribilegio bat, borroka eremu bat da. Borroka horretatik abiatu behar gara euskara duintasunez bizi ahal izateko baina batez ere, guztiontzako eskuragarri izateko.

Baina, aldi berean, euskal hiztun moduan dugun posizio ez-hegemonikotik, beste posizio gutxitu batzuekin konektatzen badugu eta, era berean, euskaldunak zein mendebaldekoak izateagatik ditugun bestelako onurak identifikatzen baditugu gure posizio konplexuaz jabetu eta bestearekin loturak egiteko kokaleku egokiagoan jarriko gara.

 

Posizio ez hegemoniko bat okupatzea potentziala da beste diskriminazio egoerak sentitzeko eta hautemateko.

 

Des-zentratu gaitezen. Hau da, posizio ez hegemoniko bat okupatzea potentziala da beste diskriminazio egoerak sentitzeko eta hautemateko. Baina horretarako, gure zapalkuntzatik atera behar gara, biktima posiziotik aldendu, konturatu ahal izateko pribilegio posizio batean ere bagaudela. Deszentratze ariketa hau mingarria eta deserosoa da, ezinegona sortzen du. Baina zapalkuntzak kontraesanez beteta daude, eta heldu behar diegu kontraesan horiei benetako eraldaketa nahi badugu. Kontraesanetan murgiltzen garenean, bestearen zapalkuntza ezagutzeko gaitasuna daukagu.

 

Zapalkuntzak harremanetan daude. Zapalkuntzak ez dira gehitzen, zapalkuntzak elkargurutzatzen dira eta kokaleku sozial espezifikoak eratzen dituzte. Ez dira esentzia bat eta ez dira estankoak, testuinguruaren arabera gure kokalekua aldatzen baita.

 

Estatusa, maila eta pribilegioak aldakorrak dira. Bestalde, zapalkuntzak ez daude airean, gure gorputzetan haragitzen dira, gure buruarekiko eta besteekiko dugun harremana baldintzatuz, gure bizi esperientzia markatuz eta gure gogo-gorputzean zauriak utziz.

Beraz, kolektiboki hori zaindu eta osatzeko tresnak asmatzea ere politikoa da, eta ez da erronka makala. Bilgune Feministan zapalkuntzen eta identitateen gaia landu dugu, ez horrenbeste behar teoriko bati erantzuteko, baizik eta gure praktika politikoak eskatzen duen subjektu feminista artikulatzeko. Hau da, identitateen eztabaida termino politikoetan kokatzen dugu: hauek egituratzen dituzten botere-harremanekin amaitzeko eta subjektu politiko askatzaileak sortzeko.

 

 

Subjektu feministaz ari garenean, identitatea modu indibidual eta kolektibo batean irakurtzen dugu. Ulertzen dugu identitatea kolektibo baten parte izatearen sentimendu subjektiboa dela, non bizipen pertsonalak, ibilbide kolektiboak, ezaugarri bereizgarriak eta egiturazko bereizkeria egoerak eragiten duten. Neoliberalismoak, identitatea modu indibidualean azaldu nahi du, GUtasunik gabe, despolitizatua, borroka kolektiboa neutralizatzeko.

Baina guk, esaterako, sexuidentitatean eragiten duen esplotazio ekonomikoa, antolamendu politiko, soziala zein kulturala eta ideologia hegemonikoak azpimarratzen ditugu, hauek irauli ahal izateko. Hau esanda, feminismotik eraldaketarako karril orokorra egotea inportantea dela deritzogu, borroka ezberdinak josteko; zapalkuntza zein pribilegio posizio espezifikotik abiatu eta elkartzen gaituena topatzeko. Orokorra beraz, baina ez zurruna, estankoa eta esentziala.

Baina karril hori ezin da eraiki, borrokak mailakatuz, subjektuak ezkutatuz edota agendak inposatuz. Mundu berri bat eraiki nahi badugu, elkarren arteko beharra dugu, inork ez duelako arazoa argitzeko erantzun totala. Horregatik, subjektu anizkoitza artikulatzearen aldeko hautua egiten dugu.

 

Sistemak gure arteko diferentziak erabiltzen ditu gure loturak zatikatzeko, isolatzeko, desaktibatzeko. Jendartea feminismotik iraultzeko, ordea, diferentziak aukera bihurtu behar ditugu.

 

Horiek baliatu behar ditugu eraldaketarako errezeta konplexuagoak eta mamitsuagoak sortzeko, dominazioaren mekanismoak hobeto ulertzeko eta hauei aurre egiteko. Izan ere, ez gara merkantzia baliagarria eredu heteropatriarkal honentzako. «Ahaldundu zaitez, izan zaitez zu, baina guk digun moduan». Gizon eta emakume zis heterosexualek (eta ordenatuak) behar dituen kapitalismo basati honek, patriarkatuarekin aliatu eta kabitu ezinik gaituen markoa eusten dute. Indibidualismoan nahi gaituzte, kontsumoan eta bazterretan.

Askatasunez mozorroturik datoz askotan indarkeria eta zapalkuntza zis-heteropatriarkala. Disimuluz, garbituz, irentsi nahian. Baina guk mozorroa kendu nahi diegu. Aspaldi hasi ginen salatzen markotik ateratzeak, araua apurtzeak dakarren zigorra. Markoa lehertzen ari gara, plazerez behin eta berriro apurtzen. Kolektiboan egiten diren eztanda handi eta txikiek egiten gaituzte desobediente. Desobedientzia kolektiboa zainetara eramaten gabiltza. Ez gara markoan kabitzen, eta ez dugu nahi ere!

 

Guk Burujabetza Feministak herritar guztientzako emantzipazio markoa eskaintzea eta zapalduen arteko samurtasuna ahalbidetzea nahi dugu.

 

Bizitzako alor guztietan erabaki nahi dugu. Bertatik eraiki nahi dugu. Euskal Herrian burujabetza feminista eraikitzeko feministok kalean kontraboterea artikulatzearekin batera, boterearen jabe izan behar dugu. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta intzidentzia irabaztea dela ulertzen dugu, mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko.

Honez gain, botere hartzea ahalduntze pertsonal eta kolektiboarekin ere lotzen dugu. Horretarako, Mugimendu Feministaren aitortza politikoa ortu behar dugu, lidergo feminista bat osatuz eta botere guneak irabaziz. Demokrazia erradikala, parte hartzea, gatazken kudeaketa feminista, justizia sozialaren alde aliantza anitzak xaxatuz, alternatibak eraiki eta saretuz, eta aniztasunean oinarritutako Euskal Herria sortuz. Erronka handiak ditugu euskal feministok eskuartean. Baina erronka handi horiei anbizioz erantzuteko jaio ginen; feminismoak egiten gaitu Herri.