SINADURAK

Mikel Otero eta Pello Otxandiano

EH Bilduko Trantsizio Ekologikorako Idazkaria eta EH Bilduko Programa Zuzendaria

Trantsizio energetikoa: zertarako eta nola?

2023-02-01

Edozer dela ere datozen hamarraldietan gertatzen dena, gauza jakina da honezkero krisi sozioekologikoak gaurko eta ondorengo belaunaldion bizitzak zeharkatuko dituela XXI. mende honetan. Horren inguruan, gaur egungo egoeraz, eta hari aurre egiteko abagune eta arriskuez mintzatzen dira Mikel Otero eta Pello Otxandiano ondoko artikuluan.


Argazkia. Unsplash / Maximiliam Jaenicke

 

Non gaude?

Nazio Batuen Erakundearen (NBE), Dibertsitate Biologikoaren eta Ekosistemetako Zerbitzuen gaineko Gobernuarteko Plataforma Zientifiko-normatiboak (IPBES, ingelesezko sigletan) 2018ko txostenean eman zuen biodibertsitatearen egoera dramatikoaren eta zerbitzu ekosistemikoen hondatze arriskuaren berri; eta Klima Aldaketaren gaineko Gobernuarteko Panelaren (IPCC) azken txostenak (AR6) funtsezko hiru gai berretsi zituen 2021ean: giza jarduerak klima aldaketaren faktore nagusi gisa duen erantzukizuna eztabaidaezina dela; dagoeneko klima aldaketa ari dela gizateriarengan eragiten, planetako eskualde guztietako muturreko klima gertakariek agerian jartzen dutenez; eta, hurrengo urteetan Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak izugarri murriztu ezean Parisko Akordioaren helburu klimatikoak ez direla beteko, eta ondorioz, segurtasun atalasea nabarmen gaindituko denez gero, gizateriarentzako efektuak suntsitzaileak izango direla.

Berriki, NBEren Ingurumen Programaren urteko txostenak (Emission Gap Report 2022) ohartarazi digunez, orain arte bezala jarraituz gero litekeena da tenperatura globala 3ºC baino nabarmen gehiago igotzea. Azken txosten horren arabera, 1,5ºC-ko muga gaindituko ez badugu, 2030erako isuriak %45 murriztu beharko ditugu (1990koen aldean). Eta baliabide fosilak erretzeak isurien %80 eragiten duten neurrian, premiazkoa da hauek gure ekuazio energetikotik azkar baino lehen ateratzea.

Hori ez da, ordea, energia sistema eta metabolismo sozial hipokarboniko bateranzko energia trantsizioa behar-beharrezko egiten duen arrazoi bakarra. Berotze globalaren eragile nagusia izateaz gain, erregai fosilak mugatuak ere badira, giza eskalan berritu ezinezkoak, eta horregatik ere premiazkoa da berriztagarrien erabileran oinarritutako energia matrize bateranzko trantsizioa azkartzea. Izan ere, unean-uneko tirabira geopolitikoetatik harago, egiturazko egoera bat nabarmentzen ari da azkenaldian: gero eta garestiagoa da erregai fosilak erauztea, eta beraz, gero eta gehiago kostatuko da matrize fosilista oinarri duten fluxu ekonomikoei eustea, eta horrek gora-behera eta ziurgabetasun ekonomiko handiko garaian uzten gaitu, bizitzaren garestitzea tarteko.

 

«Premiazkoa da berriztagarrien erabileran oinarritutako energia matrize bateranzko trantsizioa azkartzea»

 

Edonola ere, erregai fosilak bertan behera uzteak gure metabolismo sozial osoa birpentsatzera behartuko gaitu, begi bistakoa delako energia matrize berriztagarri baten gainean elikatutako gizarte batek ezin izango duela energia erabiltzen jarraitu azken hamarraldietan erregai fosilek ahalbidetu diguten neurrian. Horren gaineko literatura zientifikoa berrikustean zera ondorioztatzen dugu: etorkizun berriztagarri batean, gure energia erabilerak, gehienez ere, egungo kontsumoaren erdia izan behar duela.

Eta nola dago Euskal Herria halako testuinguru historikoan? Hauexek dira gure datu energetiko nagusiak: Hego Euskal Herrian biztanleko 8,75 tona CO2 isurtzen ditugu urtero, Europako bataz bestekoaren gainetik eta munduko bataz bestekoaren %75 gainetik; gure bizi maila mundu osoan orokortuko balitz ia hiru planeta beharko genituzke; gure bataz besteko biztanleko energia kontsumoa mundukoaren bikoitza da; kontsumitzen dugun energiaren %86 inportatu egiten dugu; kontsumitzen dugun energiaren %80 fosila da; energia berriztagarrien sorkuntza endogenoa %14koa. Ondorioz, termino energetikoetan, Euskal Herriak zaurgarritasun estrategikoa du, gure ongizate eredua eta eredu produktiboa, hein handian, inportatzen dugun eta nagusiki fosila den energia matrizean oinarritzen baita modu zeharo arriskutsuan. 

 

«Hego Euskal Herrian biztanleko 8,75 tona CO2 isurtzen ditugu urtero (...) gure bizi maila mundu osoan orokortuko balitz ia hiru planeta beharko genituzke»

 

Eta ezerk ez du adierazten erregai fosilen aroa atzean uzteko determinaziorik. Aitzitik, 2022an erregai fosilen bidez ekoitzitako elektrizitatea %95 hazi da Hego Euskal Herrian iragan urteekin alderatuz[1]. Estatu Batuetan frackingaren bidez lortzen den gasa da hemengo ziklo konbinatuko zentraletan inoiz ez bezala erretzen ari garena[2]. Erregai fosilak dira gaurko munduan mehatxu ekologiko larriena eta hauek atzean utziz helburu klimatikoekin bat datozen ekintzak martxan jartzeko erresistentziak handiegiak dira, azken COP bileretan frogatu ahal izan denez. Lobby fosilistaren ordezkari behinenetakoa hurbilekoa zaigu.[3]

Erregai fosilak alboratu behar ditugu hondamendizko klima aldaketa eragin aurretik eta beraiek gu alboratu aurretik, eta, aldi berean, autosufizientzian aurrera egin behar dugu herri gisa burujabetza estrategikoa irabazteko. Egoera historiko honi Euskal Herritik erantzuten saiatuz aurkeztu dugu EH Bilduren Energia Estrategia[4]. Klima-biodibertsitatea-energia krisi hirukoitzaren erantzun bideak lurraldean, kasu honetan euskal lurraldean, antolatu behar baitira, elikadura subiranotasunean aurrerapausoak ematen ditugun aldi berean, beti ere trantsizio energetikoa eraldaketa bektore gisa ulertuz, eraldaketa ekosozialaren katalizatzaile gisa, hain zuzen ere.

 

Argazkia. Unsplash / Tobias Mockenhaupt

 

Zer dago jokoan?

Zertarako eta nola: trantsizio energetikoak zeri erantzungo dion eta nola egingo den, hau da, zeren eta noren mesederako izango den. Egoerari tamainan erantzun nahi badiogu, bi hankako estrategia behar dugu: energia kontsumoaren uzkurdura eta energia berriztagarrien hedapena. Biak ala biak, eta biak eskutik. Eta horrek eraldaketa ekosozialaren arrastoa hartzera behartzen gaitu, halabeharrez.

Izan ere, hondamendi klimatiko (ekologiko) bat eragozteko aukera leihoa ixteko geroz eta denbora gutxiago gelditzen zaigularik, orain arteko garapen ereduarekin jarraitzeko inertziak oso indartsuak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) oinarrizko dokumentua har dezagun[5], adibidez. 20. orrialdean helburuak definitzen ditu, eta halaxe dio: "Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak %40 gutxitzea 2030erako eta gutxienez %80an 2050erako, 2005. urtearekin alderatuta; 2050. urtean azken kontsumoaren gaineko energia berriztagarriaren %40ko kontsumoa lortzea". 2005. urtekoekin alderatuta BEGak %80 murrizteak esan nahi du 1990. urtekoekin alderatuta %60 murriztea. BEGen %60ko murrizketa 1990. urtekoekin alderatuta eta %40ko energia berriztagarrien garapena 2050. urterako, horiexek LPSaren helburu klimatiko eta energetikoak, noiz eta Europak aspaldi onartu duenean 2050erako karbono neutraltasuna erdietsi behar dela (%90 inguruko BEGen murrizketa 1990. urtekoekin alderatuta), eta ondorioz, ordurako, sistema energetikoa berriztagarria izan beharko dela neurri handian (osorik ez bada). 

Hain berandu datorren LPS hau (oraindik beste bi urteko prozedura aurreikusten zaio: nola da posible hamarraldi oso bat galdu izana energia berriztagarrien LPSa egiteke!) Eusko Jaurlaritzaren Klima 2050 Basque Country[6] klima aldaketaren estrategian eta 3E2030 estrategia energetikoan[7] oinarritzen da aipatu helburu energetikoak ezartzeko orduan. Lehena 2015eko uztailekoa da eta bigarrena 2016ko uztailekoa. Lehena Parisko Hitzarmenaren aurrekoa, eta biak ere Europaren helburu klimatikoak ezarri zituen European Green Deal (2020) delakoaren aurreko garaikoak. Gaur, klima larrialdi betean, ebidentzia zientifiko ukaezina eta politikoki guztiz onartua da 2050. urtea baino lehen karbono neutraltasuna erdietsi behar dela beroketa globalaren segurtasun eremua gaindituko ez bada. Are, Europar Batasunak (EB) %55eko BEGen murrizketa hartu du helburutzat 2030erako, eta, esan bezala, NBEk, iazko Emission Gap Report txostenean, 1.5ºC berotze globalaren langa gaindituko ez bada, 2030erako emisioak %45 murriztu behar direla ohartarazi zuen.

 

«Egoerari tamainan erantzun nahi badiogu, bi hankako estrategia behar dugu: energia kontsumoaren uzkurdura eta energia berriztagarrien hedapena»

 

Sinestezina da 2023an, larrialdi ekologikoa errealitate ukaezina denean, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den energia berriztagarrien LPSak zientziak, NBEk zein EBk ezarritako anbizio klimatikoaren oso azpitik dauden helburuak hartzea oinarri. Espainiako Gobernuak, adibidez, 2050erako karbono neutraltasunera heltzeko helburua jarri dio bere buruari eta %40ko energia berriztagarrien garapena proposatu 2030erako[8] (Eusko Jaurlaritzak baino 20 urte lehenago!).

Nola da posible, beraz, dozenaka parke eoliko proposatzen dituen LPSak energia berriztagarrien %40ko garapena soilik aurreikustea eta BEGen emisioen hain murrizketa apala? Erantzuna 3E2030 estrategia energetikoan bertan dago. Estrategia energetiko honek kontsumo energetikoak gora egitea aurreikusten du sektore guztietan (35. orrialdea), gas naturalaren eta petrolioaren eskariaren (zein inportazio elektrikoaren) gorakadarekin batera (33. orrialdea): leloak Berriztagarriak bai, fosilak ere bai dirudi. Hau da, LPS honek oinarrian duen estrategia energetikoa ez da EAEko ekonomiaren deskarbonizazioa helburu duen estrategia bat, baizik eta eztabaida klimatikoan business as usual gisa izendatzen diren parametroetan kokatzen da, Parisko Itunaren helburu klimatikoak erdiesteko bide orritik oso urrun. Ez baitago helburu horietara iristerik erregai fosilak alboratu gabe eta kontsumoaren uzkurdura larri bat planifikatu gabe.

Hori bezain egia da bigarren hau: Nahi den kontsumoaren uzkurdura guztiarekin ere, ez dago helburu horietara iristerik eskala ezberdinak baliatuko dituen energia berriztagarrien hedapen indartsurik gabe, berau modu ordenatu eta demokratikoan eginda, beti ere. Izan ere, gure kontsumoen, kanpoarekiko dependentziaren eta erregai fosilen erabilera datuak eskutan, eta eskala eta teknologia berriztagarri desberdinen potentzialak zehaztasun teknikoz aztertuta, zera esan dezakegu: errealismo politikoari iskin egiten ez dion imajina daitekeen kontsumoaren uzkurdura guztiarekin ere (anbizio handieneko planifikazioen arabera %50), nahikotasunezko autosufizientzia maila bat eskuratu nahi badugu herri gisa (eta gaude beharrezkoa zaigula krisi energetikoaren testuinguruan dugun zaurgarritasuna gutxitzeko) eta erregai fosilak alboratu behar baditugu, ez da aski autokontsumoarekin eta sorkuntza banatuarekin, ezta urrundik ere. Hala diote datuek. 

 

«Errealismo politikoari iskin egiten ez dion imajina daitekeen kontsumoaren uzkurdura guztiarekin ere (...) ez da aski autokontsumoarekin eta sorkuntza banatuarekin, ezta urrundik ere. Hala diote datuek»

 

Zumaiako Udalak 2019. urtean egindako azterketaren[9] emaitza da bertako potentzial berriztagarri guztiak (eskura dauden teknologia ezberdinak erabiliz ekoizpen banaturako) Zumaiaren egungo kontsumo energetikoaren %10tik beherakoa baino ez dezakeela estali. Bestalde, berriki ezagutu den eta oihartzuna izan duen Aliente eta Jasangarritasunerako Behatokiaren txostena[10] honako titularrarekin aurkeztu da: Toda la potencia renovable proyectada cabe en zonas ya alteradas, sin necesidad de sacrificar nada más (energía fotovoltaikoaz ari da). Ikerketa honek halako 14.143 hektarea identifikatzen ditu Hego Euskal Herrian, zeintzuetan 8.320 MW instalatu ahalko liratekeen guztira. Instalatutako MW bakoitzeko GWh bat ekoizten bada urtean (ekoizpen datu errealen arabera), urtean 8.485 GWh ekoitzi ahalko lirateke guztira. Hau da, Hego Euskal Herriko egungo kontsumoaren %10a. Baina gainera, potentzial hori teorikoa baino ezin daiteke izan[11]. Edozein kasutan, Zumaiako ikerketaren ondorio bertsuetan uzten gaitu.[12]

Har dezagun kontutan gure kontsumo energetikoen zati handiena (kontsumo zuzenak eta induzituak aintzat hartuz) industrian dagoela. Euskal Herria hiru miloi biztanleko herrialde industriala da, hori da gure eskala. Oñatiko minihidraulikaren kasua adierazgarria da: Instalazio eredugarri horrekin Oñatik bere kontsumo elektriko domestikoa estaltzen du. Afera da kontsumo elektriko domestiko hori bertako kontsumo elektriko totalaren %8 inguru dela[13], eta kontsumo elektriko totala, oro har, kontsumo energetiko totalaren laurden bat inguru. Adibide honek ondo adierazten du erronkaren benetako dimentsioa.

Ondorioz, autokontsumoa (indibiduala zein kolektiboa) eta sorkuntza banatua erabateko lehentasuna dela argi izanda, hortik goragoko eskalei uko egitea (hedapen hori edozelakoa izanda ere) hiru gauzetako bat da:

  • i. De facto erregai fosilak erretzearen alde egitea (eta ondorioz, klima larrialdiaren testuinguru historikoan herri eta gizarte gisa gure betebehar klimatikoei uko egitea), eta horrek baino kalte ekologiko larriagorik ez du ezerk sortuko;
  •  
  • ii. Gizarte aurreindustrial bat irudikatzea (%80 inguruko kontsumoaren uzkurdura), zeinak bideragarritasun sozial eta ekonomikorik ez duen, eta beraz politikoki antzua den;
  •  
  • iii. Autosufizientziari uko egitea, gure kontsumoen kalte ekologikoak kanporatuz, horrek herri gisa dakarzkigun arriskuekin batera, besteak beste ekoizpen bitartekoen demokratizazioari uko egitea. 

Beraz, energia berriztagarriak eskala desberdinetan bai, baina zertarako eta nola? Erantzun diezaiogun galdera horri errealitate konplexuari aurre eginez. Ezkerrak ezin dio ardura horri iskin egin, jakinik ez dagoela inpaktu zeroko soluziobiderik. Hauxe da gure erantzuna: modu ordenatu eta demokratikoan, eraldaketa ekosozialaren zerbitzura. Hori da, hain zuzen ere, borrokatu beharrekoa.

 

Argazkia. Unsplash / Javier Allegue Barros

 

Zein da bidea?

Zer da EH Bilduk proposatzen duena, beraz? Honako hau, finean: Egin dezagun ariketa kolektibo bat (herri ariketa bat, maila nazionalean zein herri eta eskualde mailan) ondoko galderari erantzunez: Zer ongizate eredu nahi dugu guretzat eta ondorengo belaunaldientzat? Zer sartzen da barruan eta zer gelditzen kanpo? Eta atera ditzagun zenbaki energetikoak: zenbat MWh behar ditugu? Eta, ondoren, egin dezagun kontratu sozial bat: Borrokatu dezagun behar dugun energia hori berriztagarria izan dadin eta modu demokratiko eta ordenatuan hedatu dadin (lurraldea eta pertsonak zainduz), eta borrokatu dezagun kontsumo maila hori ez gainditzeko behar den uzkurdura guztia.

Erronka hau aukera bilakatu behar dugu, eta horretarako ekologismo politikoak iparrorratza ondo doitu behar duelakoan gaude. Izan ere, testuinguru historiko honek aurrerapen handiak borrokatzeko parada ere ematen du bere dramatismoan. Afera da identifikatzea zein demanda borrokatu ditzakegun mobilizazio sozial indartsu baten bidez eraldaketa sakonak sor ditzaketenak, egungo estatu kapitalisten dominazioa ahuldu eta gizarte sektore herritarren mesederako egiturak sendotuko dituztenak, herri burujabetzaren dimentsio materialean jauzi bat ekarriko dutenak. Zeintzuk izan daitezke disputa ardatz gakoak?

 

  • 1. Erregai fosilekin lotutako inbertsio eta azpiegiturak alboratzea: Hamarraldi honetan bertan erregai fosilen azpiegiturekin lotutako aktibo publikoak desinbertitzeko planifikazio bat osatzea. Ikusi dugun bezala, erregai fosilen erabilera alboratzetik urrun gaude, eta hauxe da, hain zuzen ere, trantsizioaren lehen premisa. 

 

  • 2. Sektore publiko indartsu bat sortzea, trantsizioa gidatzeko gaitasun publiko finantzarioa izango duena etorkizun ertainean, orain arteko ikuspegi neoliberala alboratuz (EHN eta Eólicas de Euskadirekin gertatua gogoan): Trantsizioa gauzatzeko eta gizarte sektore zaurgarriak babesteko interbentzio eta finantzazio tresna publiko bat osatzea. Halaber, berrikuntza teknologikoa eta soziala sustatzeko bulkada publikoa artikulatzea, egungo euskal ezagutza sistemarekin kooperazioan jardungo duena.

 

  • 3. Produktu, ondasun eta zerbitzuen birlokalizazioa sustatzea. Besteak beste, produktuen egokitasuna baloratzeko orduan, karbono aztarna kostu gisa eta karbono aztarna murriztua pizgarri gisa kontsideratzea.

 

  • 4. Kontsumo ohiturak aldatzea: Eskaintzaren aldetik soilik ez, eskariaren bidez ere sustatu behar da jarduera ekonomiko eta sozialaren deskarbonizazioa. Ohitura eta portaera batzuek energia eta materialen murrizketa garrantzitsuak ekar ditzakete: Komertzio eredu txikiaren alde egitea, dieta osasungarriak bultzatzea, mugikortasun eta aisialdi eredu jasangarriak sustatzea, etab. Beharrezkoa zaigu erosketen gurtzarekin bukatzea.

 

  • 5. Inbertsio publikoaren lehentasunak birdefinitzea: Herritarren segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa den inbertsioa lehenestea, errendimendu soziala ondo justifikatuz. Errendimendu sozial justifikatua ez duten azpiegitura handiei moratoria ezartzea. Izan ere, halako azpiegiturak ezinbestean atzean utzi beharreko garapen eredu fosilistakoak izateaz gain, ezin dugu ahaztu garai ekonomiko berri batean sartu garela zeinetan baliabide ekonomikoak urriak izango diren.

 

  • 6. Isuri urrikoak diren eta eraldaketa ekosozialaren ikuspegitik potentzial handia duten enpleguen sustapena (nekazaritza eta elikagaien sektorea, basogintza, energia berriztagarriak, zaintza, etab.), eta, horrekin batera, egungo produkzio sistemako hainbat sektore (oil&gas, automozioa, aeronautika, etab.) eraldatzeko industria politika aktiboa.

 

  • 7. Energia berriztagarrien hedapen demokratikoa. Energia berriztagarrien ekoizpen azpiegitura orok honako ezaugarriak bete ditzala: i. Euskal Herriaren beharrizan energetikoei begirakoa behar du, ekoizten den energiaren baliokidea eskainiz herritarrei eta bertako ehun produktiboari. ii. Autosufizientzia konektatuaren eskeman oinarritu behar da (ahal den guztia ahalik eta gertuen, autokontsumoa hartuz oinarri: goragoko eskaletako proiektuek beheragoko eskalen autosufizientzia osagarritzeko helburua izan behar dute); iii. Prezio justuak eskaini behar ditu, herritarrentzat eta enpresentzat eskuragarriak; iv. Kontrol publikoa bermatzen duen mekanismo bat egon behar da, jabetza publiko-komunitarioa baimentzen duen eredu baten baitan; v. Inguruneko kapital naturala emendatzeko ekinbideen eskutik etorri behar du. vi. Herritarren oniritzia izan behar du.

 

  • 8. Herri gisa dugun bigarren dependentzia handiari aurre egitea: elikadura dependentzia. Elikadura sistema propio eta jasangarri bat sendotzeko herri estrategia bat erditzeko garaia da. Estrategia honen baitan landa eremuaren despopulazioari aurre egiteko berariazko politika publikoen garapena (erosketa publikoak babestutako agroekologia, kasu), landa eremuaren garapen endogenoa bultzatuz.

 

  • 9. Landa eta baso lurren antolaketa, zaintza eta erabilera jasangarria egitea: Naturguneak babestuko dituen lurralde planifikazio zorrotza; energia berriztagarrien hedapena ekintza multifinalista izan dadila, birgaitze ekosistemikoa ekarriko duena (besteak beste, basogintza eredu berri baten eskutik, Bizkaia eta Gipuzkoako basoen birgaitze ekologiko masibo bat gauzatzea, monokultiboarekin bukatuz); uraren ziklo osoaren zaintza; baso eta landa lurrak bete behar dituzten funtzio eta erabilera jasangarri desberdinak aztertuta antolatzea eta horren araberako politika publikoak garatzea.

 

  • 10. Lanaren eta enpleguaren banaketa. Zaintza sistema publiko-komunitario batek zaintza lanak eremu pribatutik publiko-komunitariora eraman behar ditu, emakumeen bizkar gainetik kenduz, zaintza lanak duinduz eta modu justuan banatuz. Soldaten debaluaziorik gabeko 32 orduko lan asteak balio behar du enplegua banatu eta biziera jasangarriagoak erdiesteko. Soldata duinen aldeko borrokak eskutik behar ditu plan zehatzak soldata horiek kontsumo handiko bizierak ekar ez ditzaten, adibidez, produktu eta zerbitzu kutsatzaileei zergak igotzea.

 

  • 11. Ekonomia zirkularra erdigunera ekartzea, murrizpen, berrerabilpen eta birziklapen politika sendoak artikulatuz, eta hondakinak kudeatu eta birbaloratzeko azpiegituren plan integral bat osatuz. Halaber, material kritikoen berreskurapenean eta ekodiseinu efizientean indarra egitea, eta ondasun komun analogiko eta digital berriak sortzea, jada ekoitzitakoaren erabileran oinarritutako partekatze ekonomia erraztuko dutenak. 

 

  • 12. Fiskalitate berri bat martxan jartzea. Fiskalitate progresiboagoa, Europako presio fiskalarekin berdinduko gaituena eta eraldaketa ekosozialaren aldeko politikak bultzatuko dituena kontrakoei oztopoak jartzeaz batera: Ondare handien gaineko zerga, enpresa energetikoen eta bankaren gaineko zerga, luxuzko emisioei tasak eta kanonak, karbonoaren gaineko zerga errenta klimatiko birbanatzaile bati lotua, gehienezko soldata, etab.

 

  • 13. Osasun sistema publiko integrala bermatzea, ikuspegi klimatiko eta ingurumenezkoa integratuko duen lehen arreta indarberritu bat oinarri hartuz, zeinak lehen mailako garrantzia izango duen klima larrialdiaren garaian.

 

  • 14. Industriaren deskarbonizazioa bultzatzea: Efizientzia eta aurrezpena produkzio prozesuetan, autokontsumoa, prozesuen elektrifikazioa, bero hondakinen aprobetxamendua, bide orri sektorialak, langileen desplazamenduetan isuriak murrizteko planak, etab.

 

  • 15. Etxebizitzen, zerbitzu pribatuen eta eraikin publikoen kontsumo energetikoetan eragiteko plan estrategiko bat gauzatzea eraikinen birgaitze energetikoa, berokuntza sistemen elektrifikazioa eta autokontsumo indibidual eta kolektiboa garatzeko erraztasunak eta baliabideak eskainiz, zeinak herritarren ongizate energetikoan eragin zuzena izango duen.

 

  • 16. Mugikortasun eredu berri baterako trantsizioa azeleratzea: Doako garraio publiko kolektibo kalitatezkoa, garraio publikoa lehenesteko politikak, hiriguneetan motordun ibilgailuen erabilera murrizteko hirigintza, salgaiak garraiatzeko trenaren aldeko apustua, elektrifikatu ezin daitekeen garraiorako alternatiba energetikoak, mugikortasuna ibilgailuen jabetzatik zerbitzu gisara ulertzerako trantsizioa.

 

  • 17. Jasangarritasun klausulak sartzea erosketa eta kontratazio publikoetan: Kontratazio publikoak duen trakzio gaitasuna aprobetxatu behar da ekonomia deskarbonizatu batera eramango gaituzten eraldaketak sustatzeko, berreskuratutako materialen erabileraren sustapenean, energia berriztagarrien kontsumoan edo gertuko elikagaiak hornituko dituzten zerbitzuen kontratazioan arreta jarriz.

 

  • 18. Kontabilitate nazionalaren erreforma ekologikoa ongizatea neurtzen duten ongizate adierazle berriak txertatuz, Barne Produktu Gordina (BPG) adierazle gisa alboratuz eta kontabilitate monetarioaren ondoan adierazle biofisiko eta sozialak gehituz.

 

  • 19. Eraldaketa ekosozialak behar duen arte eta kultur ekoizpena bultzatzea: Zinea, literatura, antzerkia... arte adierazpen desberdinen bidez eraldaketak behar duen narratiba osatu eta borroka kulturala egitea ezinbestekoa izango da, eraldaketaren borroka zelai nagusietakoa ezinbestekoa zaigun iraultza kulturala izango baita.

 

  • 20. Krisi klimatiko-ekologikoaren testuinguru historikoa kudeatuko duten pertsonak heztea, kultura zientifikoan sakonduz, zentzu kritikoa sortuz (kontzientziazioa, sentsibilitatea, egokitzeko gaitasuna, balio berriak onartzea, baliabide material eta energetikoen erabilera arrazionala erdiesteko gure portaeretan eta kontsumo ohituretan aldaketak behar direla ulertzea eta onartzea) eta deskarbonizazioarekin lotutako eremu desberdinetan beharko diren profesionalak formatuz.

 

Halako jarduerak martxan jartzeko Euskal Herriak gaur ez duen burujabetza politikoa behar du. Eraldaketa ekosozialaren zein trantsizio energetikoaren gako handietako bat autosufizientzia da, lurralde buruaskiagoetarantz egitea. Burujabetza datorkigun aro berriari modu adimentsu, planifikatu eta justuan erantzuteko bidea da, hain zuzen ere. Trantsizioarekin lotutako politika publiko asko bertan erabakitzeko tresneria juridiko-politikoa eskura behar dugu beraz, jakinik politika publiko horietako askoren matrizea maila globalean ezarri beharrekoa dela hein handian.

 

Argazkia. Unsplash / Max Bender

 

Borroka esparruak

Gertatuko da? Sortuko den indar harremanaren arabera, borrokatzen dugunaren arabera; eta horretarako iparrak argi behar du. Baina ezin uka, arriskuak handiak diren bezala, aipatu 20 puntu horietako bakoitzean jauzi politikoak emateko aukerak ere badirela, orain arte izan ez diren neurrian.

Denbora faktorea gakoa da ordea, krisi klimatikoaren agertoki okerrenak ekiditeko aukera leihoa ixten ari baita. Tenperatura globalaren dezima igoera bakoitza borrokatzea lehentasuna da, bi urteko denbora tartean gauzak bere horretan mantentzea ez da aukera bat. Nola antolatu geure buruak, beraz? Zein ekinbide hartu? Parlamentuetan legeak eztabaidatzen diren bitartean, zein izango da herritarren papera? Inolaz ere ez dira geldi egoteko garaiak. Zalantzarik gabe, eraldaketa ekosozialaren aldeko borroka kultural guztia gutxi izango da, eta norabide horretan planteatzen den dinamika oro ezinbestekoa. Guk hiru borroka esparru ikusten ditugu datozen urteetan gakoak izan daitezkeenak:

 

  • (i) Mobilizazio sozial indartsurik gabe, borroka kultural sendorik gabe, nekez egingo dugu aurrera eraldaketa ekosozialean. Aldaketak etorri badatoz, jokoan dagoena da zertarako eta nola. Norabidea egokia izango den eta eraldaketak garaiz gertatuko diren, jendartearen bultzadaren arabera izango da. Programa ekosozial eraginkor bat borrokatzeko mugimendu ekologista indartsu bat behar da Euskal Herrian, gaur existitzen ez dena. Ekologismo politikoa jauzi baten beharrean dagoelakoan gaude, euskal eskalako eraldaketa ekosozialaren aldeko olaturik gabe nekez desaktibatuko dira hazkundearen paradigma sozioekonomikoa eusten duten palankak. Horretarako, iparra ondo finkatu behar da, argi izanda eskuin muturrak ere jokatzen duela partida hau.

 

  • (ii) Herriz herri energia komunitate lokalak antolatu behar ditugu, ahalik eta herritar gehien bazkidetuz kooperatiba horietan. Energia komunitate lokalek hiru arlo jorratzen dituzte: i. Energia kontsumoaren murrizketa: Bere bazkideen energia kontsumoa murrizteko ekimen ezberdinak garatu ditzakete, hala nola, birgaitze energetikoak, kontsumo elektrikoa jaisteko aholkularitza, etab. ii. Energia ekoizpena: Bazkideen energia beharrak asetzeko ekoizpen berriztagarriko proiektu ezberdinak garatu ditzakete, elektrikoak zein termikoak. Autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaikoak eta biomasan oinarritutako bero sareak dira adibiderik esanguratsuenak. iii. Mugikortasun jasangarria: Bere bazkideen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintza ezberdinak garatu ditzakete, hala nola, auto partekatua, kotxe elektrikoentzako karga puntuak, etab. Komunitate energetikoez hitz egiten denean ekoizpen proiektuek hartzen dute protagonismo nagusia, baina hauek besteko garrantzia izan behar dute beste lan ildoek ere, bereziki energia kontsumoa murriztera bideratutakoek.
  • EH Bilduko udalek rol aktiboa jokatuko dute komunitate energetikoen eta hauen lan ildo ezberdinen garapenean, hauek baitira autosufizientzia konektatua egikaritzeko tresna estrategiko oinarrizkoa. Energia komunitate lokalen bidez, ahalik eta autosufizientzia maila altuena bilatzen dugu eskala lokalean, herritarrak beraien kontsumo energetikoen jabe eginez eta modu kooperatiboan antolatuz. EH Bilduren apustua da gobernuan dagoen udalerri bakoitzean energia komunitate lokal bat martxan egotea datozen urteetan. Hurrengo legegintzaldiak izan behar du autokontsumo energetikoan eta autosufizientzia energetiko lokalean jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat emateko garaia, eta EH Bildu eragile aktiboa izango da langintza horretan. 

 

  • (iii) Ezin gara gora begira gelditu erakundeek deskarbonizazio politikak gauzatu edo ez erabaki zain. Politika horiek, ezinbestean, modu batera edo bestera, eragin zuzena izango dute herri eta eskualdeetan. Subjektu aktibo izan behar dugu halako garrantzia sozial eta ekonomikoa duen prozesuan, eta, hasteko, espazioak antolatu behar ditugu eskualde bakoitzean eskualde bakoitzak Hego Euskal Herriko trantsizio energetikoari egin beharreko ekarpenari buruz eztabaidatzeko: Herriz herri eta eskualdez eskualde deliberazio prozesu herritar sakonak egin behar dira, estrategia energetiko nazional baten markoan eta autosufizientzia konektatuaren eskeman, herriek eta eskualdeek zein trantsizio energetiko egin behar duten hausnartzeko. Eta ariketa deliberatibo horien baitan baloratu behar da zein potentzial duten eskualdeek eraldaketa bektoreak aktibatzeko eta zein proiektu energetikori ematen zaion baiezkoa eta zeini ezezkoa, beti ere ikuspegi nazionala galdu gabe.
  •  

Dominazio egituren arrakasta handietakoa beste mundu posible baten esperantzaren ezabapena da. Gaur, zaila da etorkizun hobe bat irudikatzea, errazagoa da hondamendi ekologikoa aurreikustea. Bukatu nahi dugu esperantza aldarrikatuz, esperantza aktiboa, ibilian-ibilian sortzen dena. Emilio Santiago Muiñoren artikulu honek[14] eraiki nahi dugun etorkizuna irudikatzen laguntzen digu, eta etorkizun horren alde lanean jarraitzeko indarberritzen gaitu. Presta gaitezen etorkizun horri ateak zabaltzeko!

 


[1]    https://labur.eus/PiyNK

[2]    https://labur.eus/IkbRJ

[3]    https://labur.eus/F2lls

[4]    https://labur.eus/qmFmJ

[5]    https://labur.eus/u2VGO

[6]    https://labur.eus/inETF

[7]    https://labur.eus/eM6oU

[8]    https://labur.eus/vuemz

[9]    https://labur.eus/tNa9o

[10]   https://labur.eus/vgud6

[11]   https://labur.eus/R1uAS

[12]   Compromis alderdiak aurkeztutako "Empecemos por el techo" proposamenari ondorengo harian egiten zaion kritikatik ondorio bertsuak ateratzen dira, baita ere: https://labur.eus/KIYas

[13]   https://labur.eus/Gpd63

[14]   https://labur.eus/szxnp