_(cropped)_1764751665.jpeg)
Argazkia. Wikipedia Commons. Enrico Berlinguer eta Santiago Carrillo. 1976
Pelikulak 1973-1978 urte bitartean Italiako Alderdi Komunistak (PCI) izandako bilakaeraaztertzen du eta Enrico Berlinguer, idazkari nagusia, da protagonista nagusia. Pelikula aztertzeko abiapuntu bezala komeni da aipatzea pelikulak tesi bat planteatzen duela, edo beste era batera esanda, Berlinguerzalea dela. Adibide bezala, Sobietar Batasuneko alderdi komunistako militanteen karikaturizazioa ikustea besterik ez dago. Burokratak, umore gabekoak, hotzak eta despotikoak dira. Aipatzekoa da ere Berlinguer bera hil aurreko azkenengo urteetan nahiko kritikoa izan zela garai hartako estrategiaren arlo batzuekin, hori ere ez baita pelikulan agertzen.
«Eurokomunismoa Europa mendebaldeko alderdi komunista gehienek Bigarren Mundu Gerraz geroztik (1970-eko hamarkadan bereziki) bere egin zuten estrategia izan zen»
Gerraosteko herrialde kapitalistetan emandako sistema parlamentarioa markotzat harturik, hegemoniaren lehiaren bitartez hauteskundeak (politiko zein sindikalak) irabaztea izan zuten helburu. Herrialde bakoitzean modu ezberdin batean gorpuztu zen estrategia.
Italian, PCI-k Demokrazia Kristauarekin aliantza bilatu zuen; Espainiar estatuan, Santiago Carrilloren lidergopean, diktadurak egindako triskantzak alde batera utzi eta 78-an jaio zen “demokraziaren” sorreran, defentsan eta garapenean lan egitea erabaki zuen alderdi komunistak; Euskal Herrian estrategia hori EIA (Euskadiko Ezkerra koalizioarekin) alderdiak gorpuztu zuen, zeinak 78-ko erregimenak zekarren ziklo elektoralean parte hartuz Euskal Herriarentzako eskubide nazional eta sozialak lortzea izan zuen helburu.
Eurokomunismoak erreferente intelektual bat izan badu hori Antonio Gramsci (1891-1937) marxista italiarra izan da. Europa mendebalde garatuan Leninek planteatutako galdera bera egin zion bere buruari: Zer egin. Hortik eratortzen dira “hegemonia” edo “posizio gerra” bezalako kontzeptuak, argudiategi eurokomunistaren munizio bihurtu zirenak.
Gramsciren obra landu eta itzuli zuen intelektual handienetarikoa Manuel Sacristán izan zen (bere “antologia” liburua da, ziurrenik, gaztelaniazko hizkuntzan irakurriena), eta Gramsciren obra itzuliaz gainera, korronte eurokomunistaren argi-itzalak mahaingaineratu zituen. Sacristanen iritziz eurokomunismoak hiru gauzetan asmatu zuen.
Alde batetik, ulertu zuen 1919. urtean Internazionalaren sorrerarekin garatutako espektatiba iraultzailea ez zela eskema insurrekzional horien pean emango. Horrek, izaera autokritikoa eman eta mugimendua bera biziberritu zuen. Azkenik, izaera autokritiko horrek garaiko errealitatea aztertzeko gaitasuna eman zion, ekialdeko manual marxisten dogmatismotik aldenduta eta gizarte modernoek duten konplexutasuna aintzat hartzen zuelako. Irakurketa hauek gaurkotasun handia dute, eta Nikolek azpimarratzen duen moduan, ezkerrak botere bokazioa badu gehiengo zabalen artikulazioan eta aliantza politiko zabaletatik pasatzen da derrigorrean.
«Nikole Ziarrustak azpimarratzen duen moduan, ezkerrak botere bokazioa badu gehiengo zabalen artikulazioan eta aliantza politiko zabaletatik pasatzen da derrigorrean»
Sacristanek, era berean eta ohikoa duen zorroztasunez, estrategia eurokomunistaren itzalak mahaigaineratzen ditu. Laburbilduz, esango genuke eurokomunismoak ez duela dialektikaren printzipioa aplikatzen bere analisietan: hauteskundeak irabazi eta burgesiak botere posizioak abandonatuko dituela, borondate onez, kirolari zintzoak partida galdu duela onartzen duen gisan. Baina estatuak makinaria martxan jartzen du (estatu sakona edo botere faktikoak deitu izan dena), pelikulan zeharka agertzen den moduan, atentatu eta probokazio faxistak hauspotuz ezkerraren gotorlekuetan edota amerikarrek.
Demokrazia Kristauari presioa eginez komunistak gobernuan sartu ez daitezen. Berlinguer saiatzen da “komunista on” bezala agertzen ekialdeko komunistekin alderatuz, NATO-rekin adostasuna erakutsiz adibidez, baina AEB-ko gobernuarentzat gorriak gorri izango dira beti, izan Erroman edo Moskun. Estatu sakonaren interbentzioari erantzuteko mekanismorik ez izatea, kalea zentzu horretan artikulatua ez izatea izan zen italiarren galbidea. Arrautz guztiak saski bakarrean jartzea, alegia.
«Esango genuke eurokomunismoak ez duela dialektikaren printzipioa aplikatzen bere analisietan: hauteskundeak irabazi eta burgesiak botere posizioak abandonatuko dituela, borondate onez, kirolari zintzoak partida galdu duela onartzen duen gisan»
Estatuaren interbentzioa askapen mugimendua trabatzeko konstante bat izan da Euskal Herrian ere, izan estatu terrorismoarekin 80-ko hamarkadan, izan “fake news”-en edota botere judizialaren erabilerarekin azkenengo asteetako kasuetan. Nikolek, bere artikuluan, Santi eta Josu aipatzen ditu. Uste dut 80. Hamarkadan Ezker Abertzaleak asmatu egin zuela borroka ezberdinen artikulazioan (KAS zuzendaritza blokean gorpuztua).
Santi bera HASI-ko presidentea izatera iritsi zen I. Kongresuan aurretik zegoen izaera eurokomunistako zuzendaritza alderditik kanporatua izan zelako (kanporatutako hauek EKIA taldea sortu eta EIA/Euskadiko Ezkerra alderdietan bukatuko zuten integratzen), eta uste dut gaur egungo Ezker Abertzaleak kalearen eta instituzioen arteko artikulazioan asmatzean duela erronka nagusienetarikoa.
Kalea, edo Herri Mugimendua, bi zentzutan uler daitekeelako. Indarelektorala eskuratzeko hegemonia sortzailea den tresna gisa, edota kontzepzio horretatik haratago doana, eta estatuak jarriko dizkigun traben aurrean (batez ere noizbait gobernura heldu ezkero) askapen prozesuak aurrera egin dezan artikulatzen den indar propio gisa. Hik bultza gogor hortikan, eta bultza nik hemendikan.