ELKARRIZKETAK

Maialen Arteaga Gonzalez

Ernaiko militantea

Elkarrizketatua: Ibone Alonso Sagarna

"Orain indarberritu eta berpizteko aukera dugu, ez gara une beltz honetan blokeatuta gelditu behar"

2022-01-03

Ibone Alonso Sagarna (2000, Donostia) Lehen Hezkuntzako ikaslea da, eta langilea ere bai. Donostiako alde zaharrekoa da, eta bertako neska* gazte taldean militatzen du, Intzirin. No Future garaiko belaunaldikoa izatea egokitu zaio, bere gurasoak baino kaskarrago biziko den belaunaldia, gaztetasuna pandemian bizi duen belaunaldia, eta prekarietatean normalizazioan bizi den belaunaldia, alegia. Guzti horri emakume gisa sozializatua izatea ere gehitu behar zaio, eta beraz, sistemaren aurpegi berriei aurre egiteko moldeak aurkitzen dihardu. Urrian Euskal Herriko 600* neska gazte bildu ziren Elizondon, neska eta gazte bezala egoera nola irauli asmatzeko.


Argazkiak. FOKU

 

No future belaunaldia omen zarete. Zein da belaunaldi hori? Etorkizun ezaren zein zantzu daude zure orainean hori horrela izango dela determinatzeko?

Askotan entzun dugu etorkizunik gabeko belaunaldia garela, eta bai, izan daiteke, edo hala sinestarazi nahi izan digute, baina beste alde batetik uste dugu etorkizuna gure esku dagoela. Hau da, ezerezean edo besoak gurutzatuta gelditzen bagara sistema kapitalista cis-heteropatriarkalak gure etorkizuna erabakiko du Covid-19aren etapa gordinean bezalaxe. Baina esango nuke horiek ez direla gure belaunaldiaren ezaugarri bakarrak. Adibidez, azken urteetan ikusi da mugimendu feministak olatu berria dakarrela. Hori gure saretze gaitasunaren adierazlea da. Argi dago, ez direla garai errazak gure indarrak batu eta antolatzeko baina nahi eta grin hori gure belaunaldiaren eta batez ere neska gazteon ezaugarrietako bat dela esango nuke. Ikusi besterik ez dago etorkizun ezaren aurrean Elizondon eman eta sortu genuena.

Etorkizuna, etorkizuna da, ez dakigu zer gertatuko den baina guk gure horretan eta gure borrokan jarraituko dugu inork ez dezan gure etorkizuna erabaki.

 

Eta belaunaldi horretako nesken kasuan, zeintzuk dira gehitzen zaizkizuen ezaugarri edo bereizgarri horiek?

Covid 19ak krisi anizkoitz baten aurrean utzi gaitu eta horrek zuzeneko eraginak izango ditu guregan, areagotu egin baitu jasaten dugun biolentzia estruktural hau. Harremantzeko esparruan, hau da, antolatzeko garaian izugarrizko trabak izan ditugu azken hilabeteetan baina hori ez da nahikoa izan, guk gure jardunean jarraitzeko gakoak berrasmatu ditugulako. Hori izan daiteke neska* belaunaldi horren ezaugarri bereizgarrienetako bat, saretzeko eta borroka molde berriak sortzeko gaitasuna. Argi dago alderdi batzuetan asmatu dugula eta mahai gainean jo dugula, baina beste askotan, lan esparruan edo hezkuntzan oraindik gure jardunean lan handia dugula aitortu behar dugu, urratsak urrats aurrera jarraitu ahal izateko.

Hau da, krisi horrek neska* eta gazte garenok bete betean harrapatu gaitu, gure lana eta etorkizuna balantzan jarriz. Argi dugu etorkizun beltza dugula, baina oraina ere beltza da. Ikasketa arloan, esaterako, geroz eta pribatizatuagoa dagoen hezkuntza sistema baten aurrean gaude, non ikasleak kriminalizatzea eta epaitzea den helburu bakarra, bizitzak erdigunean jartzearen ideia alde batera utziz. Hori horrela, gure etorkizuna Euskal Herria feminista eta burujabea eraikitzea da, belaunaldi berri honek behar dituen ezaugarriak  barnebilduko dituen herri askea eraikiz.

 

«Etorkizuna utopia bat dela esan dezaket, beti dugulako ikusmiran baina inoiz ezingo dugulako ukitu.»

 

Ibone, zer da zuretzat etorkizuna?

Etorkizuna zer den definitzea konplexua egiten zait, izan ere, etorkizuna norberak bere barnean eraikitzen duen ametsa edo nahia da. Hau da, norberak bere etorkizuna amestu dezake baina ondoren ez daki zer izango duen aurrean. Etorkizuna utopia bat dela esan dezaket, beti dugulako ikusmiran baina inoiz ezingo dugulako ukitu. Etorkizuna beti joango delako gure nahi eta ekintzen aurretik. Utopikoa da bai, baina irudikatzea eta planifikatzea ezinbestekoa dugu, finean antolatzea eta epe luzera begirako helburu estrategikoak garatzen joatea ahalbidetzen digulako.

 

«Krisi anizkoitz honek gure bizitza frenetikoa azkartu egin du eta ez dugu ia gelditzeko eta pentsatzeko unerik, berez beharrezkoa dugu
horretarako tarte bat hartzea.
»

 

Garai hauetan planifikazioa ezinbestekoa dela ikusten dut, bai orokorrean zein bizitza pertsonalean. Izan ere, krisi anizkoitz honek gure bizitza frenetikoa azkartu egin du eta ez dugu ia gelditzeko eta pentsatzeko unerik, berez beharrezkoa dugu horretarako tarte bat hartzea. Kolektiboki zein pertsonalki zein etorkizun nahi dugun diseinatu ahal izateko. Argi dago, diseinu hori aldakorra izango dela, jendeak beldurra izango duelako batzeko, arazoak izango ditugula kolektibo bezala ekintzak gauzatzeko...erronka horiei eutsi beharko diegu. Baina beste alde batetik uste dut belaunaldi berriok amorrua antolatzeko beharra dugula, eta hori neska* eta gazte garen horretatik kolektibizatzeko gaitasuna izan behar dugu, gure olatua indartu ahal izateko.

 

Etorkizunak larritzen zaitu? Zein arlok zehazki?

Gehien larritzen nauen esparrua hezkuntzarena da. Beti gabiltza hezkuntza sistemaren inguruan eztabaidatzen eta gako berriak asmatzen; benetan gure etorkizuna hezkuntzan dago. Gaitasun eta indar berri horiek garai horretan hazten dira eta Unibertsitate etapan loratzen dira, beraz horretan jarri behar ditugu indarrak benetako hezkuntza feminista eta burujabea eraikitzeko. Zeren, gure ondorengoen etorkizuna zaintzen ez baldin badugu, gure herriaren etorkizuna jokoan dago.

 

Zein faktorek eragiten dute zure etorkizunaren duintasunean?

Gure etorkizunaren duintasuna harremanek sortzen dute. Argi geratu da harreman sozialak eta bizitza soziala gaur egungo sostengu direla. Hilabete askotan gure harremanak, etxekoenetara mugatu behar izan dugu. Askok eta askok etxekoekiko harremana berrartu eta berriz ere lotura hori sendotu dugu, baina beste askok etxekoekin edo inguru gertuenarekin egoera zailak bizi behar izan dituzte, horrek euren etorkizunaren duintasuna balantzan jarriz. Harremanak helduleku izan dira. Nire kasuan laguntasuna izan da helduleku nagusia, bai etxean geundenean, eta baita kanpoan ere.

Kalera atera ginen egunean ohartu nintzen zenbaterainoko garrantzia duen bizitza sozialak eta bereziki gaztaroan, gure bizitza harreman sozialen inguruan eraikitzen delako: aisialdian, lagun taldeetan... Horrek aldi berean, duintasunaren kontzientzia dakar. Erakutsi digu zenbaterako garrantzia duen norberaren duintasun sozial hori zaintzeak, eta ingurukoen duintasunean gehitzeak

 

«Mundua gelditu zen, baina guk ordu berdinak edo gehiago sartu behar izan ditugu soldata berdina edo gutxiagoren truke.»

 

Orokorrean, lan baldintzek okerrera egin dute pandemian, baina emakumeak sektorerik kolpatuenetako bat izan zarete gazte eta etorkinekin batera. Lan-ikasketa esparruan, non nabaritzen da gazte eta genero zapalkuntza?

Argi dago gure duintasuna lan baldintzen menpe ere badagoela. Hauek okerrera egin dute eta zer esan neska* eta gazte garenoi. Askok eta askok pandemia baino lehen beltzean kobratzen genuen: haurrak zaintzen, klase partikularrak ematen... Pandemia garaian batzuk etxeetatik lan prekarioak egiten jarraitzen genuen, klaseak bideodeiez adibidez. Ez da batere duina, baina hori zen gure sostengu bakarra. Behin larrialdi egoera bukatuta, lan baldintza horiek okerrera egiten jarraitu dute, eta berdina esan dezakegu ikasketen inguruan.

Mundua gelditu zen, baina guk ordu berdinak edo gehiago sartu behar izan ditugu soldata berdina edo gutxiagoren truke. Askok bezala, nik nire ikasketak aurrera eramaten ditudan bitartean, lanean nago, baino hezkuntza sistema planteatuta dagoen moduan ordu gutxiko lanetan aritu behar du. Honek nahiz eta diru apur bat eman, zure gastuak ordaintzeko eta emantzipaziorako aukera ezinezko bilakatzen du; eta gurasoen etxean bizitzera kondenatzen zaitu. Askok lan baldintza horiek onartzen ditugu, gure etorkizuna eraikitze horretan lan baldintza prekario horiek onartzea besterik ez baitugu.

 

Suizidio tasak eta depresioak nabarmenki egin du gora. Zein lotura du horrek gazteok dituzuen lan baldintzekin eta etorkizun ezarekin?

Dena dago lotua. Gure bizi baldintzak eta neska* gazteongan jartzen diren espektatibak zuzen zuzenean eragiten dute gure osasun mentalean. Hamaika dira jasotzen ditugun biolentzia estrukturalak eta pandemiak hauek guztiak indartu ditu, espaziorik gabe geratu gara (gurasoen etxearen menpe), baldintza ekonomikorik gabe (neska* gazte askok beltzean kobratzen genuenez - klase partikularrak, umeen zaintza, taberna- ez dugu inolako diru sarrerarik izan edota kaleratu gaituzte), emantzipaziorako aukera gutxi bagenituen pandemia aurretik, orain askoz gutxiago... honen guztiaren ondorioz esan dezakegu genuen botere apurra kendu egin digutela eta guztiz menpeko bihurtu garela.

Baina ezin gara kexatu. Zeinen kontra, zergatik? Askotan guk ere ez dugu ulertzen, bizitzeko baliabide oinarrizkoenak baditugu baina ez dugu erabakitzeko aukerarik, menpekoak gara. Gure gain inposatutako espektatibak jartzen dituzte (zintzoak izan behar gara, jendea zaindu behar dugu...) eta ez dugu ahaztu behar helburu gorena: etorkizunerako prestatu behar garela. Baina zein etorkizun? Gaztaroa trantsiziozko etapa gisa saldu digute. Gure etorkizuna familia eredu hetero normatibo bat, etxe bat eta soldata bat izateko prestatzeko tartea. Baina nork galdetzen digu guri orain zerk egiten gaituen zoriontsu eta zer egin nahi dugun?

Esaten diguten gure bizi proiektu perfektu horren bila gabiltza eta horrek ikaragarrizko frustrazioak sortzen dizkigu. Dena egin behar dugu gizartean esleitua dagoen moduan eta esleitua dagoen denboretan. Zurrunbilo batean sartuak geunden eta bat-batean dena gelditu da. Baina guk aurrera egin behar genuen, denbora  aprobetxatu behar genuen, esleitu diguten moduan ikasketekin aurreratzeko, gure gorputzak “perfektuak” bilakatzeko, bikote bat bilatzeko...

 

 «Esaten diguten gure bizi proiektu perfektu horren bila gabiltza eta horrek ikaragarrizko frustrazioak sortzen dizkigu.» 

 

Hau dena gure osasun mentalean (estresean, beldurrean, erruan) erreparatu gabe eta elkar zaintzarako denborarik izan gabe. Hau guztia sistema cis-heteropatriarkal kapitalistaren ondorioa da, baina, pandemiak sorturiko zurrunbilo honek guztiak azeleratu eta aztoratu du, eta neska* gazteok bizi genuen egoera are eta okerragoa bihurtu du, hala nola, elikadura nahasmen kasuak ikaragarri igo dira, esaterako. Honetan sare sozialek ikaragarrizko papela izan dute. Sare sozialen kontsumoa ikaragarri igo da, eta etengabe gure bizitza perfektu/errromantiko hori proiektatzen saiatzen gara. Gure “akats” guztiak tapatzen 200.000 filtrorekin... jatetxe eleganteenetako argazkiak ateratzen... argazkietan ahalik eta argalen agertzen...

Aurreko guztia kontuan  izanda nola ba ez du gora egingo suizidio tasak? Osasun metalaren kalteak bizi ditugun baldintza negargarri eta ezegonkorren ondorio dira, baldintza onek eta etorkizun duina izateak osasun mentala hobetzea dakarren arren behin behineko neurriak beharrezkoak dira. Osasungintza publikoak gai hau landu eta bitartekoak indartu behar ditu. Baina hau burutzeko ezinbestekoa da arazoaren muina aurkitzea, hau da, sistema cis-heteropatriarkal kapitalista erauztea.

 

Argazkia. Wikipedia Commons.

 

Harremanak ere jomugan izan dira. Baina ba al dago harremanik gabeko zaintzarik? Zer garrantzi dute harremanek neska* gazteen identitate edo izatearen eraikuntzan?

Harremantzea gure baitan dago, pertsona guztiak dugu harremantzeko beharra, gure funtsa da eta zer esanik ez neska* gazteen artean. Pandemiak harremantzea zaildu du, gure artean beldurra eta antsietatea sorraraziz, lagunak galtzeko beldurra baikenuen. Une beltz hau aukera moduan ikusi behar dugu gure artean saretzeko eta harremantzeko aukera ematen diguten espazioak aprobetxatuz eta modu horretan neska* gazteon identitatea eraikiz, espazio horietan elkar zaintza  dago oinarri, une honetan ezinbestekoa dena gaur egun faktore desberdinengatik okertu den osasun mentala lantzeko aukera ematen baitu.

 

No future belaunaldiaz gain, erruaren belaunaldia ere izan zarete. Zer interes dago etorkizun eza gazteei egoztearen atzean?

Errudun bat aurkitu behar zen. Eta argi zegoen ezin ziotela errua bota beraiek elikatzen duten sistemari, ez eta instituzioek dituzten ezintasunei... Eta zein da ba errua botatzeko subjekturik errazena? Beno, ba beti bazterrekoak. Ahots gabekoak, eragiteko gaitasunik ez duten horiek... Bai gu, gazteok eta horren baitan neska* gazteok.

Gazteria ez dute subjektu bat bezala aitortzen, eta horrek erraztasunak ematen dizkie errua botatzeko orduan. Gazteok arduragabeak ginenaren diskurtsoa aurrez barneratuta  zegoen, eta orain berau indartu dute, noizbehinka guk geuk ere sinisteraino.

 

«Gazteria ez dute subjektu bat bezala aitortzen»

 

Sistemak behar du gazteok asimilazio prozesu bat izatea. Hau da, poliki-poliki asimilatzea eta onartzea datozen urteetan oso bizitza gogorra izango dugula. Eta ondorioz, bizitza honetan zoriontsu izan nahi baldin badugu, gure buruak prekariezatu beharko ditugula, ondokoa zapaldu beharko dugula, baina, esfortzu handia egiten baldin badugu (menpekoak izan, egoera gogorrak asumitu...) zoriontasuna lortu ahal izango dugula: familia bat eraiki ahal izango dugula eta etxe bat erosi.

Beraz, sistemarentzat garrantzitsua da menpekoak izatea, bai gure belaunaldia eta baita datorrena ere, eta gure amets indibidualak modu indibidualean irudikatzea sistema heteropatriarkalak eskaintzen dizkigun markoetan. 

 

600 neska* gazte elkartu zineten Elizondon, Baterajotzean, krisi anizkoitzari aurre egiteko giltzak aurkitzeko. Zeintzuk dira atera dituzuen ideia nagusiak? Nora eta nondik jo behar da aurrean dugun horri aurre egiteko?

Oinarrizko gakoekin atera ginen krisi anizkoitz honi erantzuteko eta neska* gazte subjektua berrezaugarritu genuen. Salto kuantitatiboa emateaz gain, salto kualitatibo bat ere eman genuen gure burua neska* gaztea subjektu bezela izendatuz eta borroka molde berriak berreraikiz. Beraz, inflexio puntu bat izan da baterajotzea.

Baterajotzeak mundu mailako pandemia baten erdian harrapatu gaitu eta mugimendu feminista duela urte askotatik esaten ari dena agerian utzi du: sistema sostengaitza dela eta bizitzak vs kapitala eztabaidan, kapitala jartzen dela bizitzaren aurretik zaintza eta bizitzak erdigunean jarri behar direnean.

 

 «Bi aukera ditugu: bata, neoliberalismo basatiak aurrera egiten jarraitzea, edo bestea, krisia palanka bezala erabili eta egoera iraultzea» 

 

Pandemiak dena indibidualizatzera eraman du eta sektore asko zapaldu ditu. Horietako bat gara neska* gazteak. Orain indarberritu eta berpizteko aukera dugu, ez gara une beltz honetan blokeatuta gelditu behar. Ditugun aukerak aprobetxatu behar ditugu eta palanka moduan erabili, zapalkuntzen aurrean indarberriturik altxatzeko. Asteburu horretan behin eta berriz esan genuen bezala “mugimenduan gaude eta lurrikara gara” eta mugimenduan jarraituko dugu.

Beraz, etorkizun zail honen aurrean bi aukera ditugu: bata, neoliberalismo basatiak aurrera egiten jarraitzea, edo bestea, krisia palanka bezala erabili eta egoera iraultzea. Gure erabakia argi dago: erresistentzia egingo dugu eredua aldatzerantz.

 

No future belaunaldia, erruaren belaunaldia, aro teknologikoaren belaunaldia, feminismo berriaren belaunaldia. Zuk zer izen jarriko zenioke zure belaunaldiari? Eta zergatik?

Itzalek kontrolaturiko belaunaldia. Ez dugu gure kabuz erabakitzeko eskubiderik, ez dugu botererik, nahiz eta guk ez igarri gure kabuz erabakitzen dute (Itzalak). Ezkutaturiko kate batekin gaude lotuak.