ELKARRIZKETAK

Erria

Blanka Martinez de San Vicente

"Hurrengo urteak borroka urteak izango dira; bermea eragile sozialak, hezkuntza komunitatea eta herritarrak izango gara"

2023-06-29

Blanka Martinez de San Vicente gasteiztarra da. Hezkuntza Plataformen Topaguneko kide ohia. Amurrion eta Gasteizen lanean ibilia da, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta zuzendaritza talde askotan. Gainera, Sortzen prozesuan eta Euskal Herriak Bere Eskola mugimenduan parte hartu zuen, eta azken aldian Plaza Hutsa ekimenean hezkuntzaren alorrean aritu da. Hezkuntza Plazara plataformako kidea da gaur egun. Segregazioaren auziari heldu nahi izan diogu Blankarekin batera, bere ikuspegi integralari arretaz begiratu nahian, auziaren konplexutasuna erakutsi eta aurre egiteko irtenbideak plazaratu asmoz. Pozik geratu gara emaitzarekin.


Argazkiak. FOKU

 

Zein da segregazioaren auzia Euskal Herrian?

Larria da hezkuntzari begiratzen badiogu. Azken hamarkadetan, ikuspegi orokor batetik, gero eta euskaldunagoak gara, gero eta “hezkidetzaileagoak” (inklusiboagoak), kulturartekotasuna gero eta gehiago lantzen dugu… Baina gizartean ikusten dugu ezeuskaldunak, ez-modernoak garela, eta are, klase diferentziak mantentzen ditugula, eta are batzuetan handitu ere bai. Eta eskolak, tartean, jarraitzen du segregatzen. Zergatik? Herri zanpatu bat garen heinean, bi estaturen menpe gaude, eta haien ideologiaren esklaboak gara; horrek eragin handia du gugan. Lehia neoliberal izugarria dago, prekarietatea areagotzea bizi dugu, desberdintasun sozialek gora egiten dute, xenofobiak eta arrazakeriak ere bai… Horrek guztiak herri bezala eragiten digu, eta nola ez, eskolan erabateko isla du, gizarteko beste espazioetan bezala.

Argi uzteko, Euskal Herriko egoera larria da; urteetan zehar, gertakari sozialek larritu egin dute, eta ezin dugu ahaztu alderdi soziolinguistikoa ere badaukala. Herri zapaldu bezala, badugu hizkuntza gutxitu bat, eta kultura eta hizkuntza hori ez da oinarritzat hartzen. Horrekin batera, kultur transmisioa ere eskasa da.

Argi dugu eskoletako egoera aldatu behar dugula, baina badakigu, modu berean, eskolan bakarrik neurriak hartuta ez dugula geratuko segregazioa. Segregazioak errealitate sozialean inpaktu handia du, hezkuntzan ikusten da, baina baita eskubideetan ere: familia askok ez dute aukerarik nahi duten hezkuntza hautatzeko. Derrigortuta daude tokatzen zaien tokira joatera, eta horrek desoreka soziala areagotzen du.

 

«Garrantzitsua da hezkuntza komunitateaz ari garela azpimarratzea. Zentzu horretan, ez gara eskolaz bakarrik ari, baizik eta hezkuntzarekin zerikusia duen horretaz guztiaz: herritarrak ere hor daude, auzoa, herriak… Hitz egiten ari gara hezkuntza, hizkuntza eta kultur eragileez, sindikatuez…»

 

Oso enpatikoak izan beharko genuke jatorri atzerritarra duten pertsonekin, eta enpatia hori politikoki ongi bideratzen ikasi. Euskara eta euskal kultura migrazioaren kontra erabili izan dira, eta hori akatsa da. Kohesiorako tresna izan beharrean, segregazio tresna bilakatzen da gizartean. Auzia batak bestea indartzean datza. Baina horretarako, lan handia dugu egiteko.

 

Araban, adibidez, eta Gasteizen zehazki, zer gertatzen da? Nola iritsi gara horrelako segregazio bortitz batera?

Azterketa ekonomiko eta sozialari begiratuta, lehenik ondoko hau esan behar genuke: atzerritar jatorria dutenak lan eskaintzaren arabera mugitzen dira, eta ondorioz, oro har, hirietara joaten dira. Hirietan pilatzen dira zentro segregatuak.

Eskolaratzen diren ikasleak bi saretan daude bereiziak: sare publikoan eta itunpekoetan. Horrek bideratzen du eskaera denak ez joatea toki berera; behartuta gaude hasieratik aukeraketa bat egitera. Zein dira datuak? Jatorri atzerritar eta pobreko jendearen % 75 sare publikora doa EAEn, kristau eskolara % 19 eta ikastoletara % 5. 25 ikastetxetako ikasleen % 50 baino gehiago jatorri atzerritarrekoak eta prekarizatutakoak dira (2018ko datuen arabera). Eskola horietatik 18 publikoak dira. Horrek esan nahi du eskola ghettizazio egoeran bizi dela.

Araban, konkretuki, desoreka areagotu egiten da: Gasteizen, publikoan, % 83,1 klase baxukoak eta migratzaileak dira; hori da errealitatea. Nola heldu gara horra? Ez da izan azken hamarkadako gauza soila. Hori gertatu da migrazio fluxuak handitu direnean eta ez denean baliabide politikorik jarri egoerari aurre egiteko.

 

«Orain badaude moduak segregazioari aurre egiteko, neurri politikoak hartzeko zentroetan, eta baita tresna berriak ere, hori bideratzeko, errazteko, segregazioa murrizteko, eta, bide batez, gizarte kohesioan aurrera egiteko»

 

Bestalde, gaur egungo ikasleen % 25 familia migratzaileetakoak dira. Beste egoera berezi bat ere bada Gasteizen: sare publikoan bertan desoreka handia dago; ez sare publiko guztietan, baizik eta jakin batzuetan. Ondorioa bikoitza da, hortaz.

Beraz, galderari erantzuteko: nola iritsi gara hona? Sistema dualak asko eragiten du, migrazio fluxuak ere eragina du, eta bizitokiak eta hizkuntza ereduek ere zerikusia izan dute. Derrigorrez bideratzen ziren migratzaileak A eta B ereduetara: A betetzen zenean, B eredura irekitzen zitzaizkien ateak. Hor arrakala handia ireki zen, Haur Hezkuntzan % 79 publikoan, eta Lehen Hezkuntzan % 74 (maila sozioekonomiko baxuko migratzaileez ari gara).

Azken finean, segregazioa oso sistemikoa denez, normaltzat hartu dugu testuinguru hori. Eta behin hori gertatuta, segregazioak ihes egitea ekarri du. Alegia, segregazio dinamikak hezkuntza pribatuan eskaria areagotzea ekarri du, eta ondorioz, dinamika indartu da. Gurpil zoro bat da, oinarri-oinarrian zuloa daukana.

 

 

Ematen du segregazioaren afera “hezkuntza komunitateari” bakarrik dagokiola...

Eskolako afera da derrigorrez, noski, bertan bizi delako gordinen. Egia da hezkuntza komunitateak berak bakarrik egin behar diola aurre gehienetan: langileek, ikasleek… Horrela egunerokoari erantzun ahal zaio, baina planteamendu integralik ezean, ezin da ezer konpondu. Orduan, hezkuntza komunitateari dagokionez, begirada zabaldu behar dugu, eta ardurak ere bai.

Garrantzitsua da hezkuntza komunitateaz ari garela azpimarratzea. Zentzu horretan, ez gara eskolaz bakarrik ari, baizik eta hezkuntzarekin zerikusia duen horretaz guztiaz: herritarrak ere hor daude, auzoa, herriak… Hitz egiten ari gara hezkuntza, hizkuntza eta kultur eragileez, sindikatuez, lan baldintzez, formakuntzaz, askotariko elkarteez, adibidez haurren eskubideetan zentratuak daudenez, familiez, guraso elkarteez… Eragile sozial askok lan izugarria egiten dute, eta azpimarratu behar da.

 

«Indarrak batu behar dira, zaurgarriak diren ikastetxeekiko elkarlana bultzatu behar da, elkartasun dinamikak abiatu, euskara gizarte inklusiorako tresna gisa erabili, egungo hezkuntza eredua gainditu, hezkuntza eta hizkuntza proiektuak garatu, gehiago behar duenari baliabide gehiago eman…»

 

Baina bakoitzak bere erantzukizun propioa dauka. Nik alde sozialari dagokion atalean kokatzen dut hezkuntza komunitatea, eta esparru guztiak, hezkuntzarekin lotuak daudenak, hor daude. Badaude alderdi politikoak ere, erakunde politikoak, eta bakoitzak bere ardura dauka. Horregatik, segregazioari heltzeko ezin dugu indarra hezkuntza komunitatean bakarrik jarri, zentroetan, eta abar; baizik eta eragile guztietan. Denok dugu erantzukizun propioa eta ardura partekatua.

Bakoitzak bere eremutik urratsak eginez egin behar zaio aurre segregazioari. Ardura alderdi politikoei ere pasatu behar zaie, eta guztion artean jendarte kohesionatua eta berdintzailea lortu

daitekeela uste dut, lidergo partekatuekin eta hezkuntza komunitatearekin batera. Beraz, ardura konpartituak falta zaizkigu, eta alderdi politikoen inplikazioa ere egon behar da, konpromisoa eta politika ausartak lortzeko.

 

Nola baloratzen dituzu, segregazioari dagokionez, EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuak jarri dituen neurriak?

Egia da segregazioa ukatzetik politikoki aitortzera igaro garela, eta hortik Hezkuntza Legearen aurreproiektu batera, ez soilik segregazioaren egoera aldatzeko, baizik eta hezkuntza sistema berri bat jasotzeko. Zer balorazio egiten dudan horren aurrean? Hainbat elementu positibo ditu, oinarri onak jartzen ditu neurri zehatzak hartzeko. Ahalik eta lege onena lortu behar dugu, ordea, eskola publiko eta komunitarioaren bidean sakonduko duena.

Baina badago beste aldea. Izan ere, ukaezina da oso eraginkorrak izan daitezkeela hezkuntza akordioan eta lege aurreproiektuan lehen momentutik ezarritako neurriak, baina beste gauza bat da, ordea, neurri horiek nahikoa izango diren segregazioari aurre egiteko. Trantsizio baten aurrean gaudela kontziente izan behar dugu, agertoki berri batean gaudela.

Orain badaude moduak segregazioari aurre egiteko, neurri politikoak hartzeko zentroetan, eta baita tresna berriak ere, hori bideratzeko, errazteko, segregazioa murrizteko, eta, bide batez, gizarte kohesioan aurrera egiteko.

Lege aurreproiektuan agertzen diren neurriek, orokorrean, planteamendu orokorra eta hezkuntza sistema berri bat dakarte; baina legean agertzeak ez du bermatzen benetako eraldaketa izango denik. Legeak ez du bermea ematen, baina tresna berriak bai, idatzitako guztia gauzatu ahal izateko. Adibidez, Udal Hezkuntza Kontseiluak (estamentu berri bat) funtzio bereziak izango ditu, eta horiek martxan jarrita, errazagoa izango da matrikulazio garaian segregazioari aurre egitea: kudeaketan eraginez, eta baita bermeak jarriz ere. Bigarren adibidea: Hizkuntzen Institutua ere izango dugu, euskara kohesio tresna izan dadin bermatzeko. Institutuak jarraipen sakona egin ahal izango du, eta ahalbidetu eta ziurtatu ahalko du hizkuntza benetako ardatza izango dela, bai zentroetan, bai ikasleen komunikazioan, eta bai hezkuntza komunitatean ere.

 

«Laguntza handiagoak jarri ahalko dira premia handiena duten zentroetan, alegia, segregazio handia duten eta hizkuntzaren aldetik behar handiagoa duten zentroetan, jatorri atzerritarreko eta egoera sozioekonomiko baxueneko ikasleak daudenetan. Beraz, badaude arrazoiak oso modu positiboan baloratzeko lege aurreproiektuan agertzen diren atalak»

 

Hori aurrera eramateko, baliabideak jarri ahal izango ditu behar handiagoak dituzten zentroetan, laguntza ekonomiko handiagoak jarriz, adibidez.

Laguntza handiagoak jarri ahalko dira premia handiena duten zentroetan, alegia, segregazio handia duten eta hizkuntzaren aldetik behar handiagoa duten zentroetan, jatorri atzerritarreko eta egoera sozioekonomiko baxueneko ikasleak daudenetan. Beraz, badaude arrazoiak oso modu positiboan baloratzeko lege aurreproiektuan agertzen diren atalak.

Baina ondoko mezu hau ere inportantea da: aurreproiektu bat da oraindik, eta hobetzeko dituen atalak hobetu behar dira. Adibidez, tresna berriek bermea ematen ez dutenez, zehaztapen batzuk beharko dira eraginkorrak izan daitezen (derrigortasuna, adibidez). Horrez gain, gardentasuna egon beharko da denbora guztian, esparru guztietan eta eragile guztiengan. Zehaztapen horiek kronograma bat ere beharko dute, trantsizio egoera batean murgiltzen ari garelako: zer, noiz eta nola. Hori da eragile batzuek proposatzen dutena, hain zuzen Save The Children, Hezkuntza Plazara, Euskalgintzaren Kontseilua, EH Bildu, EHE, LAB… eta beste hainbat eragilek.

Beraz, legeak ez du ezer bermatzen, noski. Izan ere: zer legek bermatzen du ezer? Herritarren bultzada beharrezkoa izango da. Horretan eragin behar dute, hain zuzen, eragile sozialek eta alderdi politikoek. Ildo horretan, EH Bilduk baditu bere proposamen zehatzak, Hezkuntza Plazarak ere eraman ditu bereak… horretan sakontzea guztion zeregina izango da. Inportantea da azken hau: hurrengo urteak borroka urteak izango dira; bermea gu gara horretan, eragileok, hezkuntza komunitatea, eta herritarrak.

 

 

Zein dira erronkak aurrera begira?

Eusko ikaskuntzak egin dituen foro partehartzaileetan osatu duen “Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua, erronkak kudeatzeko proposamenak” txostenean ondo baino hobeto jasotzen dira. Indarrak batu behar dira, zaurgarriak diren ikastetxeekiko elkarlana bultzatu behar da, elkartasun dinamikak abiatu, euskara gizarte inklusiorako tresna gisa erabili, egungo hezkuntza eredua gainditu, hezkuntza eta hizkuntza proiektuak garatu, gehiago behar duenari baliabide gehiago eman…

Jendartearen inplikazioa behar da konponbide integrala lortze aldera. Bultzatu behar da jendarteak osotasunean parte hartzea, askotariko ahotsei tokia ematea, pribilegioak deseraikitzea, lanketa berezia egitea komunikabideekin (ematen duten eta ez duten informazioa zainduz)… Herrigintzan, udalari protagonismo

handiagoa ematea, eta herri hezitzaileen rola eta funtzionamendua sustatzea.

 

«Argi dugu eskoletako egoera aldatu behar dugula, baina badakigu, modu berean, eskolan bakarrik neurriak hartuta ez dugula geratuko segregazioa»

 

Eta, horien artean, hiru erronka nagusi daude: kulturartekotasuna, formakuntza eta tokian tokiko gobernantza. Lehenik, euskara kohesio tresna izateko testuinguru bat sortu behar da, baina beste kulturetara ireki behar da, beste kulturak entzun behar dira, eta jendartea hortik eraiki. Inklusioaren balioa, beraz, garrantzitsua da. Bigarrenik, formakuntza areagotu behar da zuzendaritza taldeetan, irakasleen artean, familien artean… Eta hirugarrenik, eta azkenik, tokian tokiko gobernantza partekatua gakoa da. Ardura guztiona da, bakoitzak duen ardura hartzeari ekin behar diogu. Auzoko elkarteak, kirol elkarteak, hezitzaileak, mugimendu feminista… bakoitzak bere rola hartu behar du. Horrela egingo dugu planteamendu integral bat, eta horrek ahalbidetuko du euskal jendarte kohesionatu bat sortzea.

Horretan guztian, herri ikuspegia ezin dugu inoiz galdu. Hartzen diren neurriak egokitzen, aldatzen, hobetzen joango dira, joan behar dira, eta hor eragin behar da. Erronka zailak eta ederrak ditugu aurrera begira.