ELKARRIZKETAK

Erria

Arkaitz Rodriguez Torres. Sortuko idazkari nagusia

"Autonomismotik subirautzarako trantsizioa gauzatu behar dugu, laugarrenean bai"

2018-01-21

2017ko urtarrilean abiatu zen Sortu berria eta irailean hartu zuen ardura nagusiaren lekukoa Arkaitz Rodriguezek, Arnaldo Otegiren eskutik. Aurretik eta gero, agertoki politikoan astindu ederrak gertatu dira, armagabetzea eta Kataluniako bereziki, ezker abertzalearen iparra aldarazi ez baina orratza zertxobait mugiarazi dutenak. Barruko egoerari zein kanpokoari, biei erreparatzen die Arkaitzek elkarrizketa honetan, baina batez ere etorkizuneko erronkez mintzo da, antsietateari ihes egiten baina gauza batzuk 2018an erabaki beharko direla jakinda.

Jada urtebete pasa da Sortu berria sortu zenetik. Birfundazio hitza erabili zen orduan, hitz potentea. Hainbesterako izan al da aldaketa?


Argazkiak: FOKU

"Iraultza kontserbadorearen aurrean, gauzak alda daitezkeenaren perspektiba, ilusioa eta anbizioa behar ditugu."


Balioan jarri nahi dut aurreko zuzendaritza lana, beren akatsekin eta beren ekarpen guztiekin: estrategia berriaren kontsolidazioan eginikoa hor da, zeregin nagusi eta ezinbesteko gisa. Baina aldaketa eman da orain, bai. Espetxetik atera ginenean nahiko pultso bajuaren aurkitu genuen ezker abertzalea: arlo organizatiboan ahul, atxekimendu falta nabaria zuena, eta estrategia aldetik zertxobait noraezean. Horregatik erabili zen birfundazio hitza, estrategia berriari heldu behar zitzaion berriro eta Sortu organizatiboki sendotu behar zen. Pentsatzen dut galdutako pultsoa berreskuratzen hasi dela, balorazioa positiboa da. Beste kontu bat da, orduan ere esaten genuen, birfundazio bat ez dela gauetik goizera egiten. Oraindik ere egiteko asko dago.


Introspekzio fase nahiko luzea igaro du ezker abertzaleak. Esan liteke autoa tailerrean sartu zela, txekeoa egin, txukundu, garbitu eta berriz kalera atera dela. Itxuraldatua dago, baina erritmoa hartu du jada edo motel dabil oraindik?


Amaitutzat eman behar dugu barne ariketa hori, Euskal Herriari begira jarri behar gara, askapen prozesuari begira. Organizatiboki hobetzen segi behar dugu, kultura politiko berria indartzen jarraitu behar dugu, baina Euskal Herriak ez du itxaroterik, ez dago ezker abertzalearen zain. Erronkak mahai gainean dira eta horiei gogoz eta indarrez ekiteko garaia da. 2018k horretarako urtea izan behar du.


Politikoki urte mamitsua izan da 2017, batez ere Katalunian gertatu denagatik. Sorturen aurreko eskemak aldarazi ditu? Esaldi famatuari helduz, erantzunak ikasi ondoren ez al dira galderak berriz goitik behera aldatu? Ez al da dena berriz birpentsatu behar?


"Euskal Herria ez dago ezker abertzalearen zain, haren erronkei gogoz eta indarrez ekiteko urtea behar du izan 2018ak."


Hein batean bai. Bat nator Garan planteatu diren analisiekin, familia politiko guztien errelatoak aldarazi edo lehertu ditu Kataluniarenak. Desbordatu dituela esango nuke nik. Funtsean gertatu dena ez zaigu arrotz, jakin baikenekien Estatu espainolarekin ez zegoela benetako aldebikotasunerako aukerarik. Baina ikusi dugu ere aldebakartasunaren errelato horrek mugak izan badituela. Kontuz, honekin ez dut esan nahi aldebakartasunaren errelato hori egia ez denik; gaur gaurkoz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modu bakarra aldebakartasunarena da. Baina Kataluniak batetik erakutsi du hori posible dela, gizarte gehiengo baten mandatuz une batean independentzia aldarrikatzea posible dela, baina gaur gaurkoz ez da posible izan Errepublika hori gauzatzea, independentzia hori egikaritzea. Nolanahi ere, Kataluniarena ez da bide amaitua. Puntu batera iritsi dira, gutxik espero zuten puntu batera hain zuzen ere, eta hemendik aurrera horretan datza erronka: nola egin Estatu independiente hori gauzatzeko.


Eztanda horrek aukera gehiago ala aukera gutxiago uzten ditu Euskal Herriak ere aurrera egin dezan?


Nire ustez, aukera gehiago. Zalantzarik gabe. Batetik, zailtasun horien guztien gainetik Kataluniak frogatu du posible dela. Bestetik, Estatu espainolaren benetako aurpegia azaleratu du: antidemokratikoa, errepresorea, bere proiektua indarrez inposatu behar duena. Hortik aurrera, inork ez zuen esaten hau erraza izango zenik. Kataluniarenak erakusten du zein oztopo eta zein zailtasun sor dakizkizukeen bidean, eta hori abantaila bat bada. Epe laburrean argi da hau ez dela aldatuko: errepresioa, mehatxua, txantaia ekonomikoa... Beldurraren eragina ez dut ukatzen, askorentzat horrelako egoera batera iritsita erdarazko adagio famatuak funtzionatzen du: “más vale malo conocido que bueno por conocer”. Egia da horrek beldurra eragin dezakeela, baina hau guztiaz zoritxarrez dexente dakigu herri honetan, oso konsziente gara Estatuak egin dezakeenaz, hamarkadetan zehar gure azalean pairatu dugulako (eta horregatik harritu gara ikusten nola harritu diren katalanak Estatuaren bortizkeriaren aurrean).


Edonor zoratzeko moduko abiaduran gertatu da Kataluniako prozesuaren fase hau. Euskal Herrian oso onartua dago beste erritmo eta epe batzuk beharko direla. Baina bitartean herria hozteko eta deskonektatzeko arriskua ere bada. Presaz abiatu behar al da prozesu independentista ala itxoin daiteke? Denborarik ba al dugu?


"Kataluniako irakaspenek hausnarketa sakonak eskatzen dituzte. Eta aurrelan ikaragarria. Eta onartzea bide horretan kontraesan handiak izango ditugula."


Denetako esperientziak aurki daitezke munduan, baina esango nuke irizpide orokor bezala urjentziak eta antsietateak ez direla lagungarri. Eta esan beharra dago, ezker abertzalean oso ohituak gara trenen pasaeraz hitzegiten, egoera guztiak hil ala bizikoak bailiran bizitzen, orain ala inoiz ez... eta horrek ez du laguntzen, gauzak patxadaz egin behar dira eta mimetismo hertsiengandik ihes egin behar dugu. Bestalde, egia da prozesu hauek ezin direla gehiegi luzatu; Quebecen ikusten dugu 90. hamarkadan bi saiakera egin zirela, independentismoa muga-mugan gelditu zela baina ez zela helmugara iritsi, gero fase luzeago bati ekin ziotela eta orain hotz dagoela mugimendu hura. Gurera etorrita, Katalunia eredu gisa jartzen dugu ez daudelako mila bide helburua lortzeko. Funtsean bi bide baino ez daude: Quebec edota Eskozia batetik, Estatuaren bide demokratikoa eskatzen duena, eta bestetik Espainia edota Turkiarena, oinarrizko printzipio demokratiko bat onartzeko prest ez daudena. Horregatik diogu hemen egin beharko den prozesua Kataluniakoaren antzerakoagoa izango dela Eskozian egin dutenarena baino, baina ez berez Kataluniakoa hobea iruditzen zaigulako. Beste eredua mila bider nahiagoko genuke, baina Estatu espainola ez da Erresuma Batua, ez eta Kanada ere.


Europar Batasunak afera honetan hartu duen posizioa ikusita, berrirakurketa egin behar du ezker abertzaleak Europari buruz?


Goizegi da hori esateko. Europa lerratu da Estatu espainolarekin, egia da; agian ez da erabat lerratu, baina lerratu da. Katalunian nahiko harriturik geratu dira honekin, ez zuten espero, baina inozoa litzateke pentsatzea Europak besterik gabe onartuko lukeela Kataluniakoa bezalako boteretze prozesu bat arrakastatsua izatea. Grezian ere ikusi genuen aurretik. Elite mailan gertatzen da hori. Europako eliteek ez dute horrelakorik inolaz ere nahi, munduko herriei eta munduko klase zapalduei begira oso irakaspen garrantzitsua izango zelako. Behetik gora abiatutako boteretze prozesu baten bitartez gauzak alda daitezkeela frogatzea, noraino eta Estatu independiente bat sortzeraino... hori ezin dute baimendu. Hori guztia esanda, goizegi da Europan Kataluniakoak zein ondorio utziko duen jakiteko. Independentismoak erronkari eusten badio, eta momentuz eutsi dio eta abenduaren 21eko emaitzekin nola eutsi gainera!, gehiengo hori behin eta berriro erakusten eta berresten bada, ikusteke dago zein posizio hartuko duen Europak azkenean. Ez dut uste Greziako errezeta bera Kataluniari behin eta berriro aplikatu diezaiokeenik. Egonkortasun arazoa izango du azkenean. Eta sinesgarritasun arazoa ere bai. Europako elite horien interesak zeintzuk diren badakigu, baina itxura gordetzeko beharra ere badute. Nazioartean konplizitate handiagoak lortzeko erronka dute aurrean katalanek, eta ikusiko dugu azkenean Europak ez ote dion eskakizun horri aterabide demokratikoa emateko beharrik izango.


Gurera etor gaitezen; Gasteizko Legebiltzarrean estatus berriari buruzko lantalde horretaz zerbait espero duzu? Gutxi, asko? Testingurua kontraesankorra da, gainera: bertan urratsa planteatzen denean, Estatuan itxikeria nabarmena da eta zentralismo joerak nagusi.


"Aro berri bati hasiera eman behar zaio, Euskal Herriaren biziraupenerako minimoak bermatzera baino, Euskal Errepublikaren oinarri materialak jorratzera zuzenduko zaiona."


Guk esaten duguna hauxe da: herri honetan erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarrek akordio bat erdietsi behar dute. Bi arrazoirengatik; bata, aspaldi dakigu marku hau agortuta dagoela, 20 urte pasa dira geroztik; bigarrena, hori gutxi balitz, une honetan salbuespen egoera batean gaude, nahiz eta askotan horren konszientzia galdu egin daitekeen. Kataluniarenak 155. artikuluaren ezarpena ekarri du eta autonomia-sistema hankaz gora jarri du horrek. Inozoa litzateke planteatzea Estatuak Kataluniarako planteatu duen errezeta hori soilik Kataluniarakoa denik. Inondik inora ere. Estatu mailan inboluzioa abian da, kontraerreforma etorri da, eta gugan zeregina izango du dudarik gabe. Adibidez, Kontzertu Ekonomikoaren aurkako ahotsak ez dira berriak, aurretik ere baziren, baina berria da batetik orain hartu duten indarra, eta berria ere bada 155aren bidez aurkako mehatxu hori gauzatzen hasi dela. Orduan, autonomia gainditzeko akordio hori nahitaezkoa dugu. Behingoz, azken 20 urteotan aipatu den autonomiatik subirautzarako trantsizio hori gauzatu behar dugu. Hortxe gaude, bi zikloen arteko trantsizio horretan. David Fernandezen hitzak hartuz, berak esan izan du “¡qué larga se está haciendo la transición de la dictadura a la democracia!”, eta nik esango nuke “autonomismotik subirautzarako trantsizioa luzea izaten ari da gero!”.

Transito hori egiteko saiakera ezberdinak egin ditugu: Lizarra-Garazi izan zen lehena [1998-2000], Ibarretxe Plana gero [2004-05], Loiolako elkarrizketena jarraian [2006-07]... eta orain laugarren saiakera baten aurrean geundeke. Honetarako aldagai kualitatibo berri garrantsitsua dugu, ezker abertzalearen estrategia aldaketarena. Laugarrenean bai lortu beharko genuke. Eta autogobernu ponentziak horren zioa edo zeregina izan beharko luke, beste gauza batzuen artean.

Besterik da kezkaz ikusten dugula EAJren posizio politikoa. Ibarretxeren aldia pasata, neoerregionalismo edo neoestatutismo baten jarrera nagusitu dela ikusten dugu.


Ezker abertzaleak bi jarrera historiko izan ditu EAJren aurrean: eskua luzaturik batzuetan, egurra ematen besteetan, biak tartekatuz beste hainbatetan... zer tokatzen da orain? Nola mugiarazi?


Akordio horretarako gai izan beharko genuke erabakitze eskubidearen alde gauden indar guztiek. Ikusi dugu Felipe VI.aren diskurtsoak diziplinatu egin zituela bloke unionista horren kide guztiak, eta Espainiaren batasunaren defentsan bat egiteko ez dutela inolako arazorik izan PPk, Ciudadanosek, PSOEk... Bada, herri honetan sinisten dugun indarrok ere gauza bera egiteko gai izan beharko genuke, adosteko gai izan beharko genuke. Orduan, egungo galdera da EAJren oraingo dekantazio hau (PSOE eta PP alderdiekin akordioak eginez) behinbetirakoa ote den ala koiunturala bakarrik. Argi duguna da EAJk autogobernu ponentzia honetan hartuko duen erabakiak fase politiko oso baterako determinatuko duela bere posizioa. Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu.

Eta gauza bat kontutan hartuta erabaki behar du: une honetan Estatuak ez du tarteko bideetarako aukerarik uzten, denaren bila dator orain. Egungo egoera 1997. urteko ‘a por ellos’ leloaren harekin parekatuko nuke. Gerta daiteke honek EAJ burujabetzaren alde lerratzera ekartzea edo justu kontrakoa: beldurraren gestio hutsa egin nahi izatea, orain bezala segitzea edo auskalo, orain baino pixka bat gutxiagorekin ere, dena galtzea baino hobe dela argudiatuz.


Azkeneko inkestek erakusten dutena kezkagarria da ezker abertzalearentzat: euskal gizartea gero eta kontserbadoreagoa, beldurtiagoa, indibidualistagoa azaleratzen da. EAJren bilakaera horretan, hegemonia politikoa eskuratzeaz gain hegemonia soziala ere lortzen ari da? Erakundeak izateaz gain, baloreak ere al ditu kontrolpean?


Hein batean bai. Iraultza kontserbadorea gertatu da EAJren eskutik; baloreetan, aurreikuspenetan, termino guztietan. Errealitatea da. Mundu mailako joera ere bada, ez bakarrik hemengoa: beldurra, esaterako. Kezkatzen gaitu, jakina. Herri honen potentzialitatea indargabetzen aritu da eta hein handi batean lortzen ari da. Profecía autocumplida-tzat ere har dezakegu. Horren aldeko apustua egin du eta hori gertatzen denean aitzakia modura ere erabiltzen du, Kataluniako prozesua esaterako ‘jendeak ez du nahi’ esateko. «Estabilidad», egonkortasuna, hau da hitz fetitxe berdina. Eta guk, aldiz, gauzak alda daitezkeenaren perspektiba, ilusioa eta anbizioa behar dugu. Erronka erantsia da guretzako. Eta Kataluniarenak laguntzen du honetarako.


Zein palanka ikusten du Sortuk aldaketaren eta subirautzaren alde egiteko? Sindikatuak, feminismoa, “euskal oasian” bizi ez direnak... zeintzuk ikusten ditu bidaide egoki eta beharrezko?


Rafa Diezek planteatu du behin baino gehiagotan; “Maltzaga sozial” baterako baldintzak egon badaude gaur-gaurkoz, aipatu dituzuen horiekin esaterako. Independentismoa bigarren indar politikoa da herri honetan, ez da ahaztu behar. Bada nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa. Eta bada mugimendu sindikal potentea, klasekoa, subirautza eraikitzearen aldekoa: Katalunian ez zuten hori. Aktibaziorako ahalmen handiko eragile asko daude: Gure Esku Dago, mugimendu feminista... Horiekin guztiekin artikulazio berri bat egin behar da, sakoneko aldaketa baten alde.


Zabal dezagun esparru geografikoa. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dinamika politiko oso interesgarriak daude, beste giro bat ikusten da. EAEren motelaldia aipatu dugu. Bilbon, euskal metropolian, hutsune nabaria du ezker abertzaleak. Nola kudeatu hori guztia, alde onak eta alde txarrak?


"Oso garrantzitsua da ulertzea kentzen diogun bahitu politiko bakoitza badela nolabait Estatuari txantaia egiteko gaitasuna murrizten dion urrats bat. Mentalitate honekin jokatu behar dugu."


Estrategia aldaketaz gain, prozesu konfederal baten aldeko apustua egin dugu eta nabarmendu nahi nuke galdera honen harira. Estrategia honek aukera ematen du esparru bakoitzean, bertako indar harremanen eta erritmoen arabera, aurrera egin ahal izateko. Lehen gure estrategiak arazo nagusia zuen: lurralde eremu oso bat batera mugiaraztea esijitzen zuen eta ez zen eraginkorra. Lurralde zatiketa Estatuak egin zuen eta ez dugu onartzen, baina errealitate horren gainean lan egin behar dugu. Euskal Errepublika Konfederalaren eraikuntza prozesua horrela ulertzen dugu, asimetrikoki, esparru bakoitzak azken geltokirakorako bidea bere erritmoan, bere bitartekoekin eta bere beharren arabera egin dezan. Zentzu horretan, eremu guztietan eraginkorra izango den estrategiara hurbiltzen gara. Bilbo Handian batez ere, hiriburuetan oro har, hutsunea dugula bistan da.


Armagabetzea izan da 2017ko beste mugarri bat. Aski ezaguna da zein bidetik lortu den, baina honekin bukatzen al da aldebakartasuna? Hurrengo faseek (presoak etxera ekartzearena bereziki) ezinbestean aldebikotasunik ez al dute exijitzen? Edo bada oraindik aldebakartasunerako tarterik?


ETAren desmobilizazioaren kontua hor da oraindik eta termino alde bakarrekoetan ari da lantzen. Presoen auziari buruz, gatazkaren konponbide osoa ezin da soilik aldebakartasunetik lortu. Urrats batzuk eman ahal ziren oraindik eta eman dira, EPPKren erabaki ausartarekin, baina ezin ahantz dezakegu espetxeen giltza estatuek dutela. Hemendik aurrera alde anitzeko konpromisoak dira behar direnak: erakundeenak, gizarte eragileenak, presoenak... Espetxeetako ateak irekitzeko hori beharko da, alde anitzeko ekimena.


Presoen esparru honetan, txanponaren alde batean Parisen eratu den lan esparru komun itxaropentsua dugu, baina bestean egoera zeharo muturrekoak jasaten dituzten presoak etxera ekartzeko ezintasuna. Zerk du pisu gehien, argi izpiak ala ilunak?


Askotan esan dugu eta beti present behar dugu izan: Estatuak prozesu politikoa blokeatzeko ari da presoak erabiltzen. Burujabetzaranzko prozesu hori trabatzea da bere helburua. Ez dio hori egiteari utziko, bere borondate propioz behintzat ez. Argi izan behar dugu alde bakarreko urratsek ez dutela inoiz izan Estatuaren exijentziak betetzeko asmorik, definizioz aseezinak direlako exijentzia horiek, asegarriak ez izateko diseinatuta daude, behin eta berriro langa igotzen aritu dira eta etorkizunean ere horrela jarraituko dute. Hori horrela izanda, garbi planteatu behar da zaila izango dela lortzea eta egoera anbibalentea topatzen jarraituko dugula: itxaropenerako motiboak izango ditugu batetik (oraingo Pariskoa edo lehehenengo armagabetzearena, gogoratu behar delako Estatuak hori ere gertatzea ez zuela nahi), baina bestetik betiko txantaia ere parez pare izango dugula, Estatuak ez baitu aldatzeko asmorik txikiena ere. Oso garrantzitsua da ulertzea kentzen diogu bahitu politiko bakoitza badela nolabait Estatuari txantaia egiteko gaitasuna murrizten dion urrats bat. Mentalitate honekin jokatu behar dugu.


Urte honetan presoen alorrean hainbat ardura hartu ditu Sortuk: preso politikoen batzordea hor da, alderdiak antolaturiko mobilizazioak... Zergatik eta zertarako?


Presoen kaleratzea beti izan delako garrantzitsua, baina une honetan oraindik garrantzitsuagoa delako, aipatu ditudan arrazoiengatik. Eta drama humanitarioa ere badelako. Baina politikoki kartzelak ahalik eta azkarren husten joateak berebiziko garrantzia du. Ipar Irlandan bezala planteatzen dugu guk hemen: gerra –nahi bada gatazka baten alde armatua– bukatzen denean, preso guztiak etxera itzuli behar dira. Hori guretzat ez da negoziagarria; beste kontu bat da nola eta zein epetan egiten den hori, eta honetarako Euskal Herrian ibilbide orri adostua proposatzen dugu. 2018 urtea izan behar du ibilbide orri hori adosteko urtea. Zertarako? Behar diren ekimen instituzionalak, politikoak eta abar martxan jartzeko. Eta zertarako? Estatua behartzeko.


Zuekin belaunaldi berri bat sartu zen Sorturen zuzendaritzan, dexente gazteagoa. Gazte mugimendutik zatozte, gainera, ordezkari asko. Gaztedia aktibatzeko edo berraktibatzeko lagungarri izaten ari da?


Aldaketa garrantzitsua ikusten dut azken hilabeteoetan. Duela bi urte-edo egoera zail samarra bizi izan zuen ezker abertzaleak eta tartean Sortu eta Ernairen arteko nolabaiteko urruntze bat bazen. Sortuk Ernairi behar bezalako arreta ez ziola eskaintzen ustea izan bazen. Birfundazioarekin konfiantza berreskuratu dela uste dut. Belaunaldi aldaketarena errealitate bat da. Azken urteotan erlajamendu bat gertatu zen inpresioa badut, baina orain berriro engantxe bat gertatzen ari dela iruditzen zait, belaunaldi oso baten birpolitizazioa independentziaren klabeetan oinarrituta, eta honetan ere zerikusia du Katalunian gertatzen ari denak.


Birfundazioak bazituen beste helburu batzuk: ateak irekitzea, partehartzea sustatzea, inteligentzia kolektiboa baliatzea aipatzen zen... Lortzen ari dira?


Hasi gara proiektuak zehazten eta mahaigaineratzen. Egia da lehenengo urte honetan ibili garela gehienbat egoerari neurria hartzen, zuzendaritzan aldaketa ia erabatekoa izan baitzen. Orain ekingo diegu kultura politiko-organizatiboari dagozkion kontu horiei. Zehazki, tailerrei helduko diegu: pare bat egin dugu, euskalgintzarekin eta desmilitarizazioari buruz, eta oso positiboak izan dira. Herrigintzarena abiatuko dugu. Sortu erraztu nahi du herrigintzaren gainean hausnarketa oso bat egin dadin. Gure ustez gero eta eragile gehiago iristen ari da ondorio batera: ziklo oso bat agortu da edo agortzeko bidean da, ia 60 urteko zikloa izan dena, kooperatibak, ikastolak eta abarrena. Aro berri bati hasiera eman behar zaio, beraz. Erraztaile lana egin eta horretarako marko bat eskaini nahi dugu. Sormen kolektiborako guneak dira tailer horiek, irekiak.


EH Bilduren berregituraketa ere ekarri du 2017. urteak. Gauza batzuk eragin ditu: Aralarrek bere burua desegitea, esaterako. Aurreko galderan sakonduz eta hau gogoan izanda, zein da Sortuk bere buruari ematen dion funtzioa?


Oso garbi dugu erreferentzia politikoa eta instituzionala EH Bildu dela, indar metaketa dago hor, lehentasunezko tresna da. Sortu osagarri gisa definitzen da. Gero, ezker abertzaleko kidegoari elikadura estrategiko-politikoa emateko funtzioa du Sortuk, gaurkotua. Horrekin batera, prozesu independentistaren azpiegitura lana egin nahi du, logistika jarri, erraztaile izan. Gainera, herrigintzaren ziklo berri hori bultzatu nahi du, eragiten eta parte hartzen. Eta beste inork egingo ez dituen praktika zein diskurtsoak, nolabait esateagatik, Sortuk bere gain hartzen ditu. Aktibismo propioa ere lantzen du Sortuk, hiru esparrutan: independentziaren alde, sozialismoaren alde eta Kalera Kaleraren bitartez egiten ari dena.