SINADURAK

Ainhoa Bueno eta Joseba Ugalde

ERNAIko kideak

Zaharrak berri(tu)

2024-05-18

Izan gaitezen zintzoak; ez dago Euskal Herrian lehen pertsonan krisia ezagutu ez duen gazterik. Kapitalismo zisheteropatriarkala ez da 2008ko krisi finantzieroaz geroztik beste hazkunde ziklo egonkorrik garatzeko gai izan, eta ezintasun horren ondorio da egungo krisi anizkoitza. Urte horietan hazi eta hezi gara gu; zaintza krisian, bizitzaren garestitzean, krisi ekologikoan...


Argazkia. FOKU / 2020-11-09, Bilbo. Lemoiz gelditu murala Arte Eder museoan. 1980an margotu zuten Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala Arrastaluk.

 

Azken hau ez da garaiotako berria. Entzun izan dugu etxean nola saboteatu zituzten Itoizeko urtegiaren obrak, nola boikoteatu zituzten Lemoizerako materiala zeramaten Bizkaiko portuetako barkuak, edo nola mobilizatu zen herri oso bat Gladysen hilketa salatzeko. Izan ere, krisi ekologikoaren aurkako borroka kapitulu anitzeko liburua da Euskal Herrian. Baina bada gauza bat gurasoek aurreikusi ez zutena: gure gaztaroa larrialdi klimatikoak ardazturikoa izango zela, haiena ez bezala.

Ohitzen hasiak gara kazkabarraren biharamunean sandaliak janztera. Bermeora ura itsasontzietan eraman behar izatera. 2022ko udan Nafarroako lurrak erretzen ikusi, eta 2024ko otsailean horiek berak inundatuta ikustera. Hondamendiak ikusten ditugu nonahi, eta ez dira jada alarma soziala pizten duten gertakariak. Egiari zor, salbuespen izatetik urrun, eguneroko ogi bilakatzen ari direlako larrialdi klimatikoaren ondorioak. 

Aldi berean, geroz eta eskasagoak dira krisi klimatikoaren eragile diren erregai fosilak, baita mundu globalizatu eta industriala mantentzeko beharrezkoak diren bestelako baliabideak ere. Lurraldeen arpilatze eta ustiapen basatian oinarritutako ereduak muga biofisikoak topatu ditu. Horrela, sistema kapitalistak ardaztutako jendartea amildegi batera heltzear dago, eta horrekin batera ongizate gisa ulertua izan dena.

 

«Belaunaldi berrien gaztaroa larrialdi klimatikoak ardaztuko du, aurreko belaunaldienak ez bezala»

 

Honek ondorengoa uzten du agerian: trantsizio ekosoziala eman, emango dela. Eman behar dela. Nola eta norekin dira erantzun beharreko galdera nagusienak. Hala izan beharko da behintzat, gure balizko ongizatearekin planeta akabatu nahi ez badugu, bortxazko deshazkunde bat ekidin nahi badugu, edota Europaz gaindiko herrialdeen bizkar eraikitzen ez jarraitu. Mundu mailako elite politiko eta ekonomiko neoliberalak kontziente dira honetaz, eta irabaziak ateratzen jarraitu ahal izateko estrategiak martxan dira dagoeneko, marko kapitalista baten baitan kokatuz trantsizioa. Horren adierazle dira, besteak beste, green washing-a eta aldaketarako ardura norbanakoen gain kokatzeko fartsa. Sakoneko eraldaketa proposatzetik urrun, krisiaren despolitizaziorako saiakera egiten dute, honen kausaren inguruko fokoa desbideratuz.

Baina ez gaitezen engainatu. Larrialdi klimatikoari aurre egiteko erroko alternatiba behar da, urgentziazko neurriak epe ertain-luzerako plangintza batekin uztartuko dituena. Lurraren, komunitateen eta bizitzaren aldeko palanka egingo duena. Herri sektoreen zein tokiko lurralde garapenaren mesedetan abiatuko den dezhazkunde prozesu integral bat, ekosozialismoa ipar. Eta Euskal Herriari begira, trantsizio ekosoziala burujabetzaren eskutik etorriko da ezinbestean. Ez dugu erroko alternatibarik garatzeko aukerarik izango herri gisa horretarako tresna ekonomiko, juridiko eta politikorik gabe jarraitzen dugun bitartean. Aukera historikoa da beraz burujabetzarena, herri jasangarriago eta askeagoak eraikitzeko.

Egoera honen aurrean, gazteok ez gaude ikusle izaten jarraitzeko prest. Herentzian jaso dugun jendarte honetan, gu geu garelako ere orain hartu nahi dituzten erabaki kortoplazista eta desegokien ondorioak azalean jasango ditugunak. Eta beraz, gu gara gainbeheran jaso dugun mundu hau eraldatzeko belaunaldia. Aldaketa errealez ari gara: hirigintza birpentsatzeaz, etxebizitzaren auziari irtenbide politikoak emateaz, energia fosilekin amaitzeaz, kutsadura maila murrizteaz, garraio publikoa indartzeaz, nekazaritza eredua eraldatzeaz… Etorkizunaren duintasuna dago disputan, eta gazteok kapitalaren kontra zein bizitzaren alde egingo dugu bultza beti. 

 

«Larrialdi klimatikoari aurre egiteko erroko alternatiba behar da, urgentziazko neurriak epe ertain-luzerako plangintza batekin uztartuko dituena»

 

Krisi ekosoziala izango da XXI. mendeko kontraesan nagusienetarikoa, eta aldi berean, horrekiko alternatiba, sistema kapitalista zisheteropatriarkala gogorren kolpatu dezakeena. Trantsizio ekosozialean agente aktibo izan nahi eta behar dugu, galdera zaharrei erantzun berriak eman eta beste mundu baterako aldaketak exigitzeko. Bi egiteko ditugu norabide horretan: batetik, erroko aldaketa posible dela eta gure esku dagoela lau haizetara zabaltzea. Eta bestetik, Itoiz eta Lemoizeko irakaspenak motxilan hartuta, erronka garaikideei aurre egiteko gai izango den borroka ekologista berria artikulatzea. Olatu ekologista berri bat.

Alternatiba egon badago, eta ezin dugu gehiago itxaron. Betirako galdu daitekeen borroka bakarra da ekologismoarena. Eta zu, kolapsoaren zain geratuko zara?