SINADURAK

Iñi Etxezarreta

Militante transfeminista

Zergatik sentitzen duzun

2024-06-17

Baina ez da sentimendu bat. Generoa ez da sentimendu bat, sexua ez den bezala (finean, gauza bera direlako). Ez duzu modu primario eta esentzialen sentitzen, ez dago zure gizontasuna sortzeko hormonen aliantza eta prozesu kimiko antolatu eta primitiborik. TERFen (euskaraz muturreko feminista transbaztertzaileak) aldarri ere bihurtu da hau, haiek, esentzialismotik, guk, ordea, transfeminismotik.


Argazkia. Unsplash / Hulki Okan Tabak

 

Alderatu hau zuria izatearekin, errazagoa zaigu identifikatzen zuriak eta beltzak sortuak izan diren kategoria batzuk direla, ez direla sentimendu bat, baizik eta munduarekin harremantzeko, munduan egoteko eta batak bestea azpiratzeko gorputz batzuei eta besteei ezartzen zaizkien aldagai ezberdinen pilaketa, hain zuzen ere.

“Generoa ez da izan, baizik eta egin. Jaio aurretik sexuaren diagnostikoa egin eta segidan ezartzen diren rol, espektatiba, desira, jarrera eta ikuskerak dira, antzeztu egiten direnak, hau da, egin egiten dira”

Baina sentitzen duzu, kontrara, ile motzarekin hobeto ikusten zarela, eta futbolarekin bene-benetan disfrutatzen duzula eta emozioak aztoratzen zaizkizula, eta azkarrago korritzen zara ipurditik zakila sartzen baduzu alutik beharrean (ez da penetrazioa analaren kontrako aldarri bat hau), eta berdin zaizula benetan besteak zer esango duen zuk arrazoia duzula uste duzulako, benetan uste duzu. Ez duzu sentitzen sostengatu behar duzunik, beste batzuek sostengatzen ez badute beste inork egingo ez duela sentitzen duten bezala. Ez duzu sentitzen ez zaintzearen kulpa. Baina zergatik sentitzen duzu, orduan, ez bada sentimendu bat?

 

«Generoa ez da izan, baizik eta egin. Jaio aurretik ezartzen diren rol, espektatiba, desira, jarrera eta ikuskeren multzoa da»

 

Performatu eta errepikatzen duzulako (Butler, 1990). Generoa ez da izan, baizik eta egin. Jaio aurretik sexuaren diagnostikoa egin eta segidan ezartzen diren rol, espektatiba, desira, jarrera eta ikuskerak dira, antzeztu egiten direnak, hau da, egin egiten dira. Horiek errepikatzeren ondorioz barneratzen dugu, inkontzienteki, irrazionalki, automatikoki, eta horrela sortzen da genero identitatea.

Horregatik sartzen gara askotan kontraesanean politikoki egin behar duguna eta antzematen dugunaren artean, gorputza aldarazia izan delako modu zehatz batean funtzionatu dezan. Gizontasunari aurre egiteko, beraz, kategorietara joan behar gara, ez jarrera zehatz edo neurrietara. Horiek estrategikoak izango dira testuinguru, espazio, antolakunde edo komunitate batean, baina gizontasunaren gatazkatsuena, propio, izana bera da, identitatea, gizonen izaerak eta pertsonalitateak, alegia.

Hortaz, gizontasunetik deslotzeko bidea ez da izango jarrera batzuk aldarazteko neurrietatik, baizik eta munduan egoteko tokia aldatzetik. Nola egin dezakegu hau? Bada, ditugun desira heteroarautu (ez soilik erotikoak, baizik eta bizi-ereduari lorturikoak) batzuk ez materializatzeko erabakiak hartzen. Gai izan gara indarkeria matxista eta LGTBIfobikoaren gaineko etika feminista bat sortzen, eta horrek (beste gauza askorekin batera), desira batzuen eta horiek materializatu bitarteko prozesu batzuk moztu ditu.

 

«Gizontasunetik deslotzeko bidea ez da izango jarrera batzuk aldarazteko neurrietatik, baizik eta munduan egoteko tokia aldatzetik»

 

“Gizontasunetik deslotzeko bidea ez da izango jarrera batzuk aldarazteko neurrietatik, baizik eta munduan egoteko tokia aldatzetik. Nola egin dezakegu hau? Bada, ditugun desira heteroarautu batzuk ez materializatzeko erabakiak hartzen”

Hortaz, desira batzuk ez materializatzearen ardura kolektibizatu egin behar da, ezin da soilik ekarpen indibidual moduan proposatu, baizik eta urrats kolektibo eta kualitatibo moduan antolatu behar da. Hori, eta zaindu, gizona bazara, zaindu. Baina ez hitzaren esanahi erromantikotik, baizik eta bizitza sostengatzeko eta aurrera eraman ahal izateko egin behar den lana, denbora eta ardura hartzen, beste batzuek egiten dutelako zuregatik orain, doanik edo oso egoera prekarizatuetan.

Finean, gizonak eta emakumeak desagerrarazteaz ari gara. Baina lasai, izan ere, tamalez, hau oraindik ez da pasako. Bitartean, generotik deslotu ahal izateko egitura zehatzak sortu behar dira (Goikoetxea, 2021) ezin delako soilik erabaki indibidualetik pasa eta, horretarako, Euskal Estatu Feminista behar dugu ezinbestean.