FOKU
Euskal hezkuntzak nazio mailako lege propiorik
gabe jarraitzen duen bitartean eta lituzkeen
eskumen eskasak, indar eta inertzia politiko
horien karietara, galtzeko arriskuan aurkitzen da.
Ekimenak aldiz, herri orok bere hezkuntza antolatzeko daukan eskubidearen ideia ardatzean kokatzeaz haratago, burujabetza prozesua bera hezkuntzatik elikatzearen eta bultzatzearen garrantziaz jabetuta abiatu zen, hezkuntzari jendarte eraldaketarako gaitasuna aitortuz beraz.
Erronka ez da nolanahikoa izan, bistan denez, ez da izanen aitzinerakoan ezta ere. Izan ere eguneroko berri baitzaizkigu birzentralizaziorako etengabeko mehatxuak estatuen aldetik, segregazioak, euskara gutxiesteko nahikeriak, pedagogia feministak ezartzeagatik jazarpen eta judizializazioak edota publiko-pribatu eztabaida zaharraren adierazpide berriek dakartzaten zatiketa saiakera interesatua. Alta, ingurumari nahasi honetan guztian badira Hik Hasiren "Hezkuntza Hobetzeko Proposamena", LAB sindikatuaren "Euskal eskola publiko komunitarioa iruten", OinHerriren "Herri hezitzailea, eskola herritarra" edota Eusko Ikaskuntzaren "Liburu zuria" bera, lan berriak ziklo politiko berri baterako. Denak halabeharrez bere buruari erronka berriak ezarri behar dizkion herri bati zuzendutakoak eta arretaz irakurri beharrekoak hartaz. Gure iritziz hausnarketa akuilatzeko aski beharrezkoak hezkuntza komunitatea osatzen dugunontzako, bai eta, oro har, euskal komunitatea osatzen edota osatu nahi duen herritar ororentzako, baldin eta hezkuntza, haurtzarora mugatzen ez den hazte eta askatze prozesu baten gisara ikusiko badugu eta baldin eta berau eskoletako hormez gaindi ere ematen dela aitortuko badugu.
FOKU
Ez ikasleen beharrak
asetzeko, ezta herri
gisako erronkei
erantzuteko balio
ez digun hezkuntza
eredua dugu.
Arestian aipatutako mehatxu eta erasoak testuinguru politiko eta ekonomiko zehatz batean kokatzen dira, neofaxismoaren oldarraldi berri bat ate joka dugunean hain zuzen ere.
Mehatxu berri honen adierazpideak geroz eta ageriagoak dira gurean, euskal hezkuntzak nazio mailako lege propiorik gabe jarraitzen duen bitartean eta lituzkeen eskumen eskasak, indar eta inertzia politiko horien karietara, galtzeko arriskuan aurkitzen denean gainera. Hezkuntza sistemaren kudeaketa bera ere geroz eta parametro kezkagarriagoetara eramana dago; estatuen, kapitalaren eta heteropatriarkatuaren eragina hezur muineraino sartzen baitoaz, pixkanaka eta mozorrotuta askotan, gure irakaskuntzaren eguneroko prozesu xumeenetan ere isla zuzena dutelarik.
Gainera, gero eta nabarmenagoa da, bai ikastetxeetako egoerei zein hiru administrazioetako sistemei erreparatuz, hezkuntza eredu hau erabat agortua dagoela. Ez ikasleen beharrak asetzeko, ezta herri gisako erronkei erantzuteko balio ez digun hezkuntza eredua dugu.
Honen guztiaren aitzinean alarmak piztu eta erantzuteko aldiz, ahulezia nabarmena izan da hondar urte hauetan, herri gisako erantzun bateratuetarako gaitasuna falta izan zaigularik, norberak bere buruari eta interes korporatibo eta alderdikoiei begira egon garelarik askotan, edota, sinpleki, erronka berrien aitzinean erantzun artikulatu kolektiboetarako ekintzailetasun falta nabarmena erakutsiz bertzeetan. Hezkuntzaz aritzeko plaza hutsik utzi izanaren ondorio, bistan denez. Gisa honetan, ondokoa, bizilaguna -izan ikastetxe, izan sindikatu, izan eragile edo dena delako talde zein norbanako- kapitalismo neoliberalak aski ongi irakatsitako lehia terminoetan begiratu izan dugu, hortik abiatuta nekez egon gaitezkeelarik batasunerako prest. Merkantilismoa eta lehiakortasuna zerbitzu publiko komunitarioari gailentzen zaizkionean okerreko bidetik goaz. Herri erantzun bat behar zen beraz, paradigma berrien gainean eraikitakoa eta begirada luzeko proposamenak eginen zituena, ahal zelarik, gaur gaurko korapiloak bidean askatzeko gaitasuna lukeena gainera.
Hezkuntza burujabe,
publiko, doako,
kalitatezko eta
unibertsal baten
peskizan gure
publikotasun eredua
birpentsatzeko beharra
daukagu.
Diagnosia kezkagarria izanagatik ere, hezkuntzaz aritzeko Plaza Hutsak proposamen berriek sortarazten duten grina eta ilusioa ekarri dituela errateko moduan geundeke gaur gaurkoz. Elkarrizketak, eztabaida foroak, tokian tokiko hainbat hitzaldi eta tailer egin izan dira, askotan giroa trakestuen zegoen tokietara joatea bilatu dugularik eta zenbaitetan tokian tokiko eragileek eskatuta bertaratuz ere.
Eztabaidarako lehen fase honetan hausnarketa prozesuaren muinean kokatzen genituen ardatz edo oinarriak plazaratu dira, aditze, deseraikitze eta eraikitze kolaboratiboko ariketa proposatuz hain zuzen ere. Muinean makrotik mikrorako zoom-aren mugimendua marraztera datozen honako gai edota kezka hauek mahaigaineratu dira:
• Espainia eta Frantziako hezkuntza sistemen menpe gaude, joko arau eta ikuspegi ideologiko arrotzen baitan beraz.
• Euskal Herriak gaur gaurkoz dituen beharrei erantzunen dion hezkuntza integralerako apustu berri baten premian gaude.
• Hezkuntza burujabe, publiko, doako, kalitatezko eta unibertsal baten peskizan gure publikotasun eredua birpentsatzeko beharra daukagu.
• Gaurtik, behetik gora, biharko hezkuntza burujabea eraikitzea dagokigu, inoren eta ezeren esperoan egon gabe, gure irakurketa partekatzen duten bertze hainbat herritar eta eragilerekin batera sareak osatuz eta maila lokal zein nazionaleko dinamika askatzaileak bultzatuz. Hezkuntza euskaldun, inklusibo, feminista eta nazionala ortzi-mugan.
• Indarren dispertsioa gaindituz eta elkarkidetza lortze aldera, hezkuntza komunitatea subjektu izanen duen Hezkuntza Akordio baten beharra dago, gaurko sareen logika bitarraz gaindi, burujabetza prozesuan hezkuntzatik bultzatzeko prest leudeken talde eta kideekin aliantzak bilatuz, bategitea erdietsiz.
Ardatz hauen bueltan emandako eztabaida aberasgarriak geltoki berri batera eraman gaitu, publikotasun eredua birpentsatzera garamatzan horretara hain zuzen ere.
Publikotasunaren eztabaida zapalketarenera uztartuta ematea
proposatu da, hezkuntza sistema propio baten aldeko prozesua, bistan
denez, ezin delakoz jorratu burujabetzaren, justizia sozialaren eta
feminismoaren aldeko prozesu orokor bati eskutik helduta ez bada.
Beraz PHko tailerretan jasotako ekarpen eta gogoeten ondorioz, prozesuak abagune berri bat topatu izan du ikasturte amaiera aldera, aitzineko galdera horren ihardesteko saiakeran. Izan ere, gaurko hezkuntza komunitatean hautematen diren kezka, tirabira eta korapiloak askatzeko ezinbertzekoa bilakatu baita galdera honi behar duen soseguz eta sakontasunez erantzuteari ekitea. Eztabaidagai berri bat plazaratzeko erronka gure gain hartuta abiatu dugu prozesuaren bigarren fasea; euskal publikotasunaren nolakotasunaz hitz egiteko fasea hain zuzen ere.
Euskal Herriko hezkuntza komunitateak darabilzkien argudio eta kontra-argudioak, kezkak, minak, erronkak eta ametsak ere kontuan hartuz egin beharreko eztabaida izan da hau. Bistan denez feminismotik, politikatik edota, bertzeak bertze, kooperatibagintzatik heldu zaizkigun ekarpen teoriko berriei bere gobernantza sistema lokalaren oinarrian auzolana eta batzarra dituen eredu komunitario bateko herritarrak izatearen kontzientzia gehituz une oro, potentzial demokratiko sakoneko tradizio sozio-politiko baten oinordeko, publikotasunaren ideiaren dena delako zaharberritzean kontuan hartu beharrekoa dudarik gabe.
Publikotasunaren eztabaida zapalketarenera uztartuta ematea proposatu da, hezkuntza sistema propio baten aldeko prozesua, bistan denez, ezin delakoz jorratu burujabetzaren, justizia sozialaren eta feminismoaren aldeko prozesu orokor bati eskutik helduta ez bada. XXI. mendeko euskal herritarroi ezinbertzean zaizkigu gainditu beharrekoak estatuek, kapitalak eta patriarkatuak ezartzen dizkigun menderakuntzak eta ondorioz, hiru ardatz horietatik aritu gara publikotasuna hausnartzen, deseraikitzen eta eraikitzen:
Publikotasuna estaturik gabeko nazio batean: publikotasuna titulartasunari hertsiki loturik ulertu da sarritan, eta berau, halabeharrez, administrazio baten menpeko. Gure kasuan, eta hezkuntzaz ari garelarik, honek ondorio sakonak eta sarritan latzak izan ditu, izan ere inposatutako bi hezkuntza sistemen baitan ari baikara gaur gaurkoz ere, lege, curriculum eta antolaketa erak gure esku ez daudelarik. Hau guztiak euskal hizkuntza eta kulturaren transmisioan ageriko hutsuneak ekarri ditu, bertzeak bertze.
Publikotasuna estatu neoliberal biren baitan: OCDEk mundu mailan ezartzen dituen PISA frogak, curriculumetan ardatz diren ikasgai edota gaitasunen jitea, kuota eta tasak, unibertsitatean sartzeko kopuru itxiak, herri edota auzo bereko ikastetxeen artean ematen den lehia merkantilista, software komertziala eta multinazional erraldoien bertzelako baliabide teknologikoen erabilera neurrigabea, hezkuntza komunitatearen erabakimen eskubide eza, ikastetxe rankingak, murrizketak, metodologia berrien inplementazioan ematen ari den pribatizazio prozesua... asko dira euskal publikotasun berri baten peskizan gaudenontzako piztu beharreko alarmak eta kontuan hartu beharreko erasoak.
Frantziar eta espainiar estatuen publikotasuna eta merkatuaren arteko mugak lausotuz doazela errateko arrazoiak hainbertze direnean, komunitatea oinarri duen eredu herritar eta kolektibo baten bila pausuak emateko tenorea bada, non hezkuntzaren, ezagutza komuna baten gisara irudikatuz, berreraikitze kolektibo bati ekinen baitiogun.
Publikotasuna sistema patriarkal baten baitan: denontzako irisgarria behar duen publikotasun bat helburu dugunontzako gaurkoak inondik ere ezin gaitu asebete. Izan ere estatuek inposatzen diguten hezkuntza eredua egiturazko sistema patriarkala bizirauteko diseinatua baitago. Izan curriculumetan jasotzen diren edukietan eta hezteko era binarista baztertzailean, izan transmititu nahi dituen balio indibidualista eta lehiakortasunean, errotik eraitsi beharrean legoken eredua dugu gaurko hau.
Bigarren fase honetako ondorioak begi bistakoak dira: publikoa ez da komunitarioa eta herritarra izanen zanpaketa hauek guztiz gainditu ezean. Bertze publikotasun bat jorratu beharrean gaude, komunitarioa izanen dena, oinarrian herritarrak eta euren interesak -sozialak, kulturalak, linguistikoak-, parte hartzea eta jabego komunala izanen dituenak hain zuzen ere.
Orain arte egindako lana beharrezkoa bezain emankorra izan bada ere, aunitz dago egiteke. Hezkuntza Nazio Akordio bat erdietsiko badugu, hainbatetan mokoka ikusi ditugu eragileak elkar eskua hartuta lan egitera pasa beharko dute, ulertuz, behingoagatik, hezkuntza sistema propio baten aldeko bidea ez dela hasi baino egin eta oraindik ere mendi tontorrean baino hasierako magaletan baino ez gaudela. Ulertuz, aldi berean, hezkuntza euskaldun, herritar, sozialki justu eta feminista bat irabazteko dugula eta bide horretan denak garela beharrezko. Helburu hau hartuta PHk lanean segituko du, hausnarketa eraikitzaileak plazaratuz, zalantza izpirik gabe.