Argazkia. FOKU
Hamar urteko trantsizioa isteko garaia dela dio Herrigaia ponentziak eta askapen prozesuan jauzi bat emateko baldintza hobeak daudela orain baieztatzen da. Zer esan nahi da horrekin?
Arkaitz: Herrigaiaren oinarri zen balantzean aipatzen genuen gure ustez urrats handiak egin ditugula bai mugimendu gisa eta bai herri gisa azken hamar urteetan. Laburbiltzearren, lehenik, aurreko ziklo politikoa arrakastaz ixteko gai izan gara, gogoan hartu behar baita, Estatu biren erasoen eta oztopoen gainetik egin behar izan dugula hori. Bigarrenik, EH Bildu eta EH Bai ezkerreko subiranismoaren erreferentzia politiko/ instituzionala diren horiek indartu egin ditugu eta hori, ez horretan bakarrik, baina haien emaitza elektoraletan eta haien botere instituzionalean islatu da. Hirugarrenik, behar baino askoz beranduago eta motelago baldin bada ere, lortu dugu Estatu bien espetxe politikan, presoen auzian, arrakala bat zabaltzea. Laugarrenik, urte guzti hauetan eman diren borroka eta mobilizazio emantzipatzaile eta askatzaile horietan guztietan egon da hein handiagoan edo txikiagoan Sorturen eta ezker abertzalearen hauspoa. Itxitzat eman dezakegu, estrategiaren egokitzapenari dagokionez bederen, hamar urte hauetako trantsizioa eta oinarri politak jarri ditugu, Herrigaian defenditzen den bezala, askapen prozesuan jauzi bat emateko. Jauzi horrek nagusiki gauza bat eskatzen du: nazio bulkada berri bat abian jartzea. Kongresu honetako tesi nagusietakoa izan da Euskal Herriaren nazio pultsua ahulduta ageri dela. Baina aldi berean, kontraesankorra eman dezakeen arren, EH Bildu eta EH Bai maila elektoralean zein agenda politikoan eragiteko gaitasunean inoiz baino indartsuago ageri dira. Askapen prozesuaren egoeraren neurria ez ote da ezberdina ala ere administrazio eremu baskatzaile horietan guztietan egon da hein handiagoan edo txikiagoan Sorturen eta ezker abertzalearen hauspoa. Itxitzat eman dezakegu, estrategiaren egokitzapenari dagokionez bederen, hamar urte hauetako trantsizioa eta oinarri politak jarri ditugu, Herrigaian defenditzen den bezala, askapen prozesuan jauzi bat emateko. Jauzi horrek nagusiki gauza bat eskatzen du: nazio bulkada berri bat abian jartzea.
ARKAITZ. «Itxitzat eman dezakegu, estrategiaren egokitzapenari dagokionez bederen, hamar urte hauetako trantsizioa eta oinarri politak jarri ditugu, Herrigaian defenditzen den bezala, askapen prozesuan jauzi bat emateko»
Kongresu honetako tesi nagusietakoa izan da Euskal Herriaren nazio pultsua ahulduta ageri dela. Baina aldi berean, kontraesankorra eman dezakeen arren, EH Bildu eta EH Bai maila elektoralean zein agenda politikoan eragiteko gaitasunean inoiz baino indartsuago ageri dira. Askapen prozesuaren egoeraren neurria ez ote da ezberdina ala ere administrazio eremu bakoitzean?
Lur: Nazio pultsua bera ere toki ezberdinetatik interpretatu behar da, ze normalizazioaren sintoma ere izan liteke. Jada ideia normalizatu bat da hein batean Euskal Herria eta, beraz, maila batean ez da gatazka iturri, lehen izan zitekeen bezala. Aldaketa asko gertatu dira azken hamarkadetan.
Ez zait iruditzen kontraesankorra nazio pultsoaren ahultzearekin. Aberasgarria eta aukera berriak irekitzen dituen zerbait dela uste dut, posible delako hegemonia berriak leihatzea hortik eta nazio pultsu horrek agian beste forma batzuk hartu ditzakeelako. Gure esku egonen da. Estrategia konfederalak lurralde administrazio bakoitzetik osotasuna inpugnatzeko aukera ematen digu, adibidez. Palanka berri bat da, aldaketa eragiten duena. Kontua da eskema konfederal horri nola eransten zaion nazio pultsu berritu bat, gaur egunera egokitua. Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoaren sorrerarekin eta Nafarroa Garaian nafartasun berri baterantz eman diren aldaketekin, hegemonia lehiatzen ari gara.
Deserosoagoa den eszenatoki batean gaude baina oso urrats garrantzitsuak eman dira. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban normalizazioarekin lotu behar genuke sintoma hori, zerbait naturala den gisan eta beraz beste gatazka batzuk sortu behar dira.
2017ko Kataluniako erreferendumak inflexio puntua markatu zuen Espaniar Estatuko politikan eta baita Euskal Herrian ere. Batasun girotik zatiketa girora igaro da independentismoa ordutik. Zer eman dezake Sanchezen Gobernuaren eta Aragonesen Gobernuaren arteko negoziazio mahaiak?
A: Ez dugu gure burua engainatzen eta ez dut uste Katalunian mahai horren aldeko apustua egiten duten sektore independentistek, ERCk nagusiki, bere burua engainatzen dutenik. Guk pentsatzen dugu litekeena dela Espainiar Estatuak bai Kataluniaren bai Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea ez aitortzea sekula. Afera ez da hori. Afera da zer nola jokatuko dugun egunen batean Estatua behartzeko gure autodeterminazio eskubidea onartzera edo bestela nahikoa baldintza sortzeko gure azken helburuetararteko bidea, alegia errepublika bana eraikitzeko bidea, aldebakarki egin ahal izateko. Azken batean, oinarrian dagoena aldebikotasunaren eta aldebarkatasunaren arteko eztabaida da.
LUR. «Deserosoagoa den eszenatoki batean gaude baina oso urrats garrantzitsuak eman dira.»
Hori da une honetan Kataluniako independentismoa zeharkatzen duena eta zatitu ere egiten duena. Eztabaida antzua da. Ezin daiteke planteatu gure prozesuek, nahi eta ez, hasieratik bukaerara aldebikoa izan behar luketela, horrek, lehen egin dudan analisiaren argitara, Estatuari beto eskubidea ematea suposatuko lukeelako. Baina aldi berean diogu, ezin dela planteatu, prozesuek soilik aldebakarrekoa izan behar dutela. Zergatik? 2017ko urriaren lehen horretatik aurrera ikusi dugulako aldebakartasunak badituela bere mugak eta bere kosteak. Parez pare duzuna Espainiar Estatua denean bederen. Beraz, aldebikotasuna jorratu beharra dago, subiranismoak etengabe bilatu beharra duelako legitimatzea lehenago edo beranduago aldebakarrez aurrera egitearen beharra. Eta horretarako behin eta berriro Estatuari eskua luzatu behar zaio: behin eta berriro gatazkaren soluzio demokratikorako eskaintzak edo proposamenak mahai gaineratu behar dira, modu horretan subiranismoa soluzioak bilatzeko eta eskaintzeko duen borondatea azalduz. Izan dadila Estatua soluzioei ateak ixten dizkiena. Pedagogia hori egitea funtsezkoa da independentziarako bidea jorratzeko, batetik, independentismoak bere posizioa eta bere oinarriak zabalduz joateko eta, bestetik, nazioartearen begietara, bere planteamenduak eta posizioak legitimatzeko, eta aldebakarreko bidea legitimatzen joateko.
Urte hauetan ekintza batasunaren aldeko lan politiko sendoa egin da ezkerreko independentismoaren eta Kataluniako independentismoaren artean. Zergatik da garrantzitsua Llotja de Mar bezalako aliantza esparrua?
A: Funtsezkoa da arrazoi batengatik: Kataluniako zein Euskal Herriko prozesuen aurrerabiderako giltza izan daiteke indarren artikulazioa. Nahiko garbi daukagu elkarrekin eginez gero, beharbada ez dugula lortuko, baina zeinek bere aldetik jo ezkero zihurra da ez dugula lortuko, aurrean daukaguna ez delako edonolako estatua. Nahiz eta azken aldian aspaldiko krisirik sakonenean murgilduta egon, estatu indartsua eta boteretsua izaten jarraitzen du. Funtsezkoa deritzogu indarrak artikulatzeari plano eta maila guztietan. Kataluniarekin nagusiki, baina baita Espainiar Estatuko gainontzeko nazio zapalduekin eta Europako estaturik gabeko nazioekin ere. Gure ustez, funtsezkoa da datozen urteetan bai Madrilen eta bai Bruselaren aurrean gehiengo demokratiko bana paratzea, nazio izaeraren errespetua eta onarpena exigituko dutenak eta beren bidea demokratikoki edo baketsuki urratu ahal izateko bitartekoak eskatuko dituztenak.
Ipar Euskal Herrian hazkunde krisi modukoa izan du ezkerreko abertzaletasunak azken urteetan. Duela hamarkada bat pentsaezina zatekeen agendan instituzionalizazioak, euskarak edo etxebizitzaren aferak halako zentraltasuna hartzea. Zein da erronka orain?
L: Gatazkaren ondorioen konponbiderako sortu den aliantza edo bloke historikoak ahalbidetu du bestelako eremu batzuetan aurrerapauso batzuk eman ahal izatea. Hasteko, Euskal Herria marraztu ahal izatea ahalbidetu du, Euskal Elkargoaren bidez instituzionalizazio prozesuan jauzi bat emanez. Aliantza horrek berak, marko instituzional mugatu horren potentzial osoa biderkatzeko aukera ematen du. Hori asko da. Ibilbide historiko bat izan duten bestelako borroketan salto bat emateko balio izan du. Etxebizitzarena paradigmatikoa da. Espekulazioaren aurka eta eskubide sozialen alde hamarkadetan eman diren borrokak dira, baina orain argazki oso bat ikusten da. Euskararen aurkako erasoen aurrean ere nolako herri erantzuna eman den edo orain bereziki ekologismoaren bueltan landatzen ari diren hazi berriak ere aipagarriak dira. Ezkerreko abertzaleen agenda bideorri komuna bilakatu da, eraldatzaileak diren eremuetan gainera. Bloke historikoaren zeregin nagusia hor kokatzen da. Kontua da ze aliantza esparru kokatzen dituzun eta gainera horiek nola kokatzen dituzun ezkerrerantz, beste herri bat eraikitzeko. Beste jauzi batzuk emateko egoeran dago Ipar Euskal Herria, baita instituzionalizazio prozesuan ere. Aukerak zabalik daude.
ARKAITZ. «Kataluniako zein Euskal Herriko prozesuen aurrerabiderako giltza izan daiteke indarren artikulazioa.»
Ze aliantza mota behar ditu askapen prozesuak jauzi kualitatiboak emateko?
A: Askotarikoak. Ezker abertzalean oso termino estrategikoetan ulertu izan ditugu, kasik helburuen eta bidearen osotasunean ados egotea exigituko luketen aliantzen moduan. Bestetik, pentsatu izan dugu bilatu beharra zegoena zela EAJrekiko aliantza bat, zeinak ahalbidetuko lukeen burujabetzaren bide osoa ibili ahal izatea, sikiera Maltzagaraino. Bada, ezin gaitezke geratu EAJrekiko balizko aliantza baten esperoan, gerta daitekeelako halakorik ez gertatzea, eta bien bitartean eskuak lotzen dizkigu. Bestetik, aliantza estrategikotzat jo genitzakeen horietaz aparte, egon daitezke bestelako elkarlan edo aliantza asko maila apalagokoak, baita txikiak ere, baina lagun dezaketenak ezkerreko subiranismoaren posizioa indartzen, gure proiektu politikoaren posizioa hobetzen eta zentzu horretan bidea urratzen.
Edozein elkarlanen aurrean galdera bat da, nagusiki, planteatu behar dena: lagunduko du ezkerreko subiranismoaren posizioa hobetzen? Lagunduko du Estatuekiko indar harremana hobetzen? Bai ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, aurrera.
Askapen prozesua testuinguru jakin batean garatu behar da eta hori pandemiak markatu du azken boladan. Egoera oso irekia dela eta edozer gertatu daitekeela dio Herrigaia ponentziak. Indibidualismoaren, eskuinaren eta faxismoaren gorakada ere aipatzen dira. Ezkerreko alternatiba eraikitzeko ze aukera daude?
L: Ezkerreko eragileok Europan eta munduan azken hamarkadetan izan dugun ibilbidea aztertzea ezinbestekoa da non gauden ulertzeko; alegia, ze porrot eta ze garaipen egon diren azken hamarkadetan. Neoliberalismoa bera, indibidualizazio prozesuak, ezegonkortze prozesuak, prekarizazio prozesuak, eta abar, ez dira pandemiak ekarri dituen joerak, atzeragotik datoz. 2008ko krisiak gauza asko aldatu zituen jendearen espektatibetan, zer esanik ez gazte belaunaldietan. Orain modan da zinema eta serie produkzioetan apokalipsiaren ideia, munduaren amaierarena, distopien zerumuga. Herrigaiak ongi adierazten du gauza bat dela zein testuingurutan gaudenaren jabe izatea, eta beste kontu bat dela etsipena bilakatzea gure egunerokoa, nihilismoan eta baloreen hustuketa batera ihes eginez. Horren kontra proposamen politiko gauzagarriak egin behar dira eta eraldaketarako perspektiba eraiki behar da. Gure erantzukizuna da Euskal Herrian alternatiba gauzatzeko itxaropen eta gogo bat eraikitzea. Guk ez dugu mundua bukatzea nahi, kapitalismoa da bukatu behar dena. Euskal Herria askatzea da mundua eraldatzeko gure estrategia, burujabetzaprozesuak amaieraraino eramanez. Bide orri hori jarraitu behar dugu. Eta gure anbizioa ez da inolaz bizirautea soilik, irabaztea baizik. Galtzaile izatera jokatzea galtzeko modu bat besterik ez da, eta ez gaude horretarako momentuan. Posible da gaur eta hemen, baina egin egin behar dugu, erantzukizun hori dugulako eta Euskal Herriari eta munduari zor diogulako.
Euskal Herria eraikiz zapaltzen gaituen sistema horren osotasuna inpugnatzea da gure anbizioa. Adibidez, zaintza sistema publiko eta komunitario bat eraikitzeko bidea jorratzen badugu, horrek sistema inpugnatzen du, kapitalismoak oinarriak arrakalatzen dituelako; edota pentsio duin batzuk Espainiar Estatuko oligarkia finantzieroek onartu ezin dituen bezala. Krisi ekologikoari aurre egiteko eman behar diren aldaketa guztiek egungo sistema ere inpugnatzen dute, goitik behera. Anbizio horrekin busti behar ditugu aldaketarako eragile guztiak.
LUR. «Ezkerreko abertzaleen agenda bideorri komuna bilakatu da, eraldatzaileak diren eremuetan gainera. Bloke historikoaren zeregin nagusia hor betetzen da.»
A: Pandemiak agerian utzi ditu aspaldian ez bezala sistema kapitalistaren hutsuneak, desorekak eta bidegabekeriak. Bide batez, pandemiak agerian utzi du aspaldi ez bezala, estatu propio bat ez izatearen ondorioak. Álvaro García Linerak esaten du krisi garaietan sinesmenen hustuketa bat ematen dela, hegemoniko izan diren dogmen kuestionamendua ematen delako eta horrekin batera hutsune hori bestelako sinesmen edo ideia batzuekin betetzeko aukera sortzen da. Beraz, gure kasuan aukera dago, oraindik ere hegemoniko denmundu ikuskera neoliberal eta hein batean unionista hori, ikuskera subiranista eta eraldatzaile edo aurrerazale batekin ordezkatzeko. Bataila horren emaitza ez dago idatzita, hein batean guk egiten dugunaren araberakoa ere izango delako. Beraz, horrek zer eskatzen digu indar emantzipatzaile guztioi? Guztia irabaz daitekeenaren anbizioarekin jokatzea. Botere anbizioarekin eta botere estrategiarekin jokatu behar dugu. Honako hau ez da ez konfort politiko-ideologikoko eremu batera erreplegatu edota ihes egiteko unea. Oraingo hau da inoiz baino gehiago boterea konkistatzen saiatzeko unea. Boterea konkistatu, boterea eraldatzeko eta botere hori herri honen eta bere gehiengo sozialen interesen eta beharren zerbitzura jartzeko. Horretarako estrategia behar du ezker abertzaleak eta hala planteatzen du Herrigaia ponentziak. Sarrik esango lukeen bezala, gauza bat delako iraultzaile izatea, eta beste bat, zeharo ezberdina, iraultza egitea. Eta guri ez zaigulako aski iraultzaileak izatearekin; guk iraultza egin nahi dugu, eta horrek eskatzen du inoiz baino gehiago artikulazio zabalak eta gehiengoak eraikitzea eta boterea lehiatzea eremu guztiguztietan.
Garai nahasi hauetan, nazio bulkada berri baten beharra dagoela adierazi duzue eta horrekin batera, belaunaldi erronka irudikatzen duten ildo estrategikoak zehaztu dituzue: lana eta bizi baldintzak, ekologismoa, feminismoa, euskara, hezkuntza, migrazioak... Ze motako ekarpena egin behar du Sortuk esparru horietan?
A: Borroka esparru guzti horiek indartzea izan behar du bere kezka eta egitekoa. Borroka eta aldarri guzti horiek, gero eta gehiago, sistemaren osotasuna inpugnatzen dute eta subjektibitate eraldatzaile eta askatzaile bat ereiten laguntzen dute. Aldarri horiek, beraz, askapen bidean urrats berriak egin ahal izateko oinarriak jartzen laguntzen duten dinamikak dira. Frente instituzionalak indar harreman sozial hori gero garaipen juridiko/legaletan itzuli behar du. Zeren, badago joera bat, kasu batzuetan, ezkerreko sektore batzuen aldetik eta eragile sindikal batzuen aldetik, ardurak besterentzeko. Argi esan beharra dago: frente instituzionalak nekez gauzatuko ditu aldaketak, ez badago atzetik indar harremana baldintzatu eta aldaketaren alde jartzen duen herri mugimendurik. Horrela izango da posible frente instituzionalak indar harreman horiek konkista juridiko, legal eta politika publiko konkretuetan itzuli ahal izatea.
Barneratze independentista kontzeptua ere aipatzen da azken boladan bai Sortun eta baita EH Bildun. Zer esan nahi du horrek?
A: Askapen prozesuan aurrera egiteko funtsezkoa da independentismoa gizarte esparru guztietan presente egotea eta ahal dela lidertza paper bat jokatzea. Bereziki boterea dagoen eremuetan edo gizartearen eremu traktoreetan. Urruti gabe, Katalunian ikusi genuen gakoa dela. Ez da berdina egiaren orduan, aldebakarreko jauziak emateko garaian, sindikalismo independentista bat izatea edo ez; ez da berdina merkataritza ganbera independentisten esku egotea ala ez; ez da berdina udalen gehiengoa independentista izatea edo ez; ez da berdina kirol federazioak independentistak izatea edo ez; ez da berdina unibertsitateetako errektoretzak independentistak izatea edo ez; ez da berdina, bide batez, polizia lokalen edo autonomikoen gehiengoa independentista izatea edo ez. Ez eta polizia horien zuzendaritzak edo goi mailako ardurak independentistak izatea edo ez. Urriaren lehenaren osteko egunetan luze hitz egin zen kontu hauetaz. “Egiaren orduan” zer behar duzu? Ahalik eta gehiengo nabarmenena, nazioartearen aldetik ahalik eta onarpen handiena eta lurraldearen kontrola. Ba hori.
Arkaitz. Duela hiru urte egindako elkarrizketan zenioen 2018a presoen auzia konponbidean jartzeko ibilbide orria adosteko urtea izan behar zela. Hala gertatu da. Espainiako eta Frantziako Gobernuek azken urteetan jarrera aldaketa txiki bat izan dute eta urrats batzuk eman dira preso politikoen afera konpontzen hasteko. Urriaren 18ko Adierazpenak eta EPPKren erabakiak markatu dute agenda neurri handian azken asteetan. Aldebakarreko urrats hauek zeri erantzuten diote?
A: Azkenerako posible izan bada Estatuen hormatzar horretan pitzadura bat irekitzea, izan da hamarkadetako borrokaren, mobilizazioen, adostasun zabalen eta aldebakarreko urratsen ondorio. Herriak behartu ditu Estatuak urrats horiek egitera. Aurrera egiten jarraitzeko funtsezkoa izango da aipatutako eremu horietan guztietan urratsak egiten jarraitzea, azken hamar urteetan urratzen ari garen bidearen baitan.
Bi ekimen horiek hein batean lotuta daude. Horien lehen helburua izan da Aieteko bide orriak jasotzen duen hirugarren puntuan sakontzea. Izan ere, Ezker abertzaleak konpromiso bat hartu zuen Aieteko Adierazpenarekin eta berriki Urriaren 18ko Adierazpenarekin konpromiso hori berritu dugu. Ze konpromiso? Gatazkaren konponbide osoaren baitan, biktima guztien aitortza eta erreparazioa. Bi ekimen horien helburua ETAren biktimen aitortza eta erreparazio konpromiso horretan sakontzea izan da. Bigarren helburu bat ere izan dute; gatazkaren konponbiderako agendaren osotasunari bultzada berria ematea. Eta bide horretan, inportantea da ETAren biktimen mina ahal den neurrian arintzea; baina, zalantzarik gabe, hori bezain inportantea da gaur gaurkoz biktima kontsideraziorik ere ez duten Estatuen milaka biktima horien aitortza eta erreparazioa egitea. Horrez gain, konponbideak eskatzen du preso, iheslari eta deportatu politikoen auziari aterabide definitiboa ematea. Adierazpen hauen helburua horretarako behar diren adostasunak erraztea izan da, orain artekoak gehiago zabalduz. Eta, jakina, azkenik, konponbideak eskatzen du ere gatazka politikoa den honi soluzio demokratikoa ematea. Nola? Bada, demokrazian egin litekeen modu bakarrean: herri honi hitza eta erabakia emanez eta horiek errespetatuz.
ARKAITZ. «Lagunduko du Estatuekiko indar harremana hobetzen? Bai ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, aurrera.»
Urrats horiek aliantzetan izan ditzaketen ondorioez ere asko hitz egin da azken boladan...
A: Adierazpen hauen erreakzioei erreparatuta, bistan da ondorio erantsi bat dela hamarkadetako kriminalizazio eta estigmatizazioren ondorioz ezkerreko independentismoaren proiektuaren bueltan altxatutako harresiak eta lubakiak desagerrarazten lagun dezaketela. Zentzu horretan ezkerreko subiranismoari aliantza berrietarako aukerak zabaldu dakizkioke, baita proiektu horretara gizarte sektore berriak erakartzeko aukera ere. “Askapen prozesuan aurrera egiteko funtsezkoa da independentismoa gizarte esparru guztietan presente egotea eta ahal dela lidertza paper bat jokatzea. Bereziki boterea dagoen eremuetan edo gizartearen eremu traktoreetan.”
2017an Sortuk bere burua feministatzeko konpromisoa hartu zuen eta gaur Plan Feminista martxan dago. Zer ekarri beharko luke hurrengo urteetan plan horren aplikazioak?
L: Prozesu bezala irudikatu behar dugu. Hau ez baita egun batetik bestera bukatuko. Bi alde ditu planak, barnera begirakoa bata, kanpora begirakoa bestea. Konpromiso batzuk ekarri ditu aurrekoak, zuzendaritza mailakoak eta antolakunde bezala hartzen ditugunak. Konpromiso horiek egiturazkoak dira eta horrela ulertu behar da. Horregatik da bukatuko ez den prozesua. Hurrengo urteetan antolakundea feminismoz busti behar da; geruza askotara iritsi behar da, oinarri sozialean eragin behar du eta halako eraldaketa prozesuak oso luzeak direla kontuan izan behar du. Plana osatu aurretik egin zen diagnostikoak ze hutsune eta ze gabeziari erantzun behar zitzaion ondo zehaztu zuen. Emakumeen presentzia eta parte hartze politikoan erronka garrantzitsua dugu eta Plan Feminista ahalduntzerako eta desboteretzerako tresna izan behar da. Hain zuzen, ahalduntzean jarriko nuke arreta. Militantzia ereduari buelta eman behar diogu Sortuk berak feminismoak planteatzen dituen egiturazko aldaketak metabolizatuz. Erronka konplexua da, eta ez da emakumeoi tokia ematea bezain “sinplea”. Parte-hartzean jartzen dugu askotan fokua, eta erronka handia dugu eremu horretan. Prozesuak, ordea, askoz harago joan behar du. Edukien aldetik Sortuk feminismoarekiko ze harreman, ze kokapen politiko egiten duen eztabaidatzea ere oso inportantea da gure planari eta ikuspegiari beste leku bat emateko. Horrek emakumeon aldetik ahalduntze prozesu bat egitea eskatzen du, baina zama hori ez ezin da gugan erori; antolakunde osoarena izan behar da. Konpromisoak praktikan jarri behar dira eta hori guztion erantzukizuna da.
Lehen aipatu duzue, baina EH Bildu eta EH Bai eraikitzen lan handia hartu du Sortuk azken urteetan. Horiek errealitate sendoa izanik orain, ze funtzio egozten dizkio bere buruari Sortuk?
A: Sortuk EH Bildu eta EH Bai koadro politikoz eta ekarpen politikoz hornitzen jarraitu behar du. Orain arte egindakoak ez du agortzen Sortuk horiekiko duen ardura. Sortuk oso garbi du bi bitarteko horiek estrategikoak direla askapen prozesuaren baitan, euskal gizarteari etorkizun hobe baten eskaintza politikoa luzatzeko eta hegemonia lehiatzeko. Hori esanda, urte hauetan egindako lan guztiak beste zeregin batzuetan indar gehiago jartzeko aukera ematen digu orain. Zeintzuetan? Lehen ezinbestekotzat jo ditugun herri mugimenduen edo mugimendu sozialen sustapenean. Zertarako? Sistemaren osotasuna inpugnatzeko, eta burujabetza beharraren ideia indartzeko, hau da, mundua aldatu nahi duten pertsona guztiei aldaketa hori gauzatzeko marko bat eskaintzeko, baina baita burujabetza beharra aldarrikatzeko ere, aldaketa guzti horiek egun herri gisa ez daukagun erabakitzeko gaitasuna eta botere politikoa izatea eskatzen duelako. Dinamika guzti horiek subjektibitate berriak sortzea ahalbidetzen dute, subjektibitate neoliberal eta kapitalistarekin hautsiz. Subjektibitate berri bat askatzailea; subjektibitate berri bat subiranista; eta subjektibitate berri bat kolektiboa, soziala, sozialista, azken batean. Finean, guzti horren eskutik abiatu behar da lehen aipatu dugun bulkada nazional berri hori.
Ezker abertzalearen oinarri soziala eta bere inteligentzia kolektiboa aktibatzea hartu zuen erronka Sortuk Zohardian. Lortu al da lan filosofia hori martxan jartzea? Antolatzaileen antolakunde izan beharraz mintzo zarete Herrigaian.
L: Zohardian oso helburu handia jarri genion gure buruari, prozesu luze bat eskatzen duena: milaka pertsona artikulatzea. Gurea bezalako 3.000.000 pertsonako herri txiki batean milaka pertsona saretu ditzakeen mugimendu bat egotea anomalia bat da, eta daukan balioa aitortu behar zaio. Komunitate hori artikulatu eta misio bat ematea, ordea, oso lan zaila da. Azken urteetan esperimentatzen ibili gara, bide berriak ireki nahian. Oinarri bat jarri dugula uste dugu, eta badakigu oinarri horrek duen potentziala zein den. Herrigaian bi ideia aipatzen dira: jokoa banatu eta misioa eman. Hori da Herrigaian potentzial handiena duen ideia. Ez da hainbeste klabe bat eta bakarra izango duen mugimendu politiko bat jartzea martxan, baizik eta inteligentzia kolektibo oso handi bat aktibatzea eremu ezberdinetan: izan herri mugimendu estrategikoetan, izan barneratze independentistaren logikan, burujabetzaren esparruan, gatazkaren ondorioen esparruan... Martxan dagoen mugimendu bat behar dugu, herri hau mugiaraziko duena, eta horretarako militante bakoitzak ezagutzen duen edo borrokatzen duen esparru horretan bere alea jarri behar du; horretarako prest dagoen oinarri sozial bat behar dugu. Erronka handia da, engranaje oso bat jarriko duelako martxan, jakinda gure anbizioa dela osotasuna kontuan hartzen duen askapen estrategia bat garatzea.
Azken urteetan EH Bildun, EH Bain zein herri mugimenduetan koadroen ekarpen militante handia egin du Sortuk horiek indartzeko xedearekin. Ba al du bere burua berproduzitzeko gaitasunik Sortuk? Zer egin behar du horretarako?
L: Izan behar du. Lehen hitz egin dugu datorren apokalipsiaz. Sortuk jakin behar du horren aurrean helduleku batzuk ematen jendeari. Izango dugun erronka handienetako bat da momentu bakoitzean erronka estrategikoak zeintzuk diren irakurtzen asmatzea, nondik jo behar dugun eta militante horien elikadura politikoa nondik eta nola egiten dugun. Eragiteko gaitasuna baldin badugu, koadroak sortuko dira. Koadroak praxi politikoaren bidez sortzen baitira, dinamizazio politikoan, alegia, eta hori da ezker abertzalea hain urrun iritsi izanaren arrazoi funtsezkoetako bat. Adibidez, ekologismoan mugimendu indartsu bat sustatzeko gai bagara, militante gehiago sortuko dira. Bestalde, azken urteetan eskola politikoa, eskola feminista, Erria aldizkaria bera jarri dira martxan. Borroka ideologikorako eta trebakuntzarako tresna horiek indartu eta behar diren tresna guztiak jarri beharko dira martxan.
A: Antolakunde honen funtzio nagusietako bat da iraunkorki eta etengabean koadro politikoz hornitzea EH Bildu, EH Bai, herri mugimenduak eta oro har euskal gizarteko esparru guztiak. Eremu horietan guztietan egingo dugun lanak biderkatuko ditu koadroak eta beren burua antolakunde honetan antolatzeko beharra eta desira izango duten pertsonak. Ezker abertzaleak borroka tradizio bat eta kultura politiko organizatibo bat ordezkatzen du, gure ustez altxorra dena egungo testuinguruan. Jakina delako gizarte hau gero eta indibidualistagoa dela, balore kolektiboak ahultzen ari direla, eta abar. Konpromisoa, herriarekiko lotura, eskuzabaltasuna, kolektiboarekiko leihaltasuna, diziplina... Funtsezkoa da balore horietan hezitako militanteak sortu eta biderkatzea. Lur-ek esan duen bezala, praxiak sortuko ditu koadroak eta erakarriko du jendea, ikusten badu antolakunde honetan bitarteko funtzional bat bere zereginerako, bere kezkei bidea emateko. Funtzionala den heinean, bere burua birsortuko du.
Hamarraldi berrian sartu gara. 2030 urtean nola nahi zenukete egotea Euskal Herria?
L: Etorkizuna ziurgabea da, hori da ziur dakigun bakarra, paradoxikoki. Krisi ekologikoaren kontuarekin, badago amildegi ertzean egotearen sentsazioa. Belaunaldi batek ez du ezagutu soldata duin bat eta prekarizazio prozesuan gauza asko aldatu dira. Bizi eta lan baldintzen esparruan aurrerapausoak eman dituen herri bat irudikatzen dut, soziologikoki ezkerrerago egongo den jendartea. Herri bat buruaskiagoa izango dena, burujabetza esparru ezberdinetan aurrerapausoak emanda. Gustatuko litzaidake Estatu bat izango garela esatea baina estadioa edozein dela ere, Euskal Herriak segiko du izaten bere askapen prozesuan urratsak ematen jarraitzen duen herri bat. Gure proiektuaren aldeko borrokak eta emantzipazio prozesuak aurrera jarraitzen badu, irabazten ariko garen seinale izango da.
A: Sakoneko aldaketa politiko eta sozialerako herri nahi bat artikulatuta irudikatzen dut. Euskal Herria gehituta Europan martxan den olatu subiranista/ autodeterminista horretara. Gatazkaren ondorioez ari garela, preso, iheslari eta deportatu politikoen auzia konponduta. Ezkerreko subiranismoaren proiektu aurrerazalea hegemoniko bilakatuta, alegia, gizartearen gehiengo baten aukera bilakatuta. Azken batean, bere askatasunerantz eta gizarte justuago, solidarioago, berdinzaleago baterantz urrats sendoz bidea urratzen ari den herria.