Argazkia. ANDY WARHOL AT LEVEL TWO IN THE POST MODERN CAVE 15. Wikipedia Commons
Artea eta kultura, zentzu zabalean ulertuta, gizartea eraikitzen duten elementuak dira. Artegintzaren eta gizartearen arteko loturak aztertzean, beraz, artegintzaren nolakotasunaz hitz egin behar da. Nolakotasun hori, noski, herri batekin, hizkuntza batekin, egoera historiko, sozial, eta politiko batekin harremanetan eraikitzen da. Galdetu genezake, hortaz: zein dira egungo euskal zinemagintzaren ezaugarri nagusiak, edo izaera nagusia (baldin badauka)? Zergatik autore zinema, introspektibo eta minimalista, bisuala, estetikoa, sinbolikoa? Zein dira euskal literaturaren egungo joera nagusiak? Zinemagintzaren antzekoak? Bai? Ez? Zergatik? Zein dira genero literario hegemonikoak? Euskal musikagintza popularrak problema indibidualak islatzen ditu kolektiboak baino gehiago? Zergatik gailentzen dira sentsibilitate batzuk, eta beste batzuk ez? Zergatik goratzen dira autore batzuk, beste batzuk itzali, eta beste batzuk mitifikatu? Horri guztiari erantzuteko, artegintzaren soziologia bat egitea komeni da. Hemen, ordea, tentsio batzuk azaleratzen baino ez gara saiatuko. Ez da gutxi. Abiapuntutzat jarriko dugu.
Artegintza soziala da
Gizarte baten bizitzan fase diferenteak daude. Batzuetan, gizartea egonean dago, erdi lotan, impasse egoeran; gizartearen barne hariak ahulak izan ohi dira halakoetan. Bestetan, gizartea mobilizatua dago, helburu bati atxikia, kontzientzia indartsua dauka. Lehenaren kasuan, kontzientzia soziala ahuldurik dago, pizturik, baina ez modu eraginkorrean. Pasibotasunean kontsumitzeko artelana gailentzen da. Bigarrenaren kasuan, kontzientzia soziala indartsua da, eta arteak helburu sozialei erantzuten die gehiago, oro har.
Artea emantzipatzailea izan daiteke, kritikoa, autokontzientea, gizarte berri bat eraikitzeko betaurreko berriak eskaintzeko funtzioa izan dezake. Baina artea ez da iraultzailea bakarrik, edo ez du beti ekintzara bultzatzen, ez du beti pentsamendu disruptibora mugiarazten. Artea ez da soilik manifestazio estetiko bat, emozioetan eta afektuetan eragin nahi duen diziplina bat baizik. Izan ere, artea izan daiteke beste gauza bat, helbururik gabekoa, l’art pour l’art (arte desinteresatua, helbururik gabea, Sobietar Batasuneko artegintzak gogor kritikatu zuena, arte burgesa izatea leporatuz). Arte mota hori manifestazio estetiko hutsean geratuko litzateke.
«Artea ez da iraultzailea bakarrik, edo ez du beti ekintzara bultzatzen, ez du beti pentsamendu disruptibora mugiarazten. Artea ez da soilik manifestazio estetiko bat, emozioetan eta afektuetan eragin nahi duen diziplina bat baizik»
Neutraltasunaren itxuran, sistema politiko eta kultural oso bat legitimatzeko tresna ere bilaka daitezke artegintza eta kultura. Azken kasu horretan, neutraltasunaren mozorropean ezkutatu ohi da, nobela “hutsa” edo umore “hutsa” salduz, baina ideologia dominantea sustatzen eta errepikatzen duelarik. Halako irakurketetatik tiraka, statu quoa zalantzan jartzen ez duen arte “politikoki ez zuzena” indartu da azken aldian. Arte mota horrek bizitza sozialean eta arte sozial guztietan eragina izan duten olatu feminista, ekologista, LGTBIQ+ eta abarren jite eraldatzaileen aurrean erreakzionatu du, neutraltasunaren itxurapean. Betiko umorea, betiko literatura eta betiko zinema aldarrikatzen ditu, baina, neutraltasunaren izenean, umore klasista, matxista, lodifoboa edota euskarofoboa egingo ditu, alegia, azpiratua dagoen kolektibo ororen aurka, kultura dominantea errepikatzen jarraituko du.
Argazkia. Wikipedia Commons. Boris Kustodiev: Celebration Marking the Opening of the 2nd Congress of the Comintern on Uritsky Square in Petrograd on 19 June 1920. 1921. Russian Museum
Artegintzaren autonomia ala arte konprometitua?
Goazen lehen korapilora. Artegintza, autorea, testuinguru historikoa, eta instituzio sozial eta kulturala lotuta daude, etengabeko elkarrekintzan. Aspaldikoa da, ordea, artegintzaren autonomiaren eta artegintzaren erantzukizun sozialaren arteko eztabaida. Eztabaida hori, funtsean, artegintzaren autonomiaren eta bere jite sozialaren arteko harreman dialektikoa da. Izan ere, inongo artelana ez da erabat autonomoa, gizartearen kontra erabat agertzen bada ere, tentsio horrek zeharkatuko duelako arte mota oro.
Modernitatean, artearen autonomiaren auzia gai zentraletako bat izan da. Tartean, Frankfurteko eskolak, Theodor W. Adornok, Pierre Bordieuk, Walter Benjaminek eta beste hainbat autorek aztertu dute arte modernoaren eta modernitatearen arteko loturaren auzia. Euskal Herrian artearen autonomiaz eztabaidatu zen 70-80ko hamarkadetan, Bernardo Atxagak gaia mahai gainean jarri zuenean, euskal literatura garaikidea bere oinarriak ezartzen ari zenean. Izan ere, 60ko hamarkadan hauspotu zen euskal udaberri politiko eta kulturalak izugarrizko uholde soziala ekarri zuen Euskal Herrira, tartean, euskal musikagintza berria, artegintza, eskultura, zinemagintza... Atxagak Txillardegi eta Azurmendirekin izandako eztabaida sonatuan, batetik, arte konprometituaren aldeko, hots, betebehar politikoari men egiten dion artearen aldeko (Txillardegi eta Azurmendiren posizioa) eta, bestetik, artearen autonomiaren (Atxagaren posizioa) aldeko ikuspuntuak egon ziren eztabaidan. Batetik, herri baten norabidean bere aletxoa jarriko zuen artea; eta, bestetik, nolabaiteko autonomiaren alde egiten zuena, herrien interesetatik deslotuago egongo zena, nolabait bere buruari begira eta bere buruan zentratua egongo zen artegintza.
«Beharrezkoa da gure hizkuntzan eta kulturan egitea bai kultura herrikoi xumea bai industria kultural hegemonikoaren produktuen antzekoak, baina, horiez gain, ezinbestekoak ditugu baita gure herria edertasunera eta espresio artistiko “gorenetara” hurbiltzen duten produkzio artistikoak ere»
Helburu sozial eta herrikoiak zituen artegintzak edo kulturak pisu garrantzitsua izan zuen Euskal Herriaren eraikuntzan. Bi adibide nabarmenenak bertsolaritza eta musikagintza (Euskal Rock Erradikala) izan dira: herri baten nahiei, ezinei eta desirei hitzak jarri dizkiete, herri baten bihotz taupada marraztu dute. Bestalde, bada artegintza edo kultura “estrukturara” makurtzeko tendentzia marxista ortodoxoa, gaur egun garai historiko bakoitzeko prozesu sozial “materialen” arabera aztertzen eta balioztatzen duena kultura. Korronte marxistek esfera ekonomiko eta produktiboari lotuta soilik ikusten dute artegintza, eta kondizio produktiboen arabera baino ezin dute esplikatu eta justifikatu.
Beraz, artegintza herriaren taupadari lotua egonez, ideologia jakin baten espresiora makurtzea saihesten du, eta, aldi berean, ia funtzio sozialik gabeko arte “autonomo” erabatekoari bideak ixten dizkio. Zer da, ordea, herriaren taupadaren arabera egitea artea? Horratx gakoa.
“Kritikoa” ala “independientea”, ezinbesteko tentsio bat
Euskal Herriak, herri normalizatua ez den bitartean, hizkuntza minorizatua duen eta menpeko egoeran dagoen bitartean, artegintzaren galderari beste esparru batetik ere heldu behar dio. Beharrezkoa ote da, are ezinbestekoa, arte mainstreama (industria kulturalak bultzatzen duena) egitea eta sustatzea? Literatura “txarra” izatea eta herriratzea? Alegia, nobela irakurterrazak, produktu kultural mainstreamak, prentsa arrosa, kirol aldizkariak, ikus-entzunezko soap opera edo telenobelak (Goenkale in memoriam), marrazki bizidunak (Dragoi Bola idem), umeentzako telesailak (Goazen)… beharrezkoak dira gizarte baten eraldaketa sozialerako? Beharrezkoak ote dira kultura herrikoia sortzeko eta birsortzeko? Zergatik halakoen aurrean bazterketa eta mespretxu hori?
Gauza bera gertatzen da kulturgintza kritiko, jaso eta abangoardistenarekin ere. Euskararen zamak jartzen dizkiogu bizkar gainean, eta ez diogu uzten “autonomia” aski, ulertzen ez delako aitzakiapean, jasoegia delako argudio kaskarrarekin, euskaraz irakurtzeko dugun tradizio eskasa eta gure herrian dagoen diglosiaren errua ez dagokionaren lepoan jarriz. Ondorioa argia da: beharrezkoa da gure hizkuntzan eta kulturan egitea bai kultura herrikoi xumea bai industria kultural hegemonikoaren produktuen antzekoak, baina, horiez gain, ezinbestekoak ditugu baita gure herria edertasunera eta espresio artistiko “gorenetara” hurbiltzen duten produkzio artistikoak ere.
«Ez da, beraz, irakurketa zuzena esatea kolektiboaren kulturatik indibidualismoaren kulturara egin dugula jauzi, eta horrek gure kultur espresioan isla izan duela. Kolektiboaren eta indibiduoaren artean eraikitzen den harreman dialektikoa aldatu da, eta gaur abiapuntu bilakatu da aurretik desagertua zegoen elementua»
Beste tentsio baten aurrean gaude berriz. Izan ere, herri baten osasunerako eta kritikotasunerako, ezinbestekoa da “autonomiara” eta abangoardiara jotzen duen artegintza; baina, aldi berean, ezinbestekoa da herria kulturgintzara hurbilduko duen produkzio kultural “arinagoa”, kultura horrek herri bat izan dezan atzean. Ezinbestekoak dira produkzio kultural mainstreamak ere. Baina, zenbateraino ez ote du masa kulturak ideologia dominantea errepikatzen? Alegia, kritika gaitasuna kamusten, analisi kritikoa higatzen, pasibotasuna bultzatzen?
Ez dirudi tentsioa zirt edo zart, batera edo bestera, konpon litekeenik. Literatura “onak” euskararen eta gure kulturaren ahalak goratzen ditu, baina ez da herri xumearengana iristen erabat. Literatura “txarra”, popularra, herri xumearengana iristen da, baina industria kultural dominantea bultzatzen buka dezake. Ez ote dira, ordea, elkarrentzat beharrezkoak? Izan ere, herriaren zerbitzura ez dagoen kultura ezinbestekoa da, baina desagertzera kondenatua dago atzean herririk izan ezean. Biak ala biak egitea komeni, oreka batean. Galdera bestelakoa da: nola kudeatu aurreko tentsioa?
Argazkia. Unsplash / Jon Tyson
Kultura garaikidea, kolektibotik indibiduora biraketa?
Azken hamarkadetan Euskal Herrian eta mundu luze-zabalean aldaketa kultural bortitzak jazo dira. Ezagunak dira postmodernitatearen kontrako kritikak: garai historikotzat hartu beharrean, neoliberalismoak egindako prozesu indibidualizatzaile eta globalizatzailetzat jo da. Honelakoak dira hainbat irakurketa erraz: zenbaiten arabera, XX. mende bukaeran, kapitalismoaren azken fasean eta Bigarren Industria Iraultzan, komunitatearen ideia birrintzen ari zen, eta horrekin batera, bizitza kolektiboak marrazteko identitate sozialen sorkuntza kamustu egin zen. Alegia, kritika horren arabera, gizartea ez litzateke jada kolektiboki konpartitutako helburuen gune bat, baizik eta norbanako atomizatuen multzoa. Gainera, horren errudunak pentsamendu postmodernoa, arte postmodernoa eta ideologia postmodernoak (queer, feminismoa, eta abar) lirateke.
Ikuspegi horrek begirada kamutserako abiapuntua baino ez digu ematen, eta iraganaren nostalgiaz, potentzia eraldatzailea kamusten du. Izan ere, nartzisismoa, berekoikeria eta desozializazioa ez dira produktu garaikideak soilik, kontsumismoa ez den bezala. Ziklo batetik bestera zerbait aldatu bada, ez da izan begirada kolektibotik begirada indibidualistara pasatu garela. Izan ere, esan ote dezakegu, adibidez, Kortatuk eta Su ta Garrek ikuspegi politiko kolektibo eta iraultzailearekin kantatzen zutela, herri bati jartzen zizkiotela hitzak, arima kolektiboa zutela? Eta esan dezakegu, horrekin batera, Merina Gris, Ibil Bedi edo Anari bezalako talde edo artistak, besteak beste, arazo indibidualez soilik aritzen direla? Gorputzez eta afektuez soilik aritzen direla?
«Begiradak irekitzen dizkiguten artelanak, kritikotasunera bultzatzen gaituen musika, hausnarketara bideratzen gaituzten eskulturak, amestera bideratzen gaituen zinemagintza… oro har, transgresiora eta eraldaketa iraunkorrera bultzatuko gaituen artea da herri batek nahi eta behar duena»
Euskal Herrian, bereziki, euskal matxinadaren zikloak osagai kolektibo indartsuak zituen: epika handia, militantzia kolektiboak, iruditeria iraultzaile indartsuak… Garaiko produkzio kulturala eta artistikoa, emantzipatzailea, gutxi edo asko termino horietan mugitzen zen. Begirada kolektibotik abiatzen zen, eta hor zuen bertutea. Baina bertutea zen bere Akilesen orpoa: kolektibo horretan gorputza, indibiduoa, kezka pertsonalak, afektuak... desagertu egiten zirelako erabat.
Arte garaikideak, kultura garaikideak, kezka eta amets indibidualetatik hasita eraikitzen ditu kezka eta amets kolektiboak. Arantza Santestebanen 918 gau filmak, esaterako, begirada oso partikular, sinboliko eta poetiko batetik, mintzagai jartzen digu identitate unibertsalaren, indibidualaren eta kolektiboaren arteko arazoa, bai eta bakardadearen arazoa ere. Ez da, beraz, irakurketa zuzena esatea kolektiboaren kulturatik indibidualismoaren kulturara egin dugula jauzi, eta horrek gure kultur espresioan isla izan duela. Kolektiboaren eta indibiduoaren artean eraikitzen den harreman dialektikoa aldatu da, eta gaur abiapuntu bilakatu da aurretik desagertua zegoen elementua. Baina ez nartzisismoari kantatzeko edo ikus-entzunezko nartzisistak egiteko (arrisku hori eta produkzio kultural horren erreprodukzioa begi bistakoa den arren); gaur, gorputzen, indibiduoen eta afektuen auziak lehen lerrora ekarriz, indibiduoaren eta komunitatearen josketa osoago bati erantzun diezaiokete arte plastikoek, ikus-entzunezkoek, literaturak eta antzerkiek..
Ondorioak
Euskal kulturak eta artegintzak, beraz, Euskal Herrian galdera eta tentsio propio batzuei egin behar die aurre, nazio minorizatua garen heinean. Ezin ditu horrek, halere, euskal kultur espresio ororen mugak marraztu. Kontrara, irekitasuna eman behar dio. Artegintzaren helburua emantzipatzailea baldin bada, begiradak irekitzen dizkiguten artelanak, kritikotasunera bultzatzen gaituen musika, hausnarketara bideratzen gaituzten eskulturak, amestera bideratzen gaituen zinemagintza… oro har, transgresiora eta eraldaketa iraunkorrera bultzatuko gaituen artea da herri batek nahi eta behar duena; bere burua berrasmatzeko, datorrenari imajinazioz begiratzeko, posible dena egiteko bidean muga guztiak hausteko, eta potentzia askatzaile kolektibo eta indibidual oro mugiarazteko.